64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak egiteko GGKEei diru-laguntzak esleitzeko lehiaketa publikoaren oinarrietako aldaketa. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2010eko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak egiteko GGKEei diru-laguntzak esleitzeko lehiaketa publikoaren oinarrietako aldaketa.

Aipatu oinarrien hasierako onespenari eta legezko jendaurreko epea irekitzeari buruzko iragarkia 2010eko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 22an, bai eta Udalaren iragarki oholean ere; jendaurreko epean ez denez alegazio, kexa edo ohar bakar bat ere aurkeztu, behin betikoz onetsita gelditu da Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Ondotik heldu den eranskin bakarrean bildu da testua.

Argitara ematen dira onetsitako aldaketak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.

Hirugarren, zortzigarren eta bederatzigarren oinarrien behin betiko idazketa, aldatu baitira:

Hirugarren oinarria.-Diruz laguntzen ahal diren jarduerak eta gastuak.

1.-Deialdi honen bidez ondoko jarduerak laguntzen dira diruz: GGKEek gauzatzen dituzten garapenerako lankidetza proiektuak, garapen bidean diren eta egoera sozial ahulean dauden populazioen oinarrizko beharrizanak zuzenean asetzeko helburua dutenak.

Diruz lagundutako gehieneko kopurua ezin izanen da hamabost mila eurotik (15.000 euro) gorakoa izan proiektuko.

Salbuespenez, 15.000 eurorekin baino gehiagorekin laguntzen ahal dira zenbait proiektu, egoera larria bada, eta hondamendi naturalen ondorioz (urakanak, lurrikarak, uholdeak, itsasikarak, etab.) larritasuneko egoeran edo berehalako arriskuan dauden herriak sorosteko edo eraberritzeko erabiltzen bada diru-laguntza. Horretarako, dagokion Informazio Batzordeak proposatuko dio Tokiko Gobernu Batzarrari, betiere Proiektuak Ebaluatzeko Batzordeari entzun ondoren, diru-laguntzetan beste muga bat ezar dezala hala jotzen diren proiektuetarako.

Zortzigarren oinarria.-Baremoa aplikatzeko irizpideak:

2.-Bateratzeko fasea:

GGKEei hitzordua emanen zaie, banan-banan proiektuak azal ditzaten. Jarraian, iritziak emateko, ideiak egiaztatzeko eta alderik ilunenez eztabaidatzeko txanda izanen da.

Informazio Batzordeko kideek egiten duten balorazioa batzorde hori osatzen duen udal talde bakoitzeko eginen da, ez banaka.

Proiektu bakoitza modu kolegiatuan puntuatuko da, ezarritako irizpideei hertsiki lotuz. Halako atalen batean ez badago adostasunik, batez besteko aritmetikoa eginen da.

Orobat, bidezkoa denean, Informazio Batzordeak proposatuko du, horretarako arrazoiak emanda, proiektuek 15.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso ahalko dutela.

Bederatzigarren oinarria.-Diru-laguntzak ematea:

Diru-laguntzak baloraziorako irizpideen ondoren lortu den puntuazioen arabera eta udalaren aurrekontu aukerekin bat etorriz emanen dira. Esleipenetik kanpo geratuko dira 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

Lortutako puntuazioaren arabera banatuko dira 50 puntu baino gehiagoko proiektuendako diru-laguntzak. Ezin da inoiz eskatutako zenbatekoa gainditu, 15.000 euro, salbu eta hirugarren oinarriaren 1. puntuko kasuetan, haiei dagokien diru-laguntza zenbateko hori baino handiagoa izan baitaiteke.

Tuteran, 2010eko apirilaren 29an.-Gizarte Gaien eta Emakumearen Alorreko zinegotzi delegatua, Elena Magán López.

Iragarkiaren kodea: L1007641