64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

30/2010 FORU DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, Vianako Printzea Kulturaren, Elkartasunaren eta Mendekotasunaren Arretaren Sariak ematen dituena, 2010eko edizioan.

Nafarroako Gobernuak, urtarrilaren 11ko 2/2010 Foru Dekretuaren bidez, Kulturaren, Elkartasunaren eta Mendekotasunaren Arretaren Vianako Printzea Nafarroako Nazioarteko Sariak sortu ditu.

Nafarroako Gobernuaren 2010eko martxoaren 22ko Erabakiaren bidez izendatutako epaimahaiek honako hau proposatu diote Nafarroako Gobernuari: Vianako Printzea Kulturaren Saria Jürgenn Untermann jaunari ematea, Vianako Printzea Elkartasunaren Saria Creative Handicrafts-i eta bere fundatzailea den Isabel Martín Alonso andreari ematea, eta Vianako Printzea Mendekotasunaren Arretaren Saria Adindunen Erakundeen Espainiako Konfederazioari ematea (CEOMA), "Adindunak eta alzheimerdun gaixoak askatzea" programagatik. Hala, pertsona horien merezimendu aipagarriak eskertu nahi dira.

2010eko Vianako Printzea Kulturaren Sarira aurkeztutako hautagaitzak baloratzeaz arduratu den epaimahaiak, 2010eko apirilaren 23an egindako bileran, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari proposatzea saria Jürgenn Untermann (Rheinfelden, 1928) ikertzaileari eman ziezaion. Untermann jauna nazioarteko goreneko espezialistatzat hartzen da Iberiar penintsulako erromatarren aurreko hizkuntzen eta idazkien arloan. Hizkuntzalaritza indoeuroparra ikasi zuen Frankfurteko eta Tübingeneko unibertsitateetan, eta bere ikerketa-eremua hizkuntzei buruzkoa izan da, bereziki oskoerari eta unbrierari buruzkoa. "Wörterbuch des Oskisch-Umbrischen" (Heidelberg, 2000) lana hizkuntza horien eta, orokorrean, familia indoeuroparraren ezagutzarako funtsezko lana da.

Jürgenn Untermannek 1956an ekin zion dokumentazio hispaniarra lantzeari, Julio Caro Barojak eta Madrilgo Institutu Arkeologiko Alemanak babestutako proiektu baten barnean. Gero, penintsula bisitatu zuen hondar linguistiko guztiak zuzenean ikertzeko, bereziki, epigrafikoak, erromatarren aurreko herriek utzitakoak, hain zuzen. 1965ean "Elementos de un Atlas antroponímico de la Hispania Antigua" argitaratu zuen. Lanean erabilitako metodologia eredugarria da, eta penintsulako hizkuntza aniztasuna deskribatzeko funtsezko oinarria. Testu paleohispanikoen edizio osaturik eta fidagarririk ez zegoenez, "Monumenta Linguarum Hispanicarum" osatu zuen. Corpus horrek bost liburukitan jasotzen ditu penintsulako antzinako hizkuntza guztietan ezagutzen diren inskripzioak, eta horiek ezinbesteko tresna bihurtu dira Hispaniako antzinako hizkuntzen arloan jarduteko eta garai bateko Iberiaren errealitate kulturala, etnikoa eta soziopolitikoa deskribatzeko.

Langile zorrotza eta nekaezina da, maisu adeitsua, kide eskuzabala; Untermann irakasleak jakintsu apalaren eta humanistaren benetako bertuteak biltzen ditu.

2010eko Vianako Printzea Elkartasunaren Sarira aurkeztutako hautagaitzak baloratzeaz arduratu den epaimahaiak, 2010eko apirilaren 21ean egindako bileran, aho batez erabaki zuen Nafarroako Gobernuari proposatzea saria Creative Handicraft-i eta bere fundatzailea den Isabel Martín Alonso andreari eman ziezaien, Mumbai-ko hiri hinduan diren auzo marjinaletako kasta ahulenen emakumeen garapen ekonomikorako eta pertsonalerako programak abian jartzeagatik. Gaur egun 1.200 emakume baino gehiago biltzen ditu; horietarik 400 inguru artisau-ehungintzako 12 ekoizpen-kooperatibatan eta janari prestatuetako batean daude, eta 800 aurrezkien eta mikrokredituen taldeetan; erakundearen xede nagusia da emakumeak psikologikoki eta ekonomikoki prestatzea beren buruaren jabe izan daitezen eta beren erabakiak, pertsonalak eta familiakoak, har ditzaten; kooperatiba horrek bere produktuak eta artisau-lanak Espainiara, Frantziara, Italiara eta Estatu Batuetara esportatzen ditu, bidezko merkataritzaren nazioarteko sareen bidez.

2010eko Vianako Printzea Mendekotasunaren Arretaren Sarira aurkeztutako hautagaitzak baloratzeaz arduratu den epaimahaiak, 2010eko apirilaren 16an egindako bileran, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari proposatzea saria Adindunen Erakundeen Espainiako Konfederazioari (CEOMA) eman ziezaion, "Adindunak eta alzheimerdun gaixoak askatzea" programagatik. Irabazi-asmorik gabeko erakunde hori estatu mailan eratu zen, adineko pertsonen eskubideak defendatzeko.

Programa saritzeko arrazoia hauxe da: instituzionalizatutako adineko pertsonak edonolako loturetatik aske bizitzera bideratutako nahiak, ezagutzak, esperientziak eta gertakariak biltzen dituen ekimena izatea. Neurri murriztaileak erabiltzeak mendekotasuna duten pertsonei arreta ematearen xede unibertsala zapuzten du, izan ere neurri horiek pertsonentzat ahalik eta autonomia fisiko, mental eta psikosozial eta ongizate maila handiena lortzea galarazten baitute. Hori horrela, loturak errotik kentzea funtsezkoa da, adineko pertsonen artean autonomia maila handiagoak erdiesteko, bai eta beren oinarrizko eskubideekiko errespetua sustatzeko ere.

Ildo horretatik, "Adindunak eta alzheimerdun gaixoak askatzea" programa ekimen erabat berritzailea da Espainian, eta erreferentzia bakarra bihurtu da estatuko profesionalentzat, erakundeentzat eta administrazio publikoarentzat. Era berean, aukera ematen du beste arlo batzuetara orokortzeko, esaterako desgaitasuna edo gaixotasun fisikoa duten beste talde batzuetara.

Hori horrela, bidezko da Nafarroako Gobernuak, epaimahaien proposamenak jasota, Vianako Printzea Nafarroako Nazioarteko Sariak ematea 2010eko edizioan.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 10ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. 2010eko Vianako Printzea Kulturaren Saria Jürgenn Untermann jaunari ematea.

2. 2010eko Vianako Printzea Elkartasunaren Saria Creative Handicrafts-i eta bere fundatzailea den Isabel Martín Alonso andreari ematea.

3. 2010eko Vianako Printzea Mendekotasunaren Arretaren Saria Adindunen Erakundeen Espainiako Konfederazioari (CEOMA) ematea, "Adindunak eta alzheimerdun gaixoak askatzea" programagatik.

4. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta saridunei jakinaraztea.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 10ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1008428