62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Tuterako Udaleko Kirolaren Kontseilu Sektorialaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendua. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2010eko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Tuterako Udaleko Kirolaren Kontseilu Sektorialaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendua.

Aurreko erabakia 2010eko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 17an, argitaratu ondotik, hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluei zein Nafarroako Toki Araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Legeari jarraituz, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da horri buruzko jakinarazpena, Tuterako Udaleko Kirolaren Kontseilu Sektorialaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduaren testu osoarekin batera.

Tuteran, 2010eko apirilaren 21ean.-Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

TUTERAKO (NAFARROA) KIROLAREN KONTSEILU
SEKTORIALAREN ANTOLAKETAREN
ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.-Izaera.

1.1. Tuterako Kirolaren Kontseilu Sektoriala eratu da. Udal organo osagarria izanen da, aholku emailea eta ez loteslea, eta kirol arloko txostenak nahiz, hala behar badu, proposamenak egin beharko dizkio Kirolen kudeaketa zentroaz arduratzen den arloko Batzordeari, Kirol arloaren eskumena duen Zinegotzigoaren mende baitago; hori guztia, erregelamendu honetan ezartzen diren osaketari, eskumenei eta funtzionamenduari jarraikiz.

1.2. Kirolaren Kontseilu Sektorialaren xedea da Tuterako gizarte sektoreetan Kirolean esku hartzen dutenek askatasunez eta modu eraginkorrean parte hartzea udal eskumeneko gaietan.

2. artikulua.-Elkartearen egoitza.

Kirolaren Kontseilu Sektorialaren egoitza, komunikazioetarako, Tuterako Udaleko Kirola Kudeatzeko Zentroa da, Ribotasko Udal Instalazioetan (Paseo de Pamplona, 18, Tutera).

3. artikulua.-Oinarrizko helburuak.

Honako hauek dira Kirolaren Kontseilu Sektorialaren oinarrizko helburuak:

a) Tuterako udalerrian kirol arloan dauden gizarte eragileen arteko harremanei eta beraien eta toki administrazioaren artekoei mesede egitea.

b) Eragile horien partaidetza bideratzea, udal gaiei dagokienez.

c) Tuterako bizilagunen kirol jardueran eragiten duten alderdiak oro kontuan hartzea, ondorioak aztertuz eta gauzatu beharreko neurriak proposatuz.

d) Udalaren kirol jarduera eta programak urtean behin ebaluatzea, uneoro biztanleriaren gaur egungo eskarira egokitzeko.

4. artikulua.-Eginkizunak.

Bere eginkizunetan aritzean, Tuterako Kirolaren Kontseilu Sektorialari eskumen hauek dagozkio:

a) Kirolaren aldeko eta hura hobetzeko jarduketa koherente eta goitik beherakoa bultzatzea gure hirian.

b) Udalari aholkua eta laguntza ematea kirolaren kudeaketari dagokionez, hiriko kirol jarduera eta instalazioak aztertuz eta hobetzeko proposamenak eginez.

c) Tutera udalerrian kirol arloan dauden gizarte eragileen partaidetzarako gunea izatea.

d) Txosten aginduzko eta ez lotesleak egitea Tuterako Udalak kirol arloan aitzina eraman litzakeen proposamen, proiektu eta arauen gainean, baita beste entitate publiko nahiz pribatuen plan, proiektu, txosten eta abarren gainean ere.

e) Bere kabuz, txostenak eta azterlanak egitea udal arloan kirolari eragiten dioten intereseko gaien gainean.

f) Irizpenak ematea, hala eskatzen badiote Tokiko Gobernu Batzarrak edo Udalbatzaren Osoko Bilkurak hezkuntza arloko edozein gairen gainean.

g) Kirolak barnean hartzen dituen alderdi guztiei buruzko sentsibilizazio kanpaina publikoak bultzatzea eta, bide horretatik, herritarren partaidetza handiagoa piztea.

h) Kirol talde guztien arteko lankidetzaren alde egitea eta, hartara, elkarrekin gauzatzeko jarduera, jardunaldi eta proiektuak bultzatzea.

i) Mintzaldiak, jardunaldiak eta egintzak antolatzea, toki mailako kirol gaien gainean.

j) Tuterako gizarteko sektore guztietan kirol arloko balioak sustatzeko kanpainak eta neurriak proposatzea.

k) Kirol arloan ekimen publiko eta pribatuaren arteko koordinazioa sustatzea.

l) Bere eginkizunetan aritzeko beharrezkoa duen informazioa eskatzea Tuterako Udalari.

m) Bere eginkizunak zuzen betetzeko giza baliabide eta baliabide ekonomiko eta materialak eskatzea Tuterako Udalari.

II. KAPITULUA

Kideen izaera

5. artikulua.-Kideak.

5.1. Hauek izanen dira Kirolaren Kontseilu Sektorialeko kideak:

a) Tuterako Udaleko Kiroleko zinegotzi delegatua; mahaiburua izanen da, eta Kirolaren Kontseilu Sektorialaren eta Udalaren arteko bitartekari lanak eginen ditu.

b) Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi bana.

c) Kirolen kudeaketa zentroaren arduraduna edo Kirol Teknikaria, idazkari arituko dena.

d) Legez eratuta dauden eta Tuterako auzo elkarteen erregistroan inskribatuta dauden talde edo kirol entitateetako bakoitzeko ordezkari bat.

5.2. Kirolaren Kontseilu Sektorialak kanpoko adituen parte hartzea eskatzen ahalko du, jorratu beharreko gaien zer-nolakoak hala eskatzen duenean.

5.3. 5.1.d) artikuluan aipatzen diren talde edo entitateetako bat barnean hartzen duen federazio edo elkarte bat kontseiluan sartzen bada, talde edo entitate horiek ezin izanen dute bakarka parte hartu.

5.4. Ez da betorik, bazterketarik edo bereizkeriarik egonen, ez jatorriaren, arrazaren, sexuaren, erlijioaren edo iritzien, ez bestelako inguruabar pertsonal zein sozialen zioz.

5.5. Kide bakoitzak hizpidea eta botoa izanen ditu, idazkaria kenduta, hizpidea bai, baina botorik ez baitu izanen.

6. artikulua.-Kide izatera iristea.

6.1. Alkate udalburuak edo hark eskuordetzen duenak izendatuko ditu Kirolaren Kontseilu Sektorialeko kideak, ebazpen bidez izendatu ere; norbaiten izendapenaren aurka ebatziz gero, arrazoiak eman beharko dira.

6.2. Kirolaren Kontseilu Sektorialeko kide izan nahi duten entitate edo pertsonek eskabidea aurkeztuko beharko dute, kontseiluburuari zuzendua; kideen artean eskuordetza izendatuko dute, ondokoak zehaztuta: titularraren eta ordezkoaren izenak, helbideak, telefonoak eta posta elektronikoak, baita ordezkatuko duten entitatearen edo taldearen izena ere.

7. artikulua.-Kide izateari uztea.

7.1. Kide izateari utziko zaio ondoko arrazoietariko bat dela kausa:

a) Norberak uko eginda, edo taldea, elkartea, entitatea edo taldea desegiten denean.

b) Entitateen Udal Erregistrotik ateratzeagatik.

c) Kidea ebazpen bidez kargutik kentzeagatik, aldi baterako nahiz betiko, estatutu hauen edo Kontseiluaren bileretan hartutako erabakien arabera kideek berezko dituzten eginbeharrak bete ez dituelako; halakoetan, entitate arau-hausleari entzun beharko zaio aitzinetik, ezarritako prozedurari jarraikiz.

d) Elkartearen edo entitatearen ordezkariak kargua uzteagatik; halakoetan ordezkoa izendatzen ahalko da.

7.2. Entitateren bat ateratzen bada, Kirolaren Kontseilu Sektorialari eman beharko zaio horren berri.

8. artikulua.-Kideen eskubideak.

Kirolaren Kontseilu Sektorialeko kideek ondoko eskubideak dituzte:

a) Kontseiluko organoetan parte hartzea.

b) Beren ustez hurrengo bileraren gai zerrendan sartu behar liratekeen gaiak kontseiluburuari proposatzea.

c) Kirolaren Kontseilu Sektorialeko organoetako kideak hautatzea eta hautatuak izatea.

d) Jarduteko ekimenak proposatzea, horretarako ezarritako bideak erabilita.

e) Kontseiluko organoen bileretara formalki deituak izatea.

f) Kirolaren Kontseilu Sektorialaren programa, proiektu, jarduera eta ekintzetan parte hartzea.

g) Kontseiluaren jardunbideaz informazioa jasotzea, baita kirol arloarekin zerikusia duten programa nahiz ekintzei buruz ere.

h) Kirolaren Kontseilu Sektorialeko aktak eta dokumentazioa eskuratzea.

i) Kirolaren Kontseilu Sektorialak aparteko bilerak egin ditzan eskatzea.

j) Kideak diren aldetik dagozkien gainerako guztiak.

9. artikulua.-Kideen betebeharrak.

Kirolaren Kontseilu Sektorialeko kideek ondoko betebeharrak dituzte:

a) Kirolaren Kontseilu Sektorialeko organoen bileretan parte hartzea.

b) Tuterako herritar guztien onaren alde egitea, orokorrean, eta hiriko kirol jardueraren alde, bereziki, norbanakoen edo alderdien interesak alde batera utzita.

c) Kirolaren Kontseilu Sektorialak onesten dituen programa, proiektu, jarduera eta ekintzetan parte hartzea, ageriko laguntza emanez.

d) Kirolaren Kontseilu Sektorialak erabakitzen duen gaietan zuhurtasunez jokatzea.

e) Nork bere gain hartzen dituen lanak eta erantzukizunak zintzo betetzea.

f) Erregelamendu honetan xedatutakoa eta Udal Kontseiluko organo eskudunek hartutako erabakiak betetzea.

g) Kirolaren Kontseilu Sektoriala ordezkatuz kudeaketarik ez egitea.

h) Kontseiluak behar bezala jardun eta funtziona dezan laguntzea.

i) Borondate onez eta zintzo jokatzea Kontseiluak dituen helburuak betetze aldera.

10.artikulua.-Udalaren konpromisoak.

Ondoko konpromisoak ditu Udalak:

a) Kirolaren arloko helburu, justifikazio, ekintza, programa, aurrekontu eta proposamenen berri ematea Kirolaren Kontseilu Sektorialari.

b) Kontseiluburuaren eta idazkariaren karguak dituztenek Kontseiluaren bileretan hartu beharko dute parte.

c) Kontseiluak erabakitako puntuen berri ematea landutako gaietan eskudun diren Zinegotzigoei.

d) Behar diren tramite eta kudeaketak egitea Zinegotzigo eskudunak Kirolaren Kontseilu Sektorialean erabakitako auziei buruzko erantzuna eman dezan.

III. KAPITULUA

Organoak eta funtzionamenduko araubidea

11. artikulua.-Egitura.

Tuterako Kirolaren Kontseiluak honako organo hauek izanen ditu:

11.1. Hiru lan batzorde:

-Futbola.

-Kantxako kirolak.

-Aire zabaleko kirolak.

11.2. Kontseiluaren osoko bilkura.

12. artikulua. Lan batzordeak.

12.1. Osaera:

a) Hiru lan batzordeek hiriko kirol talde edo entitate guztiak barnean hartzen dituzte.

b) Futbol batzordea: honako hauek izanen dira batzordeko kideak:

-Kiroletako zinegotzi eskuordetua.

-Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi bana.

-Bidezkoa bada, atxikita ez dauden zinegotziak, Tuterako Udaleko alkate udalburuak proposatuta.

-Kirolen kudeaketa zentroaren arduraduna edo Udaleko Kirol Teknikaria, idazkari arituko dena.

-Legez eratuta dauden eta Tuterako auzo elkarteen erregistroan inskribatuta dauden taldeetako bakoitzeko ordezkari bat, baldin eta talde edo entitate horien helburua futbola sustatzea eta futbolean aritzea bada.

c) Kantxako kirolen batzordea: honako hauek izanen dira batzordeko kideak:

-Kiroletako zinegotzi eskuordetua.

-Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi bana.

-Bidezkoa bada, atxikita ez dauden zinegotziak, Tuterako Udaleko alkate udalburuak proposatuta.

-Kirolen kudeaketa zentroaren arduraduna edo Udaleko Kirol Teknikaria, idazkari arituko dena.

-Legez eratuta dauden eta Tuterako auzo elkarteen erregistroan inskribatuta dauden taldeetako bakoitzeko ordezkari bat, baldin eta talde edo entitate horien kirol jarduera kantxako kiroletan egiten dela kalifikatzen bada.

d) Aire zabaleko kirolen batzordea: honako hauek izanen dira batzordeko kideak:

-Kiroletako zinegotzi eskuordetua.

-Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi bana.

-Bidezkoa bada, atxikita ez dauden zinegotziak, Tuterako Udaleko alkate udalburuak proposatuta.

-Kirolen kudeaketa zentroaren arduraduna edo Udaleko Kirol Teknikaria, idazkari arituko dena.

-Legez eratuta dauden eta Tuterako auzo elkarteen erregistroan inskribatuta dauden taldeetako bakoitzeko ordezkari bat, baldin eta talde edo entitate horien kirol jarduera aire zabaleko kiroletan egiten dela kalifikatzen bada.

12.2. Eginkizunak:

a) Kontseiluaren osoko bilkuran batzordeak ordezkatuko dituzten taldeetako kideak aukeratzea.

b) Batzordearen gaiekin zerikusia duten auziei buruzko eztabaida egitea.

c) Osoko Bilkurak eskatzen dizkion irizpenak ematea.

d) Bere arloko kirol programa prestatzen eta programa horren jarraipena egiten parte hartzea.

e) Batzordearen arloari dagozkion kirol instalazioen egoerari eta beharrizanei buruzko eztabaida egitea.

12.3. Funtzionamendua:

a) Batzordeek ohiko bilerak sei hilabetean behin eginen dituzte, betiere Osoko Bilkuraren bilera egin baino lehen.

b) Batzordeek aparteko bilerak egiten ahalko dituzte batzordearen gaiekin zerikusia duten auziak aztertzeko.

13. artikulua.-Osoko Bilkura.

13.1. Osaera:

a) Hauek izanen dira Osoko Bilkurako kideak:

-Kiroletako zinegotzi eskuordetua.

-Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi bana.

-Bidezkoa bada, atxikita ez dauden zinegotziak, Tuterako Udaleko alkate udalburuak proposatuta.

-Udaleko Kirol Teknikaria edo Kirolen kudeaketa zentroaren arduraduna, idazkari arituko dena.

-Futbol batzordeko bi ordezkari.

-Kantxako kirolen batzordeko bi ordezkari.

-Aire zabaleko kirolen batzordeko bi ordezkari.

b) Lan batzordeen ordezkariak, botoen gehiengo soilaz aukeratuko dira batzorde bakoitzean.

c) Batzordeek Osoko Bilkuran izanen dituzten ordezkariak lan batzorde bakoitzak urtero berretsiko ditu, edo, bidezkoa bada, berriro hautatuko dira.

d) Batzordeen ordezkariek Osoko Bilkuran botoa izanen dute batzordeei kontsulta egin behar izan gabe.

13.2. Eginkizunak:

a) Batzordeek onesten dutenaren berri ematea Udalari.

b) Tuterako kirol programa prestatzen eta programa horren jarraipena egiten parte hartzea.

c) Udalak eskatzen dizkion irizpenak ematea.

d) Osoko Bilkuran aztertutako gaien berri ematea batzordeei.

13.3. Funtzionamendua eta deialdiak:

a) Udalburuak eginen du osoko bilkuraren bileretarako deialdia, eta hura izanen da haietan buru.

b) Gutxienez ere sei hilabetean behin egin beharko da osoko bilkuraren ohiko bilera, udalburuak deituta.

c) Kontseiluburuak deituta eginen dira osoko bilkuraren aparteko bilerak, edo Osoko Bilkurako kideen erdiek gehi batek horrelaxe eskatzen badute, betiere kontseiluburuari igorritako idazki baten bidez; idazkian aztertu nahi den gai-zerrenda zehazki adierazi beharko zaio, bilkura behar bezala egin ahal izateko agiri guztiak erantsita.

d) Osoko Bilkurako kideek eskaturiko aparteko bileretarako dei egin beharko du kontseiluburuak, beranduenez ere 5 eguneko epean, eta ondoko 15 egunean eginen da bilera.

e) Osoko Bilkuraren eta lan batzordeen bileretarako deialdiak idatzizko zitazioaren bidez eginen dira, posta elektronikoa erabiliz; bertan bileraren eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, baita eguneko gai-zerrenda ere.

f) Deialdia batzordeko edo Osoko Bilkurako kideei jakinaraziko zaie, bilera egiteko eguna baino aste bat lehenago. Salbuespen gisa, epe hori gutxienez 24 ordukoa izan daiteke, kontseiluburuak askatasun osoz uste badu presakoa dela; orduan, deia egiteko telefonoa edo posta elektronikoa erabiliko du.

g) Asteko halako egun bat eta ordu jakin bat, eta are egutegi posible bat ere, finkatuko dira bileretarako, agenda arazoak direla-eta aldaketak gertatzen ahal badira ere.

14. artikulua.-Bilerak.

14.1. Osoko Bilkuraren eta Kirolaren Kontseilu Sektorialaren bilerak itxiak izanen dira, eta, lehenengo deialdian, ezin izanen da bilerarik hasi kontseiluburua, idazkaria eta kideen erdiak gehi bat bertan ez badaude; bigarren deialdian, lehenengotik 15 minutura, mahaikideen herenak egon beharko du bertan.

14.2. Aurreko paragrafoan xedatuagatik ere, aurretik deialdirik egin gabe ere egiten ahalko dira bilerak, dagokion organoko kide guztiak bilduta badaude eta aho batez erabakitzen badute ekitaldi hori bilkura bihurtu.

14.3. Kontseiluburuak antolatuko ditu bileretako eztabaidak, idazkariak lagunduta.

15. artikulua.-Gai-zerrenda, botazioak eta erabakiak.

15.1. Kontseiluburuak finkatuko du gai-zerrenda.

15.2. Ez da eguneko gai-zerrendatik kanpoko aferarik aztertuko, ez bada presako gairen bat dela eta; betiere, Osoko Bilkurako edo batzordeetako kideen bi herenek gai horretaz eztabaidatzea onartzen badute.

15.3. Botazioak sekretuak izanen dira Kontseiluko kideren batek hala eskatzen badu.

15.4. Hartutako erabakiaren aurkako botoa eman duten kideek kontrako boto hori aktan jaso dadin eska dezakete, horretarako arrazoiak eta guzti.

15.5. Erabakiak hartzeko ahal den adostasunik zabalena bilatuko da; bertan diren kideen bi herenen gehiengo kualifikatua beharko da.

16. artikulua.-Aktak.

16.1. Bilera bakoitzaren akta jasoko da; hartan adieraziko dira kideen izenak, noiz eta zein tokitan egin den, eztabaidaren puntu nagusiak, botazioa egiteko modua eta emaitza eta hartutako erabakien edukia.

16.2. Aktak kontseiluburuak eta idazkariak sinatuko dituzte, eta hurrengo bileraren deialdiarekin batera bidaliko dira, onesteko.

IV. KAPITULUA

Eginkizunak eta eskudantziak

17. artikulua.-Kontseiluburua.

Kontseiluburuak eginkizun eta eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Bileren deialdiak eginen ditu eta gai-zerrendak osatu.

b) Bileretan buru izanen da eta moderatzaile lanak eginen ditu; eztabaidak behar bezala gauzatzen direla ziurtatuko du idazkariak lagunduta.

c) Kontseiluaren gaineko arauak aplikatuko ditu.

d) Erabakiak Administrazioko organo egokiei jakinarazten zaizkiela begiratzea.

e) Egoki iruditzen zaizkion txostenak eskatuko dizkie Osoko Bilkurako nahiz lan batzordeetako kideei.

f) Kirolaren Kontseilu Sektorialeko kideek aurkezten dituzten proposamenei erantzuna ematea.

g) Kontseiluaren ordezkari publikoa izatea.

h) Kirolaren Kontseilu Sektorialak hartzen dituen erabakiak nahiz udal organoetatik Kontseilura helarazi beharreko errekerimendu eta informazioak bideratzea.

i) Batzorde bereziak sortu eta arautzeko proposatzea, baita batzorde horien karguak, eginkizunak, ahalmenak, eskudantziak eta eskumenak ere sortu eta arautzeko, eta halaber, batzorde horiei egokiak diren txostenak eskatzea.

18. artikulua.-Idazkaria.

Udaleko Kirol Teknikaria edo Kirola Kudeatzeko Zentroaren arduraduna izanen da osoko bilkuraren idazkaria; eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osoko bilkuran aztertuko diren gaien zerrenda prestatu eta kideei igortzea.

b) Kontseiluburuari bileretan laguntza ematea.

c) Bileretan parte hartu eta aholkuak ematea, hizpidea izanik baina botorik gabe.

d) Bileretako aktak idatzi eta akten liburua prestatu eta zaintzea.

e) Hartutako erabakien fede eman eta haiek jakinarazteko zein betearazteko behar diren administrazio egintzak burutzea.

f) Osoko Bilkurako eta Lan Batzordeetako kideei erakunde publikoek kirol arloan sustatzen dituzten eta Tuterari eragiten dioten gai eta araudien berri ematea.

19. artikulua.-Kideak.

Kirolaren Kontseilu Sektorialeko kideek, Osoko Bilkurako edo Lan Batzordeetako kide badira, honako eginkizun eta eskudantziak izanen dituzte:

a) Bileretara joatea, eztabaidetan parte hartzea eta erabakietan beren botoen bidez parte hartzea.

b) Tuterako Udaleko Informazio Batzordeari Kirolaren Kontseilu Sektorialaren Osoko Bilkuraren bitartez proposatzea Kirolaren alde Tuterari dagokionez egokitzat jotzen dituen ekimen guztiak.

c) Egoki iruditzen zaizkion gaiak eguneko gai-zerrendan sar daitezela eskatzea, betiere kontseiluburuari eskabide idatzia zuzenduta.

d) Kontseiluaren osoko bilkuraren bitartez, dagokion zinegotzigoari beren eskubideak eta betekizunak betetzeko beharrezko informazioa eskatzea.

e) Botazio sekretuak eskatzea.

f) Adituek esku hartzeko eskatzea kontseiluburuari.

g) Tuterako Udalean Kirolaren arloan eskumena duen batzordeak eskatzen dizkien txostenak aztertu eta proposamenak egitea, betiere beren eginkizunen esparruan.

V. KAPITULUA

Tokiak eta baliabideak

20. artikulua.-Tokiak eta baliabideak.

Behar dituen tokiak eta baliabideak eskainiko dizkio Udalak Kirolaren Kontseilu Sektorialari, behar bezala jardun dezan; betiere, Udalaren ahalmenen barnean, eta dituen baliabideak ahalik eta ongien eta egokien erabiltzen direla begiratuta. Ahalegin berezia eginen da lokal erabilgarriak uzteko eta teknologia berriak erabiltzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Erregelamendu honek indarra hartu eta ondoko hilabetean eratuko da Kirolaren Kontseilu Sektoriala.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu berriak indarra hartzen duenean, indargabetuta geratuko da Udalaren Osoko Bilkurak 2000. urteko urtarrilaren 28an hasieran onetsi zuen Kirolaren Udal Kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendua. Erregelamendu horrek indarra hartu zuen 2000. urteko ekainaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera (69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Iragarkiaren kodea: L1007177