62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

"Iruñeko Udal Planaren egiturazko determinazioak Z-2/UI XVIII-Iturrama (Erruki Etxea) unitatean aldatzeko" dokumentua behin betiko onesten duen foru aginduaren berri ematen da

Iruñeko Udalak, 2010eko apirilaren 16an egin osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

PLE 16-abr-10 (19/CU).

"Ikusirik espedienteko dokumentazioa, hau erabaki da:

1. Iruñeko Udal Planaren egiturazko determinazioak Z-2/UI XVIII-Iturrama unitatean aldatzeko dokumentuaren testu bategina, Erruki Etxeak sustatua, behin betiko onesten duen martxoaren 25eko 57/2010 Foru Agindua jakintzat hartzea.

2. Onetsi den hirigintzako araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da."

Araudi orokorra

1. artikulua. Xedea.

Iruñeko Udal Plana UI XVIII-"Iruñeko Erruki Etxea" unitate integratuaren Z-2 eremuan aldatzearen xedea da hirigintzako esparru berri baten sorrera proposatzea eta ondoriozko unitateen antolamendu xehakatua egitea.

2. artikulua. Esparrua.

Esparruak planoetan adierazi direnak dira. 09 zenbakidun planoan irudikatu dira, baita antolamenduko gainerako planoetan ere.

3. artikulua. Udal Planaren aldaketaren dokumentazioa, arauen norainokoa eta interpretazioa.

Aldaketa osatzen duten dokumentuek hurrengo norainokoa eta edukia dituzte.

-Memoria: antolamendu esparruaren egungo egoera deskribatzen du eta, bestalde, dokumentu osoak ezarritako hirigintzako antolamendua hautatzeko erabilitako kontzeptuak aztertu eta garatzen ditu.

-Planoak: plano multzo hauek bereizi dira:

  • Informazioko planoak: hirigintzaren egungo errealitatea agertzen dute.
  • Antolamenduko planoak: ezarritako egiturazko determinazioak eta determinazio xehakatuak erakusten dituzte.
  • Proposameneko planoak, araurik ematen ez dutenak: esparrurako proposamen baten aurretiazko azterlana biltzen dute. Ez dira lotesleak.

-Hirigintzako araudia: agiri honetan arauz finkatzen dira jarduketa eremuan hirigintzako jarduketa guzti-guztiek bete beharko dituzten baldintzak, hots, planeamendurako baldintzak, planeamendua kudeatu edo gauzatzekoak, eraikitzekoak nahiz jarduerak eta erabilerak ezartzekoak. Araudiak bi zati ditu:

  • Araudi orokorra: aldaketaren esparrurako egiturazko determinazioak eta xehakatuak agertzen ditu, eta gainera araudi grafiatuan eta araudi partikularrean erabilitako kontzeptuen definizioa.
  • Araudi partikularra: aldaketak garatzen duen oinarrizko unitate bakoitzari dagozkion determinazioak eta arauak agertzen ditu.
  • Z.-2.1 oinarrizko unitatea.
  • Z.-2.2 oinarrizko unitatea.
  • Z.-2.3 oinarrizko unitatea.

Kontraesanik izanez gero, eta dokumentazioa zuzen interpretatzeko, dokumentu lotesleak lehenetsiko dira ez lotesleen aldean (araurik ematen ez duten proposameneko planoak), eta lotesleen artean, berriz, arauemaileak (arauak eta antolamenduko planoak) gainerakoen aldean. Dokumentu lotesleak interpretatzeko, Udal Planean ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

4. artikulua. Egiturazko determinazioak eta xehakatuak.

Honako determinazio hauek egiturazkoak izanen dira:

a) Z.-2.1 oinarrizko unitaterako.

Oinarrizko unitatea: Z.-2.1, planoetan mugatua.

Helburu orokorrak: oraingo ekipamendua finkatu eta hobetzea.

Hirigintzako araubidea:

-Lurzoru mota: hiri lurzorua.

-Kategoria: finkatua.

-Erabilerak: gizarte-laguntzako ekipamendu pribatua.

b) Z.-2.2 oinarrizko unitaterako.

Oinarrizko unitatea: Z.-2.2, planoetan mugatua.

Helburu orokorrak: bulegoen erabilera gehituz eta erabilera publikoko espazioak sortuz hiri espazioa hobetzea.

Hirigintzako araubidea:

-Lurzoru mota: hiri lurzorua.

-Kategoria: finkatua.

-Erabilera orokorra: bulegoak.

c) Z.-2.3 oinarrizko unitaterako.

Oinarrizko unitatea: Z.-2.3, planoetan mugatua.

Helburu orokorrak: ekipamendu publiko berria sortzea.

Hirigintzako araubidea:

-Lurzoru mota: hiri lurzorua.

-Kategoria: finkatua.

-Erabilerak: ekipamendu publikoa.

Gainerako determinazioak xehakatuak dira. Determinazio horiek unitate bakoitzaren hirigintzako fitxan ezarri eta azaldu dira.

5. artikulua. Udal ordenantzak eta aplikatu beharreko araudia.

Aldaketaren esparruan indarra duten udal ordenantzak aplikatuko dira, arau hauetan bestela arautzen diren kontuetan izan ezik. Udal Planaren hirigintzako araudi orokorrari jarraikiz neurtuko da sestrapeko eta sestra gaineko eraikigarritasuna.

6. artikulua. Lerrokadurak eta sestrak.

13. eta 14. planoetan adierazi direnak.

Lerrokadura mota hauek bereizi dira:

  • Lurzatiko lerrokadura ofiziala.
  • Nahitaezko lerrokadura.
  • Gehieneko lerrokadura.
  • Hegaletako gehieneko lerrokadura.

7. artikulua. Sestrak.

Urbanizazioak oztopo fisiko eta zentzumenezkoak ezabatzeari buruzko indarreko araudia bete behar du eta atal bat izanen du berariaz hori justifikatzeko, honako aldaketa honekin bat.

8. artikulua. Urbanizazioa.

Urbanizazioaren helburua determinazioak gauzatzea izanen da. Determinazio horiek lotesleak izanen dira aldaketan bertan eta, bereziki, araudi partikularrean ezartzen diren heinean; dena den, obrak gauzatu ahal izateko behar diren egokitzapenak egiten ahalko dira, baita determinazio lotesleetan ere. Aplikatzen ahal diren arau guztiak bete beharko dira, eraikuntzari buruzko arau teknologiko berariazkoak barne, eta bereziki Iruñeko Udalaren ordenantzak.

Esparru mugakideekiko jarraipen formal eta materiala moldatu beharko du eta behar diren obra guztiak aurreikusiko ditu sareek zuzen funtzionatzeko eta lehendik daudenei lotzeko.

Oztopo fisiko eta zentzumenezkoak ezabatzeari buruzko indarreko araudiarekin bat etorri beharko da.

Pilotalekua eraisteko proiektua Z.2-1 oinarrizko unitaterako aurreikusi den lehenbiziko exekuzio proiektuarekin batera eginen da eta, nolanahi ere, Z-2.2 oinarrizko unitaterako aurreikusi den lehenbiziko exekuzio proiektuarekin batera.

9. artikulua. Ur hornidura.

Ur hornidurarako sistemaren antolamendua 15. planoan ageri da. Hodi nagusien eskema da, oinarrizkoa, eta neurriak zehazten ez dituena.

Eraikuntza proiektuan haren ezaugarriak zehaztu beharko dira, urbanizazioari dagokion zatian, aplikatzen ahal diren arauei jarraikiz, bereziki Iruñerriko Mankomunitatearen araudiari jarraikiz.

10. artikulua. Ur hustuketa eta saneamendua.

Ur hustuketa eta saneamendu sistemaren antolamendua 15. planoan ageri da. Hodi nagusien eskema da, oinarrizkoa, eta neurriak zehazten ez dituena.

Eraikuntza proiektuan haren ezaugarriak zehaztu beharko dira, urbanizazioari dagokion zatian, aplikatzen ahal diren arauei jarraikiz, bereziki Iruñerriko Mankomunitatearen araudiari jarraikiz. Sistema bereizlea ezarri behar da aldaketaren esparru osoan.

11. artikulua. Argindarra, telefonia eta telekomunikazioak.

Sare horien antolamendua ageri da 16. planoan. Hodi nagusien eskema da, oinarrizkoa, eta neurriak zehazten ez dituena.

Eraikuntza proiektuan haren ezaugarriak zehaztu beharko dira, urbanizazioari dagokion zatian, aplikatzen ahal diren arauei jarraikiz. Kableak lurpetik joanen dira kasu guztietan eta toki guztietan. Transformazio zentroak, nodoak eta ekipo bereziak ere lurpekoak izanen dira, aplikatu beharreko araudi sektorialak hori debekatzen duen kasuetan izan ezik.

12. artikulua. Argiak.

16. planoan ageri den sarea eroanbide nagusien eskema da, oinarrizkoa, eta neurriak zehazten ez dituena.

Eraikuntza proiektuan haren ezaugarriak zehaztu beharko dira, urbanizazioari dagokion zatian, aplikatzen ahal diren arauei jarraikiz. Argindarraz hornitzeko sare orokorretik erabat bereizia izanen da sarea.

13. artikulua. Lorategiak.

Oraingo landareak eta arbolak errespetatuko dira, betiere egoera onean badaude, teknikoki posible bada eta behin betiko diseinuan egokitzen ahal badira.

Landare espezieak hautatzeko, bereziki kontuan hartuko da hautatzeko eremu honetarako egokiak izatea eta mantentzen errazak izatea. Udalaren zerbitzu tekniko eskudunen irizpideei jarraituko zaie.

Lurzatien artean "ilara berdeak" sortu beharko dira nahitaez, zuhaitzek edo landare espezieek osatutakoak, planoetan grafiatu bezala. Ilara horiek material egokiz trataturiko igarobideak izaten ahalko dituzte.

14. artikulua. Jarduketa mota.

Eraikuntza jarduketak zuzenean eginen dira. Eraikuntza lizentzia eskatu baino lehen, Z.2.2 oinarrizko unitatean, ekipamendutarako erabilera publikoko espazioaren lagapena (Iruñeko Udalaren alde egindako notario aktaren bidez) eta aldaketa honetatik ondorioztatzen den batez besteko eraikigarritasun haztatuaren gehikuntzaren lagapena (dirua ordainduz) egin behar dira.

15. artikulua. Epeak.

UI XVIII unitate integratuaren Z.2.1 oinarrizko unitatea: ez da eperik ezarri eraikuntza jarduketetarako. Oinarrizko unitateari lotuta dauden eta erabilera publikoko zortasuna duten azaleren lagapena eta geroko exekuzioa unitaterako aurreikusi den lehenbiziko eraikuntza proiektuaren exekuzioarekin batera eginen dira.

UI XVIII unitate integratuaren Z.2.2 oinarrizko unitatea: 6 hilabete, aldaketa hau behin betiko onetsi ondoren zenbatzen hasiko direnak, ekipamendutarako erabilera publikoko espazioaren lagapena egiteko eta eraikigarritasun haztatuaren gaineko aprobetxamendua lagatzeko, memoriaren 0.2 puntuan adierazitakoarekin bat, dirua ordainduz. Ez da eperik ezarri eraikuntza jarduketetarako. Oinarrizko unitateari lotuta dauden eta erabilera publikoko zortasuna duten azaleren lagapena eta geroko exekuzioa unitaterako aurreikusi den lehenbiziko eraikuntza proiektuaren exekuzioarekin batera eginen dira.

UI XVIII unitate integratuaren Z.2.3 oinarrizko unitatea: ez da eperik ezarri eraikuntza jarduketetarako.

Z.-2.1 oinarrizko unitatea

Z.-2.1 oinarrizko unitaterako araudi partikularra.

1. Esparruaren oinplanoa eta identifikazioa.

-Azalera: 32.686 m.2.

-Kokalekua: Erruki Etxearen zati bat, ekipamendutarako erabilera duena.

2. Z.-2.1 oinarrizko unitaterako determinazioak.

3. Eraikuntzen determinazio formalak.

18. artikulua. Sestra gaineko solairuen gehieneko kopurua eraikin berrietarako.

B+I, B+II, B+IV, planoetan zehaztu bezala.

19. artikulua. Beheko solairuaren nahitaezko garaiera.

Proiektuak behar duen guztietan, beheko solairuaren garaierak EUSAko jatorrizko eraikinaren garaieretara egokituko dira, lehendik dagoen eraikinaren eta proposaturiko eraikin berriaren arteko gainjartze egokiak onartuta.

20. artikulua. Solairu bakoitzaren nahitaezko garaiera. Forjatuak.

Proiektuak behar duen guztietan, forjatuen arteko garaierak EUSAko jatorrizko eraikinaren garaieretara egokituko dira, lehendik dagoen eraikinaren eta proposaturiko eraikin berriaren arteko gainjartze egokiak onartuta.

21. artikulua. Lerrokadurak.

Lerrokadurak lerrokaduretako 13. eta 14. planoetan zehaztu dira.

22. artikulua. Osaera, materialak eta sistemak.

Z.-2.1 oinarrizko unitatearen muga den eraikinaren fatxada osoaren tratamendua baterakoa izanen da.

Eraikin berrien osaera, materialak eta sistemak libreak izanen dira, nahiz eta jatorrizko etxebizitzen estilo orokorrera egokitu beharko diren. Era berean, arreta berezia jarriko da tratamenduan, elementuak hiriko historian duen garrantzi berezia kontuan hartuta.

23. artikulua. Estalkia.

Estalkiak lauak izan daitezke.

24. artikulua. Sestrapeko solairuak.

Lurzatiaren mendebaldeko frontean dauden eraikin berrien sotoan aparkalekuak egiten ahalko dira, langileak eta hornidurak errazago sar daitezen. Nolanahi ere, ibilgailuen sotorako sarbideak erabilera pribatuko lurzatiaren barnean egonen dira.

4. Erabilera publikoko espazioari buruzko determinazioak.

25. artikulua. Determinazio orokorrak.

Eraikuntza proiektuak zoladuraren sestrak ezarriko ditu, urbanizazioari dagokion zatian, eta horien eta alboko eremuen artean ahalik eta jarraitutasun handiena egoten saiatuko da, horien artean mailarik edo sestra alde handirik egon ezin izanen dela.

Erabilgarritasun oharrez gain, proiektuak argiei, altzariei, zuhaitzei eta landareei buruz egin dituen aurreikuspenen helburua multzoaren diseinuan integratzea eta oinezkoentzako igarobideak eta sartzeko plazak bultzatzea izanen da.

Z.-2.2 oinarrizko unitatea

Z.-2.2 oinarrizko unitaterako araudi partikularra.

1. Esparruaren oinplanoa eta identifikazioa.

-Azalera: 7.923 m2.

-Kokalekua: egungo Erruki Etxearen lurzoruaren zati bat, ekipamendutarako egungo erabileratik bananduko dena beste erabilera batzuk hartzeko asmoz.

2. Z.-2.2 oinarrizko unitaterako determinazioak.

26. artikulua. Egiturazko determinazioak.

Z.-2.2 unitaterako ezarririko honako determinazio hauek egiturazkoak izanen dira:

-Oinarrizko unitatea: Z.-2.2, planoetan mugatua.

-Helburu orokorrak: bulegoen erabilera gehituz eta erabilera publikoko espazioak sortuz hiri espazioa hobetzea.

-Hirigintzako araubidea:

  • Lurzoru mota: hiri lurzorua.
  • Kategoria: finkatua.
  • Erabilera orokorra: bulegoak.

27. artikulua. Determinazio xehakatuak.

Ezarririko gainerako determinazioak xehakatuak izanen dira. Aldaketa honek horiek berriro zehaztu eta garatzen ditu, indarra duen Udal Planari dagokionez.

-Baldintza orokorrak: lurzati eraikigarria sortuz eta oinezkoentzako bidea zein ekipamendu publikoa zabalduz hiri espazioa hobetzea.

-Exekuzio baldintzak:

1.-Zuzeneko jarduketa, ekipamendutarako erabilera publikoko espazioa lagatzeko akta egin eta eraikigarritasun haztatuaren gehikuntza diruz ordaindu eta gero.

2.-Lurzatiketa: lurzati pribatu bakarra.

3.-Lerrokadurak: 13. eta 14. planoetan adierazi direnak.

4.-Garaierak: 13. eta 14. planoetan adierazi direnak.

5.-Gehieneko azalera eraikigarria (lurzati pribatua): 20.746,1 m2.

6.-Lurzati pribatuaren azalera osoa: 7.923 m2.

7.-Lurzatiaren azalera okupagarria: 4.949,51 m2.

8.-Erabilera publikoko lurzati pribatuaren azalera: 2.973,49 m2.

9.-Proposatutako erabilerak: bulegoak eta erabilera bateragarriak, araudi orokorraren arabera.

10.-Erabilera publikoko bide pribatua partikularrek kontserbatu eta mantendu beharko dute.

11.-Aldaketa honek onartzen duen gehieneko eraikigarritasuna faseka egiten ahalko da, bai lurpean, bai sestra gainean. Halaber, hori aplikatuko zaio aparkalekuen kopurua eraiki den eraikigarritasunaren araberakoa izateko eskakizunari (1,5 plaza 75 m² eraikigarriko).

12.-Z.-2.3 oinarrizko unitatearen gainean dagoen eraikinak argi-bisten eskubidea izanen du oinarrizko unitate honen erabilera publikoko zortasuna duten alboko espazioen gainean.

3. Eraikuntzaren erabilerak.

-Erabilera onartuak:

  • Sotoa: aparkalekua, erabilera xehakatuaren erabilera osagarriak, biltegiak eta instalazioak.
  • Beheko solairua: hirigintzako araudi orokorraren 27. eta 28. artikuluek onartzen dituztenak.
  • Goiko solairuak: hirigintzako araudi orokorraren 27. eta 28. artikuluek onartzen dituztenak.

-Erabilera toleratuak:

  • Beheko solairua: erabilera onartuen erabilera osagarriak eta lagungarriak onartuko dira, hala merkataritza lokal txikiak nola taberna-kafetegia.

-Erabilera debekatuak:

  • Guztiak: hirigintzako araudi orokorraren 27. eta 28. artikuluen aplikaziotik ondorioztatzen direnak.

4. Eraikuntzen determinazio formalak.

28. artikulua. Sestra gaineko solairuen gehieneko kopurua.

Erabilera orokorra "bulegoak" duen lurzatian: B+II, B+IV, B+X, planoetan zehaztu bezala.

29. artikulua. Beheko solairuaren nahitaezko garaiera.

Beheko solairuaren garaiera ez da 5,20 m-tik gorakoa izanen, ezta 4,00 m-tik beherakoa ere.

30. artikulua. Solairu bakoitzaren gutxieneko garaiera. Forjatuak.

Solairu bakoitzaren gutxieneko garaiera 3,30 m-koa izanen da forjatuen artean.

31. artikulua. Lerrokadurak.

Lerrokadurak lerrokaduretako 13. eta 14. planoetan zehaztu dira.

32. artikulua. Osaera, materialak eta sistemak.

Fatxada osoaren tratamendua baterakoa izanen da. Osaera, materialak eta sistemak libreak izanen dira. Era berean, arreta berezia jarriko da tratamenduan, elementuak hiriko multzoan duen garrantzi berezia kontuan hartuta.

33. artikulua. Garaieratik gorako eraikuntzak.

Eskaileretako edo igogailuko dorreak, eraikinaren instalazio berekietarako eraikuntzak, edozein motatako telekomunikazioetarako instalazioak eta energia hartzeko instalazioak estalkiaren diseinuan integratu beharko dira, eraikuntzaren gaineko ordenantza orokorrean definitzen den inguratzaile orokorretik gora egiten badute.

Basamentuaren estalkian (B+II) basamentuari dagokion erabileraren %40, gehienez, eraikitzea onartuko da. Kasu horretan, inguratzaileak honako garaiera hau izanen luke: B+III.

34. artikulua. Goiko solairuetako terrazak.

Solairu bateko lerrokadurak azpi-azpiko lerrokaduren aldera atzeraematetik ateratzen diren terrazak eta eraikinetako zabaltzak erabiltzen ahalko dituzte erabiltzaileek.

Ezin izanen dira inoiz itxi, ezta estali ere. Horietan eguzki-oihal tolesgarriak, fatxadaren diseinuan integratzen direnak, jartzen ahalko dira.

35. artikulua. Estalkiak.

Estalkiak lauak izanen dira.

36. artikulua. Sestrapeko solairuak.

Sotoaren gehieneko lerrokadurak bat etorriko dira lurzatiaren azalera osoarekin.

Ezarri den gutxieneko eskakizuna (415 aparkaleku plaza, gutxienez: 1,5 plaza/75 m² eraikiko) betetzeko behar diren aparkalekuak sotoan egin beharko dira. Egoiliarren aparkalekua edo txandakakoa sortuz auzoaren gabeziei erantzuteko aukera aztertu da. 75 m² eraikigarriko bi plaza baino gehiago badaude, hori irabazizko aprobetxamendurako zenbatuko da. Nolanahi ere, ibilgailuen sotorako sarbideak beheko solairuko eraikuntzaren lerrokaduren barnean eginen dira. Aparkalekuei buruzko eskakizun hori lurzatiaren eraikuntza garapenarekiko proportzioan betetzen ahalko da.

Sotoko halako eremu batzuk erabilera publikoko zortasuna duen lurzoruaren azpian daudenean, gutxienez ere 60 zentimetroko aldea utzi beharko da sotoko lehen solairuko sabaia babesteko goiko geruzaren eta urbanizazioaren sestraren artean.

5. Erabilera publikoko espazioari buruzko determinazioak.

37. artikulua. Determinazio orokorrak.

Eraikuntza proiektuak zoladuraren sestrak ezarriko ditu, urbanizazioari dagokion zatian, eta horien eta alboko eremuen artean ahalik eta jarraitutasun handiena egoten saiatuko da, horien artean mailarik edo sestra alde handirik egon ezin izanen dela.

Erabilgarritasun oharrez gain, proiektuak argiei, altzariei, zuhaitzei eta landareei buruz egin dituen aurreikuspenen helburua multzoaren diseinuan integratzea eta oinezkoentzako igarobideak eta sartzeko plazak bultzatzea izanen da.

Z.-2.3 oinarrizko unitatea

Z.-2.3 oinarrizko unitaterako araudi partikularra

1. Esparruaren oinplanoa eta identifikazioa.

-Azalera: 1.732,8 m.2.

-Kokalekua: esparruko hegoaldea.

2. Z.-2.3 oinarrizko unitaterako determinazioak.

38. artikulua. Egiturazko determinazioak.

Z.-2.3 unitaterako ezarririko honako determinazio hauek egiturazkoak izanen dira:

-Oinarrizko unitatea: Z.-2.3, planoetan mugatua.

-Helburu orokorrak: ekipamendu publiko berria sortzea.

-Hirigintzako araubidea:

  • Lurzoru mota: hiri lurzorua.
  • Kategoria: finkatua.
  • Erabilerak: ekipamendu publikoa.

39. artikulua. Determinazio xehakatuak.

Ezarririko gainerako determinazioak xehakatuak izanen dira. Aldaketa honek horiek berriro zehaztu eta garatzen ditu, indarra duen Udal Planari dagokionez.

1.-Ekipamendutarako lagapena (lurzatiaren azalera): 1.732,80 m.2.

2.-Lerrokadurak: ez da ezarri.

3.-Garaierak: B+II.

4.-Z.-2.3 oinarrizko unitateak argi-bisten eskubidea izanen du Z.-2.1 eta Z.-2.2 oinarrizko unitateetan erabilera publikoko zortasuna duten alboko espazioen gainean.

Iruñean, 2010eko apirilaren 23an.-Alkatea, María Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L1007275