62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Udal ordenantza, Doneztebeko merkatu txikietan lurzorua okupatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

"Merkatu txikietan edo ferietan lurzorua okupatzeko tasak" udal ordenantzaren hasierako onespena 2010eko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 22an. Jendaurreko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu da. Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Donezteben, 2010eko apirilaren 16an.-Alkatea, Miguel San Miguel Azpiroz.

ORDENANTZA FISKALA, DONEZTEBEN MERKATU TXIKIETAN EDO FERIETAN LURZORUA OKUPATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Tasa hauek martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.4 artikuluari jarraituz ezarri dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu baitzuen, tasen eta prezio publikoen gaietan.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Ordenantza honen zergapeko egintza da "merkatu txikietan edo ferietan" salmenta postu edo etxolak paratuz eremu publikoan egiten den erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. Zergadunak diren aldetik, subjektu pasiboak izanen dira aurreko artikuluan zehaztu den aprobetxamenduan eremu publikoa okupatzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak.

Karga-oinarriak

4. artikulua. Ordainarazpen honi dagokionez, karga-oinarritzat joko da postuek okupatzen duten azalera, baita okupazioaldia ere.

Tarifak

5. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak eranskinean agertzen dira eta indarra izanen dute harik eta Udalak osoko bilkuran aldatu arte.

Tributu-kuota

6. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriei dagozkien tarifak aplikatuko zaizkie.

Tasen sorrarazpena eta diru-bilketa

7. artikulua. 1. Merkatu txikietako edo ferietako postuak okupatzeagatik, tasak Udalak zehazten duen lekuan ordainduko dira, eta betiere postuak muntatu baino lehen.

7.2. Merkatu txikietan edo ferietan postu finkoak erreserbatzeko kuoten ordainketa urteko epe bakarrean eginen da; oro har epe hori urteko azken hiruhilekoa da.

7.3. Udaberriko eta udazkeneko feriei dagokienez, aparteko ordainketa eginen da, urte bakoitzeko maiatzeko eta azaroko bi ferien aurretik.

8. artikulua. 1. Merkatu txikia edo feria urteko ostiral guztietako goizetan eginen da, Merkatuko plazan, jaiegunak ez badira.

8.2. Salbuespen gisa, udaberriko eta udazkeneko feriei dagokienez, hurrengo egunetan eginen dira: udaberriko feria Gurutze Santuaren egunaren (maiatzaren 1a) hurrengo ostiralean eta udazkeneko feria, aldiz, San Martín egunaren (azaroaren 11) hurrengo ostiralean, baldin eta egun berezi horiek asteazkenaren aurrekoak edo asteazkenak badira. Asteazkenaren ondokoak badira, hurrengo asteko ostiralean eginen dira, Udalak ondorio horretarako zehazten dituen kaleetan.

8.3. Postu finkoen azalera ezin izanen da hamar metro karratutik gorakoa izan, ezta metro batetik beherakoa ere. Metro bateko sakonera izanen dute eta, nolanahi ere, metro bati dagokion gutxieneko kuota ordaindu beharko dute.

8.4. Saltzeko ordutegia 8etatik 14ak arte izanen da. Postuen instalazioa eta salgaien zamalanak 7etatik 8etara bitartean eginen dira eta debekatuta egonen da ordu horretatik aurrera lan horiek egitea.

8.5. Udaberriko eta udazkeneko feriei dagokienez, saltzeko salbuespenezko ordutegia 8etatik 22ak arte izanen da. Postuen instalazioa eta salgaien zamalanak 7etatik 8etara bitartean eginen dira eta debekatuta egonen da ordu horretatik aurrera lan horiek egitea.

8.6. Salgaiak kentzeko eta instalazioak desmuntatzeko, 8.4 eta 8.5 puntuetan adierazi diren ordutegiak amaitu eta ordubeteko aldian egin beharko dira. Emakidadunek okupatutako espazioa zein ingurua garbitu beharko dituzte, hondakinak, bilgarriak eta abar kenduz, eta ordu horretatik aurrera behar bezala egon beharko dira.

9. artikulua. 1. Merkatu txikian salmenta ibiltaria egiteko, saltzaileak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan dagokion epigrafean alta emanda egotea eta tarifa ordaindu izana.

b) Doneztebeko Udalarekin zerga eginbeharrak ordaindu izana.

c) Gizarte Segurantzaren bidezko araubidean alta emanda egotea eta kotizazioak ordaindu izana.

d) Merkatu txikian postua instalatzeko udal baimena izatea, titularraren datu pertsonalak eta argazkia adierazten dituena eta saltokian ageriko lekuan erakutsiko dena.

e) Saldu beharreko produktuek aplikatzekoak diren araudietan eskatzen diren baldintzak betetzea.

f) Atzerritarren kasuan, egoitza baimena eta beren kasa lanean aritzeko baimena dituztela egiaztatu beharko dute.

g) Fabrikazio edo ekoizpen akats ezkutuak dituzten gaiak saldu nahi izanez gero, akatsaz ohartarazteko txartelak paratu beharko dira bistan, kontsumitzaileek ongi ikusteko moduan.

h) Behar adinako dokumentazioa izatea, salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria egiaztatzen dituena.

2. Postu bakarra instalatzen ahalko da, jarduera ekonomikoen gaineko zerga edo lizentzia fiskal bakoitzeko.

10. artikulua. Postua zergaldia hasi ondoren ematen bada, tasa hileko kalkulatuko da proportzionalki, baimena eman den hila ere kontuan hartuta.

11. artikulua. 1. Saltzaileek ezin izanen dute eremu publikoa okupatu saltoki batekin, zergaldi horretarako postu finko baten titularrak ez badira.

2. Dena delako ekitaldirako postuak erreserbatu ahal izateko, 9. artikuluan xedatutakoa betetzeaz gain, saltzaileek hurrengo prozedurari jarraitu beharko diote, irailean jarraian aipatzen diren dokumentuak aurkeztuta:

a) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, Donezteben salmenta ibiltaria onartzen duen kuota motan, hain zuzen, alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria, eta uneko urteari dagokion zerga ordaindu izanaren frogagiria.

b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak Gizarte Segurantzaren bidezko araubidean alta hartu duen egunari eta kotizazioak ordaindu izanari buruz egin duen egiaztagiria.

c) Atzerritarrek egoitza baimena eta beren kasa lanean aritzeko baimena dituztela egiaztatu beharko dute.

d) Txartel neurriko argazkia.

3. Epe horretan aurreko idatz-zatian aipatzen den dokumentazioa aurkezten ez duenak postua jartzeko eskubidea galduko du, eta postu hori Udalaren esku geratuko da, beste pertsona bati esleitzeko.

4. Postu libre horiek emanen zaizkie idatziz horietan interesa dutela adierazten duten saltzaileei, Udalaren Erregistro Nagusian idazkia aurkeztu zen egunaren arabera ezarritako ordenari jarraikiz. Postuak jartzeko eskabideei erantzunen zaie, baldin eta aurreko 3 urteetan interesdunak bere borondatez postua utzi ez badu edo Udalak hori kendu ez badio.

12. artikulua. 1. Baimenak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.

2. Titularra hiltzen denean edo lanerako baliaezintasun iraunkorra edo erretiroa hartzen duenean baino ezin izanen da baimendu behin bakarrik lizentzia ezkontidearen edo harekin bizi diren seme-alabetako baten alde lagatzea. Dena den, titularraren egoera hori behar bezala egiaztatu beharko da eta lagapena egoera hori sortzen duen gertaera gertatzen denetik hilabeteko epean eskatu beharko dute.

3. Ez dira inola ere baimenduko aipatutako epea iragaten bada edo adierazi ez diren pertsonendako badira.

4. Salbuespena izanen dira ordenantzaren 10. artikuluan ezarri diren kasuak eta baldintzak. Era berean, 11. artikuluaren 2. puntuan aipatzen diren datuak eta dokumentuak aurkeztu beharko dira.

5. Lagapen-hartzaileak ordenantzaren 10. artikuluan ezarri diren baldintzak bete beharko ditu. Era berean, 11. artikuluaren 2. puntuan aipatzen diren datuak eta dokumentuak aurkeztu beharko dira.

13. artikulua. 1. Postuen titularrek laguntzailea izaten ahalko dute: ezkontidea edo harekin bizi diren seme-alabak izan ezean, Gizarte Segurantzako afiliatua izan beharko da, emakidadunaren soldatapeko langile gisa. Ezkontidea edo seme-alabak badira, berriz, Gizarte Segurantzaren bidezko araubidean alta emanda egon beharko dira.

2. Laguntzailea izan nahi badu, postuaren titularrak laguntzaileari buruzko honako dokumentu hauek egiaztatu beharko ditu:

a) Indarreko lan-kontratua, hori arautzen duen legediaren araberakoa.

b) Gizarte Segurantzaren bidezko araubidean alta emanda dagoela eta kotizazioak ordaindu dituela egiaztatzen duen agiria.

c) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

d) Txartel neurriko argazkia.

3. Laguntzaileak izaera hori egiaztatzen dion txartela izanen du, argazkiduna.

4. a) Merkatu txikiko postuan postuaren titularrak edo behar bezala egiaztatuta dagoen laguntzaileak baino ezin du salmenta ibiltaria egin.

b) Postuan titularra edo behar bezala egiaztatuta dagoen laguntzailea ez den pertsona batek, egiaztatu gabea denak, salmenta ibiltaria egiten badu, udal langileak postua kentzeko aginduko du eta horren berri emanen dio Udal Idazkaritzari. Horrek emakida deuseztatuko du berehala.

c) Saltokira ezin bada joan, behar bezalako aurrerapenaz jakinarazi beharko du, Udaleko Erregistro Nagusian idatzia aurkeztuz, eta hartan ez bertaratzearen eta horretarako arrazoien berri eman beharko du.

14. artikulua. Merkatu txikiko eta azoka txikiko postuak erabiltzen dituzten subjektu pasiboek lurzorua garbi utzi beharko dute. Bestela, zehapena ezartzen ahalko zaie eta baimena deuseztatzen ahalko zaie.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Baimenen titularrak erantzule izanen dira, ordenantza honetako xedapenak hausten badituzte haiek beraiek edo saltzen laguntzen duten senide eta kontratupekoek.

16. artikulua. Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

A.-1. Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ez betetzea, betiere azken horiek larri edo oso larritzat ez badira hartzen.

2. Zehatz-mehatz, arau-hauste arinak hauek dira:

a) Ordenantza honetan ezartzen den orduan saltzen ez hastea.

b) Saltokia baimenik gabe hiru egun edo gutxiagotan itxia edukitzea, aurretik idazki batean justifikatu gabe.

c) Udal baimenaren kopia ikusgai ez izatea.

B.-Arau-hauste larriak:

Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

b) Merkataritzaren xede diren produktuak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Udal agintariei, funtzionarioei edo agenteei haien eginkizunak betetzen ari direnean men ez egitea, informazioa emateko ukoa edo informazio okerra edo dokumentazio faltsua ematea.

C.-Arau-hauste oso larriak:

Honakoak dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

b) Saltzeko baimenik ez izatea.

c) Udal agintariei, funtzionarioei edo agenteei haien eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, larderiatzea edo mehatxatzea.

17. artikulua. Arau-hauste arinak 150 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira. Arau-hauste larriak 150,01 eurotik 600 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira. Arau-hauste oso larriak 600,01 eurotik 3.000 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, hala denean, aurreneurri gisa, salgaiak bahitzen ahalko dira, baldin eta, egindako jarraipena eta gero, merkatuan saltzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste bada; agintari eskudunaren aburuz osasunerako arriskurik sortzen badute edo saltzeko behar den baimenik ez bada, konfiskatu eginen dira.

18. artikulua. 1. Espediente zehatzaileen prozedura indarra duten xedapenetan ezarritakoari lotuko zaio.

2. Arau-hauste arin, larri eta oso larriengatik zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aldez aurretik; hura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruz indarra duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Zehapen Ahalmenaren Prozedurarako Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat tramitatuko da.

3. Alkatetzak arau-hauste arinei dagozkien zehapenak eta Udalaren Gobernu Batzordeak larriei eta oso larriei dagozkienak ezarriko dituzte.

4. Arau-hauste arinek sei hilabeteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan eta oso larriek hiru urteren buruan.

5. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, "Kudeaketa, diru-bilketa eta ikuskapenari buruzko ordenantza"n eta aplikatzen diren xedapenetan xedatutakoa aplikatuko da, eta bereziki Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legea.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean haren behin betiko onespena argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

1.-Merkatu txikiak, egun bakoitza:1

EGUNEAN

DENB.

Elikagai, arropa eta oinetakoen salmenta

8,76 euro

335,00 euro

Eskulanak, liburuak, numismatika eta kulturakoak diren beste gauza batzuk saltzea

8,76 euro

335,00 euro

2.-Azoka txikiak.

EGUNEAN

DENB.

JAIAK ETA FERIAK

Eskulan txikiak, bisuteria eta bestelako produktu baimenduak, postu bakoitzeko

8,76 euro

335,00 euro

11,96
euro/metro

Iragarkiaren kodea: L1007439