62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, Hondakinen Atalean peoi izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Mairagako Mankomunitateko buruak, 2010eko martxoaren 24ko 24. Ebazpenaren bidez, Hondakin Atalean peoi izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zuen. Hona haren oinarriak:

OINARRIAK

1.-Arau orokorrak.

1.1. Mairagako Mankomunitateko Hondakin Atalean peoi izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea du xede deialdi honek.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia lan-kontratudun finko bilakatuko da, Gizarte Segurantzan kidetuko da eta bertan alta emanen zaio.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko E mailari edo taldeari dagokiona izanen du urteko lansari gordina, gehi plantilla organikoan ezarritako osagarriak.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Mairagako Mankomunitateak noiznahi aldatzen ahal du.

1.5. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako edo Europako Batasuneko beste edozein estatutako nazionalitatea edukitzea, eta adinez nagusi izatea.

b) Eskola ziurtagiriaren jabe izatea, gutxienez ere.

c) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

d) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisikoa nahiz psikikoa izatea.

3.-Eskabideak.

3.1. Parte hartzeko eskabideak Mairagako Mankomunitatearen Erregistroan aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean.

Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

3.2. Izangaiek, eskabidearekin batean, nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua erantsi beharko dute, baita lehiaketaren baremorako alegatzen diren merezimendu guztien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak ere. Lan egindako urteak baloratzea nahi izanez gero, langile denboraren frogagiria aurkeztu beharko da, Gizarte Segurantzak emana.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du, probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren adierazita.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Maite Mañu Echaide, Mairagako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Javier Gárriz Gabari, Mairagako Mankomunitateko buruordea.

1. mahaikidea: Oscar Rubio Unzué, Izarbeibarko Mankomunitateko ingurumeneko teknikaria.

Ordezkoa: José María Campo Pascual, Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko arduraduna.

2. mahaikidea: José Antonio Echeverría Cerdán, Mairagako Mankomunitateko aholkulari ekonomikoa.

Ordezkoa: Laura Alvarez Vares, Mairagako Mankomunitateko ingeniaria.

3. mahaikidea: Juan José Lizarraga Zulet, Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Oscar Araiz Angulo, Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Idazkaria: Jesús Marco del Rincón, Mairagako Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Asunción Nieto Zabala, Tafallako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da eraketak eta jardunak balioa izan dezaten.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiterakoan aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak, agirien bidez. Agiriok jatorrizkoak edo behar bezala egiaztatuak izan beharko dute, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

7.2. Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondoko baremoaren arabera:

Lehiaketaldiak gehienez ere 15 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

a) Azken hamar urteotan peoi edo maila profesional bereko edo handiagoko lanpostuetan aritu izana:

-Hondakinak biltzeko zerbitzuak ematen dituen mankomunitate batean: 1 puntu, urtean.

-Administrazio eta entitate publikoetan: 0,6 puntu, urtean.

-Enpresa edo entitate pribatuetan: 0,2 puntu, urtean.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Atal honetako puntuazioa 9 puntukoa izanen da, gehienez ere.

b) C motako gidabaimena izatea. Atal honetako puntuaziorik altuena 3 puntukoa izanen da.

c) Deialdian eskatutakoaren goragoko titulazio akademikoak: puntu bat, titulu bakoitzeko. Atal honetako puntuazioa 3 puntukoa izanen da, gehienez ere.

7.3. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak Mairagako Mankomunitatearen iragarki oholean agertuko du izangaien zerrenda, eskuratzen dituzten puntuazioekin batean.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldia 2010eko ekainean eginen da ziur aski, eta ondoko ariketa hauek egin beharko dira:

-Lehen ariketa: Matematika. Matematikako zenbait ariketa egin beharko dira, deialdian eskatutako titulazioarekin bat heldu direnak. Plika itxien sistema erabiliz eginen da.

Atal honetan, gehienez ere, 20 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 13 puntura iristen ez diren izangaiak.

-Bigarren ariketa: Diktaketa bat idatzi beharko da, baita galdera batzuk honako gaiei buruz idatziz erantzun ere: kultura orokorrekoak, peoiaren lanpostuaren eginkizunak, Mairagako Mankomunitatearen estatutuak eta Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza. Plika itxien sistema erabiliz eginen da.

Atal honetan, gehienez ere, 25 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 15 puntura iristen ez diren izangaiak.

-Hirugarren ariketa: Proba fisikoak eta/edo kasu praktikoak egin beharko dira, hondakinak biltzeko zerbitzuaren peoiari buruzkoak.

Atal honetan, gehienez ere, 25 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 15 puntura iristen ez diren izangaiak.

-Laugarren ariketa: Nafarroako Enplegu Zerbitzuko edo NAPIko psikologia zerbitzuek prestatuko dituzten test psikologikoak erantzun beharko dira, eta epaimahaiarekin elkarrizketa pertsonala ere egin beharko da.

Atal honetan, gehienez ere, 15 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 7 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.2. Deialdi bakarra izanen da probetarako, eta haietara izangaiek nortasun agiri nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira. Ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

8.3. Eskabidean eskatuz gero, ahal diren egokitzapenak eginen dira denbora eta baliabide aldetik minusbaliotasuna dutenentzat, probak egiteko.

8.4. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak Mairagako Mankomunitatearen iragarki oholean erakutsiko du izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin batean, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

9.-Gainditzen dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, Mairagako Mankomunitatearen iragarki oholean, eta puntuazio handiena ateratzen duen izangaiaren aldeko kontratazio proposamena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dena, igorriko dio Mairagako Mankomunitateko buruari.

9.2. Proposaturiko izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu, kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

a) Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzeko.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

9.3. Finkatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbestekoak salbu, interesdunek agiri horiek aurkezten ez badituzte, ezin izanen da lan kontratua sinatu eta baliorik gabe geldituko dira jarduketa guztiak, hasierako eskabidean faltsukeriagatik izan dezaketen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, 9.1 atalean aipatu zerrendan hurrengoa den izangaia kontratatzeko proposatuko du Mairagako Mankomunitateak.

10.-Kontratazioa eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza proposatutako izangaiak. Epe horren barrenean eta ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu eta aurreko oinarrian esandakoari jarraituko zaio.

10.2. Lanpostuaren jabe eginik, Mairagako Mankomunitateko buruak kontratatu eginen du proposatutako izangaia, Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko izan dadin.

10.3. Kontratazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

Administrazioekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Aldez aurretik eta nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari zuzendua, egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurtsoa jarri zaion egintza argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Gainera, epaimahaiaren erabakien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Mairagako Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Tafallan, 2010eko martxoaren 24an.-Mankomunitateko burua, María Teresa Mañú Echaide.

ERANSKINA

Izen-deiturak: .............................................., adinez nagusia, NANa: ....................... Jaioteguna eta jaioterria: .................., (................), bizilekua: ............................, karrika: ..............................., zenbakia: ....... posta kodea: ..........., telefonoa: ...........

ADIERAZTEN DUT:

Mairagako Mankomunitateko Hondakin Atalean peoi izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horiek horrela,

Eskabide hau onartu eta, beraz, Mairagako Mankomunitateko Hondakin Atalean peoi izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

MAIRAGAKO MANKOMUNITATEKO BURUA

Iragarkiaren kodea: L1007577