62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

131/2010 FORU AGINDUA, maiatzaren 10ekoa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, Nafarroako etorkinen elkarteak ordezkatuz Nafarroako Immigrazio Kontseiluan arituko diren kideak izendatu eta proposatzeko prozedura garatzen duena.

Abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren bidez, Immigraziorako Bulegoa sortu zen, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari atxikia, immigrazioaren inguruko gaiak modu integratuan jorratzeko baliabidea izateko asmoz. Hauek dira bulegoaren helburuak: etorkinak gizarte-babeserako eta herritarren bizikidetzarako sistema normalizatuak baliatzeko bidea errazteko politika publikoak sustatu eta koordinatzea, etokinekin lan egiten duten entitateei eta profesionalei laguntzea eta etorkinei banakako laguntza integrala ematea, haiei laguntzeko dauden gainerako baliabideekin koordinaturik, horrela giza-talde horren beharrei erantzuteko, hobeki integra daitezen gizartean, lanean, arlo juridikoan, hezkuntzan, osasun sisteman, kulturan, lurraldeko bizikidetzan eta herritarrek parte hartzeko esparruetan.

Bestaldetik, 91/2006 Foru Dekretuak Immigraziorako Departamentuarteko Batzordea sortu zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek garaturiko politika publiko, plan eta programen artean behar den koordinazioa bultzatzeko. Batzorde horren barruan, Immigraziorako Bulegoak eskaturik, erabaki zen komeni zela immigrazio arloan partaidetza eta kontsulta organo bat osatzea, non Nafarroako Foru Komunitateko gizarte eragileek, elkarteek, unibertsitateek eta bestelako gizarte entitate edo sektoreek parte hartzen ahalko baitzuten.

Horregatik, abuztuaren 10eko 63/2009 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Immigrazio Kontseilua eratu zen. Foru dekretu horren 4. artikuluan, aurreikusten da Nafarroako etorkinen elkarteen gehienez lau ordezkarik parte hartuko dutela kontseiluan, kontseilukide gisa, elkarteek beraiek proposatuta. Elkarte horiek legez eratuta egon beharko dute, eta behar den erregistroan eta Nafarroako Etorkinen Elkarteen Zentsuan inskribatuta.

Foru agindu honen helburua da kide horiek eta horien ordezkoak proposatu eta izendatzeko prozedura garatzea.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuan eta Nafarroako Immigrazio Kontseilua sortu zuen abuztuaren 10eko 63/2009 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan aitortutako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehenengo artikulua.-Nafarroako etorkinen elkarteak ordezkatuz Nafarroako Immigrazio Kontseiluan arituko diren kideak proposatu eta izendatzeko prozedura garatzeko arauak onestea. Arauak foru agindu honen eranskinean agertzen dira.

Bigarren artikulua.-Foru agindu hau jakinaraztea Immigraziorako Bulegoari eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Xedapen gehigarri bakarra.-Ahalmena ematen zaio Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileari foru agindu hau aplikatu eta garatzeko behar diren neurriak har ditzan.

Azken xedapen bakarra.-Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 10ean.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

1. artikulua. Ordezkaritza eremuak.

Nafarroako Immigrazio Kontseilua sortu zuen abuztuaren 10eko 63/2009 Frou Dekretuaren 5.2 artikuluan ezartzen da etorkinen elkarteen ordezkariak izendatzeko proposamena egiteko, eremu hauek hartuko direla aintzat: Europako ekialdeko herrialdeetako elkarteak (ordezkari bat), Latinoamerikako herrialdeetako elkarteak (ordezkari bat), Afrikako herrialdeetako elkarteak (ordezkari bat) eta eremu geografiko jakin batekoak ez diren elkarteak edo aurrekoak ez beste eremuetako herrialdeetako elkarteak (ordezkari bat).

2. artikulua. Hautagaitzen aurkezpena.

1. Nafarroako etorkinen elkarteen ordezkariak izendatzeko proposamenaren ondorioetarako, Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak emanen duen ebazpenaren bidez 15 egun naturaleko epea irekiko da, ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eremu bakoitzeko hautagaiak aurkezteko.

2. Hautagaiak aurkeztu ahal izateko, elkarteek legez eratuta egon beharko dute, eta behar den erregistroan eta Nafarroako Etorkinen Elkarteen Zentsuan inskribatuta.

3. Hautagaien zerrendan proposatzen den pertsonaren izena eman beharko da, eta ordezko batena, titularra gaixorik, kanpoan edo beste edozein arrazoi dela-eta ez badago, haren ordez arituko dena.

4. Elkarte bakoitzak hautagai zerrenda bakarra aurkez dezake, dagokion eremu geografikorako. Hautagai zerrenda elkarteko idazkariaren ziurtagiri baten bidez aurkeztuko da, hautagai zerrendak aurkezteko epea finkatzen duen ebazpenean agertuko den ereduaren arabera. Bestela, zerrenda ez da onartuko.

5. Hautagai zerrendak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan administrazio publikoentzako eskaera, idazkiak eta jakinarazpenak aurkezteko adierazitako lekuetan aurkeztuko dira, Immigraziorako Bulegoari zuzenduak.

3. artikulua. Eremu berean hautagai zerrenda bakar bat edo bat ere ez aurkeztea.

1. Ezarritako epea bukatuta, eremu bakoitzean hautagai zerrenda bakarra aurkeztu bada, Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak hautagai horiek Nafarroako Immigrazio Kontseiluko kide eta ordezko gisa izenda ditzala proposatuko dio Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari.

2. Epea bukatuta, adierazitako eremu guztietan edo baten batean hautagai zerrendarik aurkeztu ez bada, Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak libreki proposatuko dio Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari kasuan kasuko eremuko kidea eta ordezkoa izenda ditzala, interesdunek onartu ondoren betiere.

4. artikulua. Eremu batean hautagai zerrenda bat baino gehiago aurkeztea.

1. Adierazitako eremuren batean edo denetan hautagai zerrenda bat baino gehiago aurkezten badira, Immigraziorako Bulegoko koordinatzailearen ebazpenaren bidez eremu bakoitzean aurkeztutako hautagai zerrendak jakitera emanen dira eta hautagai horien artean ordezkariak aukeratzeko bozketa eguna finkatuko da. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Bozketa Immigraziorako Bulegoan eginen da, bulegoko langileek gainbegiraturik. Langile horiei dagokie prozesua ongi egiten dela begiratzea, gerta daitezkeen gorabeherak ebaztea eta emandako botoak jendaurrean kontatzea.

3. Legez eratuta eta behar den erregistroan eta Nafarroako Etorkinen Elkarteen Zentsuan inskribatuta dauden elkarte guztiek eman dezakete botoa, libreki. Botoa sekretua izanen da, eta elkarte bakoitzak bere eremuan aurkeztutako edozein hautagai zerrendari ematen ahalko dio botoa, baita elkarteak berak aurkeztutako zerrendari ere.

4. Bozketaren ondorioetarako, elkarte bakoitzak boto bat izanen du. Botoa ematea elkarteko lehendakariari dagokio, edo bestela, lehandakariak izendatzen duen bazkideari. Botoa emateko, hautesle bakoitzak bere nortasuna frogatu beharko du, indarreko nortasun agiri nazionalaren, atzerritarren identifikazio zenbakiaren edo pasaportearen bidez, eta bere elkartea ordezkatuz aritzeko baimena ematen dion agiria aurkeztu. Horretarako, elkarteko idazkariaren ziurtagiria beharko da, bozketa egiteko eguna finkatzen duen ebazpenean argitaratuko den ereduaren araberakoa. Bestela, ezin izanen du botorik eman.

5. Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak nork bere eremuan boto gehien lortzen duten hautagai zerrendetan zerrendaburu diren pertsonak izendatzeko proposamena eginen dio Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari.

6. Eremuren batean boto-berdinketarik izanez gero, berdinduta gelditu diren zerrenden artean beste bozketa bat eginen da. Berdinketak badirau, Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak libreki proposatuko dio Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari kontseilukidearen eta ordezkoaren izendapena egin dezala berdinduta dauden zerrendetako hautagaien artetik, interesdunek beraiek aurretik onartuta betiere.

5. artikulua. Izendapena.

Nafarroako etorkinen elkarteen ordezkariak izendatzeko Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak egindako proposamena jaso ondoren, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak kontseilukideak eta ordezkoak izendatzeari ekinen dio.

Iragarkiaren kodea: F1008351