62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

105/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan ikerketarako doktoratu aurreko laguntza baterako deialdia egiten duena.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeko kirol politikaren helburuen artean, kirol arloko ikerketa zientifikoa bultzatzea dago.

Azken bi hamarkadetan, aurrerapen handia izan da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ezagutzaren esparruan, bai goi mailako kirolaren arloan, bai jarduera fisikoa osasuna hobetzeko eta eritasunei aurrea hartzeko egitearen arloan. Gaur egungo gizarteko aurrerapen handi horrek eskatzen du ikerketarako diziplina arteko proiektuak abian jartzea, baita berrikuntza teknologikokoak ere, errendimendu handiko kirolariaren gaitasun funtzionala hobetzearekin eta herritar talde berezien osasuna eta bizi kalitatea adin guztietan hobetzearekin zerikusia duten arazoak konpontze aldera.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, argi du kirol entrenamenduaren eta jarduera fisikoa osasunari lotuta egitearen arloan ikerketa zientifikoa bultzatzeko programak abian jarri behar direla. Hori horrela, Kirolaren Zientzien arloko ikerketarako laguntzen programa honetarako deialdia egiten da, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan ikerketarako doktoratu aurreko laguntza baterako deialdiaren oinarriak onestea.

2. 12.000 euroko gastua onestea deialdi honetarako, aurrekontuko kontu-sail hauen kargura:

4.000 euro, Nafarroako 2010eko aurrekontu orokorretako "Kirolaren arloko ikerketarako bekak" izeneko 940002 95130 4809 336100 kontu-sailaren kargura, 2010eko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko doktoratu aurreko laguntza bat emateko.

8.000 euro, Nafarroako 2011ko aurrekontu orokorretan xede horretarako gaitzen den kontu-sailaren kargura, 2011ko urtarrilaren 1etik 2011ko abuztuaren 30era bitarteko doktoratu aurreko laguntza bat emateko.

Edonola ere, laguntzak berritzeko, aurrekontuan xede honetarako egokia eta nahikoa den kreditua izan beharko da hurrengo urteetako aurrekontu ekitaldietan.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Nafarroako Kirolaren Institutuari, Nafarroako Kirolaren Institutuko Zuzendariordetzari, Nafarroako Kirolaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuari, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2010eko apirilaren 8an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da ikerketarako doktoratu aurreko laguntza bat emateko araubidea ezartzea, ariketa muskularraren Biomekanikan eta/edo Fisiologian ikerketa proiektu bat egiteko.

2. Onura publikoaren edo sozialaren helburua eta xedea.

Aurreko oinarrian aipatutako laguntzaren xedea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan doktoratu aurreko prestakuntza izateko aukera ematea da, ikerketarako gaitasuna eta hobekuntza bultzatuz Kirolaren Zientzietan. Ikerketako proiektu zehatz bat egiteko laguntza da, laguntza jasotzen duenak doktore gradua lortuta bukatuko dena, Nafarroako Kirolaren Institutuko Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko doktore ikertzaileen zuzendaritzapean.

Onura publiko edo soziala du, beharrezkoa baita programak abian jartzea kirol entrenamenduaren arloko ikerketa zientifikoa eta osasunari lotutako jarduera fisikoa bultzatzeko.

3. Laguntzaren ezaugarriak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendari arduradunak baimenduko du ikerketa proiektua.

Proiektua gauzatzeko, Nafarroako Kirolaren Institutuko Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko instalazioak erabiltzen ahalko dira.

Laguntzaren gehieneko iraupena 2010eko irailaren 1etik 2011ko abuztuaren 30era artekoa izanen da. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez onesten ahalko da gehienez ere bi luzapen aldi ematea, betiere ikerketako zuzendariak ikerketaren aprobetxamenduari eta aprobetxamendu zientifikoari buruz egiten duen txostena aldekoa bada.

Doktoratu aurreko laguntzaren aurrekontu osoa, 2010eko irailaren 1etik 2011ko abuztuaren 30era bitarte, 12.000 eurokoa izanen da.

Doktoratu aurreko laguntzaren ordainketa hilabeteak bukatuta eginen da, 1.000 (mila) euro hilean, laguntza jaso duenari banku bidezko transferentzia eginez.

4. Eskatzaileen betebeharrak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

c) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

d) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

e) Unibertsitateko lizentziadun titulu ofiziala edo goi mailako ingeniariarena izatea (karrera bukaerako proiektua barne), agintzaritza espainiarrek luzatua edo homologatua.

f) Tituluak atzerrian edo Estatutik kanpoko zentro espainiarretan lortu dituzten eskatzaileek agiri bidez frogatu beharko dute lizentziadun edo goi mailako ingeniari tituluaren homologazioa edo onarpen ofiziala, baita atzerrian edo Estatutik kanpoko zentro espainiarretan lortutako karrera bukaerako proiektuei dagokienez ere, deialdira jo baino lehen.

Batzordeak laguntza ematea erabaki dezake, lizentziadun edo goi mailako ingeniari titulua oraindik homologatu ez bada, egoera hauek aldi berean izanez gero:

f.1) Interesdunak tituluaren homologazioa eskatu izana laguntza honetarako eskaera aurkezteko epea bukatu baino lehen.

f.2) Espainiako unibertsitate bateko doktorego programetan onartua izatea, doktorego tesiko proiektua egiteko.

f.3) Hala ere, bekadunak batzordeari berehala jakinarazi beharko dio prozeduran ematen den ebazpena. Baliozkotzea edo homologazioa ukatuz gero, bekadun izaera eta horri dagozkion eskubideak galduko dira zuzenean, eta jasotako dirua, hala bada, itzuli beharko da.

g) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

h) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

5. Aurkezteko epea eta tokia.

Eskaera eta dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein tokitan, deialdi honen I. eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabidea erabiliz, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:

-1. agiria:

Memoria bat, 1.500 hitzekoa gehienez, laguntza jasotzeko epean egitekoa den ikerketa proiektuari buruzkoa. Honako hauek azaldu beharko ditu zehatz: justifikazioa eta aurrekariak, helburu zientifikoak, laneko hipotesiak, jarraitu beharreko metodologia, epe plangintzaren eskema bat, hasiera eta bukaerako egunak eta dedikazio denbora zehaztuta, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, ikerketa proiektua egiteko zentroaren instalazioak eta bibliografia.

-2. agiria:

Lizentziadun edo goi mailako ingeniari titulua lortu izanaren egiaztagiria. Lizentziadun edo goi mailako ingeniari titulua atzerrian eskuratu bada, behar adina frogatuko da homologazioa edo, bestela, tesi proiektuaren homologazioa eskatu izana eta unibertsitate zentro batean onartu izana, aurreko puntuan (e puntua) ezarritakoari jarraituz.

-3. agiria:

Ikasketen ziurtagiri ofizialaren fotokopia konpultsatua, non zehatz azalduko baitira irakasgaien kalifikazioak eta lortu zireneko datak. Ikasketa plan berrituen kasuan, kasuan kasuko kreditu kopurua jarriko da. Ziurtagiriak adierazi behar du egindako irakasgaiek eta kredituek lizentziatura edo baliokidea osatzen dutela, eta eskatzaileak ahalmena duela hirugarren zikloko ikasketetara jotzeko.

Ikasketen ziurtagiriarekin batera, eta azaldu den moduan kalkultutako batez besteko nota agertzen ez bada, ikasketa espedientearen batez besteko notari buruzko erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko da.

Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileek, ikasketa espedientea espainiera ez den hizkuntza batean emana badute, itzulpen ofiziala ere aurkeztu beharko dute. Kasu guztietan, ebaluazio sistemaren barruan gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak zein diren azalduko da ziurtagirian eta, era berean, gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere azalduko da.

-4. agiria:

Eskatzaileek azken 5 urteotan egindako argitalpen edo lan zientifiko garrantzitsuenen fotokopia.

-5. agiria:

Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo, Europar Batasuneko herrialdeetako herritarren kasuan, agiri baliokidearena; beste herrialde batzuetako eskatzaileen kasuan, nahitaezkoa da egoitza-txartela aurkeztea.

-6. agiria:

Eskatzailearen aitorpena, non agertuko baita beste administrazio publiko batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen, Estatukoen edo nazioartekoen, xede bereko laguntzak eskatu direla baina jaso ez.

-7. agiria:

Curriculum vitaea, bi orrikoa gehienez.

6. Zuzentzeko epea.

6.1. Epearen barrenean aurkeztutako eskabideak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzendu.

6.2. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

7. Ebazpena.

7.1. Laguntza deialdiaren ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du 2 hilabeteko epean gehienez, eskaera aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

7.2. Ebazpena interesdunei jakinarazi eta Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko iragarki oholean jarriko da.

7.3. Prozedura ebazteko bi hilabeteko epea berariazko ebazpena jakinarazi edo argitaratu gabe bukatzen baldin bada, eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsi dela ondorioztatzen ahalko da.

7.4. Diru-laguntzak ekitaldi ekonomiko baten kargura emateak ez du inolako eskubiderik ematen ondorengo ekitaldietan ere diru-laguntzak hartzeko.

8. Esleipenerako instrukzioa eta prozedura orokorra.

Laguntza Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak esleituko du, ondoko batzordearen proposamen loteslea jaso eta gero. Honako hauek osatuko dute batzordea:

-Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol zuzendariordea.

-Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaria.

-Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Ikerkuntzako Unitate Teknikoko burua.

-Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Laguntzako Unitate Teknikoko burua.

9. Balorazioa.

Jarraian azaltzen diren hautapen irizpideak eta baremoa aplikatuko dira, 100 puntu bitarte:

a) Ikasketa espedientea, berrogei puntu bitarte.

b) Argitalpen zientifikoak, hogei puntu bitarte.

c) Bekaren xede den proiektuaren interes zientifikoa, kalitatea eta bideragarritasuna, berrogei puntu bitarte.

Eskaerak hobeki ebaluatze aldera, Ebaluazio Batzordeak postaz edo aurrez aurreko elkarrizketa baten bidez zilegi izanen du bekaren eskatzaileei eskatzea aurkeztutako agirietan dagoen informazioa handitu edo hobetu dezatela edo egoki iruditzen zaion dokumentazio edo informazio osagarria ekar dezatela.

Ebaluazioan 49 puntu gainditzen ez dituzten izangaiei ez zaie laguntza emanen.

10. Uko egiteak edo bajak.

Bekadun berriak esleipen urteko lehen bost hilabeteetan uko egin edo baja ematen badu, lehentasunen hasierako zerrendan hurrengoa den izangaiak betetzen ahalko du hutsunea.

11. Jarduerak.

11.1. Bekadunek jarduerak Nafarroako Kirolaren Institutuko Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan eginen dira. Astean hogeita hamar orduz arituko dira gehienez.

11.2. Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere eginen dituzte.

11.3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaie bekadunei.

11.4. Organo eskudunak prestakuntzarako bekaldia eteten ahalko du onuradunaren gaixotasun edo istripu kasuetan, bai eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako bestelako gorabeherak daudenean ere. Etenaldiak beharrezkotzat jotzen den denbora iraunen du eta haren ondorioak arrazoi bakoitzaren araberakoak izanen dira.

12. Diru-laguntza nola eta noiz ordainduko den.

12.1. Diru-laguntza hilero ordainduko da, hilabetea bukatuta, eta 12.2 oinarrian ezarritakoa galarazi gabe, ordainketarako ebazpenak onesten direnetik gehienez ere bi hilabeteko epean.

12.2. Ordainketa egin aurretik beharrezkoa izanen da proiektuaren tutoreak aldeko txostena ematea.

12.3. Bekadunei ematen zaien dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, diru-laguntza publikotzat baizik.

13. Bekadunaren betebeharrak.

13.1. Beka bukatu aurreko hilabetean, interesdunak egindako jardueren eta ikerketa lanen memoria aurkeztuko du Nafarroako Kirolaren Institutuan (Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan). Lan guztietan Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren laguntzaren berri emanen da. Gasturik izan baldin bada, fakturen zerrenda nominala emanen da, zenbatekoa zertan erabili den adierazita.

13.2. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharretan egunean egon beharko dute; zorrik izanez gero, haiek kitatuz ordainduko da diru-laguntza. Diru-laguntza kobratu baino lehen frogatu beharko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak zehazten duen moduan, Nafarroako Zerga Ogasunarekiko betebeharrak beteta daudela.

13.3. Laguntza hauek jaso dituzten pertsonei Nafarroako Kirolaren Institutuak dei egiten ahalko die ikerketa proiektuaren inguruko esperientziak eta/edo ezagutzak beste profesional batzuei azaltzeko.

13.4. Laguntzaren xede den proiektuan edo lan programan modu esklusiboan aritzea.

13.5. Laguntza hau jasotzen duen pertsonak konpromisoa hartzen du doktorego tesia bukatzeko, defendatzeko eta doktore gradua lortzeko laguntzaren iraupenaldian. Interesdunak eskaera arrazoitua eginez gero, ebaluazio batzordeak erabaki dezake onuradunak bere betebeharrak betetzeko epeak edo moduak luzatzeko baimena ematea.

13.6. Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beken edo diru-laguntzen berri ematea Nafarroako Kirolaren Institutuari.

13.7. Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraztea hartutako bekari espresuki uko egiten diola, jarduna utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

13.8. Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

13.9. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren funtzionamendurako araubideari men egitea.

13.10. Eman den bekaren gainean organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

13.11. Gizarte Segurtasunaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak bere gain hartzea, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

13.12. Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutzen diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

14. Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Deialdi honetako doktoratu aurreko laguntzaren antzeko bekarik edo kontraturik ez izatea ez orain ez lehenago. Era berean, bestelako lan jarduerarik ez egitea.

15. Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo behin betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzun ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutza korrituak eta ezar litezkeen zehapenak alde batera utzi gabe, Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

16. Lan edo administrazio harremanik eza.

Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremana, administratiboa edo estatutupekoa sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

Prestakuntzako bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak, kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo beretzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisan agertu ere.

17. Luzapena.

Beste aldi baterako luzapen eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuan aurkeztuko da, urte bakoitzeko uztailaren 1a baino lehen.

Deialdi honetarako ezarritakoak arautuko du luzatutako laguntza.

18. Jabetza intelektual eta industriala.

Bekaldian burututako jardueraren ondorioz bekadunak eskuratzen dituen jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak, beroriei buruz Estatuko araudian ezarritakoaren arabera arautuko dira, eta administrazio publikoak ez die uko eginen legozkiokeen agiri, azterlan, ikerlan, lan, eskubide, emaitza zientifiko eta balizko asmakuntzei.

19. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunek administrazio publikoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz kalteak edo lesioak dituztenean, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Administrazioaren ondare erantzukizuna administrazio bidetik eskatuko da.

Hori horrela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak, arloa zein den ikusita beharrezkoa bada, aseguru poliza bat sinatuko du prestakuntza beken onuradun guztiek, hala Nafarroako Foru Komunitateko Administraziokoek nola haren erakunde autonomoetakoek, tratamendu juridiko berbera izan dezaten.

20. Bekadunen administrazio erantzukizuna.

Administrazio pubikoa izanen da prestakuntza jardueran bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalteen erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du iruzur, erru edo zabarkeria larriagatik bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

21. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

22. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezartzen ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Eskabide eredu normalizatua

Izenpetzen duenak (bi abizen eta izena) ........................................, ............................ NAN zenbakiarekin, .................(e)ko .................aren ................(e)an, ....................(e)n, ............................ probintzian jaioak, helbidea .............................................. kalean, ................ zenbakian, ............ solairuan, ................ P.K.ean, eta telefono zenbakia ........................ duenak, ........................................................ ikasketa tituluekin, Familia, Gazteria , Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak eman eta ............................(e)an, ................(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ............../201.... Foru Aginduaren babesean,

Eskatzen du:

Kirolaren Zientzietan ikerketarako doktoratu aurreko laguntzen programari lotuta ikertzaileak prestatzeko laguntza bat eman dakiola, erantsitako eskabide orrian azaltzen diren datuak kontuan hartuta.

.........(e)n, ............. (e)ko ......aren ....(e)an.
(Sinatua)

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

Eskabide eredu normalizatua (luzapena)

Izenpetzen duenak (bi abizen eta izena) ........................................, ............................ NAN zenbakiarekin, .................(e)ko .................aren ................(e)an, ....................(e)n, ............................ probintzian jaioak, helbidea .............................................. kalean, ................ zenbakian, ............ solairuan, ................ P.K.ean, eta telefono zenbakia ........................ duenak, ........................................................ ikasketa tituluekin, Familia, Gazteria , Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak eman eta ............................(e)an, ................(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ............../201.... Foru Aginduaren babesean,

Eskatzen du:

Kirolaren Zientzietan ikerketarako doktoratu aurreko laguntzen programari lotuta ikertzaileak prestatzeko laguntza luza dakiola 201.... urterako.

.........(e)n, ............. (e)ko ......aren ....(e)an.
(Sinatua)

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

Iragarkiaren kodea: F1006879