62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

82/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, unibertsitateko tituludunentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia onesten duena. Beka Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko da.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Ikus-entzunezko Komunikazioko, Kazetaritzako, edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako lizentziadunentzako beka bat sortzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan eta hura emateko deialdia egitea, gazte tituludunen prestakuntzan modu eraginkorrean laguntzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdiaren oinarriak onestea. Bekaren oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.

2. 12.960,00 euroko gastua baimentzea, kontu-sail hauen kargura:

-6.480,00 euro 2010eko gastuen aurrekontuko "Garapenerako laguntzarako bekak" izeneko 900001 91200 4809 143100, kontu-sailaren kargura.

-6.480.000 euro 2011ko gastuen aurrekontuan dagokion kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusira, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzura, Informazio Atalera, Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora.

Iruñean, 2010eko martxoaren 16an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Prestakuntza beka bat emateko deialdiaren oinarriak, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko (Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuan)

1. oinarria.-Xedea.

Deialdi honen xedea da Ikus-entzunezko Komunikazioko, Kazetaritzako, edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako lizentziadunentzako beka bat norgehiagokako araubidean emateko arauak ezartzea.

Beka Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko da (Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzua).

Deialdiaren xedea da unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan garatzen diren jarduerak zuzenean ezagut ditzaten.

2. oinarria.-Aurrekontuko dirua.

Deialdi honetarako 12.960,00 euro aurreikusi dira. Horietarik 6.480,00 euro 2010eko gastuen aurrekontuko "Garapenerako laguntzarako bekak" izeneko 900001 91200 4809 143100 kontu-sailetik finantzatuko dira, eta beste 6.480,00 euro 2011ko gastuen aurrekontuko dagokion kontu-sailetik.

3. oinarria.-Iraupena.

Bekek urtebete iraunen dute. Epe hori bukatutakoan, beste urtebeteko luzapenak egiten ahalko dira, hasierako aldia eta luzapenak harturik, hiru urte egin arte gehienez. Beka luzatu ahal izateko, tutoreek aldez aurretik eskatu beharko dute.

Aurreikusi den hasierako data 2010eko uztaila da, edo bekak emateko ebazpenaren eguna, geroagokoa bada.

4. oinarria.-Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekaren zuzkidura 12.960,00 eurokoa da. Hilero ordainduko da, 1.080,00 euro edo dagokion zati proportzionala hilean, hala badagokio, urteko berrikuspena kontuan hartu gabe, betiere aurrekontuan horretarako diru erabilgarria badago.

5. oinarria.-Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

6. oinarria.-Eskatzaileen betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin bat.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua eta deialdia argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortua.

f) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

7. oinarria.-Balorazio baremoa.

Eskabideekin batera aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:

a) Ikasketa espedientea.

Espedientearen batez besteko nota 35 puntuz baloratuko da gehienez, eskala honen arabera:

BATEZ BESTEKO NOTA

PUNTUAK

7tik behera

15

7 edo 7tik gorakoa eta 9tik beherakoa

20

9 edo 9tik gorakoa

30

9 edo 9tik gorakoa eta "Ohorezko matrikularen" aipamena

35

Atal hau baloratu ahal izateko, unibertsitateak luzatutako noten ziurtagiria aurkeztu beharko da eta bertan batez besteko nota berariaz aipatu beharko da.

b) Informatika jakitea.

2 puntu emanen dira 20 ikastorduko, gehienez ere 10 puntu egin arte.

c) Ingelesez eta frantsesez jakitea.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako ziurtagiriak izatea 10 puntu bitarte baloratuko da (5 puntu hizkuntza bakoitzeko, eskala honen arabera).

H.E.O.ko IKASMAILA

MAILA

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

1.

1

2.

Oinarrizkoa

A2

2

3.

Erdikoa

B1

3

4.

4

5.

Aurreratua

B2

5

Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeen kasuan, ziurtagirian berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zeinen baliokide diren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz.

d) Garapenerako nazioarteko lankidetzari loturiko prestakuntza ikastaroak:

20 puntu gehienez. 10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

e) Eskatutako titulazioarekin lotutako beste prestakuntza ikastaro batzuk: 5 puntu gehienez. Alegatzen den ikastaroaren 10 ordutik, puntu bat.

10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

f) Langile eta/edo boluntario gisa izaniko esperientzia, garapenerako nazioarteko lankidetzari lotutako gaietan:

10 puntu gehienez. Bi hilabetetik gorako aldiak baloratuko dira.

g) Buruz buruko elkarrizketa: 10 emanen dira. Honako kontu hauek baloratuko dira: motibazioa, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantalderako gaitasuna eta bestelako gizarte gaitasunak.

8. oinarria.-Eskaerak.

8.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskaera aurkeztu beharko dute Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, Iruñea) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 30 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Prestakuntza bekaren eskaera-orria, eranskin honen azkeneko orrialdean dagoen eredu normalizatuaren araberakoa.

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak eta dagozkien frogagiriak.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioa eta ikasketa espedientearen batez besteko nota berariaz agertzen dituena. Batez besteko nota irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarri bezala kalkulatuko da, izan ere dekretu horren bidez kredituen Europako sistema eta kalifikazioen sistema ezarri baitziren, Espainia osoan balio duten unibertsitateko titulazio ofizialetarako.

d) Izangaiak dituen tituluen eta alegatutako prestakuntza ikastaroen fotokopia konpultsatuak.

e) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

f) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Alegatutako gainerako merezimenduak (jatorrizko ziurtagiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira).

h) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

8.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzendu.

8.4. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiko oinarriak onartzea.

9. oinarria.-Ebaluazio Batzordearen osaera eta beka emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Epaimahaiburua: Andrés Carbonero Martinez jauna, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: María Mercedes Rubio Unzué andrea, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Ataleko burua.

-Idazkaria: Jorge Artázcoz Colomo jauna, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuko teknikaria.

9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunaren eskaera jasotakoan.

9.3. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Hori baino lehen, eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txosten bat prestatuko du. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

9.4. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazioaren arabera dagokien izangaiei beka emateko proposamena eginen du eta haien zerrenda jendaurrean paratuko.

9.5. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira bekak, instrukzio organoak proposamena egin ondotik. Ebazpena Nafarroako atarian jarriko da, instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.

Ebazpenean, gutxienez, beka eskuratu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

Ebazpena hautapen prozesuan onartzen diren eskatzaileei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat. Dena dela, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

10. oinarria.-Tutoretzak.

10.1. Kasuan kasuko administrazio unitateak tutore bat, eskatutako titulazioa edo goragokoa duena, izendatuko du, bekadunen jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.

10.2. Tutoreak egin beharreko lanak agindu eta ordutegiak finkatuko ditu, eta bekadunek beren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten begiratuko du.

11. oinarria.-Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabetean, egindako prestakuntza jardueraren amaierako memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Tutoreak adostasuna eman beharko dio memoriari eta beka emateko baldintzak eta bertan aurreikusitako helburuak nola bete diren baloratu beharko du.

12. oinarria.-Onuradunen betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Eman den bekaren gainean organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jasotako bestelako beken edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

f) Jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez, organo eskudunari jakinaraztea harturiko bekari berariaz uko egiten diola.

g) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorio diren argitalpen guztietan bekadun direla adieraztea.

h) Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutzen diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

13. oinarria.-Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez dituen ikusten ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Bekari uko eginez gero, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

14. oinarria.-Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunak Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan ariko dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

15. oinarria.-Jabetza intelektuala.

Bekadunek jabetza intelektualerako dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

16. oinarria.-Lan edo administrazio harremanik eza.

1. Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. oinarria.-Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko administrazio publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria.-Ez-betetzeak.

Jasotako dirua itzultzeko prozedurak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio. Zehazki, honako hauek izanen dira jasotako dirua itzultzeko arrazoiak:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Amaierako memoria ez aurkeztea eta/edo tutorearen adostasuna ez jasotzea.

c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe, eta aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntzarik.

19. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendu beharko zaio.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontaturik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Prestakuntza beken deialdia. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusia

....................................................................ko tituludunentzako beka.

Iruñean, 2010eko .............aren .....................(e)an.

DATU PERTSONALAK

Lehen deitura

Bigarren deitura

Izena

NANa

Jaioteguna

Tokia

Helbidea, kalea

Solairua

Letra

Herria

P.K.

Probintzia

Telefonoa

Sakelako

telefonoa

Helbide

elektronikoa

DATU AKADEMIKOAK

Titulazioa

Unibertsitatea

Hasierako urtea

Bukaerako

urtea

Espedienteko

batez besteko nota

HIZKUNTZAK

Hizkuntza

H.E.O.ko kurtsoa
edo egiaztatutako mailaren ziurtagiria

Ingelesa

Frantsesa

INFORMATIKAKO IKASTAROAK

Izena

Ikastetxea

Irakastorduen kopurua

LANKIDETZAREKIN ZERIKUSIA DUTEN PRESTAKUNTZA IKASTAROAK

Izena

Ordu kopurua

TITULUAREKIN ZERIKUSIA DUTEN PRESTAKUNTZA IKASTAROAK

Izena

Ordu kopurua

LANKIDETZAN LANGILE ETA/EDO BOLUNTARIO GISA IZANDAKO

ESPERIENTZIA

Erakundea edo entitatea

Noiz

Eskatzailearen sinadura

Curriculuma eta frogagiriak erantsi.

Iragarkiaren kodea: F1006883