62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

4/2010 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikulua Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ordainarazpena aplikatzeko araudiari buruzkoa da. Horretarako, ezarri egiten da Foru Komunitateak Estatuko lurraldean uneoro indarra duten oinarrizko printzipio berak eta arau substantibo eta formal berberak aplikatuko dituela. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta ordainketak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde komuneko datu berekin; likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak ere finkatzen ahalko ditu, baina funtsean ez dira Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik desberdinak izanen.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak 54.1 artikuluan xedatzen du ezen Hitzarmen Ekonomikoarekin bat, tributu araubide komunaren aldaketa batek behartzen badu estatuan unean-unean indarra duten arau substantibo eta formal berak Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak, arauetarako duen ahalaren esparruan, Nafarroako Parlamentuak haren esku utzia baitu, behar diren foru legeen mailako arauak ematen ahalko dituela tributu arloko foru legeak aldatzeko.

Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, legegintza delegatu hori osatzen duten Nafarroako Gobernuaren xedapenek tributu harmonizazioaren gaineko legegintzako foru dekretuen titulua hartuko dute.

Berreskuratze ekonomikoa eta enplegua sustatzeko neurriei buruzko apirilaren 9ko 6/2010 Errege Dekretu-Legeak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu du, eta horregatik beharrezkoa da, aipatu legegintza delegatua erabiliz, tributu harmonizazioaren gaineko legegintzako foru dekretu baten bidez eta 14/2004 Foru Legearen 54.1 artikulu horri jarraituz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko behar diren arauak ematea; hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateak Estatuaren lurraldean indarra duten arau substantibo eta formal berak aplikatu behar dituen alderdi zehatzetan, Estatuarekin sinatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluan adierazitakoaren arabera.

Zaharberritzeari lotutako kostu fiskalak murriztearren, bi neurri hartu dira: alde batetik, zabaldu egiten da etxebizitzen egitura zaharberritzearen kontzeptua, antzeko obratzat jotzen direnak zehazten dira eta lotutako obren kontzeptua eransten; eta bestetik, eta aldi baterako, 2012ko abenduaren 31 arte, tasa murrriztua aplikatuko zaie etxebizitzetarako diren eraikinak edo haien zatiak berritu eta konpontzeko obra exekuzioei, baldin zenbait baldintza betetzen badira. Tasa murriztu hori igeltserotzako obra exekuzioei bakarrik aplikatzen zaie gaur egun.

Zergapeko eragiketek jasanarazitako kuotei dagozkien kredituak osorik edo parte batean kobraezinak direnean, zerga-oinarria murrizteari dagokionez, baldintzak arindu egiten dira, eta eragiketen bolumena 6.010.121.04 eurotik gorakoa duten enpresei bakarrik murriztuko zaie kobratu gabe egin beharreko epea, urtebetetik sei hilabetera, zerga sorrarazten denetik edo ordaindu gabeko epearen mugaegunetik.

Mendekotasunean daudenez arduratzen diren zenbait zerbitzuri, hala nola telelaguntzari, etxez etxeko laguntzari, gaueko eta eguneko zentroari eta egoitzako laguntzari, %4ko tasa murriztua aplikatuko zaie, baldin zentro edo egoitzetako plaza itunduetan ematen badira edo enpresari esleitutako lehiaketa administratibo baten ondoriozko prezioak direnean.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek atzerako eragina izanen du, haren ondorioak harmonizatu beharreko arau komunen ondorioekin bat etor daitezen.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 10ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira, eta ondoren azaldu bezala gelditu dira:

Bat.-8.2.1 artikulua.

"1. 6. artikuluaren ildoan, eraikin bat altxatu edo zaharberritzea helburu duten obrak, haiek gauzatzen dituen enpresaburuak materialen zati bat jartzen duenean; betiere, haien kostua zerga-oinarriaren %33tik gorakoa bada."

Bi.-17.1.12 artikulua.

12. A) Eraikinak altxatu edo zaharberritu ondoren egiten diren bigarren entregak eta ondorengoak, eraikinak zein lurretan dauden, haiek ere barne.

Foru lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, sustatzaileak, eraikuntza edo zaharberritze obra bukatuta dela, egiten duen entrega lehen entregatzat hartuko da. Hori hala izanik ere, sustatzaileek egindako entregak ez dira lehenengo entregatzat hartuko, baldin eta entrega hori jabeak berak, eraikina gozatu edo erabiltzeko eskubide errealak dituzten titularrek edo erosteko aukerarik gabeko errentamendu kontratuaren bidezko maizterrek bi urtez edo gehiago jarraian erabili ondoren egiten bada, salbu eta epe horretan eraikina erabili zuena eroslea bera baldin bada. Ondorio horretarako, ez da kontuan hartuko erosleek eraikina erabiltzen egindako denbora, hura eskualdatzeko egindako eragiketak ebazten diren kasuetan.

Eraikinen urbanizazio obra osagarriak zer lurretan egin diren, haiek ere eraikinak kokatzen diren lurretan sartuko dira. Dena dela, familia bakarreko etxebizitzak badira, lurzoru urbanizatu osagarriak ez dira 5.000 metro koadrotik gorakoak izanen.

7.1. artikuluan ezarritakoaren ondorioz zergari lotuak ez dauden eskualdaketak ez dira lehenengo entregatzat hartuko zenbaki honetan ezarritakoaren ondorioetarako.

Zenbaki honetan aurreikusitako salbuespena ez da honako hauetan aplikatuko:

a) Errentamendu kontratu bati berez atxikitako erosteko aukera baliatzearen ondorioz egiten diren eraikinen entregak, finantza errentamenduko eragiketetan diharduten enpresek egiten dituztenean. Ondorio horietarako, berdinak dira errentatzaileari erosteko aukerabidea baliatzeko konpromisoa eta aukera hori baliatzea.

b) Erosleak zaharberritzeko egiten diren eraikinen entregak, baldin erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen badira.

c) Eraisteko diren eraikinen entregak, gero bertan hirigintza sustapen bat egiteko.

B) Foru lege honen ondorioetarako, eraikinetako obrak zaharberritzekoak izateko, baldintza hauek beharko dira bete:

1. Helburu nagusia haiek berreraikitzea izatea; hau da, baldintza hori betetzat emateko, zaharberritze proiektuaren kostu osoaren %50etik gorakoak egiturazko elementuak, fatxadak edo estalkiak sendotzeko eta tratatzeko obretarako izan beharko du, edo zaharberritze obren antzekoetarako edo haiei lotutako obretarako.

2. Proiektuan aipatzen den obren kostu osoa eraikina erosteko prezioaren %25etik gorakoa izatea, zaharberritze obrak hasi aurreko bi urteren barrenean erosi bada edo, bestela, eraikinak edo haren parte batek obrak hastean merkatuan duen balioaren %25etik gorakoa izatea. Horren ondorioetako, lurzoruari dagokion kostu proportzionala kenduko da eraikinaren erosketa preziotik edo merkatuko baliotik.

Honako hauek zaharberritze obren antzekotzat hartuko dira:

a) Egitura egokitzen duten obrak, eraikinari segurtasuna ematen badiote eraikuntza aldetik; alegia, haren egonkortasuna eta erresistentzia mekanikoa bermatze aldera.

b) Haren zimenduak sendotu edo egokitzen dituzten obrak, baita zutabeak edo forjatuak tratatzen dituztenak ere.

c) Eraikitako azalera, sestra gainekoa zein azpikoa, handitzen dutenak.

d) Fatxadak eta barreneko patioak berreraikitzen dituzten obrak.

e) Goragailuak ezartzeko obrak, oztopo arkitektonikoak kentzekoak barne, desgaitasuna dutenek erabiltzekoak.

Ondotik aipatzen direnak zaharberritze obrei lotutakotzat hartuko dira, baldin haien kostu osoa egiturazko elementuak, fatxadak edo estallkiak sendotu edo tratatzeko obren ondoriozkoa edo horien antzekoena baino txikiagoa bada; betiere, haiei lotuta egon beharko dute modu banaezinean, eta ez dira eraikinaren akabera edo apaindura hutsa izanen ezta fatxadaren mantentze edo pintatze lan hutsa ere.

a) Igeltserotza, iturgintza eta zurgintzako obrak.

b) Itxiturak, instalazio elektrikoak, ura eta klimatizazioa eta suteen aurkako babesa hobetu eta egokitzekoak.

c) Zaharberritze energetikoko obrak.

Zaharberritze energetikoko obratzat hartuko dira eraikinen portaera energetikoa hobetzeko direnak, haien energia eskaera gutxitzen dutelako, sistema eta instalazio termikoen errendimendua igotzen dutenak edo energia iturri berriztagarriak baliatzen dituzten ekipoak jartzen dituztenak.

Hiru.-28. artikulua, 4. eta 5. zenbakiak.

"4. Zerga-oinarria proportzionalki murriztu ahalko da, orobat, kargaturiko eragiketengatik jasanarazitako kuotei dagozkien kredituak, osorik edo partez, kobraezinak direnean.

Horren ondorioetarako, kreditu bat osorik edo partez kobraezina dela ondorioztatuko da baldintza hauek betetzen baditu:

1. Jasanarazitako zerga sortu zenetik urtebete igarotzea haren ondoriozko kreditua osorik edo partez kobratu gabe.

Nolanahi ere, eperako edo prezio geroratuko eragiketen kasuan, urtebete igaro beharko da ordaindu gabeko epea edo epeak amaitzen direnetik zerga-oinarria proportzionalki murriztu ahal izateko. Ondorio horietarako, eperako edo prezio geroratuko eragiketatzat hartuko dira kontraprestazioa ordainketa bakarraren edo hurrenez hurrenekoen bidez beteko dela itundu diren horiek; betiere, jasanarazitako zerga sortzen denetik azken ordainketa edo ordainketa bakarra egiteko epea amaitzen den arte urtebete baino gehiago igaro bada.

Murriztu gogo den zerga-oinarriari dagokion kreditu eskubidearen titularraren (enpresaburua edo profesionala) eragiketen bolumena, 66. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta, ez denean 6.010.121,04 eurotik gorakoa izan aurreko urte naturalean, 1. baldintza honetan aipatu urtebeteko epea sei hilabetekoa izanen da.

2. Inguruabar hori zergarako behar diren erregistro-liburuetan jasota izatea.

3. Eragiketaren hartzaileak enpresaburu edo profesional gisa jardutea, edo, bestela, eragiketaren zerga-oinarria, balio erantsiaren gaineko zerga kenduta, 300 eurotik gorakoa izatea.

4. Subjektu pasiboak kobrantza eskatu izatea zordunari erreklamazio judizial baten bitartez edo notario bidezko errekerimendua eginda, baita ente publikoek bermatutako kredituak direnean ere.

Ente publikoek zor dituzten kredituak direnean, 4. baldintzan aipatu erreklamazio judizialaren edo notario bidezko errekerimenduaren ordez, ente publiko zorduneko organo eskudunaren ziurtagiria baliatuko da, bertako kontu hartzailearen edo diruzainaren txostenarekin bat, non haren betebeharra eta zenbatekoa aitortuko baitira.

Aldaketa hiru hilabeteko epean egin beharko da, 1. baldintzan aipatu urtebeteko epea bukatzen denetik, eta horrez gainera, zerga arloko administrazioari jakinarazi beharko zaio erregelamenduz ezartzen den epean.

Murriztu gogo den zerga-oinarriari dagokion kreditu eskubidearen titularraren (enpresaburua edo profesionala) eragiketen bolumena, 66. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta, ez denean 6.010.121,04 eurotik gorakoa izan aurreko urte naturalean, aurreko lerroaldean aipatu urtebeteko epea sei hilabetekoa izanen da.

Zerga-oinarria murrriztu ondoren, ezin izanen da hura handitu, subjektu pasiboak kontraprestazio osoa edo zati bat kobratzen badu ere, salbu eta hartzaileak ez badu enpresaburu edo profesional gisa jarduten. Horrelako kasuetan, ulertuko da balio erantsiaren gaineko zerga jasotako diru-kopuruetan sartuta dagoela, jasotako kontraprestazioaren proportzio berean.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, subjetu pasiboak bertan behera uzten badu zordunari erreklamazio judiziala egitea edo notario bidezko errekerimenduaren ondotik kobratzeko akordioa lortzen badu, horren edo beste edozein arrazoiren ondorioz, berriz igo beharko du zerga-oinarria, erreklamazioa bertan behera utzi edo kobratzeko akordioa lortu eta hilabeteko epean faktura zuzentzaile bat luzatuta, non behar den kuota jasanaraziko baita.

5. Zerga-oinarria aldatzeko kasuetan, aurreko 3. eta 4. zenbakietan aipatutakoetan, arau hauek aplikatuko dira:

1. Ez da bidezkoa zerga-oinarria aldatzea kasu hauetan:

a) Berme erreala duten kredituak, zati bermatuan.

b) Kredituko entitateek edo elkarren bermerako sozietateek bermatutako kredituak edo kauzio- edo kreditu-aseguruko kontratu baten bidez estaliak, bermatu edo segurtatuko partean.

c) Lotutako pertsona edo entitateen (27.5 artikuluan definituak) arteko kredituak.

d) Ente publikoek zor edo bermatuta dituzten kredituak.

d) letran xedatutakoa ez da aplikatuko zerga-oinarria murrizteko, hau da, osorik edo parte batean kobraezintzat jotako kredituetarako, 4. zenbakian ezarritakoaren arabera; alabaina, agiri bidez frogatu beharko da ordaindu ez izana, agindu horren 4. baldintzan aipatzen dena.

2. Eragiketen hartzailea zerga aplikatzen den lurraldean kokatua ez badago, ezta Kanariar Uharteetan, Ceutan edo Melillan ere, ez da bidezkoa zerga-oinarria aldatzea.

3. Aipatu aldaketa aurreko ordainketa partzialen kasuan, ulertuko da balio erantsiaren gaineko zerga jasotako diru-kopuruetan sartuta dagoela, jasotako kontraprestazioaren proportzio berean.

4. Eragiketen hartzailearen kenkariak zuzentzen direnean (60.2.2 artikuluko bigarren lerroaldean xedatutakoaren arabera egin beharko da) sortuko da Ogasun Publikoaren aldeko kreditua.

Zergari atxikitako eragiketen hartzaileak ez badu zergaren kenkari osorako eskubiderik izan, Ogasun Publikoaren zordun ere izanen da; kenkari gabeko zergaren kuotaren zenbatekoa izanen du zor."

Lau.-37. artikulua.Bat.1.7.

"7. Etxebitzitza gisa erabiltzeko gai diren eraikinak edo haien parteak, aparkatzeko tokiak barne, bi unitate gehienez ere, eta aldi berean eskualdatzen diren haien eranskinak.

Foru lege honi dagokionez, negozioko lokalak ez dira etxebizitzen eranskintzat hartuko, nahiz eta etxebizitzetarako eraikinekin edo haien parte batekin aldi berean eskualdatu.

Eraisteko diren eraikinak, 17.1.12 artikuluko A) zatian, c) letran aipatzen direnak, ez dira etxebizitza gisa erabiltzeko moduko eraikintzat hartuko.

Bost.-37. artikulua.Bat.2.9.

"9. 17.1.17. artikuluan aipatzen diren zerbitzuen prestazioak, salbuetsita ez daudenean arau horien arabera eta artikulu honen Bi.2.3 zenbakian ezarritako zerga-tasa aplikatzen ez zaienean.

Sei. 2010eko apirilaren 14tik eragina duela eta 2012ko abenduaren 31 arteko indarraldia, honela idatzita gelditzen da 37. artikulua.Bat.2.15:

"15. Etxebizitzetarako eraikinetan edo haien parteetan egindako zaharberritze eta konpontze lanak, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Hartzailea pertsona fisikoa izatea, enpresaburu edo profesional gisa ez jardutea eta obren xedeko etxebizitzak erabilera partikularra izatea.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, aipatu obren hartzailea jabeen elkarte bat denean, obra horiek ere zenbaki honetan sartuko dira.

b) Obren xedeko etxebizitza eraiki edo zaharberritzea haiek hasi baino bi urte lehenago bederen bukatu izatea.

c) Obrak egiten dituen pertsonak haietarako materialik ez jartzea, eta jarriz gero, eragiketaren zerga-oinarriaren %33tik gorako kostua ez izatea."

Zazpi.-3. zenbakia gehitzea 37.Bi.2. artikuluari.

"3. Telelaguntzaren zerbitzua, etxez etxeko laguntzarena, gaueko eta eguneko zentroena eta egoitzako laguntzarena, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 15. artikuluko 1. idatz-zatiko b), c), d) eta e) letretan aipatzen direnak, foru lege honen 17.1.17 artikulua aplikatuta salbuesten ez badira; betiere, zentro edo egoitzetako plaza itunduetan ematen badira edo enpresei esleitutako lehiaketa administratibo baten ondoriozko prezioekin, 39/2006 Legean xedatutakoa aplikatuta."

Zortzi.-Hamahirugarren xedapen iragankorra gehitzea.

"Hamahirugarren xedapen iragankorra.-Zerga-oinarriaren aldaketa Balio Erantsiaren gaineko Zergan, aurreko urte naturalean 6.010.121,04 euroko eragiketa bolumena gainditzen ez duten enpresaburu edo profesionalentzat, hartzaileak ordaindu ez duenean.

Murriztu gogo den zerga-oinarriari dagokion kreditu eskubidearen subjektu pasibo titularrek, haien eragiketen bolumena, 66. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta, aurreko urte naturalean 6.010.121,04 eurotik gorakoa izan ez bada, zergapeko eragiketak egiteagatik jasanarazitako kuotei dagozkien kreditu kobraezinen titularrak badira, eta Tributu Harmonizazioari buruzko maiatzaren 10eko 4/2010 Legintzako Foru Dekretuak indarra hartu eta zerga sorrarazi zenetik sei hilabete baino gehiago baina urtebete eta hiru hilabete baino gutxiago iragan bada, zerga-oinarria murrizten ahalko dute, indarrean sartu ondoko hiru hilabeteko epean; betiere, 28.4 artikuluan aipatzen diren baldintza guztiak betetzen badira, agindu horren 1. baldintzan aipatutakoa kenduta.

28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera zerga-oinarria murrizten ahal duten subjektu pasiboek ezin izanen dute aurreko lerroaldean xedatutakoaren babesera jo.

Bederatzi.-Hamalaugarren xedapen iragankorra gehitzea.

"Hamalaugarren xedapen iragankorra.-17.1.12. artikuluaren testu berriaren ondoriozko araubide iragankorra.

17.1.2. artikuluaren testu berria irizpide hauen arabera aplikatuko da:

1. Zaharberritzearen kontzeptua, 17.1.12. artikuluaren B) zatian zehazten den moduan, lehen entregatzat jotzen diren eraikinen edo haien parteen entregei aplikatuko zaie, baldin 24.1.1. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2010eko apirilaren 14tik aurrera gertatzen badira, data horren aurretik ordainketa osoko edo partzial aurreraturik izan edo ez.

2. Lehendik zaharberritze obra ez izanik, izaera hori eskuratzen duten obra exekuzioei 37.Bat.3.1. artikuluan ezarritako zerga-tasa aplikatzea bidezkoa izanen da baldin eta obra horiei dagokien zerga, 24.1 artikuluan ezarritako irizpideen arabera, 2010eko apirilaren 24tik aurrera sorrarazten bada, nahiz eta data horren aurretik ordainketa osoko edo partzial aurreraturik jaso. Subjektu pasiboek data horren aurretik kobratu diren ordainketa aurreratuei dagozkien kuota jasanaraziak zuzendu beharko dituzte, kobratu zirenetik lau urte baino gehiago iragan badira ere.

3. 1. zenbakian aipatutako entregak egiten dituzten enpresaburu edo profesionalek kenkarietan sartzen ahalko dituzte zaharberritzean zuzenean erabilitako ondasun eta zerbitzuengatik jasandako edo ordaindutako kuotak. Ondorio horietarako, 2010eko apirilaren 14an sortuko da kuota horiek kenkarietan sartzeko eskubidea. Kuota horiek, nahiz eta parte batean, lehendik kenkarietan sartu badira, enpresaburuek edo profesionalek egin dituzten kenkariak erregularizatu beharko dituzte 2010eko azkeneko likidazioaldiari dagokion aitorpen-likidazioan."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, baina 2010eko apirilaren 14tik aurrera izanen ditu ondorioak. Hori guztia, sei, zortzi eta bederatzigarren ataletan xedatutakoa ukatu gabe.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 10ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1008381