61. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 19a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

IRUÑEKO LAN ARLOKO 2. EPAITEGIA

Ediktua. 0000043/2010 demanda

Aránzazu Ballesteros Pérez de Albéniz andreak, Iruñeko Lan arloko 2. Epaitegiko idazkariak,

Aditzera ematen dut: Jesús Angulo Gonzalok eskaturik, kaleratzea dela-eta, Aurion, S.L. enpresaren eta Soldatak Bermatzeko Funtsaren aurka lan arloko epaitegi honetan bideratu den 0000043/2010 prozeduran, xedapen zatian hauxe dioen ebazpena eman da gaurko egunean:

Epaitza:

Baiesten dut jarduketa hauek eragin dituen demanda, Jesús Angulo Gonzalo jaunak sustatutakoa. Horrenbestez, 2009ko abenduaren 15ean gertatu zen kaleratzea bidegabea izan zela deklaratzen dut eta Aurión, S.L. enpresa kondenatzen dut deklarazio horri men egitera eta, beraz, demandatzailea bere lanpostuan berriro onartzera, kaleratu aurretik indarrean zeuden baldintza berberekin, edo 3.517,31 euroko kalte-ordaina ematera. Soldatak Bermatzeko Funtsa absolbitzen dut bere aurka egindako eskakizun guztietatik, deusetan galarazi gabe legez legokiokeen erantzukizun subsidiarioa. Gainera, eta nolanahi ere, Aurión, S.L. enpresa kondenatzen dut langileari ordaintzera kaleratzearen egunetik epai hau jakinarazten den egunera bitarteko soldata jaso gabeak, hain zuzen 62,53 euro egunean, bai eta aparteko pagen zati proportzionala ere. Azkenik, enpresari ohartarazten zaio epaitegi honi epaia jakinarazi eta hurrengo bost egunetan adierazi beharko diola zer hautatzen duen. Ezer hautatzen ez badu, langilea hartuko beharko du berriz.

Beraz, epai honen bidez, behin betiko epaituz, hori erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Eginbidea.-Jakinaraz bekie epaia alderdi guztiei, adieraziz haren aurka erregu-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko Salari zuzendua, jakinarazi eta ondoko bost egun balioduneko epean. Horretarako aski izanen da epaia jakinaraztean alderdiak, haren abokatuak edo ordezkariak asmo horren berri ematea. Zilegi izanen da, orobat, adierazitako epean pertsona horiek bertan agertzea edo idazkia aurkeztea. Errekurtsoaren berri ematean, alderdi errekurtsogileak errekurtsoa zuzenduko duen legelari bat izendatu beharko du.

Enpresari ohartarazten zaio, errekurtsoa jarri nahi badu, horren iragarkiarekin batera, lan arloko epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito, S.A., Banco de Vitoria, S.A.) irekita duen Gordailu eta Kontsignazioen kontuan 150,25 euro sartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko duela. Kontua Iruñeko Nafarroako Gorteen kaleko 5ean dagoen sukurtsalekoa da (3159 kontua, 3159 0000 65 004310 prozedura).

Halaber, banku eta kontu berean baina aparteko eragiketa batean kondenaren diru-zenbatekoa sartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, 3159 0000 67 004310 prozedura zenbakia adieraziz. Diru kopuru horren ordez banku-abala aurkez daiteke, abal-emailearen erantzukizun solidarioa jaso beharko duena.

Enpresari ohartarazten zaio, halaber, errekurtsoa jarriz gero, kaleratutako langileari lana eman beharko diola (edo, nahiago badu, lanik egin gabe soldata ordaindu) errekurtsoa tramitatzen den bitartean, betiere langilea berriz onartzea aukeratzen badu. Jakinarazi izanaren frogagarri, sinatu dute eta horren fede ematen dut.

Eta Aurion, S.L.ri legezko jakinarazpena egiteko balio izan dezan, non den jakiterik ez baitago, honako hau egiten dut Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Hartzaileari ohartarazten zaio ez dela beste jakinarazpenik eginen, autoenak, epaienak edo epatzeenak izan ezik.

Iruñean, 2010eko apirilaren 22an.-Idazkari Judiziala, Aránzazu Ballesteros Pérez de Albéniz.

Iragarkiaren kodea: J1007292