61. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URROTZ-HIRIA

Arau Subsidiarioen 81. artikuluaren aldaketa xehakatua.
Behin betiko onespena

Urrotz-Hiriko Udalak, 2010eko martxoaren 11n egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Arau Subsidiarioen 81. artikuluaren (24. unitatea) aldaketa xehakatua, hasierako onespenaren ondotik aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik. Hona hemen testu osoa, orok jakin dezan.

81. artikulua. 24. unitatea.

1. Gutxi gorabeherako azalera: 72.830 m².

2. Sailkapena: hiri lurzorua.

3. Kalifikazioa: bizitegitarakoa. Ia finkatuta dagoen unitatea.

4. Kalifikazio xehakatua.

-Erabilera nagusia: etxebizitzak.

-Erabilera toleratuak: ekipamendua, merkataritza, artisautza tailerrak, bulegoak, zerbitzu profesionalak, nekazaritza lokala, garajea.

-Unitate honetan abeltzaintza erabilera baimenduko da, haren tamaina dela eta 148/2003 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren arabera etxeko eskortatzat jotzen ahal bada.

5. Urbanizazioko arauak.

-Bide sistema: bide sarearen diseinua eta ezaugarriak 2.2 planoaren determinazioekin bat etorriko dira.

-Beste azpiegitura batzuk: 2.5 eta 2.6 planoen azpiegituren eskemei jarraituko zaie.

-Espazio libreak: lehendik dauden espazio libreez gain, honako espazio pribatu hauei babes berezia emanen zaie:

  • San Pedro kalea: 5. zenbakitik 7. zenbakira artekoa.
  • Kale Nagusia: 6. zenbakiko baratzea eta 16. zenbakiko lorategia.
  • Erdiko kalea: 2. zenbakiaren iparraldean dagoen baratzea.
  • Trinitate kalea: 10. eta 20. zenbakietako baratzeak.
  • Torreblanca plaza: 9. zenbakiko etxebizitzako (Iturzarrea) baratzea.

-Ekipamendua: egungo ekipamenduak finkatu eginen dira.

6. Eraikuntzako arauak.

-Lurzatiak: 2.1etik 2.6ra arteko antolamenduko planoetan definituko dira. Eraikuntzak ezin izanen du egin banaketarik, lurzati-elkarketarik edo hainbat lurzatiren gaineko baterako jarduketarik, salbuespenezko kasuetan izan ezik. Lurzatiak etxebizitzarik ezin duela izan justifikatu beharko da zehazki.

Hala eta guztiz ere, lurzatia banantzen ahalko da, baldin eta ondoriozko finkak 250 m-koak edo handiagoak badira eta biek bide publikora ematen duen eta 6 metro edo gehiago dituen fatxada badaukate.

Zaharberrikuntza osoa egiten duten edo lehendik dagoen eraikina ordezten duten azalera handiko eraikinetan, banaketa horizontala onartuko da, proiektuak honako baldintza hauek betetzen baditu:

-Eraikin berriak ordeztu beharreko eraikinaren tipologiari edo haren inguruneari eustea.

-Ondoriozko etxebizitzek 120 metro karratuko gutxieneko azalera eraikia izatea, garajeak eta elementu komunak barne.

-Ondoriozko etxebizitza bakoitzak aparkaleku plaza bat izatea eraikinaren beheko solairuan edota lurzatiaren barnean.

-Etxebizitzaren zatirik handiena beheko solairuan edo teilatupean ez egotea.

Edozein arrazoi dela-eta ondoriozko etxebizitzei aparkaleku plaza eman ezin bazaie, berariaz debekatuko da beheko solairua bizitegitarako erabiltzea, ezta zati batean ere.

Tipologiak: eraikina itxia izanen da, banan-banan eraikitako alboko eraikinek osatutakoa.

Eraikuntzaren solairu kopurua eta garaierak:

Solairu kopurua, gehienez, BS+2 izanen da. Arau honek indarra hartzen duenean onartutako garaiera baino handiagoa duten eraikinek beren egungo garaiera finkatzen ahalko dute. Solairuen gehieneko garaiera alboko eraikinetako garaieren arteko elkarrekikotasunaren bidez justifikatuko da. Beheko solairua ezin izanen da 3 metrotik gorakoa izan. BS+1 duten eraikinen garaiera 7 metrokoa izanen da, gehienez, sestratik teilatu-hegaleraino; BS+2 duten eraikinen garaiera, berriz, 9 metrokoa izanen da, gehienez, sestratik teilatu-hegaleraino.

Unitate honetan debekatuta egonen da sotoak edo erdisotoak eraikitzea.

Lerrokadurak eta sestrak: 2.2 planoan adierazten diren lerrokadurak nahitaezkoak izanen dira. Arauetan antolamenduz edo lerrokaduraz kanpokotzat jotzen diren eraikinak 2.4 antolamenduko planoan definitu dira eta 60. artikuluan xedatutakoari jarraituko diote.

-Hegalkinak eta elementu irtenak.

Ez da onartuko obrako elementu itxirik, ezta begiratokirik ere.

6 metrotik gorako zabalera duten kaleetan balkoiak onartuko dira eta horiek ezin izanen dira 60 cm-tik gorakoak izan, eta sestratik gutxieneko garaiera librea 3 metrokoa izanen da.

Haien luzera ezin izanen da fatxadaren luzeraren %40tik gorakoa izan solairu bakoitzean.

Harri natural edo artifizialez (hormigoia) eginen dira, edota egikera tradizionala izanen dute, hots, burdinazko armazoia zeramikaz beteta. Ertza ez da 18 zentimetro baino lodiagoa izanen, ez eta 12 zentimetro baino meharragoa ere, goiko paragrafoan aipatzen den egikera tradizionalekoa ez bada. Molduratutako profila izanen du eta behar bezala bideratuko du ur isuria.

Balkoiak ezin izanen dira itxi fabrikako karelak edo beste material opaku batekoak erabiliz. Haien babesa bertikalki ezarritako metalezko elementu trinkoek, forja motakoek, osatuko dute. Elementu horien azkena izanen dira pletina bat, nahi izanez gero metalezkoa ere den eskubanda izan dezakeena, goiko aldean, eta harlauzan puntualki ainguratutako profil bat, beheko aldean.

Libre da elementu irtenak paratzea, hala nola inpostak, moldurak etab., haien diseinua eraikuntzari loturik ageri bada, betiere fatxadaren planotik 15 zentimetro baino gehiago ateratzen ez badira goiko solairuetan.

Estalkiak: estalkirako, isurialde jarraietako teilatua eginen da, eraikinaren erlaitzeko lerroetan euri ura bilduko duena.

Oro har, bi isurkikoak izanen dira. Salbuespen gisa, isurki bateko edo bi isurkitik gorako ordezko konponbideak proposatzen ahalko dira mehelin, izkinak eta abar daudenean. Kasu horretan proposaturiko konponbidea agertzen duen dokumentazioa tramitatuko da, xehetasun azterlan gisa.

Urak teilatuaren hegalaren ertzean edota estalkiaren hiru aldeko isurialdeetan ezkutatuta jarriko diren eta plastikozkoak izan ezin diren ageriko teilatu-hodietan bilduko dira, eta material bereko zorrotenetan barna bideratuko estolda-sarera. Beheko bi metroetan, zorrotenak burdinurtuzkoak izanen dira. Isurialdeen malda %30 eta %35 artekoa izanen da.

Oro har, ohiko eraikinetan debekatuta daude estalki lauak edo zabaltzak, salbu eta gehieneko sakonera eraikigarritik abiatuta lurzatien barnealdea okupatzen duten beheko solairuko eraikinetan. Hala eta guztiz ere, estalkipeko edo ganbarako lokaletik sarbidea duten terrazak proposatzen ahalko dira, horiek fatxadetan agertu gabe. Eraikinaren teilatu-hegala osorik mantenduko da. Lurzatiaren zabalera osoa okupatzen ahalko dute eta haien sakonera ez da 3,00 m-tik gorakoa izanen. Estalkia garatzen duen planoaren barnean inskribatuko dira eta hori mugatzen duten plano bertikalak ez dira 3 m-tik gorakoak izanen alderik garaienean, ezta 1,20 m-tik beherakoak ere beheko aldean; azken hori atzeraemanen da fatxada lerrotik bi metrora.

Teilatua estaltzeko, zeramikazko teila kurboa erabiliko da, haren berezko kolorean, gorritik hasi eta okre hitsera doan eskalaren barnean.

Ateratzen diren elementu edo topagune guztiak ere zeramikoak izanen dira; berariaz debeku da ageriko lamina asfaltiko edo sintetikoak erabiltzea.

Orobat, debeku da tarteko paretak lamina iragazgaitzez, ageriko isolamenduz edo fibroporlanezko harlauzaz estaltzea.

Morteroko entokatuak eta pintura edo kanpoalderako akabera duten elementu isolatzaileak erabiliko dira tarteko horma agerikoak babesteko.

Ohiko eraikinetan nahitaez egin beharko da teilatu-hegala. Jarraitua eta zurezkoa izan beharko da, harburuak molduratuta.

Ez da onartuko txapitularik eraikitzea.

Baoak egitea estalkiaren hiru aldeko isurialdean:

Bao horien guztien gehieneko azalera ezin izanen da estalkiaren azalera osoaren %8tik gorakoa izan. Aldi berean, bao bakoitza ezin izanen da 1,40 x 0,70 metrotik gorakoa izan, eta alderik laburrena fatxadarekiko paraleloa izanen da. Baoen arteko tartea baoaren tamaina izanen da, gutxienez.

Babes berezia duten eraikinak: 59. artikuluan xedatutakoari jarraituko diote. 2.4 planoan definitu dira eta honako hauek dira, katastroko planoaren arabera:

-1. multzoa (osorik edo zati batean kontserbatzeko moduko eraikinak):

  • El Ferial plaza, 2, 4, 8, 17, 20 eta 21.
  • San Pedro kalea, 3.
  • Kale Nagusia, 6.
  • Erdiko kalea, 15 (zati bat).
  • Santo Tomás kalea, 8.
  • Idoateko bidea, 2.

-2. multzoa (mantentzeko moduko xehetasunak dituzten eraikinak):

  • El Ferial plaza, 9, 10, 18, 19, 22, 23, 27, 28, 29, 30, 31, 32 eta 35.
  • Trinitate kalea, 8, 10 eta 20.
  • San Pedro kalea, 1, 2 eta 6.
  • Kale Nagusia, 12 eta 22.
  • Erdiko kalea, 3 eta 13.
  • Santo Tomás kalea, 1.
  • Torreblanca plaza, 2, 5, 6 eta 9.
  • Torreblanca kalea, 6.
  • Eras de Liberri, 5.
  • Lizoaingo bidea, 1 eta 1A.

Eraikin erantsiak: etxebizitzari erantsiko zaizkion eta nekazaritza erabilerak edo garajeak izanen dituzten beheko solairuko eraikinak eraikitzea onartuko da, baratze eta lorategitzat jotako eremuetan. Gehieneko garaiera 3,50 metrokoa izanen da eta lurzatiaren 1/3 okupatuko dute, gehienez.

7. Kudeaketako arauak.

Eraikuntza edo zaharberrikuntza lizentzia emateko, beharrezkoa da proiektu teknikoa aurkeztea. Proiektuak alboko eraikinen eta eraiki nahi denaren arteko irudizko erkaketa analisia bildu beharko du, baita eraikinaren egungo egoeraren planoak eta argazkiak ere.

Proiektuaren memoriak eraikin berriaren honako alderdi hauek justifikatu beharko ditu, mugakideen eta ordeztuko duen eraikinaren arabera:

-Aukeratutako garaierak: garaiera osoa, garaiera partzialak, beheko solairuaren garaiera eta abar.

-Ateen eta leihoen baoak: neurriak, mota, osaera.

-Fatxaden tratamendua: kolorea, egitura, materialak.

-Elementu adierazgarriak: sarbidea, ataria, balkoiak, teilatu-hegalak, zorrotenak eta abar.

Egokitzat jotzen badu, Udalak 24. unitateko finken jabeei eskatzen ahalko die Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean udal plana garatzeko ezartzen diren mekanismoetako edozein.

Unitate honen jarduketa zuzena da. Lizentzia eskuratzeko, araudi hau betetzeko baino ez da eskatuko.

8. Zerbitzu publikoak paratzea.

Udalak, finketan, bere zerbitzuko seinaleak, euskarriak edo beste edozein elementu paratu, kendu edo aldatzen ahalko du bere kontura, eta jabeek onartu egin beharko dituzte.

Udalaren zerbitzu teknikoak trabak saihesten ahaleginduko dira, eta ahalik eta azkarren abisatuko diete ukituei.

Urrotz-Hirian, 2010eko apirilaren 20an.-Alkate udalburua, Fermín Julián García Gobeo.

Iragarkiaren kodea: L1007242