61. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

222/2010 FORU AGINDUA, maiatzaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 477/2007 Foru Agindua aldatu eta 2010erako laguntzen deialdia onesten duena. Foru agindu horren bidez, kooperatibak elkarganatzeko prozesuak bultzatzeko laguntzen arauak ezarri ziren, nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan.

Gobernuak 2006ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako nekazaritza kooperatibak birmoldatzeko jarduketa plana. Hartan, nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko jarduketa esparruaren alderdi tekniko, legezko eta finantzarioak zehaztu ziren.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 2an emandako 477/2007 Foru Aginduaren bidez, kooperatibak elkarganatzeko prozesuak bultzatzeko laguntzen arauak ezarri ziren, nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan, eta 2007ko deialdia onetsi zen. Foru agindua 2007ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14an.

Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta arau proiektua goian aipatu bezala erregistratu zuen, XA308/2007 zenbakiarekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Aurrekoan esandakoa oinarri hartuta, foru agindu honen bidez 2010eko ekitaldirako laguntzen deialdia egiten da, kooperatibak elkarganatzeko prozesuak bultzatzeko, nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan.

Gainera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 477/2007 Foru Aginduan onetsitako laguntzen arauak aldatzen dira. Hala, laguntzaren gehieneko zenbatekoa bera izan dadin, laguntza horren urteko banaketa egiteko beste sistema bat ezarriko da. Xedea da emandako urteko zenbatekoak entitatearen gastu errealen bilakaerara egokitzea eta laguntza horiek lehen hiru urteetan biltzea, ez lautan.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 477/2007 Foru Agindua aldatzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 477/2007 Foru Agindua aldatzen da. Horren bidez, kooperatibak elkarganatzeko prozesuak bultzatzeko laguntzen arauak ezarri ziren, nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan, foru agindu honen eranskinean ageri den moduan.

Lehenengo xedapen gehigarria.-Laguntzen 2010erako deialdia.

1. Nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan, kooperatibak elkarganatzeko prozesuak bultzatzeko laguntzen 2010eko ekitaldirako deialdia onetsi da.

2010ean laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea foru agindu honek indarra hartzen duen egunean hasiko da eta irailaren 1ean bukatuko da.

3. Deialdi honetan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 477/2007 Foru Aginduko oinarri arautzaileak izanen dira aplikatzekoak. Haren bidez kooperatibak elkarganatzeko prozesuak bultzatzeko laguntzak ezarri ziren, nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan.

Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuetako kredituak.

1. Foru agindu hau aplikatzeak sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 120.000 euroko gastua baimendu da, 2010. urteko gastuen aurrekontuko "Kooperatibak berregituratzeko ekinbideak sustatzea" izeneko 721000-72210-4701-413105 kontu-sailaren kargura; 210.000 eurokoa 2011ko eta 2012ko ekitaldietan kontu-sail horren baliokideak izanen direnen kargura; eta 100.000 eurokoa 2013ko ekitaldian aurrekoaren baliokidea izanen den kontu-sailaren kargura. Hori guztia Nafarroako nekazaritza kooperatibak berregituratzeko jarduketa planeko 5. eta 6. neurrien ondoriozko konpromisoei aurre egiteko. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez onetsi zen.

2. Laguntzak aurrekontuko diru erabilgarriaren menpe egonen dira, eta erregistro orokorrean egindako eskabidearen hurrenkeraren arabera emanen dira.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Deialdiaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 5ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan, kooperatibak elkarganatzeko prozesuak bultzatzeko laguntzen arauen aldaketa

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 477/2007 Foru Agindua aldatzen da. Horren bidez, kooperatibak elkarganatzeko prozesuak bultzatzeko laguntzen arauak ezarri ziren, nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan. Hona aldaketa:

1. 4. artikulua aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"4. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Laguntza hauxe izanen da:

1. 3. artikuluaren 1. puntuko a)tik e)ra bitarteko letretan, biak barne, aipatzen diren gastu lagungarrien %50, gehienez ere 30.000 euro.

2. 3. artikuluaren 1. puntuko f)tik j)ra bitarteko letretan, biak barne, aipatzen diren gastu lagungarrien %60, diru-laguntza eman eta lehenengo hiru urteetan, urteko gehieneko zenbateko hauekin, hurrenez hurren: 70.000, 70.000 eta 60.000 euro.

Iragarkiaren kodea: F1008093