61. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ARGUEDASKO, VALTIERRAKO, ALESBESKO, MILAGROKO ETA CADREITAKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, familia-langilea izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdia iragarri da familia-langilea izateko lanpostu bat, oposizio lehiaketa bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzeko, Cadreita-Valtierra aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuan ari dadin.

1.2. Izendatuak 15 eguneko frogaldia bete beharko du, kontratua sinatzen denetik aitzina.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean ezarritako D maila oinarri gisa harturik, kontratatutako lanaldiari proportzionalki dagokiona izanen da lanpostuaren lansaria.

1.4. Hautatutako pertsonek bete beharreko eginkizun nagusiak lanpostuarenak berarenak izanen dira:

-Etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileei arreta ematea. Horretarako, arreta pertsonala, higiene eta osasun arlokoa, etxekoa eta psikosoziala emanen zaie; betiere, bakoitzak bere buruaz baliatzeko duen gaitasunaren arabera. Halaber, agintzen zaizkien gainerako eginkizunak, betiere beren maila eta kategoriaren barrenean.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, ondoko baldintzak bete beharko dituzte izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Europako Batasuneko herritarra izatea.

b) 18 urte beterik izatea. Eskabidearekin batera nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

c) Gutienez, eskola graduatuko edo lehen mailako lanbide heziketako titulua edukitzea, edo horien baliokideren bat.

d) Egin beharreko lanak egitea eragozten duen eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izana.

f) Ibilgailuak gidatzeko, gutxienez ere B1 motako baimena izatea. Deialdi honen ondorioz izendatzen denak izendapena baino lehenago ibilgailua duela frogatu beharko du.

g) Lehiaketaldian alegatzen diren merezimenduak (eskarmentua eta titulazioak, ikastaroengatik).

2.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan aurreikusitako epean eta eran egiaztatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean betetzen direla ulertuko da, hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cadreita-Valtierra aldeko Mankomunitatearen idazkaritzan aurkeztuko dira, Cadreitako Udal plazan zk. g., 30 eguneko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira eta, bertzetik, baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten beharrezko agiri guztiak gehituko zaizkie, halaber, lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituztenak.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) N.A.N.aren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak edo behar bezala beteak. Baloratzerakoan ez da kontuan hartuko behar bezala ziurtatu gabeko merezimendurik.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Mankomunitateko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ahalko dituzte eta eskabidean akatsik egin badute, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko da.

5.-Epaimahaia.

a) Mahaiburua: Cadreita-Valtierra aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.

b) Mankomunitateko gizarte-langile bat, etxeko programaren arduraduna.

Ordezkoa: Mankomunitateko gizarte-langile bat.

c) Familia-langile bat, Mankomunitateko familia-langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Mankomunitateko familia-langile bat.

d) Eremuko gizarte zerbitzuko gizarte langile bat.

Ordezkoa: Eremuko gizarte zerbitzuko gizarte langile bat.

e) Mahaikide idazkaria: Mankomunitateko idazkaritza.

Ordezkoa: Mankomunitatea osatzen duten udaletako idazkari bat.

5.2. Epaimahaia hautapen probak baino lehen eratu beharko da eta eratu eta jardun ahal izateko kideen erabateko gehiengoak bederen agertu beharko du.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan ahalko du proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko eta epaimahaiari lagunduko diote.

6.-Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpenarekin batean probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren ere zehaztuko da.

6.2. Lehiaketaldia.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dira eta gehienez ere 30 punturekin baloratuko dira ondoko baremoari jarraikiz:

a) Laneko eskarmentua (20 puntu gehienez). Baldintza hori frogatu beharko da lan bizitzaren ziurtagiria aurkeztuz.

Familia-langile gisa toki entitateetako etxeko laguntza zerbitzuetan lanean egindako urte oso bakoitzagatik: 3 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu (zatikiak proportzioz hainbanatuko dira hilabete osoetan).

Familia-langile edo antzeko gisa gainerako administrazio publikoetan egindako urte oso bakoitzagatik: 1,5 puntu urte oso bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu (zatikiak proportzioz hainbanatuko dira hilabete osoetan).

b) Prestakuntza osagarriagatik (gehienez ere 10 puntu).

Lanpostuarekin ikusteko zuzena duen ikastaro bakoitzagatik:

-20 ordu baino gutiagoko ikastaroak: 0,25 puntu.

-20 ordu eta hortik goiti, 40 ordura gabe: 0,5 puntu.

-40 ordu eta hortik goiti, 100 ordura gabe: 1 puntu.

-100 ordu eta hortik goiti: 1,5 puntu.

Epaimahaiak lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu noiznahi. Izangaiak deialdia argitaratzen den egunean dituen merezimenduak eta espedientean agirien bidez frogatuak daudenak bakarrik hartuko dira kontuan.

Lehiaketaldia burutzen denean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa jendaurrera aterako da iragarki oholean.

6.3. Oposizioaldia.

a) Lehen ariketa: deialdi honen 2. eranskineko gaiekin ikusteko duten galdera laburrak erantzun beharko dira idatziz. Ariketa hau egiteko denbora, gehienez: 2 ordu. Balorazioa, gehienez ere: 35 puntu.

b) Bigarren ariketa: gehienez ere bi orduz egin beharreko proba teoriko-praktikoa, etxeko laguntzaren inguruan epaimahaiak prestatutako kasu bati buruzkoa. Balorazioa, gehienez ere: 35 puntu.

Oposizioaldiko ariketak ez dira baztergarriak. Hala ere, oposizioa gainditzeko nahitaezko baldintza izanen da gutienez ere 35 puntu erdiestea bi ariketak batuta.

Dei bakarra izanen da probak egiteko, eta izangaiek NANa aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Oposizio-lehiaketaren azkeneko kalifikazioa bi aldietan izangaiak lortutako puntuazioak batuta lortuko da.

7.-Gainditzen dutenen zerrenda.

Probak buruturik, epaimahaiak Mankomunitatearen iragarki oholean jarriko du izangaiek lortutako azken puntuazioa, hau da, proba bakoitzean eskuratu puntuazioen batura, baita puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena ere. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

8.-Agirien aurkezpena.

8.1. Proposatutako izangaiak, proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epean, Mankomunitatearen bulegoetan ondoko agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

b) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena.

c) Zin egite edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

d) B-1 motako gidabaimenaren fotokopia egiaztatua eta ibilgailua duela frogatzen duen agiria.

e) Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

f) Hala behar badu, Cadreita-Valtierra aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskatzen dituen agiri osagarriak.

8.2. Interesdunak aipatutako agiriak aurkezten ez baditu ezarritako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuetan salbu, ezin izanen dute izendatu eta bere jarduera guztiak baliogabetuta geldituko dira, hasierako eskabidea faltsuki betetzeagatik etor dakiokeen erantzukizuna kendu gabe.

8.3. Aitzineko atalean aurreikusten den kasuan, Mankomunitateak 7. oinarrian aipatutako zerrendan ondotik heldu diren izangaiekin beteko du lanpostua.

9.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Hautaprobak burututa, Mankomunitateko buruak, ebazpen baten bidez, Cadreita-Valtierra aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun izendatuko du, familia-langilearen lanpostua betetzeko, lanaldi partzialean. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan jabetza hartzen ez badu, Cadreita-Valtierra aldeko Mankomunitateko lanaldi partzialeko lan kontratudun izateko eskubidea galduko du, ezinbertzeko kasuetan izan ezik. Horrelakorik gertatuz gero, 8,3 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita bere oinarri eta ekintzen aurka ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Salari edo Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Berraztertzeko errekurtsoa, Cadreita-Valtierra aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari zuzendua.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintzak edo erabakiak jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean.

Cadreitan, 2010eko apirilaren 28an.-Mankomunitateko burua, Engracia Fernández Reyero.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .........................., adinez nagusia; NAN zenbakia: ............., sorteguna: ............., sorlekua: ............, probintzia: ................; bizilekua: ......................., karrika: .............., zenbakia: ......, etxebizitza: ......., posta kodea: ............, telefonoa: ..........

Honako hau azaltzen dut: Cadreita-Valtierra aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuan familia-langile izateko lanpostu bat, lanaldi partzialean, betetzeko deialdian, ........ eguneko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hartan, eskaturiko baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea ahitzen den egunean.

Horrenbestez, eskatzen dut familia-langile izateko lanpostua lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzeko hautaprobetan onartua izatea.

Cadreitan, 200...(e)ko ..........aren .......(e)an.

Sinatua

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.-15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. Etxeko laguntza zerbitzua Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta laguntza emateko programan eta gizarte zerbitzuen Nafarroako zorroan.

2.-Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen ingurumarian. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntzaren helburu diren egoerak. Gizartean nahiz familian gertatzen diren aldaketen azterketa eta haien eragina etxeko laguntza zerbitzuan.

3.-Familia-langileak etxeko laguntza zerbitzuan. Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Bertze profesionalekiko harremanak: talde lana oinarrizko gizarte zerbitzuen barrenean eta bertze zerbitzu batzuekiko harremanak. Lankideen arteko gatazkak ebaztea.

4.-Hirugarren adinaren ezaugarriak eta harekin agertzen diren arazo nagusiak: fisikoak, psikikoak eta gizarte arlokoak. Eritasun arruntenak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak. Sindrome geriatriko handiak: depresioa eta dementziak. Hilurren dauden adineko pertsonak.

5.-Desgaitasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

6.-Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, soinketa eta loa. Istripuei aitzintzea. Lehen sorospenak. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen moldatzea.

7.-Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia-langilearen lanean etxeko zerbitzua ematerakoan. Gatazkak ebaztea erabiltzaileen eta senitartekoen artean eta erabiltzaileen eta familia-langileen artean.

8.-Arguedasko, Cadreitako, Milagroko, Valtierrako eta Alesbesko gizarte zerbitzuak arautzen dituen ordenantza. Eta Cadreita aldeko Mankomunitatean etxeko zerbitzua arautzen duen ordenantza.

9.-Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

Iragarkiaren kodea: L1007660