61. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

110/2010 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eskola egutegia arautzen duena, 2010-2011 ikasturtetik aurrera, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste goi mailako musika ikasketak.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua ezarri zen. Errege dekretu horren 4. artikuluan adierazten da goi mailako arte ikasketetan kredituen bidezko sistema europarra erabiliko dela.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da goi mailako musika ikasketen eskola egutegia Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruak (EGMHE) ekarri dituen behar berriei egokitzea.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak eman duen aldeko txostena, 2010-2011 ikasturtetik aurrera Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako musika ikasketen eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onesteko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.-Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eskola egutegia prestatzeko arauak onestea. Egutegia Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitua egonen da. Honatx arauak:

1. Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

2. Irakaskuntza hauetan erabateko dedikazioan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute gutxienez, eta 40 astekoa gehienez.

3. Eskolak iraileko lehenengo astean hasiko dira, oro har, eta maiatzeko azkeneko astean bukatuko.

4. Eskolaldi arruntean eskola teoriko edo praktikoak sartuko dira eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.

5. Ikasturte bakoitzean lauhileko ebaluazioa egiteko bi proba antolatuko dira. Proba horiek urtarrilean eta maiatzean eginen dira. Lauhileko bakoitzeko irakasgaien azken ebaluazioa urtarrilean edo maiatzean eginen da, kasuan-kasuan. Urteko irakasgaiak badira, urtarrileko ebaluazioa partziala izanen da.

6. Eskolaldian zehar, gehienez bi aste erabiltzen ahalko dira urtarrilean eta beste bi aste maiatzean azterketak prestatu eta egiteko.

7. Ikasturteko azterketen deialdi berezia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da.

8. Hurrengo ikasturtean sartzeko probak ekaineko lehenengo hamabostaldian eginen dira.

9. Ekaineko hilabetea ikasturtea bukatu eta hurrengoa prestatzeko lanetarako gordeko du ikastetxeak.

10. Ikasturte bakoitzean, jaieguntzat hartuko dira Nafarroako Gobernuak urtero adierazten dituenak. Eskolarik gabeko lanegunak, herriko festa egunak eta oporraldiak Hezkuntza Departamentuak Musikako Kontserbatario Profesionalarentzat finkatzen dituen berberak izanen dira.

11. Maiatza bukatu baino lehen, Goi Mailako Kontserbatoriak eskola egutegiaren proposamena igorriko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, onets dezan.

2.-2010-2011 ikasturtetik aurrera, egutegi hau Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ematen diren goi mailako musika ikasketa guztietan aplikatzea.

3.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4.-Ebazpen hau Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5.-Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2010eko apirilaren 13an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

Iragarkiaren kodea: F1006841