60. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

183/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 13koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren mendeko datu pertsonalen fitxategi informatizatu batzuk aldatu eta kentzen dituena.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak 2. artikuluan xedatzen duenez, Herri Administrazioen fitxategiak sortu, aldatu edo kentzeko, modu bakarra dago: xedapen orokor bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko egunkari ofizialean argitaratua.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen mendeko fitxategi informatizatuak, datu pertsonalak biltzen dituztenak, arautzen ditu. 2. artikuluan xedatzen du fitxategien ezaugarriak aldatzeko, haiek ezerezteko eta berriak sortzeko, fitxategiaren ardura duen unitatea zer departamenturen mende edo zer departamenturi atxikirik egon, hango kontseilariaren foru agindua beharko dela.

Martxoaren 26ko 120/2008 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren mendeko datu pertsonaleko hainbat fitxategi informatizatu sortu, aldatu eta kendu ziren.

Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuaren txostenean agerian jartzen da behar berriak agertu direla Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumenak erabiltzean, eta ondorioz hainbat alderdi aldatu behar direla deklaratuta dagoen fitxategiren batean, eta deklaratuta dauden beste fitxategi batzuk kendu behar direla, erabiltzen ez direlako edo beste batzuek ordeztu dituztelako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren mendeko hainbat fitxategi arautzen dituen martxoaren 26ko 120/2008 Foru Aginduaren eranskineko aldaketa.

Aldatu egiten da NPBren laguntzen kudeaketa eta kontrola izeneko fitxategia, martxoaren 26ko 120/2008 Foru Aginduaren eranskinekoa, foru agindu honen eranskinean ageri den moduan. Foru agindu horren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren mendeko datu pertsonaleko hainbat fitxategi informatizatu sortu, aldatu eta kendu ziren.

2. artikulua. Fitxategiak kentzea.

1. Kendu egiten dira "Ekoizpenerako laguntzak", "Nekazaritzako merkatuen erregulazioa" eta "Nekazaritzako egituren hobekuntza" izeneko fitxategiak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 26ko 120/2008 Foru Aginduaren bidez arautuak (foru agindu horren bitartez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren mendeko datu pertsonaleko hainbat fitxategi informatizatu sortu, aldatu eta kendu ziren); orobat, kendu egiten da "Nekazaritza garaia baino lehen uztea" izeneko fitxategia, uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak araututakoa (foru dekretu horren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren Erakunde Autonomoetako organoen mendeko datu pertsonaleko fitxategi informatizatuak arautu ziren).

2. Kendutako fitxategi horien datuak "Feaga-Feader" laguntzak" izeneko fitxategiari erantsi zaizkio.

3. artikulua. Datuak jakinarazi eta lagatzea.

Foru agindu honetan araututako fitxategietan diren datu pertsonalak jakinarazi eta lagatzeko, Datu Pertsonalak Babesteri buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11, 12 eta 21. artikuluetan aurreikusitako moduan baino ezin dira jakinarazi eta lagatu.

4. artikulua. Foru agindu hau jakinaraztea.

1. Fitxategi horiek aldatu eta kendu izana Datuak Babesteko Espainiako Agentziari jakinaraztea erabaki da, Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean behar bezala jaso dadin.

2. Foru agindu hau Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Segurtasuneko Zerbitzuari, Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea erabaki da.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko apirilaren 13an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Fitxategiaren izena: Feaga-Feader laguntzak

a) Fitxategiaren izena: Feaga-Feader laguntzak.

b) Fitxategiaren arduraduna: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia; helbidea: González Tablas, zk.g. (Iruña).

c) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubidea zein zerbitzu edo unitatetan erabili: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia; helbidea: González Tablas, zk.g. (Iruña).

d) Aurreikusitako xedea eta erabilerak: Nekazaritzako Politika Bateratuko gastuen finantzabidea, Feaga eta Feader funtsen kargura laguntzak emanez.

Ohiko xedeak: kontabilitate, zerga eta administrazio arloko kudeaketa, administrazio prozedura eta beste xede batzuk.

e) Datuen jatorria: interesduna bera edo bere legezko ordezkaria, erregistro publikoak, entitate pribatuak eta administrazio publikoak.

f) Jende taldea: nekazaritzako ustiategien titularrak eta harremanetan sartzeko pertsonak.

g) Datuak biltzeko prozedura: datuak eskaeretatik eta aurkezten diren dokumentuetatik hartzen dira.

h) Fitxategiaren oinarrizko egitura: izen-deiturak, NAN/IFZ, helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa, sinadura, inguruabar pertsonalak (NANaren kopiak, sexua, jaioteguna, erroldatzea), inguruabar sozialak (finken gaineko eskubideak), merkataritzako informazioa (jarduera), datu ekonomikoak, finantzakoak eta aseguruetakoak, eta ondasun eta zerbitzuen salerosketak (ukitutakoak jasotako ondasun eta zerbitzuak).

i) Trataera sistema: mistoa.

j) Eskatzen ahal den segurtasun maila: oinarrizkoa.

k) Aurreikusitako lagapenak: Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa (FEGA).

l) Nazioarteko transferentziak: ez da aurreikusten.

Iragarkiaren kodea: F1006725