60. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Udal ordenantza, Andión haur eskola arautzen duena.
Behin betiko onespena

Mendigorriko Udalak, 2010eko urtarrilaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Andión haur eskola arautzen duen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2010eko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, otsailaren 26an, interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da eta osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Mendigorrian, 2010eko apirilaren 16an.-Alkatea, Javier Osés Zúñiga.

ORDENANTZA, MENDIGORRIKO UDALAREN 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan xedatuari jarraikiz ezarri da. Mendigorriko Udalaren "Andión" Haur Eskolan (0 - 3 urte) neska-mutikoak inskribatu eta onartzeko araubidea ezartzea du xede, baita haren funtzionamenduaren zenbait alderdi arautzea ere.

2. artikulua. Norendako eta zenbat toki.

Gurasoek edo tutoreek eskatzen ahal dute tokia, baldin eta haur hezkuntzako lehen zikloko umeak (0-3) badituzte edo ikasturtea hasi baino 16 aste lehenago jaiotzeko badira.

16 aste eginak izanez gero sartzen ahal da ikastetxean.

Ikastetxe baten barrenean maila batetik bertze batera iragateko ez da onarpen prozesurik egin behar.

Hautapen Batzordea izendatuko da, Haur Eskolarako onarpen prozesurako beharrezkoak diren inprimaki ofizialak egiteko eta deialdia ebazteko.

II. KAPITULUA

Sarrera 0-3 urtekoendako Haur Eskolan

3. artikulua. Eskabideak eta epeak.

a) Tokia gordetzeko eskabideak.

Aurreko ikasturtean Eskolan izan diren umeen gurasoek edo tutoreek hurrengo ikasturterako tokia gordetzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Haur Eskolako Zuzendaritzan urtero erabakitzen den epean, eredua ikastetxean eskuratuta.

b) Bete beharreko plazen berri ematea.

Tokia gordetzeko eskabideak jaso ondoan, indarra duen araudian finkatutako ratioak kontuan hartuz, Hautapen Batzordeak, Udalaren iragarki oholean, argitara emanen ditu bete beharreko tokiak eta onarpen prozesuan aplikatuko den baremoa, eta ikasturte hartan aplikatuko diren tarifak.

c) Lehen aldiz sartzeko eskabideak.

Lehen aldiz sartzeko eskabideak Udalaren bulegoan eta Haur Eskolan biltzen ahalko dira, eta bertan aurkeztuko dira, hartarako jarritako epean.

4. artikulua. Dokumentazioa. Lehen aldiz sartzeko eskabideak.

Lehen aldiz sartzeko agiriak eredu ofizialean egin beharko dira, eta dokumentazio hau erantsiko zaie:

A) Lan egoera eta/edo ikasketak frogatzeko dokumentazioa.

-Lan bizitzaren ziurtagiria, eskabidea egiten den hilabetean emana.

-Noiz aurkezten den eskaera, aurreko hilabeteko aitaren eta amaren nomina, edo lan egoera erakusten duen ziurtagiria edo Gizarte Segurantzan -dela araubide orokorrean dela autonomoenean- kideturik daudela frogatzen duena. Lanaldi partzialean jardunez gero (lanaldi erdia bitarte), haren ziurtagiria.

-Autonomoa izanez gero, eskaera aurreko hilabeteko kuotaren ordainagiria eta zinpeko aitorpena, lanaldia zehazten duena.

-Ikasten arituz gero, matrikularen frogagiria, ikasturteko egutegia eta ordutegia.

-Salbuespenez, behar diren agirien bitartez lanean ari dela ezin frogaturik badu, eskatzaileak zinpeko aitorpena egin beharko du, eta haren egiazkotasuna Udalak egiaztatuko du. Horrez landa, lan bila dabilela frogatu beharko du, INEMeko bulegoetan lana aurkitzeko izen emanda dagoela dioen ziurtagiria aurkeztuz.

B) Familiaren osaera frogatzeko dokumentazioa.

-Familia liburuaren fotokopia (gurasoak eta seme-alabak).

-Familia ugariaren dokumentu ofizialaren fotokopia.

-Haurra kenduta, familia-unitateko bertze edozein kideren minusbaliotasunaren ziurtagiria.

-Banantze edo dibortzioko akordioa.

C) Errenta mailak frogatzeko dokumentazioa.

-Aitaren eta amaren azken errenta aitorpenaren fotokopia.

Aitorpena nahitaez egin beharra ez dutenek Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzen duena; orobat, lan bizitzaren txostena eta aurreko urtean familiak izan dituen diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak.

-Oinarrizko Errenta hartuz gero, horren frogagiria.

D) Etxea edo aitaren nahiz amaren lantokia hurbil izatearen frogagiriak.

-Aitaren edo amaren eta haurraren erroldatze agiria, Udalean eskuratua, adierazitako helbidean bizi dela frogatzen duten agiriekin batean (etxebizitzaren jabetzaren tituluak edo errentamendua frogatzen dutenak, uraren, argiaren edo antzekoen ordainagiriekin batean, eskatzailearen izenean).

-Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeko (plaza eskatzen den hartako) zuzendaritzaren ziurtagiria, non adieraziko baita eskatzaileak bertan egiten duela lan.

-Aitak edo amak Mendigorriko udalerriko zein lantokitan egiten duen lana frogatzen duen dokumentazioa.

E) Zuzenean sartzeko baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

-Hezkuntzako behar bereziak: haurraren minusbaliotasuna kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.

-Nafarroako Gobernuaren zaintzapeko edo babespeko haurrak: hori frogatzen duen txostena edo agiria.

-Arrisku sozialean dauden umeak: Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren edo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen txostena.

-Betiere, zuzeneko sarbidea esleitzeko, horren aldeko txostena beharko da, Hezkuntza Departamentuak emana, zein diren ere eskaerarekin batean aurkeztutako txostenak.

F) Jaio gabeko haurrak: gutxi gorabehera noiz jaiotzekoa den zehazten duen ziurtagiria (gehienez ere 16 aste, ikasturtea hasi baino lehen).

G) Bertze edozein inguruabar berezi baloratzeko, medikuaren, psikologoaren, gizarte-langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da, inguruabar hori frogatzeko.

5. artikulua. Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, 0 bat jarriko da onarpen baremoan dagokion atalean. Eskabideko edo gainerako dokumentazioko datuak faltsuak direla frogatuz gero, emandako tokia kentzen ahalko da.

Izen emateko epea amaiturik agiriren bat falta bada, hura eskatu eginen da eta 10 egun egonen dira aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hautapen batzordeak zilegi izanen du edozein unetan ziurtagiri gehiago eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten egoerei buruz.

III. KAPITULUA

Hautapena eta tokien esleipena

6. artikulua. Hautatzeko baremoa.

Lehen aldiz sartzeko eskabidearen epea amaiturik, Hautapen Batzordeak, haurren guraso edo tutoreek aurkeztutako dokumentazioarekin bat, eskabideak baloratuko ditu baremo hau aplikatuz:

Baremoa:

A) Aitaren eta amaren lan egoera (20 puntu, gehienez ere).

a.1) Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 20 puntu:

-Gurasoak edo tutoreak lanaldi osoan biak.

-Guraso edo tutoreetako bat lanaldi osoan eta bertzea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, eguneko ordutegian, behar bezala frogaturik.

-Aita eta ama dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egunez egiten ari direnean, behar bezala frogaturik.

-Guraso bakarreko familietan, adin txikikoaren hezkuntzaz eta mantentzeaz arduratzen dena lanaldi osoan lanean ari denean.

a.2) Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 15 puntu:

-Aita edo ama lanean edo ikasten, bata jardunaldi osoan eta, bertzea, laburrean.

a.3) -Aita edo ama lanean edo ikasten, eta bertzea egiazki lan bila, INEMeko bulegoetan lana aurkitzeko inskribaturik dagoela dioen ziurtagiria aurkeztuz frogaturik: 10 puntu.

a.4) Lan egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1. Gizarte Segurantzan kidetu gabe edo Lizentzia Fiskalik izan gabe egindako lana ez da kontuan hartuko.

2. Nominarik edo Gizarte Segurantzarik ez duten lanbide liberalen kasuan, frogagiria aurkeztuko da lanbidean ari direla, edo bertzenaz lizentzia fiskala.

3. Eszedentzian baldin badago, haren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasi ondoko hilabete eta erdi baino lehen. Lanera geroago itzuliz gero, betiere aipatutako ikasturtearen barrenean, Hautapen Batzordeak proportzioaren arabera baloratuko ditu kasu horiek.

4. Seme-alaba baten jaiotzagatik lanera ez itzultzea, lanpostu finkorik ez dela, hau da, ordezkoen zerrenden eta antzekoen kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.

5. Lanaldi mota baloratzean, lanaldi osotzat hartzen da lanaldi erdia edo gehiago hartzen duena. Aldiz, lanaldi erditik beherakoa, lanaldi laburtzat.

6. Ikasketak baloratzeko, titulu akademiko ofizialak eskuratzera bideratuak daudenak hartuko dira ikasketa araututzat. DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, unibertsitateko tituluak etab.

B) Familiaren osaera (8 puntu, gehienez).

b.1) Modalitateak:

-Hirukiendako, laukiendako eskaera: 6 puntu.

-6 urtetik beheitiko hiru seme-alabendako edo gehiagorendako eskaera: 4 puntu.

-Bikiendako eskaera: 4 puntu.

-Guraso bakarreko familiak: 6 puntu.

-Adin desberdineko bi anai-arreba edo gehiagorendako tokia eskatzea deialdi berean (tokiaren erreserba sartzen da): 2 puntu.

-Familia ugaria izatea: puntu 1.

-Haurra kontuan izan gabe, familia unitateko edozein kideren %33ko minusbaliotasun fisiko, psikiko edo sentsorial onartua, puntu bat.

b.2) Familiaren osaeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

Familia unitatearen kideen kopurua familia liburuaren bidez egiaztatuko da. Familia gunean familia liburuan ageri ez diren seme-alabak baldin badaude, bertzelako dokumentuen bidez egiaztatu beharko dira, adibidez, jaiotza agiri, banantze edo dibortzioko epai eta abarren bidez.

2. 6 urtetik beheitiko 3 seme-alaba edo gehiago kontatzeko, eskabidea noiz egiten den, hura baino lehenagoko seigarren urteko urtarrilaren 1etik aitzina sortuak hartuko dira kontuan.

C) Errenta mailak, urteko per capita errentaren arabera baloratuak (gehienez ere 12 puntu):

c.1) Errenta tarteak:

2.000 eurio per capita errenta edo txikiagoa: 12 puntu.

2.000,01 eta 3.500 euro arteko per capita errenta: 11 puntu.

3.500,01 eta 5.000 euro arteko per capita errenta: 10 puntu.

5.000,01 eta 6.500 euro arteko per capita errenta: 9 puntu.

6.500,01 eta 8.500 euro arteko per capita errenta: 8 puntu.

8.500,01 eta 11.000 euro arteko per capita errenta: 7 puntu.

11.000,01 eta 13.500 euro arteko per capita errenta: 6 puntu.

13.500,01 eta 16.000 euro arteko per capita errenta: 5 puntu.

16.000,01 eta 18.500 euro arteko per capita errenta: 4 puntu.

18.500,01 eta 21.000 euro arteko per capita errenta: 3 puntu.

21.000,01 eta 23.500 euro arteko per capita errenta: 2 puntu.

23.500,01 euroko per capita errenta edo handiagoa: puntu bat.

c.2) Errenta mailen kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1. Kasu guztietan, aitaren eta amaren aitorpenak hartuko dira aintzat, salbu eta banantze nahiz dibortzio epaia edo ezkontzaz kanpoko seme-alabendako legezko neurriak daudenean. Kasu horietan haurraren zaintza eta ardura duen gurasoaren aitorpena hartuko da aintzat, eta haren zerga-oinarriari epaian ezarritako urteko diru kopurua erantsiko zaio.

2. PFEZaren aitorpeneko zerga-oinarria edo, zein den kasua, aitaren eta amaren guztirako diru-sarrera justifikatuak eskaera egiteko unean familiak dituen kide guztien artean -plaza eskuratu gogo dutenak barne- zatiturik aterako da urteko per capita errenta.

3. Aitorpenik ez bada, Ogasuneko bulegoaren agiria aurkeztuko da, aitorpena aurkeztera beharturik ez dagoela egiaztatzeko, eta, gainera, aitzineko urtean izandako diru-sarreren frogagiria (nominak, oinarrizko errenta, zinpeko aitorpena eta abar).

D) Aitaren edo amaren etxearen edo lantokiaren hurbiltasuna. (Gehienez ere 20 puntu emanen dira).

d.1) Eskaera egiten den urteko urtarrilaren 1a baino lehen Mendigorriko udalerrian erroldatuta egon eta bertan bizitzeagatik: 20 puntu.

d.2) Aitak edo amak ikastetxeko titular bera duen zentro batean lan egiteagatik: 10 puntu.

d.3) Ikastetxeko udalerrian lan egiteagatik, 5 puntu.

E) Bertze irizpide batzuk.

Hautapen Batzordeak bertze premia larri batzuk, pertsonalak, familiakoak edo sozialak, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu gabeak hartzen ahal ditu kontuan, eta haiei 10 puntu eman gehienez.

F) Baremoaren ataletan xedatutakoa gorabehera, hezkuntza premia berariazkoak dituzten haurrak zuzenean sartuko dira 0-3 urtekoendako Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Zuzeneko sarbidea esleitzeko, horren aldeko txostena beharko da, Hezkuntza Departamentuak emana, zein diren ere eskaerarekin batean aurkeztutako txostenak.

G) Puntuazio berdineko kasuetan zer egin.

Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzeko azken tokia eskaintzean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bertzearen ondotik:

-Per capita errenta txikiena.

-Adinik handiena.

7. artikulua. Onartuak eta tokien esleipena.

A) Behin-behineko zerrendak.

Zerrendak Udaletxeko iragarki oholean eta Haur Eskolan argitaratuko dira, baremoa aplikatu ondoko puntuazio ordenaren arabera.

B) Erreklamatzeko epea.

Erreklamatzeko epea 10 egunekoa izanen da, behin-behineko zerrendak argitaratzen diren egunetik hasita.

Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira Udaletxean, behar bezala arrazoiturik, Hautapen Batzordeari zuzenduta, eta bertan behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduko da.

C) Behin betiko zerrendak.

Onartuen eta itxaron zerrendan daudenen behin betiko zerrendak Udaletxeko eta Haur Eskolaren iragarki oholean argitaratuko dira, erreklamazioak egiteko epea bukatu eta ondoko hamabigarren egunean. Zerrenda horiek ere, izan daitezkeen erreklamazioak ebatzi ondotik lortutako puntuazioaren arabera eginen dira.

IV. KAPITULUA

Matrikula egitea, bajak eta epez kanpoko eskabideak.

8. artikulua. Matrikula egitea.

A) Matrikulak Haur Eskolan eginen dira, agintzen den epean.

Matrikula egiteko, dokumentazio hau ekarri beharko da:

-Aitaren eta amaren agiri hauen fotokopia: NANa, pasaportea, atzerritarrendako egoitza-txartela edo horien pareko nortasun agiria.

-Gizarte Segurantzako kartillaren edo txartelaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.

-Aurreko urte fiskaleko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia edo, kasua bada, urte horretan lortutako diru-sarreren justifikazioa, aitarena eta amarena. Agiri hau aurkezteko epea urteko uztailaren 1era arte luzatzen ahalko da.

-Aitorpena nahitaez egin beharra ez dutenek Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzen duena; orobat, lan bizitzaren txostena eta aurreko urtean familiak izan dituen diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak.

-Ordainagiriak helbideratuko dituen banku entitateko kartilla orriaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertuz.

-Jateko edo osasun aldeko behar bereziak izanez gero, medikuaren txostena horien gainean.

-Ikasturtearen azken hilabeteko kuota ordaindu izanaren frogagiria.

B) Ezarritako epean egiten ez diren matrikulen ondorioz, bertze esleipen bat eginen da itxaron zerrendako ordenari jarraituz.

C) Matrikula egiteak, borondatezko baja eskatzen den kasuetan izan ezik, ikastetxera joateko eta ikasturtean hamaika kuota ordaintzeko konpromisoa dakar berarekin. Matrikula ikasturtea hasita dela egiten bada, haurra ikastetxean hasten den unetik aitzina ordainduko dira kuotak.

9. artikulua. Bajak.

A) Haurren gurasoek edo tutoreek idatzita jakinaraziko dizkiote ikastetxeko zuzendaritzari ikasturtearen barrenean gertatzen diren borondatezko bajak, kuotak ordaintzeari noiztik aitzinera utziko dioten finkatzeko. Azken hiruhilekoan gertatzen diren bajen ondorioz ez da kuota guztiak ordaintzetik salbuetsiko.

B) Ikasturtea hasi eta hamabortz egun natural iraganik, ikastetxera azaltzen ez den haurrari baja emanen zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, hamabost egun naturalean jarraian agertzen ez denari. Udalak idatziz jakinaraziko dio familiari haurrari eskolan baja eman zaiola.

C) Aurreko egoera horietan, Zuzendaritzak idatziz jakinaraziko dio familiari ikastetxean baja eman zaiola haurrari. Hamar egun iragan eta ez badago familiaren jakinarazpenik, hutsik gelditu den tokia beteko da, itxaron zerrendako ordenari jarraikiz. Kasu horietan ez da matrikulagatik ordaindutako kuota itzuliko.

10. artikulua. Epez kanpoko eskabideak.

Ezarritako epetik kanpo ere aurkezten ahal dira eskabideak hurrengo ikasturteko eskabideen epea hasi aurretik, baldin eta haurrek 16 aste egin badituzte eskabidea aurkezteko egunean.

Eskabide horiek kontuan hartuko dira tokiren bat hutsik gelditzen bada, onarpen prozesu arruntean sortutako itxaron zerrenda agortu ondoan. Eskabidea zein egunetan aurkeztu zen, horren ordenaren arabera esleituko dira plazak.

V. KAPITULUA

Ikastetxeko egutegia eta lan orduak

11. artikulua. Egunak eta orduak.

A) Udalak ikasturte bakoitzerako onetsitako eskola egutegiaren arabera arautuko da Haur Hezkuntzako ikastetxea.

B) Ikastetxean ikasturtea irailean hasiko da eta uztailaren azken egunarekin bukatuko.

C) Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera arte.

D) Tokia eskatzeko epean, gurasoek ikasturte bakoitzean eskaintzen diren ordutegiak eskatzen ahal dituzte.

E) Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera, haurrak zortzi orduz egonen dira, gehienez ere, ikastetxean; alabaina, bidezko arrazoiengatik, ordutegia malgua izanen da haurraren sarrera-irteerei dagokienez.

VI. KAPITULUA

Ordainketak eta tarifak

12. artikulua. Ordainketak.

A) Diru-bilketaren arduradunak gehienez ere hilabeteko epean eman beharko dio ordaindu gabeko kuoten berri Hautapen Batzordeari, eta horrek haurrari ikastetxetik baja emateko erabakia hartzen ahal du. Bi kuota ordaindu gabe utziz gero, idatziz eginen zaio errekerimendua familiari. Hiru kuota ordaindu gabe utziz gero, baja emanen zaio haurrari ikastetxean.

B) Behin hartarako onartua izanez gero, jantokiagatik ordaindu beharra zerbitzua egitetik beretik sortzen da, erabili ala ez. 8 hilabetetik beherako haurrek ez dute jantokiko kuota ordainduko epe horretan, baldin jantoki zerbitzuak otordurik ematen ez badie, familiek emandako esnea baino hartzen ez dutelako.

C) Ikastetxean matrikulaturik dauden haur guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, bidezko arrazoiak direla kausa Ikastetxera joaten ez badira ere. Matrikula egiteak, borondatezko baja eskatzen den kasuetan izan ezik, ikastetxera joateko eta ikasturtean hamaika kuota ordaintzeko konpromisoa dakar berarekin.

13. artikulua. Tarifak.

Udalak onetsiko ditu tarifak 0-3 urtekoendako haur eskolako zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituen arau fiskalean, Nafarroako Gobernuak horren gainean ezarritako araudiari jarraikiz. Harik eta onetsi arte, Nafarroako Gobernuak Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko ikastetxeentzat ikasturte bakoitzerako ezarritakoak aplikatuko dira, ikastetxe horien titularra Udala izanik eta Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzaturik.

VII. KAPITULUA

Udalaren informazio batzordea eta Hautapen Batzordea

14. artikulua. Udalaren Informazio Batzordea.

Udalean ordezkaritza duten talde politiko bakoitzak udalkide bat izanen du bertan ordezkari.

15. artikulua. Hautapen batzordea.

Hautapen batzordeak zein onartu eta zein ez erabakiko du, baremoan ezarrita dauden irizpideei jarraikiz. Haur Eskolako zuzendaritzak, Udalaren informazio batzordean parte hartzen duten ordezkariek eta Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko teknikari batek parte hartuko dute Hautapen Batzordean.

VIII. KAPITULUA

Tokia gordetzea, epeak, esleipena, matrikula eta baremoa

16. artikulua. Baldintzak.

Mendigorriko Udalak epea eta prozedura ezarriko ditu ikasturte bakoitzean ikastetxera etortzen diren haurrei tokia gordetzeko. Orobat, epeak egokituko ditu eskari berriei, tokien esleipenari eta matrikulari dagokienez. Baremoa ere egokitzen ahal du; bertan, gutxienez ere, honako hauek sartuko dira:

-Gurasoen lan egoera zein ikasketena.

-Familiaren osaera.

-Errenta mailak, familia unitateko kideen kopuruaren arabera.

-Aitaren edo/eta amaren helbiderako edo lantokirako tartea, ikastetxearen eraginpeko eremuaren barrenean.

IX. KAPITULUA

Haur eskolako funtzionamendu eta bizikidetza arauak,
betebeharrak eta eskubideak

17. artikulua. Orokorrak:

a) Haurra onartzen dela jakinarazten den unean emanen zaizkie aditzera aitei, amei edo haurrak zaintzeko ardura dutenei ordutegiak, zerbitzuak eta indarra duten tarifak. Orobat, zirkular bat banatuko zaie Haur Eskolako funtzionamendu arauekin.

b) Urtean behin, gutxienez ere, berrikusiko dira helburuak, programak eta zerbitzuak, inguruabarrek aukera ematen dutenean.

c) Eskolara huts egiteak ikastetxeari jakinaraziko zaizkio eta, justifikatzen ez direnak tokia galtzeko bide izan daitezke.

18. artikulua. Elikadura:

Otorduak ikastetxeko hezkuntza jarduerak dira.

Menuak adituek prestatzen dituzte.

Haurrendako menuak iragarki oholean egonen dira ikusgai, eta arrazoi berezirik ez bada, ez dira aldatuko.

Haurrak elikadura berezirik behar izanez gero (alergiak, jasanezintasuna, etab.) medikuaren txosten batekin arrazoiturik egon behar du haurraren aita-ama, tutore edo arduradunen bidez, eta ikastetxeko zuzendaritzari horren berri emanen zaio, behar diren neurriak har ditzan.

Tutoreak edo zaintzaileak ere horren berri izan beharko du, elikaduraren kontrola eramateko.

Ez da haizu eskolara litxarreriak, opilak etab. ekartzea.

19. artikulua. Higiene eta osasun arloko arauak:

a) Osasun arloko profesional eskudunek aztertuko dituzte eskolako osasun baldintzak, eta atzematen dituzten akats edo arazoen berri emanen diote, konpondu edo kontrolatzeko neurri egokiak ezar daitezen.

b) Sartzen direnean, pediatraren osasun txostena ekarri beharko dute haurren osasun fisikoari eta psikikoari buruz. Erakunde autonomoko langileek baloratuko dituzte arazo edo akats fisiko eta psikikoak, eskolan integratzeko, ahal bada.

Ez da haizu Haur Eskolan umeak egotea, sukarra edo eritasun kutsakorrak badituzte. Haur bat eri dagoela ohartuz gero, haren guraso, tutore edo arduradunei jakinaraziko zaie berehala, laster batean ikastetxetik ateratzeko.

Sukarra izateagatik ikastetxetik atera behar izan den haurrari ez zaio itzultzen utziko harik eta bi egun iragan arte eskola horregatik utzi zuenetik.

Debeku da edozein motatako sendagaiak ematea, ohikoak izan gabe gerta daitezkeen salbuespenetan izan ezik.

Eritasun kutsakorra izan duen haurraren guraso, tutore edo arduradunek umea artatu duen pediatraren txostena ekarri beharko dute, delako eritasuna inori kutsatzeko arriskurik ez dagoelako segurantza jasotzen duena.

Haurrari dagozkion txertoen egutegiaren fotokopia ekarri beharko zaio ikastetxeko zuzendaritzari, nahitaez ekarri ere.

Larrialdirik edo istripurik gertatuz gero, ikastetxearen arduradunek haurra artatuko dute lehenik eta gero familiari gaztigatuko diote.

Haurrak gutxieneko baldintza higieniko sanitarioetan eduki behar dira eta hala eskatuko da, bai gorputzari bai erabiltzen ohi duten arropari dagokionez.

Haurrek azazkalak mozturik eta zaindurik ohi dituztela joan beharko dute ikastetxera.

Izurrite edo bizkarroi aroetan, haurren guraso, tutore edo arduradunek kasu handia emanen dute umeen gorputz higienean, eta arazoa konpontzeko produktuak aplikatuko dizkiete. Haurrek, nahitaez, ahalik eta arroparik erosoena eraman beharko dute, eta kontuan hartu beharko da galtzak, botoiak, gerrikoak etab. traba direla haurrak arropa aldatzeko eta mugimenduetan beren gain moldatzeko tenorean.

Haurrek poltsa bat izan behar dute, beren izenarekin, eta horren barrenean: aldatzeko arropa guztia, zapata eta galtzerdiak barne. Arropa guztiek (berokiak, txanoak, lepokoak etab.) markaturik egon beharko dute, haurraren izen-deiturekin; galduz gero, ikastetxeak ez du galera bere gain hartuko. Pixoihala erabiltzen duten haurrek sorta bat ekarri beharko dute ikastetxera, baita toallatxoena ere; gehiago ekarri beharra dagoenean ikastetxeko begiraleek gaztigatuko diete haurren guraso, tutore edo arduradunei.

20. artikulua. Ordutegia.

Debeku da haurrak zortzi ordutik gora egotea ikastetxean.

Haur Eskolak astelehenetik ostiralera eskainiko ditu bere zerbitzuak, 07:30etik 16:30era arte; sartzeko ordutegia 07:30etik 09:30era arte izanen da; aldiz, ateratzeko, 15:00etatik 16:30era arte. Dena dela,
ordutegia aldatzen ahal da, kontuan hartuko baitira familien beharrak, hezitzaileen eta garbiketako langileen ordutegiak antolatu eta malgutzeko aukerak eta ratioak betetzea. Udaleko kudeaketa unitateak eta ikastetxeko zuzendaritzak erabakiko dute ordutegia, gurasoen iritzia kontuan
hartuta. Haurra zer ordutan sartzen den, halakoa izanen da ateratzeko ordua.

Debeku da ikastetxeko haurrak normalean biltzen ez dituzten jendeek biltzea, salbuespenez ez bada; halakoetan, haurren guraso, tutore edo arduradunek ohar bat igorriko dute ikasturtearen hasieran eta hartan agertuko dira haurrak biltzeaz arduratuko direnen izen-deiturak, haurrekiko ahaidetasun maila zehaztuta. Salbuespenez normalean biltzen ez dituzten jendeek bildu behar badituzte, garaiz emanen zaio abisu idatzia hezitzaileari, eta halakoetan zehaztuko dira egunak, ahaidetasuna, eta ikastetxetik haurra salbuespenez bilduko duenaren izen-deiturak.

Ikastetxearen funtzionamendua egokia izan dadin, puntualtasuna nahitaezkoa dute haurren guraso, tutore edo arduradunek haurra ekartzean nahiz biltzean.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

2010-2011 ikasturtean Mendigorriko Haur Eskolan (0-3 urte) inskribatu eta matrikulatzeko araubidea

Ordenantza honetan xedatutakoa aplikatuko da, berezitasun hauekin:

Alderdi orokorrak.

1. Gurasoek edo tutoreek eskatzen ahal dute tokia, baldin eta haur hezkuntzako lehen zikloko umeak (0-3) badituzte, hau da 2008an eta 2009an sortuak, baita 2010ean sortuak ere, 2010/2011 ikasturtea hasi (2010eko irailaren 1ean) baino 16 aste lehenago sortzeko badira.

Betiere, 16 aste eginak izanez gero sartzen ahal da ikastetxean.

2. Plaza hauek eskaintzen dira:

-0-1 urtekoak: 8 gaztelaniaz.

-1-3 urtekoak: 15 gaztelaniaz.

Dena dela, eskaeraren arabera eginen da plazen azken esleipena.

Eskabideak, epeak eta agiriak.

1. Eskabideak Mendigorriko Herriko Etxean hartu eta aurkezten ahal dira, ezarritako eredu ofiziala beteta, 2010eko irailaren 1etik 15a arte, biak barne, 9:00etatik 14:00ak arte. Ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako dokumentazioa beharko da aurkeztu.

2. Onartuen eta itxaron behar dutenen behin-behineko zerrendak Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko dira, ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako baremoa aplikatu ondoko puntuazio ordenaren arabera, 2010eko apirilaren 15ean hain zuzen.

3. Erreklamazioak Herriko Etxean aurkeztuko dira 2010eko apirilaren 16tik 30era bitarte, Hautapen Batzordeari zuzenduta. Erreklamazioak idatzita aurkeztuko dira, behar bezala arrazoitu eta justifikatuta, behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduz.

4. Onartuen eta itxaron behar dutenen behin betiko zerrendak 2010eko maiatzaren 11n argitaratuko dira Herriko Etxeko iragarki oholean, puntuazioaren arabera ordenatuta, izaten ahal diren erreklamazioak ebatzitakoan.

5. Matrikulak Herriko Etxean eginen dira 2010eko maiatzaren 12tik 31ra arte, ordenantza honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

-Tarifak:

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 4ko 8/2009 Foru Aginduan (2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 18an) aurreikusitako tarifak aplikatuko dira, ordenantza honen VI. kapituluan xedatutakoaren arabera:

ERRENTA TARTEAK

ESKOLATZEA

JANTOKIA

ESKOLATZEA + JANTOKIA

EGONALDI MOTA

EGONALDI MOTA

Gutxienez

Gehienez

Osoa

Murriztua

Ertaina

Osoa

Murriztua

Ertaina

15.000tik

goiti

209

197

148

95

304

292

243

12.400,01

15.000

188

177

133

95

283

272

228

10.700,01

12.400

156

147

109

95

251

242

204

9.300,01

10.700

130

121

91

95

225

216

186

7.980,01

9.300

97

92

68

84

181

176

152

6.650,01

7.980

82

76

57

73

155

149

130

5.500,01

6.650

60

57

43

62

122

119

105

4.500,01

5.500

48

45

33

52

100

97

85

3.351,01

4.500

35

33

25

41

76

74

66

edo gutxiago

17

16

13

36

53

52

49

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan Nafarroako Gobernuak Haur Eskolentzat emandako araudia aplikatuko da, baita gainerako xedapenak ere.

Iragarkiaren kodea: L1007020