60. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Ordenantza fiskala, Donezteben ibilgailuak espaloietan barna sartu-ateratzeko eta eremu publikoa ibilgailuak gelditzeko
nahiz edozein motatako salgaien zamalanetarako
erreserbatzeko tasak arautzen dituena

2010eko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 22an, Ibilgailuak espaloietan barna sartu-ateratzeko eta eremu publikoa ibilgailuak gelditzeko nahiz edozein motatako salgaien zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren hasierako onespena. Jendaurrean egoteko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu da. Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Donezteben, 2010eko apirilaren 16an.-Alkatea, Miguel San Miguel Azpiroz.

PASABIDEETARAKO BAIMENA ARAUTZEN DUREN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Kontzeptua eta motak

1. artikulua.

1. Eremu publikoko pasabidea da espaloiaren eta zintarriaren egituran egiten den aldaketa, parean dauden lokaletarako sarbidea posible egiteko xedea baizik ez duena.

2. Debeku dira bertze sarbide klaseak oro, hala nola arrapalen bidez, zurezko edo metalezko gaiak edo bertzelako elementu mugigarriak behin-behinekoz edo noiz nola erabiliz edo adreiluak, harea etab. paratuz, aitzinetik baimena eskuratu ezik.

2. artikulua.

1. Pasabideak alkatearen edo zinegotzi delegatuaren ebazpenaren bidez emanen dira, ordenantza honen 7. artikuluan ezartzen diren baldintzetan.

2. Haien erabilera gau eta egunekoa edo ordutegi baten araberakoa izan daiteke.

3. artikulua.

1. Gau eta eguneko pasabideek aukera emanen dute ibilgailuak 24 orduz sartu eta ateratzeko, eta haien parean ez da inolako ibilgailurik aparkatzen ahalko, ezta haien titularrarena ere.

4. artikulua.

1. Ordutegi baten arabera erabiltzeko pasabideak bertzerik ez bada saltokiek baizik ez dituzte izanen, eta saltoki horien parean aparkatzeko ahalmena emanen dute bakoitzaren lanorduetan.

2. Kasu berezietan eta aitzinetik arrazoituz gero, halako ordu batzuetan erabiltzeko pasabideak baimentzen ahalko dira, egunean 8 ordu baino gehiago ez badira.

5. artikulua.

Aitzineko artikuluan xedatu denak ez du galaraziko ibilgailuak pasabidearen aitzinean aparkatzea, betiere gidaria ibilgailuan badago, pasabidea erabili behar denean ibilgailua lekuz aldatu ahal izateko.

Lizentziak

6. artikulua.

1. Finken jabeek eta negozio lokalen maizterrek baizik ezin izanen dute pasabiderako baimena eskatu eta horren titularra izan, zerbitzua finketarako edo negozioetarako eskatzen den.

2.-Lizentziaren titularra izanen da pasabidearen erabiltzaileei dagozkien betebeharren arduradun bakarra, edozein direla horiek.

7. artikulua.

1. Pasabideetarako lizentziak emateko, bideak multzoka banatzen ahal dira, Doneztebeko Aparan industrialdean bezala; orobat aparkatzeko bertze eremu berri batzuk sortzen ahal dira edo jadanik direnak ordenantza honetara egokitu, baina hori guztiak Alkatetzak zehaztuko ditu, dagokion informazio batzordeak proposaturik.

2. Bideen sailkapen hori, egiazki egiten bada, zirkulazioaren beharrak edo hirigintza arloko bertze arrazoi batzuk kontuan hartuta eginen da.

8. artikulua.

1. Pasabideak modu diskrezionalean emanen dira beti, eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Baimenak ez du eskubide subjektiborik sortzen, eta haren titularrari noiznahi egiten ahalko zaio errekerimendu, bere kontura kentzeko eta espaloia lehengoratzeko.

2. Pasabidearen titularrak eginen ditu hura egiteko, berritzeko edo kentzeko obrak; Udalari dagokio espresuki baimena ematea eta lan horiek ikuskatzea.

9. artikulua.

Pasabide baterako baimena eskuratzeko, hauek frogatu beharko dira:

1. Industriako eta merkataritzako establezimenduez eta, orokorrean, negozio lokal mota guztiez den bezainbatean:

a) Beren ezaugarriengatik ibilgailuak sartu eta ateratzen ibili behar izaten dutela; eta

b) Badutela aldi berean bi kamioi edo gehiago sartzeko aski leku libre, edo leku hori gau eta egun dutela eta bertze deusetarako ez.

c) Baldintza horretatik salbuesten ahalko dira pisu handien zamalanak egin behar dituzten establezimenduak; horrelakoetan, beharra frogatu beharko dute eta, gainera, badela lan horietarako gau eta egun espresuki erreserbaturiko tokia; horrez gain, zamalanetarako lehenagotik diren aparatu mekanikoen izena, kopurua eta kokapenaren berri eman beharko da.

2. Etxebizitzez den bezainbatean:

a) Legez garajea edo garaje-aparkalekua izan behar duten eraikuntzak direla; edo bertzenaz,

b) Beren bodondatez dutela frogatzea, hiru automobil sartzeko bezainbat edukiera duela izan ere. Salbuespenak izanen dira familia bakarreko etxebizitzak eta fatxada zirkulazio babestuko bideetara jotzen dutenak (Udalak izendatu beharko ditu horiek, 7.1 artikuluan zehazten den maneran); halakoetan, pasabide bat justifikatzen duen ibilgailu kopuru gutienekoa hamar da.

10. artikulua.

Aitzineko artikuluan xedatua zehatz-mehatz betetzeko, pasabidearen eskaerarekin batera hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lokalak zenbat ibilgailu eduki ditzakeen adierazten duen aitorpena.

b) Kokaera planoa, 1:500 eskalan, eta lokalekoa, 1:100 eskalan, zehazturik-eta berariaz ibilgailuak altxatzeko dagoen atala eta, bertan zamalanik egiten bada, horretarako dagoena; eta

c) Adierazpena, eskatzaileak lokala bertze xede edo jardueratako erabiliko ez duela aditzera ematen duena.

11. artikulua.

1. Pasabidea lekuz aldatu, handitu, murriztu edo kendu behar bada, titularrak egin beharko du eskaera.

2. Lekuz aldatuz gero, pasabiderako lizentzia berria emanen balitz bezala izanen da, dagoena kentzeak ekartzen dituen gastuak ordaindu behar badira ere.

3. Pasabide berrietarako zer tramite behar diren, horiexek berak egin behar dira pasabideak lekuz aldatzeko edo handitzeko lizentziak eskuratzeko.

4. Pasabidea murriztea partez kentzearen parekoa izanen da; hala eginez gero, orobat murriztuko da 14. artikuluaren b) artikuluan aipatzen den gordailua.

5. Pasabidea kenduz gero, eraturiko gordailua itzuliko zaio titularrari, honek eskaera egin halaxe egin dela egiaztatu ondoan.

12. artikulua.

Pasabiderako lizentziak arrazoi hauengatik iraungiko dira:

a) Zoladura egoera ezin hobean ez atxikitzeagatik, 17. artikuluan xedatzen denari jarraikiz.

b) Pasabidea ez erabiltzeagatik edo behar ez bezala erabiltzeagatik.

c) Lokalak 9. artikuluan galdatzen den edukiera ez izateagatik edo hartan zehazten diren xedeetarako osoki ez erabiltzeagatik.

d) Lizentzia zertan oinarrituta eman zen, inguruabar horiexek aldatzeagatik.

e) Orokorrean, ordenantza honek ezarritako betebeharretarik edozein ez betetzeagatik.

13. artikulua.

Pasabidea zein finka edo lokaletarako den, haren zabalera gehi laurden bat gehiago, horra zer har dezakeen, gehienez ere, pasabideen zabalerak, zintarrian neurtuta.

14. artikulua.

Lizentzia eskuratu aitzin, eskatzaileak frogatu beharko du honako hauek ordaindu dizkiola Udalari:

a) Une bakoitzean eskatzen ahal diren eskubide, tasa eta arielak.

b) Pasabidea kenduz gero espaloia lehengoratuko dela bermatzeko gordailua, Doneztebeko Udaleko arkitektoak espaloiaren berreraikuntzaren kostutik abiatuta kalkulatua.

c) Bidezko denetan, irekitzeko lizentziari dagokion tasa.

III. KAPITULUA

Pasabideek bete beharreko baldintzak

15. artikulua.

Pasabide guztietan disko bat izanen da; haren ezaugarriak eta kokalekua Udal Administrazioak erabakiko du, denendako berdinak izanen baitira.

16. artikulua.

1. Guztira hiru tona bitarteko ibilgailuek erabiltzeko pasabideak badira, haien zoladura inguruko espaloikoa bera izanen da, baina zimenduak gutienez ere 15 zentimetroko lodiera izanen da finkatutako lurraren gainean.

2. Pasabidea hiru tona baino gehiagoko kamioien sar-ateretarako bada, zorua granito harrizko galtzadarriz eginen da, gutienez ere 20 zentimetroko lodiera duen zimenduaren gainean; bertzenaz, zoruak 30 zentimetroko lodiera izanen du gutienez, eta metro kubiko hormigoitik gutienez ere 300 Kg-ko porlana izanik.

17. artikulua.

Hona hemen pasabidearen titularraren betebeharrak:

a) Zorua eta seinalatzeko diskoa zaintzea.

b) Ondotik finkatzen den amortizazio epea iraganik, zorua berritzea, epe berria eman ezik:

1. Mortero konprimituko lauza txikietako zorua: 12 urte.

2. Hormigoi gaineko galtzadarrizko zorua: 25 urte.

3. Masako hormigoizko zorua: 12 urte.

4. Asfalto urtuan, hormigoiz edo mortero asfaltikoan egindako zorua: 18 urte.

5. Edozein motatako lauza txikietako zorua: 10 urte.

c) Udalak agintzen dizkion obra arrunt nahiz bereziak egitea pasabidean, bere kontura.

18. artikulua.

1. Higiezin bat berritu edo eraiki behar dela-eta kamioiak espaloian barna pasatu behar badira, dagokion pasabidea egin beharko da, iraupen eta ordutegi murritzak izanen dituena, behar diren eskubideak ordaindu ondoan; horretarako baimena ohiko bideetatik eskatuko da.

2. Horri dagokionez, obrak sei hilabete baino gehiago irauten ez badu, dagoen zoladura probesten ahalko da, Udalak bertzerik erabaki ezik, baina betebeharra izanen da, batetik, aldiro oinezkoak pasatzeko maneran edukitzea eta, bertzetik, espaloia lehengoratzeko lanak abiatzea ibilgailuen sar-ateerak behar dituzten lanak bukatuta. Obrak sei hilabeteko epe hori baino gehiago irauten badu edo Udalak espresuki ezesten badu, 16. artikuluan ezartzen diren baldintzekin bat egin beharko da pasabidea.

IV. KAPITULUA

Zehapenak

19. artikulua.

1. Inork pasabide bat egin eta behar den lizentzia eskuratu gabe erreserba berezia seinalatzen badu, Udal Administrazioak errekerimendu eginen dio espaloia 15 egunean lehengora dezan, bere kontura lehengoratu ere.

2. Hala ere, pasabideak edo erreserbak betetzen badituzte ordenantza honetan ezarritako baldintzak, arau-hausleak, aipatu epearen barnean, behar den lizentzia eskatzen ahalko du, eskubideak halako bi ordaindu ondoan.

3. Epe hori lizentzia eskatu gabe edo espaloia lehengoratu gabe iraganik, Alkatetzak isuna ezarriko dio arau-hausleari; zenbatekoa erregelamenduzko arau-hausteagatik legez bidezko dena izanen da, eta modua ere orobat.

20. artikulua.

1. 17. artikuluan ezarritakoa osoki edo partez betetzen ez bada, Udal Administrazioak errekerimendu eginen dio pasabidearen titularrari, 10 eguneko epean, pasabidearen zainketa okerra zuzen dezan.

2. Epe hori iraganik, titularrak arau-haustean irauten badu. Alkatetzak isuna ezarriko dio; zenbat eta nola, aitzineko artikuluan agertzen direnak.

21. artikulua.

30 egun iraganik pasabidearen titularrak bete ez badu 19 eta 20. artikuluetan ezarri dena, obra Udalak eginen du, haren kontura.

22. artikulua.

Borondatezko diru-bilketak aipatzen duen borondatezko aldia iraganik, inork ez badu egin pasabide batek sorrarazten duen tasaren diru-sarrera, hamar egun balioduneko epea emanen zaie subjektu pasiboei diru-sarrera egiteko, eta oharataraziko zaie hala egiten ez badute lizentzia eraginik gabe geldituko dela eta plaka kendu beharko dutela, eta hala egiten ez badute, Udalak eginen duela haien kontura.

Arau-hausteak eta zehapenak

23. artikulua.

a) Ordenantza arautzen dituen aprobetxamenduetariko bat Udalaren behar den kontzesioa gabe egitea.

b) Lizentzia zer epetarako eman zen, hura iraungita aprobetxamendua egiten jarraitzea.

c) Eremu publikoko edo herrilurretako zorua okupatzea, baimenak finkatutako mugetatik kanpora.

d) Paratzen dituen plaka edo bereizgarriak Udalak luzatzen dituen ofizialetarik ez izatea, baita behar den baimena eskuratu gabe espaloia horiz pintatzea ere.

Xedapen gehigarri bakarra.-Tasa hau ezarri baita, debeku da arras ibilgailuak eremu publikotik higiezin edo orubeetara sartzea, arrapalak, zurak edo bertzelako elementu mugigarriak behin-behinekoz edo noiz nola erabiliz horretarako arrazoiak Udalak aitzinetik baimendu ezik.

Azken xedapenetan lehenbizikoa.-Ordenantza honek 2010eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Azken xedapenetan bigarrena.-Ordenantza honen arabera aplikatu beharreko tarifak 2010eko 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, otsailaren 8an.

Iragarkiaren kodea: L1006868