60. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

235/2010 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Martzillako 8. poligonoko 1. lurzatian kokatua den ebakitze-zentroaren proiekturako. Sustatzailea Biorenovables, S.L. da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinaren I) idatz-zatian sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk eskatutako baldintza teknikoak betetzea du helburu proiektuak, Caparrosoko Las Masadas alderdian eraiki gogo den biodigestio planta berritik kanpora energia kanporatu ahal izateko. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak jakinarazi duenez, proiektu horrek ez du ingurumen ukipen nabarmenik eraginen.

Espedientean jasota dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Martzillako 8. poligonoko 1. lurzatian kokatuko den ebakitze-zentro berriaren proiekturako. Sustatzailea Biorenovables, S.L. da.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero. Kontuan hartu beharko da Abiadura Handiko Trenaren trazadurak baduela eragina proposatutako jarduketan.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 7.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Martzillako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 13an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1006713