60. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

38/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Gobernu Egokirako Kodea prestatzeko Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duena.

Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak, 2010eko martxoaren 16an egindako bilkuran, ebazpen bat onetsi zuen, non Osasun Departamentuari eskaera egiten baitzaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Gobernu Egokirako Kode bat sortzeko, "Socialistas del Parlamento de Navarra" Parlamentuko taldeak 2010eko otsailaren 9an aurkeztutako mozioa eztabaidatu eta bozkatu ondoren.

Kudeatzaileen jarduketetan agertu behar duten etikako eta jokabideko printzipioen multzoak eratzen du Gobernu Egokirako Kodea, erantzukizunez, onestasunez eta austeritatez jokatzeko. Erakundeen gobernuaren ikuspegi berri bat da, bai alde ekonomikotik, zein sozialetik eta ingurumenaren alderditik. Informazioaren gardentasunean oinarritutako politika formalak eta kudeaketa sistemak baliatzea suposatzen du. Gobernu Egokiaren printzipioak erabakigarriak dira erakundeen bideragarritasun, lehiakortasun eta iraupenerako.

Azken batean, ahalik eta praktika egokienak bultzatu eta kalitatea bilatzeko kode etikoa da, konfiantza sortzeko, jokabide desegokiak baztertzeko eta akatsak lehenbailehen zuzentzeko; horrela, eraginkorragoa, parte-hartzaileagoa eta gardenagoa da publikotasunaren kudeaketa, egokiagoa gaur egungo herritarren eskakizunetarako, eta bide ematen du erabakiak hartzen dituztenei erantzukizunak eskatzeko.

Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak onetsitato ebazpena betez, komenigarritzat jotzen da aholku batzorde tekniko bat sortzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Gobernu Egokirako Kodea presta dezan.

Horrenbestez, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1.-Aholku Batzorde Teknikoa sortzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Gobernu Egokirako Kodea presta dezan.

2.-Honako hauek osatuko dute Aholku Batzorde Teknikoa:

María Kutz Peironcely andrea, Osasuneko kontseilaria, Aholku Batzorde Teknikoko buru gisa jarduteko.

Isabel Martín Montaner andrea, Osasuneko zuzendari nagusia.

Carlos Aranzadi Menéndez jauna, Nafarroako Ospitaleko Angiologia eta Hodietako Kirurgiako Zerbitzuko burua.

Enrique Bernaola Iturbe jauna, Bideko Ama Birjina ospitaleko Pediatria Zerbitzuko burua.

Manuel Martínez Grande jauna, traumatologoa.

Clemente Bernués Gambarte jauna, medikua, Sanduzelaiko Osasun Etxeko zuzendaria.

Fernando Ganchegui Guisasola jauna, Ospitalez kanpoko Larrialdietarako Zerbitzuko medikua.

José Manuel Vizcay Vilella jauna, pediatra, Ermitagañako Osasun Etxeko zuzendaria.

Pablo De Miguel Adrián jauna, Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialeko burua.

M.ª Teresa Fortún Pérez de Ciriza andrea, Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialeko burua.

Javier Gost Garde jauna, Nafarroako Ospitaleko Medikuntza Prebentiboaren eta Ospitaleko Kalitatearen Zerbitzuko burua.

Antonio Pérez Prados jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa.

Purificación González Merchán andrea, Osasun Departamentuko idazkari teknikoa, Aholku Batzorde Teknikoko idazkari lanetan ariko dena.

3.-Aholku Batzorde Teknikoak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Gobernu Egokirako Kodearen edukiari buruzko proposamena egitea, baita hura betetzea bermatuko duten jarduketa programari eta gainbegiratzeko tresnei buruzkoa ere.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari informazioa eta aholkua ematea, bere antolamenduan kalitateko osasun sistema bermatzen duen erantzukizun sozialean oinarritutako eredua ezar dezan.

c) Interes taldeak heztea, erantzukizun sozialaren indar eraldatzailea onar dezaten.

d) Aholku eman eta behar diren jarduketak proposatzea, gizarte zibilak eta osasun arloko profesionalek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro eta zerbitzuen kudeaketan parte har dezaten.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak abiatuta nahiz abiatzeko dituen ekintzak aztertu eta neurriak proposatzea, hartutako erabakien eta lortutako emaitzen publizitatea eta gardentasuna bermatzearren.

f) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendaritzako lanpostuetan sartzeko profesionaltasuna eta goi karguen ordainsarien gardentasuna bermatuko dituzten politiken diseinua proposatu eta haietan laguntzea.

g) Informazioa eta aholkua ematea, gobernu egokiaren kontrako jarduerak atzeman eta ikertzen dituzten mekanismoak ezartzeko.

h) Informazioa eta ahokua ematea, osasun publikoaren kudeaketako interes gatazkak konpontzen dituzten prozedurak ezartzen.

4.-Batzordea bere barne funtzionamendurako arauetan eta, horrelakorik ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezarritako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz erregulatuko da.

5.-Bidezko iruditzen zaionean, batzordeak aholkulari espezialisten laguntza izaten ahal du, eta beharrezkotzat jotzen badu, berariazko batzordeak sortzea proposatzen ahal du gai jakin batzuetarako.

6.-Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzea, haren berri izan dezaten eta behar diren ondorioak izan ditzan.

7.-Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko apirilaren 12an.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F1006508