59. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

29/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 21ekoa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak emana, "Sunbillako hegoaldeko eta iparraldeko bidegurutzeak Iruña-Behobia N-121A errepideko 49+350 eta 51+000 k.p.etan moldatzeko proiektua" jendaurrean egoteko fasea ebatzi eta proiektua behin betiko onesten duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak ekainaren 4an emandako 54/2009 Foru Aginduaren bidez, behin-behineko onetsi zen "Sunbillako hegoaldeko eta iparraldeko bidegurutzeak Iruña-Behobia -121A errepideko 49+350 eta 51+000 k.p.etan moldatzeko proiektua" eta, onespenaren iragarkia 2009ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 19an, argitaratu ondoren, jendaurrean jarri zuen, hala proiektuaren eduki teknikoari dagokionez, nola desjabetzeak ukituko dituen lurrak okupatu beharrari dagokionez.

Jendaurreko epea bukatu delarik, Zainketa Zerbitzuak aditzera eman du alegazio hauek aurkeztu direla:

-1. alegazioa.

José Francisco Errandonea Zubieta jaunak, Sunbillako Udaleko alkate-udalburuak, alegazio hauek egin ditu, bidegurutze bakoitzaren gainean:

Hegoaldeko bidegurutzeari buruz, 49+350 k.p.an baitago, uste du proposatutako konponbidea aukeratuz gero (hots, sestra bereko bidegurutzea eta azelerazio eta desazelerazio errei bana bi norabideen artean) istripuak izateko oso arrisku handia egonen dela, egungo konponbideak duena adinakoa, nahiz eta proiektuko konponbidearekin zirkulazio errei bakarra gurutzatu beharko den (gaur egun bi errei gurutzatu behar dira).

Konponbide gisa, Sunbillako Udalak egoera aztertu du eta departamentuari proposatu dio sestra desberdinetako bidegurutze bat. Horren oinplanoaren kopia erantsi du.

Iparraldeko bidegurutzeari dagokionez, 51+000 k.p.an baitago, udalak uste du errepidearen eskuinaldean dauden baserrietatik datozen ibilgailuei gurutzatzeko aukera eman behar zaiela, bestela, Igantzin egiten ari den sestra desberdinetako bidegurutze berriraino joan beharko dutelako; hau da, Iruñeko bidea hartzeko kilometro gehiago egin beharko dituzte. Hori dela eta, ukitutako herritarrek (12 baserrik) aurkeztutako alegazioekin bat datorrela adierazi du. Proposatutako konponbideak, gainera, txirrindulariei, traktoreei eta oinezkoei errepidea Irunerantz hartzea galarazten die, eta ukitutako baserrietako biztanle askok garraiobide horiek erabili ohi dituzte.

Erantzuna:

Hegoaldeko bidegurutzearen gaineko alegazioari.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariarekin egindako bilkuran, Sunbillako Udalari adierazi zitzaion bezala, hegoaldeko bidegurutzerako lur gaineko pasabide bat egiteko Sunbillako Udalak aurkeztutako proposamenak traba hauek dituela:

a) Lur gaineko pasabidearen eta Sunbillako sarreraren koten arteko diferentzia oso handia da, 10 metro ingurukoa. Hori dela eta, jaisteko aldapa handiegia izanen da, glorieta lurraren kotan jartzen bada. Aldapa %6,5ekoa baldin bada, glorieta egungo lur mailatik 4,50 metro gorago geldituko da, eta horrek Sunbillan sartzeko bidean eta Frantziatik datorren erreian izanen du eragina. Horren ondorioz, Bidasoa ibaiaren ondoan eustorma gehiago eta altuagoak jarri beharko dira.

b) Bidasoa ondoko lurren ukipena egiteko, batez ere lur mailako okupazioa egiteko eta galtzadaren kota igotzeko, Kantauriko Ur Konfederazioaren onespena behar da. Proiektuaren jendaurreko aldian, Konfederazioak idazki bat aurkeztu du, obrak hasi aurretik bere baimena beharrezkoa dela oroitarazteko, betiere Uren Jabari Publikoaren Erregelamenduan ezarritakoa betetzen dela justifikatu ondoren. Beraz, hori betetzea nahitaezkoa da baimena lortzeko, baina zaila dirudi eremu horretarako proposatutako proiektu alternatiboak betetzea.

c) Gaur egun dagoen istripu arriskua (biribilgune zatitua) ezin da inola ere konparatu proiektuaren konponbidekoarekin (itxaroteko errei zentrala). Gaur egun, Sunbillan sartu edo handik atera nahi duen ibilgailuak bi errei gurutzatu behar ditu, eta gurutzatu aurretik ezker-eskuinetara begiratu behar du gidariak. Proiektatu den konponbidean, berriz, errei bakarra gurutzatuko du, eta zuzenean datorkion trafikoari baizik ez dio begiratu behar. Horrenbestez, hobekuntza nabarmena dakar. Penintsulan garrantzi aldetik N-121A errepidearen antzekoak diren errepide gehienetan horrelako konponbideak erabili eta gomendatzen dira, bide segurtasuna hobeki bermatzeko.

Horiek horrela, ezetsi egin da alegazioa.

Iparraldeko bidegurutzearen gaineko alegazioari.

Udalak aurkeztutako alegazioa landan bertan aztertu ondoren, ikusi da errepidearen eskuineko aldean baserri asko daudela eta, horiei errepidea gurutzatzea debekatuz gero, bide dexente egin beharko dutela hurrengo bidegurutzeraino. Bidegurutze horren ezaugarri teknikoak, ikuspenari dagokionez, proiektatu denaren antzekoak dira.

Bestalde, txirrindulariei, traktoreei eta oinezkoei errepidea gurutzatzea debekatuz gero, horrelako ibilgailuak ezin izanen lirateke sartu NA-1210 errepidean, Belaterantz.

Hortaz, alegazioa onartzen da eta errepidea gurutzatzea baimentzen da, ezkerretara biratu ahal izateko.

-2. alegazioa.

José Francisco Errandonea Zubieta jaunak, Sunbillako Udaleko alkate-udalburuak, uste du hegoaldeko bidegurutzearen aurretik dagoen biribilgunea ezin dela kendu, izan ere, N-121A errepidean barna Iruñerantz doazen ibilgailuek, errepidearen eskuinaldean dauden baserrietara joan nahi izanez gero, Narbarteko udalerriraino joan beharko luketelako.

Erantzuna:

N-121A errepidean barna Iruñerantz doazen ibilgailuek, errepidearen beste aldera joateko, Sunbillako herrigunean sartu beharko dute, hegoaldeko bidegurutzearen eta tunelaren artean dagoen azpiko pasabidetik, hantxe baitago zerbitzu-bide bat, errepidearen eskuinaldean dauden baserrietara joateko.

Alegazioa ezetsi da.

-3. alegazioa.

Laurentino Otero Bardón jaunak alegatu du 1. poligonoko 476. lurzatiaren titular gisa Miguel María Salaverría Biurrarena jauna agertzen dela, baina finka horren titulartasuna eskatzaileak eta bere andreak osatzen duten ezkontza-sozietatearena dela.

Bigarrenik, alegatu du ezkontza-sozietatearen ohiko helbidea Ibaiondo etxea dela, poligono bereko 477. lurzatian dagoena, eta kaltetua izanen dela orain dauden sarbideak eta aterabideak zailduko direlako, oraingoak errazagoak eta laburragoak baitira.

Hirugarrenik, bere egin ditu Sunbillako Udalaren alegazioak, udalak bezala uste baitu proiektuak ez dituela konponduko pertsonendako dauden arriskuak, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen du lur gaineko pasabide bat eraikitzea.

Erantzuna:

Lehenengo alegazioari dagokionez, ondasunak eta zerbitzuak okupatzeko aktak egiteko fasean alegatutakoa kontuan hartuko da. Ekitaldi horretara, jabeek ukitutako lurren jabetza frogatzeko behar den dokumentazioa eraman beharko dute.

Bigarren alegazioari dagokionez, proiektuaren konponbideak ez du haren etxean sartu edo ateratzeko mugimendu bakar bat ere galarazten. Horrenbestez, alegazioa ezetsi da.

Hirugarren alegazioari dagokionez, udalak hegoaldeko bidegurutzeari jarritako alegazioan azaldutako arrazoi berberengatik, alegazioa ezetsi da.

-4. alegazioa.

Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioko Kantauriko Ur Konfederazioko zerbitzuko buruak oroitarazi du, obrak hasi aurretik, beharrezkoa dela arroko erakunde honen baimena izatea, ibai-ibilguen polizia eremu batean daudelako.

Erantzuna:

2009ko azaroaren 16an, obra egiteko baimena eskatu zitzaion Ur Batzordeari.

2010eko otsailaren 26an, Kantauriko Ur Konfederazioak Ur Komisarioak emandako ebazpena diktatu du. Horren bidez departamentu honek eskatutako baimenaren aldeko txostena eman zen, proiektuan aurreikusitako obrak burutzeko.

Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea betez, proiektuak Ingurumen ukipenen txostena dauka, aldekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak 2009ko ekainaren 22an emana.

Horiek horrela, Zainketa Zerbitzuak txostenean adierazi eta proposatu duenarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. "Sunbillako hegoaldeko eta iparraldeko bidegurutzeak Iruña-Behobia N-121A errepideko 49+350 eta 51+000 k.p.etan moldatzeko proiektua" jendaurrean egoteko fasea ebaztea, azalpen zatian adierazi den bezala.

2. "Sunbillako hegoaldeko eta iparraldeko bidegurutzeak Iruña-Behobia N-121A errepideko 49+350 eta 51+000 k.p.etan moldatzeko proiektua" behin betiko onestea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan gehien zabaltzen diren egunkarietako batean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Zainketa Zerbitzuari, Desjabetze Atalari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek administrazio bidea amaitzen du administrazio publikoentzat. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko apirilaren 21ean.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

Iragarkiaren kodea: F1007217