59. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

90/2010 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko 23 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian atzemandako akatsak zuzentzen dituena. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 31n emandako 63/2010 Ebazpenaren bidez onetsi zen deialdia.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, martxoaren 31n emandako 63/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko 23 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen. Deialdia 2010eko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 16an.

Espedientea azterturik ikusi da akats bat egin dela deialdiaren 2.1.2 oinarrian: igoera txandako baldintzetan ez da antzinatasunari dagokiona jarri, hau da, c) atala. Bestalde, 3.2 oinarrian ez da ondoko B) atala jarri: igoera txandako izangaiek aurkeztu beharreko berariazko dokumentazioa, baldin eta izangai horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira edo Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.

Era berean, ez da jarri 8. oinarriaren aurreko atala, lanpostu hutsak hautatzeari buruzkoa.

Hori horrela, bidezkoa da zuzentzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskumenak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak erabiliz, azaroaren 5eko 235/2007 Foru Dekretuaren bidez eman zaion idazketaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko 23 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiaren 2.1.2 eta 3.2 oinarrietan atzemandako akatsak zuzentzea (deialdia martxoaren 31ko 63/2010 Ebazpenaren bidez onetsi zen), atal hauek erantsiz:

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintzak.

"c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez benetan eman dituztela zerbitzuak kidego horietan."

3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

"B) Igoera txandako izangaiek aurkeztu beharreko berariazko dokumentazioa, izangai horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira edo Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira:

A atalean adierazitakoaz gain, ondokoa aurkeztu beharko dute:

-Deialdi honen 2.1.2. ataleko a), b) eta c) letretan aipatzen diren betebeharrak frogatzen dituzten agiriak."

2. Lanpostu hutsak hautatzeari buruzko 7 bis oinarria sartzea, izendapenaren, lanpostu hutsak esleitzearen eta jabetza hartzearen aurretik. Honela agertuko da:

"-7 bis. Lanpostu hutsak hautatzea.

7bis.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharren arabera horiek aldatzea erabakitzen bada.

7bis.2. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez parte hartu duten.

Hala izanagatik ere, desgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egindako txostenaren arabera.

7bis.3. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, aurreko atalean adierazitako salbuespenarekin betiere.

3. Ebazpen hau epaimahaiko kideei igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta interesdunei ohartaraztea gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 4an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

Iragarkiaren kodea: F1007903