59. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Zerbitzu jardueretarako sarbide librea eta haietan aritzea arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Zerbitzu jardueretarako sarbide librea eta haietan aritzea arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespena 2010eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 22an. Jendaurreko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu da. Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Zerbitzu jardueretarako sarbide librea eta haietan aritzea arautzen dituen udal ordenantza

Zioen azalpena

Lisboako Estrategiaren esparruan, Europako Batzordeak, Europako Kontseiluaren eskaerari erantzunez, hark eskatu baitzion zerbitzuen zirkulazio askea eta zerbitzu-emaileen kokatzeko askatasuna eragozten dituzten trabak kentzeko politika antola zezala, "Barne merkatuko zerbitzuen gaineko zuzentarauaren proposamena" aurkeztu zuen 2004ko urtarrilaren 13an, "Zerbitzuen Zuzentaraua" ere deitua. Hainbat zuzenketaren ondoren, Europako Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an onetsi zuen 2006/123/EE Zuzentaraua, urte bereko abenduaren 27an Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta hurrengo egunean hartu zuen indarra.

Zuzentarauak berak hau gogorarazten du bere azalpenaren hasieran: "Europar Batasunaren Itunaren 14. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera, barne merkatua barneko mugarik gabeko eremu batean gauzatzen da eta esparru horretan zerbitzuen zirkulazio askea bermaturik dago". Itunaren 43. artikuluak kokatzeko askatasuna bermatzen du eta 49. artikuluak zerbitzu emate askea ezartzen du Europar Batasunean, eta hau gehitzen du: "estatu kideen artean zerbitzu jardueren garapena galarazten duten oztopoak kentzea funtsezko bidea da Europako herrien arteko batasuna indartzeko eta aurrerapen ekonomiko eta sozial orekatu eta iraunkorra sustatzeko". Jarraian azpimarratu egiten du, halaber, zerbitzuak direla "hazkunde ekonomikoaren eragileak, BPGaren eta lanpostuen %70 zor baitzaie estatu kide gehienetan. Enpleguaren gakoa dira, batez ere emakumeentzat, eta horiek neurri handian baliatzen ahal dituzte zerbitzuen barne merkatua erabat gauzatzeak eskainiko dituen aukera berriak".

Zerbitzuei buruzko Zuzentarauak, beraz, hauxe du xedea: "zerbitzu-emaileak estatu kideetan kokatzeko askatasunaren kontrako oztopoak eta estatu kideen artean zerbitzuen zirkulazio askea galarazten dutenak kentzea, eta behar adinako segurtasun juridikoa bermatzea bai zerbitzuen hartzaileei bai emaileei, Ituneko bi askatasun oinarrizko horiek eraginkortasunez erabili ahal izan daitezen".

Aipatu zuzentarauaren aplikazioak gure ekonomian izanen duen eraginaren garrantzia kontuan hartzekoa da. Izan ere, zenbakitan zerbitzuen sektorea da garrantzitsuena BPGan duen pisua dela eta, nazio mailan %66,7 hain zuzen, eta berari zor zaio enplegu nazionalaren %66,2. Sektore horren mende daude hein handian gainerako sektore ekonomikoen hazkundea eta lehiakortasuna. Zuzentarauaren aplikazioak, beraz, zerbitzu jardueretarako traba administratiboak gutxituko ditu eta pizgarri izanen da enpresa eta ekonomia jarduerarako. Espainian, hain zuzen ere, Gobernu Zentralak aurreikusten du haren eraginez 200.000 lanpostu sortuko direla, BPGa %1,2 haziko dela, kontsumoak %1,2 eginen duela gora eta ekoizpenak, berriz, %1.

Europar Batasuneko zuzentaraua denez, gure antolamendu juridikora ekarri behar da aplikatu ahal izateko. Zuzentarauaren eraginpeko zerbitzuen kokapenerako prozedura eta tramitazioa gaur egun arautzen dituzten xedapen guztiak egokitu eta aldatu behar dira. Eginbehar hori Estatuko Administrazioari ez ezik administrazio publiko guztiei dagokie, eta 2009ko abenduaren 28rako burutu behar dute. Arauen transposizioak zerbitzu ekonomikoen arau-esparrua hobetuko du eta zerbitzuen eraginkortasuna, produktibitatea, lehiakortasuna, aukera eta kalitatea hobetuko dira, enpresen eta, batez ere, herritar guztien onerako.

Bide horretan Espainiako Parlamentuak lege hauek onetsi ditu: azaroaren 23ko 17/2009 Legea, zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzkoa, eta abenduaren 22ko 25/2009 Legea, zenbait lege aldatzen dituena, zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko legearen arabera egokitzeko.

Udal honek 2009ko abenduaren 23an erabaki zuen hasiera batean onestea ordenantza hau, Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen argitan egina, Zuzentarauaren eraginpeko zerbitzuetarako Udalak ezarrita edo ezartzeko dituen prozedura eta tramite guztien arau-esparrua zehazten duena.

Gure estatuak hautatu duen ereduari jarraikiz, ordenantza honek 2006/123/EE Zuzentarauaren transposizio zuzena eta horizontala egiten du. Doneztebeko udalerrian zerbitzu jardueretarako sarbide askea eta haietan aritu ahal izatea bermatzeko oinarrizko printzipioak biltzen ditu, eta oztopo administratiboak ezabatu edo gutxitzen ditu, prozedurak erraztuz eta prozedura telematikoak ezarriz.

Ordenantza hau onetsi ondoren, ukitutako udal ordenantzen aldaketak onetsiko dira, prozedura eta tramite administratibo guztiak egokituko dira, bide telematikoa ezarriko da eta Estatuak berariaz garatuko duen Leihatila Bakarrari batuko zaio.

Aurreko lerroaldean deskribatu diren udal ekintzez gainera, ordenantza honen xedapen indargabetzaileak eta xedapen iragankorrak uneoro babestu eta bermatuko dituzte Zuzentarauaren aplikazioa eta transposizioa: batetik ordenantza hau orokorra izanen da, Zuzentarauaren eraginpeko zerbitzuak kokatzearekin zerikusia duten Udaleko prozedura administratibo guztietan aplikatu beharrekoa; bestetik, Zuzentarauaren aurkakoak izan daitezkeen udal arauak edo prozedurak indargabeturik edo aldaturik geldituko dira besterik gabe.

Ordenantzak 5 kapitulu eta 25 artikulu ditu, xedapen indargabetzaile bat, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat.

I. kapituluan ("Xedapen orokorrak") ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua zehaztu, eta aplikazio orokorreko kontzeptuak definitzen dira.

II. kapituluak ("Jardueren eta zerbitzuen araubidea") aurretiazko komunikazio prozedurak eta baimentzeko prozedurak garatzen ditu, muga eta baldintza batzuk onartzen ditu eta beste batzuk debekatu egiten ditu. Kapitulu honen edukia da zerbitzuak askatasunez kokatzeko oztopo administratibo bidegabeak eta gehiegizkoak kenduko direla ziurtatzen duena.

III. kapituluak ("Isiltasun administratiboaren araubidea") baiezko isiltasun administratiboaren printzipio orokorra dakar eta ezezkoaren kasu bereziak garatzen ditu.

IV. kapituluak ("Administrazioa erraztea") administrazio publiko ororen gaur egungo xedea du izenburuan. Udalak jada helburu hori jaso zuen Herritarrei laguntzeko ordenantzan, baina testu honetan berariaz ekiten die hemen arautzen diren prozedurei, gardentasun, bizkortasun, eraginkortasun eta eragimen handiagoak bermatzeko, bidegabeko atzerapen eta kostuak kenduz eta tramiteak bide telematikotik egin ahal izatea bermatuz.

Gainera, kapitulu horretan zehazten da nola txertatuko diren aipatu udal prozedurak Estatuko Administrazioaren Leihatila Bakarrean. Estatuak ezarriko duen tresna horren bitartez Europako edozein zerbitzu-emailek behar adina informazio lortu eta tramiteak telematikoki egin ahalko ditu munduko edozein txokotatik.

V. kapituluan ("Administrazioen arteko lankidetza, zerbitzu-emaileak eraginkortasunez kontrolatzeko") udal honen eta Europako gainerako administrazio eta erakunde publikoen arteko lankidetzarako sistema arautzen da. Zuzentarauak dioenez, lankidetza hori funtsezkoa izanen da zerbitzuen barne merkatuaren funtzionamendu egokia bermatzeko Europar Batasun osoan.

Ordenantza hau eman da, goian esan bezala, 2006/123/EE Zuzentarauaren transposizioa egin behar delako, hura Udalaren arau-esparruan sartzeko. Beraz, Zuzentarauaren testua eta zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko Estatuko legearena ahalik eta zehatzen jaso dira ordenantza honetan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Doneztebeko udalerrian zerbitzu-emaileak kokatzeko eta zerbitzuak emateko askatasuna izan dadin beharrezkoak diren xedapenak ematea, prozedurak erraztuz eta, aldi berean, zerbitzuen kalitate maila handia sustatuz, eta, bestetik, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera bidegabekoak edo gehiegizkoak diren murrizketak kentzea zerbitzuen merkatuaren funtzionamenduari.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Diru truke ematen diren zerbitzuak Doneztebeko udalerrian kokatzeko beharrezkoak diren prozedurak eta tramiteak egiterakoan Udalak ordenantza hau aplikatuko du, zerbitzu-emailea Espainiakoa nahiz Europar Batasuneko beste herrialde batekoa izan.

2. Hauek aplikazio eremutik kanpo geldituko dira:

a) Finantza-zerbitzuak.

b) Komunikazio elektronikoetako zerbitzu eta sareak eta haiei lotutako baliabide eta zerbitzuak, komunikazio elektronikoen arloko legeriak arautzen dituen gaiei dagokienez.

c) Itsasoko eta aireko nabigazioaren eta garraioaren arloko zerbitzuak, garraio jarduera egiteko beharrezkoak diren portu eta aireportuetako zerbitzuak barne.

d) Aldi baterako laneko enpresen zerbitzuak.

e) Osasun arloko profesionalek osasun egoera ebaluatzeko, osasuna zaintzeko edo sendatzeko ematen dituzten zerbitzuak, farmaziakoak barne, baldin eta osasun arloko lanbide arautuetan bakarrik egin daitezkeen jarduerak badira.

f) Ikus-entzunezko zerbitzuak, zinema zerbitzuak barne, edozein delarik ekoizpen, banaketa eta transmisio modua; eta irratia.

g) Dirua jokatzen den jarduerak, loteriak barne.

h) Aginte publikoa erabiliz egiten diren jarduerak, batez ere notarioenak, jabetza erregistratzaileenak eta merkataritzako erregistratzaileenak.

i) Etxebizitza sozialen, haurrentzako arretaren eta behar iraunkorra edo behin-behinekoa duten familia eta pertsonentzako laguntzaren arloko gizarte zerbitzuak, administrazio publikoek zuzenean ematen badituzte edo zerbitzu-emaile pribatuek administrazio publikoekiko akordio, itun eta hitzarmenen bidez ematen badituzte.

j) Segurtasun pribatuko zerbitzuak.

3. Ordenantza hau ez zaie tributuei aplikatuko, baina ordenantza honen eraginpeko zerbitzuetarako baimen edo lizentziak emateko eta kontrolak egiteko ordainarazpenak arautzen dituzten oraingo eta geroko ordenantza fiskaletan egokitzapenak egin ahalko dira, behar izanez gero.

4. Ordenantza honetako xedapenen eta Europar Batasuneko araudia aplikatuz zerbitzu jarduera jakinak edo horietarako sarbideak arautzen dituzten beste xedapen batzuen arteko desadostasunik izanez gero, azken horiek izanen dute indarra Europar Batasuneko araudiak berariaz hala aurreikusten duen alderdietan.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

1. "Zerbitzua": norbaitek bere kontura eta normalean ordainsari baten truke egiten duen jarduera ekonomikoa, Europako Erkidegoaren Itunaren 50. artikuluan jasoa.

2. "Zerbitzu-emailea": zerbitzuren bat eskaintzen edo ematen duena. Pertsona fisikoa izan daiteke, Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea duena edo Espainiako legezko egoiliarra dena; edo pertsona juridikoa nahiz entitatea, estatu kide bateko legeriaren arabera eratua eta egoitza soziala edo jarduera-zentro nagusia Europar Batasunean duena.

3. "Hartzailea": zerbitzu bat erabiltzen duen edo erabili nahi duen pertsona fisiko edo juridikoa.

4. "Kokapeneko estatu kidea": zerbitzu-emailea kokaturik dagoen estatu kidea.

5. "Kokatzea": soldatarik gabeko jarduera baterako sarbidea izan eta hartan aritzea, eta halaber enpresak eta bereziki sozietateak eratu eta kudeatzea, legeriak finkatutako baldintzetan, denbora mugarik gabe eta, batez ere, azpiegitura egonkorra erabiliz.

6. "Kokagunea": zerbitzuak emateko erabiltzen den azpiegitura egonkorra.

7. "Baimena": norbaitek zerbitzu jarduera baterako sarbidea izan dezan edo hartan aritu ahal izan dadin agintaritza eskudunak aldez aurretik eman behar diona, berariaz edo isilbidez.

8. "Baldintza": zerbitzu jarduera baterako sarbidea izateko edo hartan aritu ahal izateko edozein eginbehar, debeku, betekizun edo muga, antolamendu juridikoan aurreikusia, edo jurisprudentziaren nahiz praktika administratiboen ondoriozkoa, edo profesionalen elkarteen eta lanbide elkargoen arauetan ezarritakoa.

9. "Erantzukizuneko aitorpena": enpresa edo lanbide jarduera baten titularrak sinatutako agiria, non bere erantzukizunaren pean adierazten baitu indarra duen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, hori frogatzeko dokumentazioa baduela eta konpromisoa hartzen duela jarduerak dirauen artean baldintzak betetzen jarraitzeko.

10. "Baimenen araubidea": antolamendu juridikoan edo lanbide elkargoen arauetan aurreikusitako sistema, zerbitzu jarduera baterako sarbidea izateko edo hartan aritzeko behar diren prozedura, baldintzak eta baimenak biltzen dituena.

11. "Interes orokorreko eta premiazko arrazoia": Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiaren jurisprudentzian halakotzat hartutako edozein arrazoi, hauek barne: ordena publikoa, segurtasun publikoa, babes zibila, osasun publikoa, gizarte segurantzako araubidearen finantza-orekaren babesa, kontsumitzaileen, zerbitzu-hartzaileen eta langileen babesa, merkataritzako transakzioetako fede ona, iruzurraren aurkako borroka, ingurumenaren eta hiri inguruaren babesa, abere osasuna, jabetza intelektuala eta industriala, historia eta arte ondare nazionalaren kontserbazioa, eta gizarte eta kultur politikaren helburuak.

12. "Agintaritza eskuduna": zerbitzu jarduerak arautu, antolatu edo kontrolatzen dituen edozein erakunde edo entitate, bereziki agintari administratiboak eta lanbide elkargoak.

13. "Harremanetarako gunea": autonomia erkidegoko Administrazioan udal honen eta Europar Batasunaren arteko komunikazioetarako ezartzen den organoa.

14. "Lanbide arautua": lanbide jarduera bati edo lanbide jardueren multzo bati horrela deitzen zaio beharrezkoa baldin bada, zuzenean edo zeharka, lanbide prestakuntza jakin bat edukitzea sarbide izateko, jardueran aritzeko edo modalitateren batean aritzeko, legezko edo erregelamenduzko xedapenen ondorioz.

15. "Komunikazio komertziala": merkataritza, industria edo eskulangintzako jarduera batean edo lanbide arautu batean ari den enpresa, erakunde edo pertsona batek eskaintzen dituen ondasun eta zerbitzuak edo haren irudia zuzenean edo zeharka sustatzeko egiten den komunikazioa.

Ondorio horietarako ez dira komunikazio komertzialtzat joko:

a) Enpresa, erakunde edo pertsona baten jarduerarako sarbide zuzena ematen duten datuak, zehazki, domeinu-izena edo posta elektronikoko helbidea.

b) Enpresa, erakunde edo pertsona batek eskaintzen dituen ondasun eta zerbitzuez edo haren irudiaz ematen den informazioa, modu independentean egina, batez ere dohainik ematen denean.

II. KAPITULUA

Jarduera eta zerbitzuetarako baimenen araubidea

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Udalak herritarren jardueretan esku hartu ahalko du bitarteko hauek erabiliz:

a) Ordenantzak eta bandoak.

b) Aurretiazko lizentziaren eta prebentziozko kontrolerako beste egintza batzuen beharra. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuaren barneko zerbitzu jardueretarako sarbideari eta haietan aritzeari dagokienez, ordea, ordenantza honetan xedatutakoa eta, betiere, zuzentarauan ezarritakoa beteko da.

c) Aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren beharra.

d) Jarduera hasitakoan kontrolak egitea araudia betetzen duela egiaztatzeko.

e) Banakako aginduak, egintza bat betearazteko edo zerbait debekatzeko.

2. Beste administrazio publiko batzuek emandako lizentzia eta baimenak gorabehera, titularrek udal honen lizentziak ere lortu beharko dituzte, bidezkoak eta aginduzkoak badira. Beti errespetatuko da lege sektorialetan xedatutakoa.

3. Udalak, eman zaizkion eskumenak erabiliz, gizabanakoen edo taldeen eskubideen erabilera mugatzen duten neurriak edo jarduera bat egiteko baldintzak ezartzen dituenean, eskubideak gutxien murrizten dituen neurria hautatu beharko du, interes publikoa babesteko zergatik den beharrezkoa azaldu, eta lortu nahi diren helburuetarako egokia dela frogatu beharko du. Inoiz ez da bereizkeriazko tratu desberdintasunik izanen.

5. artikulua. Baimen araubidea.

1. Zerbitzu jarduera baterako sarbidea edo hartan aritzea arautzen duen udal araudiak ezin izanen die baimen araubiderik ezarri zerbitzu-emaileei, salbu eta aparteko kasuetan eta ondoren azaltzen diren baldintzak betetzen direnean. Araubide hori ezartzen duen ordenantzan behar adinako arrazoiak eman beharko dira.

a) Bereizkeriarik eza: baimen araubideak ez du bereizkeriarik eraginen, ez zuzenean ez zeharka, nazionalitatea, jaioterria, bizilekua edo erroldatze lekua direla eta, edo, sozietateei dagokienez, egoitza sozialaren lekua dela eta.

b) Beharra: interes orokorreko eta premiazko arrazoiren batek justifikatu behar du baimen araubidea, ordenantza honen 3.11 artikuluan dagoen definizioarekin bat.

c) Proportzionaltasuna: araubide horrek tresnarik egokiena izan behar du lortu nahi den helburua lortuko dela bermatzeko, hain murriztaileak ez diren neurriekin emaitza bera lortzerik ez dagoelako. Hala, zerbitzu jarduera baterako sarbidea edo hartan aritzea ez dira inola ere loturik egonen baimen araubide bati, nahikoa baldin bada zerbitzu-emailearen komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena, zeinean adieraziko baitu, hala behar denean, baldintzak betetzen dituela, eta jarduera kontrolatzeko behar den informazioa emanen baitio agintaritza eskudunari.

2. Aurrekoarekin bat etorriz, jabari publikoaren aprobetxamendu berezietarako eta okupazioetarako baimen, lizentzia eta kontzesioetan baldintza horiek betetzat joko dira legez besterik xedatu ezean.

3. Udalak kasuan kasuko legeriaren arabera aplikatu beharreko betekizunak betetzen direnez egiaztatuko du; horretarako gertaerak, egintzak, elementuak, jarduerak, zenbatespenak eta gainerako inguruabar guztiak aztertu eta ikertu ahal izango ditu.

6. artikulua. Erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidea.

1. Erantzukizuneko aitorpenek eta aurretiazko komunikazioek kasuan kasuko arautegian zehazten diren ondorioak sortuko dituzte. Beraiei esker, oro har, aurkezten diren egunetik beretik eskubidea onartu edo erabiliko da edo jarduera bati ekin ahal izango zaio. Udalak, nolanahi ere, bere egiaztapen-ahalak baliatu ahal izango ditu.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, komunikazioa jarduerari ekin ondoren aurkeztu ahal izango da, bidezko arautegian aukera hori berariaz ezarriz gero.

2. Eskubideak erabiltzeko edo jarduerei ekiteko erantzukizuneko aitorpenen eta aurretiazko komunikazioen araubidea berariaz finkatu behar da, ordenantza honetan eta, ezinbestean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Ordenantza honen ondorioetarako, hauxe da erantzukizuneko aitorpena: interesdun batek sinatutako idazkia, zeinetan hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten baitu eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako betekizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

4. Aurreko paragrafoan aipatutako betekizunak berariaz edo argiro adierazi behar dira erantzukizuneko aitorpenean.

5. Hona zer den aurretiazko komunikazioa: eskubide bat erabili edo jarduera bati ekin nahi diotenek Udalari haren inguruko gertaeren edo elementuen berri emateko bidaltzen dioten agiria. Agiri horretan eskubidean edo jardueran eragina izan lezaketen alderdiak azaltzen dira eta berarekin batera bidezko legerian ezarritako betekizunak betetzeko behar diren agiri guztiak aurkeztu behar dira.

6. Erantzukizuneko aitorpen edo aurretiazko komunikazio bateko funtsezko datu, adierazpen edo agiriren bat okerrekoa edo faltsua izanez gero, jarduketak baliogabetuta geratuko dira eta ondorioz horren berri jakiten denetik ezin erabili izango da eskubidea edo ezin aritu izango da jardueran, eta baliteke erantzukizunak sortzea ere (zibilak, penalak zein administratiboak).

7. Halaber, aurrekoa adierazten duen ebazpenean ezarri ahal izango da interesdunak eskubidea erabili edo jarduerari ekin aurreko egoera juridikoa berrezarri behar duela eta, gainera, aldi jakin batean ezin abiarazi izango duela beste prozedurarik xede berarekin, eta hori guztia aplikatu beharreko arau sektorialetan ezarritakoarekin bat etorriz.

8. Erantzukizuneko aitorpenaren eta aurretiazko komunikazioaren ereduak eskuragarri egongo dira beti Udalaren web orrian eta Leihatila Bakarrean (ordenantza honetako 18. eta 19. artikuluak). Ereduak bide elektronikoz aurkeztu ahal izango dira.

7. artikulua. Denbora eta lurralde mugak.

1. Oro har, aurretiazko komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena egin edo baimena jasoz gero, zerbitzu jarduera mugaegunik gabe egin ahal izango da.

2. Jardueraren iraupena ondoko kasuetan soilik mugatu ahal izango da:

a) Erantzukizuneko aitorpena edo baimena berez berritzen da edo berritzeko aski da betekizunak etengabean betetzea.

b) Hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera baliagarri dauden baimenen kopurua mugatuta dago.

c) Baimenaren iraupena edo komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren ondorioak mugatzea bidezkoa da herritar guztien intereseko ezinbesteko arrazoi batengatik.

3. Atal honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jarduerari ekiteko ezar daitekeen gehieneko epealdia (baimena ematen denetik edo komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena egiten denetik zenbatu beharrekoa) ez da hartuko denbora mugatzat.

4. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, baimena baliorik gabe utzi ahal izango da, batez ere emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

5. Halaber, zerbitzu bat egiteko ezinbestekoa bada hartan aritu nahi duenak komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena aurkeztea eta Udalak egiaztatzen badu harekin batera aurkeztutako funtsezko datu, adierazpen edo agiriren bat okerrekoa edo faltsua dela edo ez direla betetzen indarreko legerian ezarritako betekizun guztiak, ordutik aurrera ezin erabili izango da eskubidea edo ezin jardun izango da zerbitzuan, eta baliteke erantzukizunak sortzea ere (zibilak, penalak zein administratiboak).

6. Udalari aurretiazko komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena aurkezten dionak edo haren baimena jasotzen duenak zerbitzuetan jardun ahal izango du Elgorriagako udalerrian.

7. Halaber, kasu jakin batzuetan establezimendu fisiko bakoitzak bere baimena, komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena beharko du, hain zuzen ere herritar guztien intereseko ezinbesteko arrazoiren batengatik bidezkoa denean, baldin eta neurria zentzuzkoa bada eta ez badu inor bereizten.

8. artikulua. Baimenen kopurua mugatzea.

1. Baimenen kopurua kasu batean soilik mugatu ahal izango da, natur baliabideen edo baliabide fisikoen urritasunak edo jardueran erabili beharreko gaitasun teknikoen murrizpenak hartara behartzen duenean.

2. Zerbitzu batean jarduteko baimenen kopurua mugatzen bada:

a) Baimenak emateko prozedurak bermatu behar du printzipio hauek betetzen direla: publizitatea, objektibotasuna, inpartzialtasuna, gardentasuna eta lehia.

b) Baimenek zerbitzuaren ezaugarrien araberako iraupena eduki behar dute, eta gainera ez dira berez berritu behar eta iraungitakoan zerbitzua egiteari uzten dionak eta berari lotutako pertsonek ez dute eduki behar inolako onurarik.

9. artikulua. Eskatzen diren betekizunei aplikatu beharreko printzipioak.

1. Zerbitzugileari ezin ezarri izango zaio funtsean Espainian edo Batasuneko beste estatu batean dagoeneko ezarrita dituenen baliokide edo antzekoa den betekizunik, kontrolik ez bermerik.

2. Zerbitzu jarduerak jasotzeko edo haietan aritzeko ezartzen diren betekizunetan izapide hauek aplikatu behar dira:

a) Ezin dute inor bereiztu.

b) Betekizuna ezartzeko arrazoia herritar guztien onura izan behar da.

c) Aurreko arrazoiaren proportziozkoak izan behar dira.

d) Argiak eta zehatzak izan behar dira.

e) Objektiboak izan behar dira.

f) Aurretiaz argitaratu behar dira.

g) Gardenak eta eskuragarriak izan behar dira.

10. artikulua. Debekatutako betekizunak.

Udalerri honetan inolaz ere ez dira ezarriko ondoko betekizunak zerbitzuak jasotzeko edo egiteko:

a) Zuzenean zein zeharka nazionalitatean oinarritutako bereizkeria ezartzen duten betekizunak, are establezimendua edo sozietatearen egoitza agintaritza eskudunaren lurraldean egotea kontuan hartzea, eta ondokoa bereziki: zerbitzugileak, bere langileek, sozietatearen kapitalaren partaide direnek edo kudeaketa eta ikuskapen organoetako kideek nazionalitate jakin bat edo egoitza lurralde jakin batean eduki beharra.

b) Hainbat udalerritan edo Batasuneko hainbat estatutan egoitza ezin eduki izatea eta hainbat udalerritako edo Batasuneko hainbat estatutako lanbide erregistro edo elkargoetan inskribatuta ezin egon izatea.

c) Zerbitzugileei establezimendu nagusien eta bigarren mailakoen artean hautatzeko aukera murrizten dieten betekizunak, batez ere establezimendu nagusian udalerrian edo Espainiako lurraldean eduki beharra, eta zerbitzua egiteko establezimendua ezartzean sukurtsalaren eta mendeko sozietatearen artean hautatzeko aukera murrizten duten betekizunak.

d) Betekizun ekonomikoak, batik bat baimena jasotzeko merkatuan beharrizan ekonomikoa edo eskaria dagoela frogatu behar izatea, jarduerak izango dituen edo izan ditzakeen ondorio ekonomikoak ebaluatu behar izatea eta jarduera agintaritza eskudunak bere programazio ekonomikoan ezarritako helburuekin bat datorren aztertu behar izatea.

e) Eratu beharreko finantza bermeak edo eduki beharreko aseguruak udalerriko edo Espainiako lurraldeko erakunde batekin egin behar izatea.

f) Udalerriko zerbitzugileen erregistroan edo Espainiako lurraldeko beste batean aldi jakin batean inskribatuta egon behar izana edo lurralde horretan aurretik aldi jakin batez jardun behar izana.

11. artikulua. Debeku diren baldintzak eta mugak.

1. Zerbitzu bat jasotzeko edo egiteko udal araudian ezin da ezarri honelako baldintzarik:

a) Kopuru edo lurralde murrizpenak, batez ere biztanleriaren edo zerbitzugileen gutxieneko distantzia geografikoaren araberakoak.

b) Zerbitzugileek forma juridiko jakina eduki beharra, eta irabazteko asmorik gabeko erakunde gisa eratuta egon behar izatea.

c) Sozietatearen kapitalaren partaidetzaren inguruko betekizunak, hain zuzen ere jarduera jakin batzuetarako gutxieneko kapitala eduki behar izatea edo sozietatearen kapitala edukitzeko edo sozietate jakin batzuk kudeatzeko kualifikazio jakina eduki behar izatea.

d) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2005eko irailaren 7an lanbide kualifikazioak onartzeari buruz emandako 2005/36/EE Zuzentarauak araututako lanbideetan aritzeko eskatzen direnak ez bestelako betekizunak, jarduera baten aritzeko aukera, haren berezitasuna dela eta, pertsona jakin batzuei soilik onartzen dietenak.

e) Udalerrian edo Espainiako lurraldean establezimendu bat baino gehiago ezin eduki izatea.

f) Zerbitzu bat bakarrik egin behar izatea, modu esklusiboan.

g) Plantillaren osaerari buruzko betekizunak, esaterako gutxienez langile kopuru jakin bat eduki behar izatea (guztira zein kategoria jakin batzuetan).

h) Prezioen askatasuna murrizten dutenak (gutxieneko edo gehieneko tarifak, adibidez) eta deskontuak aplikatzeko murrizpenak ezartzen dituztenak.

i) Zerbitzuarekin batera beste zerbitzu berezi batzuk egin edo produktu jakin batzuk eskaini behar izatea.

2. Hala ere, aparteko kasuetan, aurreko atalean aipatutako betekizunetako bat ezarri ahal izango da zerbitzu bat jasotzeko edo egiteko, baldin eta ordenantza honetako 5.1 artikuluaren arabera bereizkeriarik aplikatzen ez bada, herritar guztien intereseko ezinbesteko arrazoiren batengatik bidezkoa bada eta zentzuzkoa bada.

Nolanahi ere, honelako baldintzetako bat ezartzen bada, horren berri eman behar zaio Europako Batzordearen harremanetarako guneari. Gainera, baldintza ezartzeko arrazoiak azaltzeko halakoei buruzko udal araudira jo behar da (salbuespena: baldintza legearen mailako arau batek ezartzea).

12. artikulua. Zerbitzugintza askea.

1. Egoitza Batasuneko beste estatu batean duten zerbitzugileek zerbitzugintza askean jardun ahal izango dute udalerrian, muga bakarrak jarduerak eta zerbitzuak jasotzeari eta egiteari buruzko legean xedatutakoaren arabera ezarritakoak direla.

2. Halako zerbitzugileei inolaz ere ezin izango zaizkie ezarri ondoren azalduko diren baldintzak udalerrian aritzeko:

a) Egoitza udalerrian edo Espainiako lurraldean eduki behar izatea.

b) Espainiako agintarien baimena eduki edo Espainiako erregistro edo elkargo batean inskribatuta behar izatea.

c) Udalerrian edo Espainiako lurraldean ezin erabili izatea zerbitzua egiteko behar den azpiegitura.

d) Langile autonomo gisa zerbitzugintzan aritzea eragozten duten eskakizunak.

e) Espainiako agintariek emandako identifikazio agiri berezia eduki behar izatea.

f) Zerbitzugintzarako ezinbestekoak diren ekipoen eta materialen erabileraren inguruko betekizunak, laneko osasunerako eta segurtasunerako denean izan ezik.

3. Aparteko kasuetan zerbitzugile hauei sektoreko legerian ezarritako betekizunak aplikatu ahal izango zaizkie zerbitzu bat Espainiako lurraldean aldi batez jasotzeko edo egiteko, hain zuzen ere ordena publikoa, segurtasun publikoa, osasun publikoa edo ingurumenaren babesa dela eta bidezkoa denean. Kontuan eduki behar da betekizunak, 5.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, zentzuzkoak izan behar direla, ez dutela bereizkeriarik aplikatu behar eta legearen mailako arau baten bitartez ezarrita egon behar direla.

III. KAPITULUA

Administrazioaren isiltasunaren araubidea

13. artikulua. Administrazioaren isiltasuna interesdunek eskatuta hasitako prozeduretan.

1. Interesdunek eskatuta hasitako prozeduretan, Udalak artikulu honetako 3. atalean ezarri den bezala ebazpena eman behar izatea gorabehera, gehieneko epealdian berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea aurkeztu dutenek baietsitzat jo ahal izango dute administrazioaren isiltasunagatik, legearen mailako arau batek, herritar guztien onura aintzat hartuta, edo Europar Batasuneko Zuzenbideko arau batek besterik ezarri ezean.

Gainera, administrazioaren isiltasunak ezespena ekarriko du ondoko prozedura hauetan: Konstituzioko 26. artikuluan aipatzen den eskaera eskubideari dagozkion prozedurak, baiespenak eskatzaileari edo hirugarren bati jabari edo zerbitzu publikoaren inguruko ahalmenak eskualdatzea dakarren prozedurak, eta egintzak eta xedapenak aurkaratzeko prozedurak.

Hala ere, eskaera bat administrazio-isiltasunez ezetsi izanaren aurka gorako errekurtsoa jartzen bada epealdia amaitu delako, hura baietsitzat joko da baldin eta ebazpena emateko epealdian Udalaren organo eskudunak berariazko ebazpenik ematen ez badu.

2. Administrazioaren isiltasunaren bidezko baiespena prozedura azkentzen duen administrazio egintza da ondorio guztietarako. Administrazioaren isiltasunaren bidezko ezespenak ez dauka beste ondoriorik interesdunari administrazio-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko aukera ematea baino.

3. Berariazko ebazpena eman beharra, artikulu honetako lehenengo atalean aipatu dena, araubide honi lotuko zaio:

a) Eskaera administrazio-isiltasunez baietsiz gero, egintzaren ondoren hura berresteko soilik eman daiteke berariazko ebazpena.

b) Eskaera administrazio-isiltasunez ezetsiz gero, epealdia amaitu ondoko berariazko ebazpena ematean Udalak ez du kontuan edukiko isiltasunaren ondorioa.

4. Administrazio-isiltasunaren ondoriozko egintza administratiboak baliozkoak izango dira bai Udalarentzat, bai pertsona fisiko zein juridiko guztientzat (publikoak zein pribatuak). Egintza horiek ondorioak sortuko dituzte emateko eta berariazko jakinarazpena egiteko ezarritako gehieneko epealdian hori guztia egin ezean. Ebazpena eman izana Zuzenbidean onartutako frogabideen bitartez froga daiteke, are ebazpena eskumena daukan organoak isiltasunaz emandako ziurtagirien bitartez ere. Ziurtagiria eskatuz gero, hamabost egun pasatu baino lehen eman behar da.

IV. KAPITULUA

Administrazioaren jarduna erraztea

14. artikulua. Prozedurak erraztea.

1. Udalerrian zerbitzuak ezartzeko eta egiteko udal prozedura eta izapide guztiak kapitulu honetan ezarritakoaren arabera erraztu behar dira.

2. Zerbitzuak jasotzeko eta egiteko burutu beharreko prozedura eta izapideak baliabide elektronikoen bitartez egin ahal izango dira urrunetik, zerbitzua egiten den tokia edo hartarako erabiltzen den ekipoa ikuskatzea izan ezik.

3. Udalak zerbitzuak ezartzeko eta egiteko burutu beharreko prozedurak eta izapideak errazteko moduak aztertuko ditu.

15. artikulua. Prozeduren inguruko irizpide orokorrak.

Honelakoak izan behar dira udalerrian zerbitzuak ezartzeko eta egiteko prozedurak:

a) Araututa egon behar dira.

b) Argiak eta zehatzak.

c) Objektiboak.

d) Gardenak.

e) Herritar guztien onuraren araberakoak.

f) Aurretiaz jakinarazi behar dira.

16. artikulua. Izapideak ezabatzea.

Ondoko izapideak ezabatu behar dira, edo haien ordez zerbitzugileei karga gutxiago ekarriko dizkietenak ezarri:

a) Bikoiztuta daudenak.

b) Zerbitzugileei kostu handiegia eragiten dietenak.

c) Argiak ez direnak.

d) Zerbitzugileen eskura ez daudenak.

e) Jarduera baten hasiera atzeratu ahal dutenak.

17. artikulua. Eskatu ezin diren agiriak.

1. Udalerrian zerbitzuak jasotzeko eta burutzeko egin beharreko izapideetan beharrezko agiriak edo datuak soilik eskatu ahal izango dira.

2. Ezin eskatu izango dira Espainiako beste administrazio publikoek edo Batasuneko beste estatuetako erakunde publikoek dituzten datuak eta agiriak.

3. Aurreko puntuan xedatutakoa gorabehera, zerbitzuak jasotzeko eta egiteko eskatzen diren betekizunak betetzen direla frogatzeko Espainiako beste administrazio publikoek edo Batasuneko beste estatuetako erakunde publikoek emandako agiriak onartuko dira, hain zuzen ere betekizunak betetzen direla argitzen dutenak.

4. Frogagiri gisa agintaritza eskudun batek emandako agiri bat aurkeztuz gero, ez da aurkeztu beharko jatorrizkoa, ez kopia konpultsaturik, ez zinpeko aitorpenik, indarreko araudian ezarritako kasuetan eta ordena publikoa eta segurtasun publikoa dela eta beharrezkoa denean izan ezik.

5. Aurreko 2. eta 4. ataletan ezarritakoaren ondorioetarako, zerbitzugileak zehaztu beharko du zein administrazio edo erakunde publikok daukan datua edo jatorrizko agiria. Gainera, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Udalari berariazko baimen argia eman beharko dio informazio hori eskatzeko eta eskuratzeko.

18. artikulua. Leihatila Bakarra.

1. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak zerbitzuak askatasunez jasotzeari eta egiteari buruz 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarauan ezarritako aplikazio-eremuko zerbitzu bat jasotzeko eta egiteko prozedurak eta izapideak (zerbitzua egiten den tokia edo hartarako erabiltzen den ekipoa ikuskatzea ez beste guztiak) Leihatila Bakarraren bidez egin ahal izango dira, baliabide elektronikoez baliatuta eta urrunetik.

2. Zerbitzugileek Estatuko Administrazioak berariaz ezartzen duen Leihatila Bakarraren bidez, baliabide elektronikoez baliatuta, urrunetik eskuratu ahal izango dituzte udalerrian zerbitzuak jasotzeko eta egiteko burutu beharreko prozedurei eta arauz egin beharreko izapideei buruzko informazioa (besteak beste, udal baimena lortzeko behar diren aitorpenak, jakinarazpenak eta eskabideak telematikoki bidal daitezkeen).

3. Udalak bideak ezarriko ditu zerbitzugileek Leihatila Bakarraren bidez eskuratu ahal izan ditzaten zerbitzurako behar den informazio guztiak eta beharrezko formulario guztiak, eta eskabideen inguruan ematen diren ebazpenen eta egiten diren komunikazioen berri eduki dezaten.

4. Aurreko atalean ezarritakoaren ondorioetarako, Leihatila Bakarra hornitzea eta edukia etengabe eguneratuta mantentzea baimenak edo lizentziak emateko prozedura edo aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren prozedura kudeatzen duten udal ordezkaritzen egitekoak izango dira.

19. artikulua. Leihatila Bakarreko informazioaren inguruko bermeak.

Zerbitzugileek eta zerbitzuren bat jasotzen dutenek ondoko informazioa (argia eta zehatza izan behar da) eskuratu ahal izango dute Leihatila Bakarraren bidez baliabide elektronikoez baliatuta:

a) Udalerrian egoitza duten zerbitzugileei aplikatuko zaizkie betekizunak, batez ere zerbitzuak egiteko burutu beharreko izapideei dagozkienak, eta eskumena daukan udal ordezkaritzaren datuak (harekin zuzenean harremanetan jarri ahal izateko).

b) Udalerriko zerbitzuen eta zerbitzugileen erregistroak eta datu-base publikoak erabiltzeko moduak eta baldintzak.

c) Erreklamazioak eta errekurtsoak aurkezteko moduak.

d) Udalerriko zerbitzuak jasotzen dituztenei eta bertan zerbitzuak egiten dituztenei laguntza ematen dieten zerbitzugileen elkarteei eta kontsumitzaile erakundeei buruzko datuak.

V. KAPITULUA

Administrazioen arteko lankidetza zerbitzugileak
behar bezala kontrolatzeko

20. artikulua. Lankidetzaren inguruko betebehar orokorrak.

1. Zerbitzugileak eta beraien zerbitzuak gainikusteko asmoarekin, Udala, bere eskumenen esparruan, lankidetzan ariko da Espainiako eta Batasuneko beste estatu batzuetako gainerako agintaritza eskudunekin eta Europako Batzordearekin informazioaren, kontrolaren, ikuskapenaren eta ikerketaren inguruan.

2. Espainiako eta Batasuneko beste estatu batzuetako agintaritza eskudunek zerbitzugileak inskribatuta dauden udal erregistroak aztertu ahal izango dituzte, beti ere datu pertsonalen babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoari lotuta. Gainera, Udalak beste agintaritza eskudun batzuen erregistroak aztertu ahal izango ditu, datu pertsonalen inguruko baldintza berari lotuta.

3. Beste agintaritza eskudun batek egindako eskaera bati berehala erantzun ezin bazaio, horren berri emango zaio; Batasuneko beste estatu batekoa bada, komunikazioa beraren harremanetarako gunearen bidez helaraziko zaio.

4. Udalak Espainiako beste lurralde bateko edo Batasuneko beste estatu bateko zerbitzugileen inguruko informazioa eskatzen badu, edo haiek kontrolatzeko, ikuskatzeko eta ikertzeko eskaera aurkezten badu, arrazoiak behar bezala azaldu behar ditu. Horrela lortzen duen informazioa eskaeran adierazitako xederako baizik ez du erabiliko.

5. Agintaritza eskudun batek ez badu betetzen lankidetza-betebeharra, horren berri emango da berariaz ezarritako harremanetarako gunearen bitartez.

21. artikulua. Zerbitzugileen betebeharrak informazioaren inguruan.

Eskatzen zaien guztietan informazioa emateaz gainera, zerbitzugileek udal baimena ematea eragin zuten inguruabarretan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko dute Leihatila Bakarraren bitartez.

22. artikulua. Espainiako lurraldean ari diren zerbitzugileak gainbegiratzea.

1. Udalak udalerrian ari diren zerbitzugileez eskatzen dioten informazio guztia emango die gainerako agintaritza eskudunei, eta haien inguruan eskatzen dizkioten egiaztapenak, ikuskapenak eta ikerketak ere egingo ditu. Halaber, beharrezkoa izanez gero, Udalak ere horiek guztiak eskatu ahal izango ditu.

2. Udalerrian egoitza duten zerbitzugileei ezarritako betekizunak betearazi behar dira, nahiz eta zerbitzua Espainiako edo Europar Batasuneko beste toki batean egin, edo bertan sortu kalteak.

3. Agintaritza eskudun batek Udalari eskatzen badio har ditzala aparteko segurtasun-neurriak udalerrian egoitza duen zerbitzugile jakin baten inguruan, ahalik azkarren egiaztatu beharko da hark legez diharduen, eta eskaera eragin duten gertaerak argitu beharko dira. Halako kasuetan, Udalak harremanetarako gune egokiaren bitartez berehala emango du hartutako edo hartzeko diren neurrien berri, edo bestela neurririk ez hartzeko arrazoiak azalduko ditu.

23. artikulua. Alerta mekanismoa.

Udala ohartzen bada zerbitzu edo zerbitzugile baten inguruko gertaera edo inguruabar batek kalte larriak egin ahal dizkiela pertsonen osasunari edo segurtasunari edo ingurumenari Espainiako lurraldean, horren berri emango dio berehala Espainiako administrazio publiko eskudunari. Aurrekoa Europar Batasuneko lurraldean gertatuz gero, Europako Batzordearen harremanetarako gunera joko du gertatutakoaren berri emateko.

24. artikulua. Zerbitzugileen ohoragarritasunaren inguruko informazioa.

1. Agintaritza eskudun batek zerbitzugile baten inguruko ondo arrazoitutako eskaera aurkeztuz gero, Udalak, indarreko legeriari lotuta, haren merkataritzako edo lan jarduerari buruz hartutako diziplina neurrien eta zehapen administratibo irmoen berri emango dio. Komunikazio horretan zehapena ezartzeko oinarritzat hartutako udal xedapen administratiboak azaldu behar dira.

Aurrekoa aplikatzean aintzat hartu behar da Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa.

2. Aurreko kasuan, Udalak jakinaren gainean jarri beharko du zerbitzugilea, hau da, agintaritza eskudunari eskatutako informazioa eman zaiola adierazi.

25. artikulua. Informazio truke elektronikoa.

Udalak Espainiako gainerako administrazio publikoekin (eta, behar izanez gero, baita Europar Batasunekoekin ere) informazioa trukatzeko sistema elektronikoa sustatuko du; sistema horren bitartez administrazio horiek guztiek ordenantza honetan eta indarreko araudian ezarritako informazioa trukatu ahal izango dute.

26. artikulua. Europako Batzordeari jakinaraztea.

Udalak 11.1 artikuluan debekatutako betekizunetako bat jasotzen duen arau baten proiektua prestatzen badu, hura onetsi aurretik, eta arauz ezarriko den prozedurari jarraituz, Europako Batzordearen harremanetarako guneari jakinaraziko dio. Jakinarazpenari justifikazio-memoria atxiki behar zaio eta bertan azaldu behar da zergatik aplikatu ahal diren 11.2 artikuluko apartekotasun-irizpideak. Halaber, 12.2 artikuluan debekatutako betekizunetako bat jasoz gero, justifikazio-memorian 12.3 artikuluko aparteko irizpideak zergatik aplika daitezkeen azaldu behar da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

1. Ordenantza hau indarrean jarritakoan indargabetuta geratuko dira bertan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko mailako xedapen guztiak eta huraxe aplikatuko da.

2. Ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera bertan ezarritakoari lotu beharko zaizkio Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarauan ezarritako zerbitzuen inguruko prozedura eta izapide guztiak, nahiz eta zerbitzua arautzen duen udal xedapen edo araua berariaz aldatuta ez egon.

3. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarauan ezarritako zerbitzuen inguruko prozedura eta izapideetako batzuk araudi autonomikoari edo estatukoari lotuta daude. Bada, 2009ko abenduaren 28rako araudi horiek aldatu ez badira, Zuzentarauan ezarritakoa aplikatuko da.

4. Ordenantza honetako 13.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ondoko kasuetan prozedura herritar guztien interesekotzat hartuko da: ordenantza hau indarrean jarri aurretik legearen mailako arau batek edo Europar Batasuneko Zuzenbideko arau batek araututa egonik, ezarritako epealdian berariazko jakinarazpenaren faltaz eskaera ezetsiko dela uste denean.

Xedapen iragankor bakarra.-Prozedurak hastea.

Legea indarrean jarri aurretik hasitako baimen-prozedurak eskaera aurkezten denean indarrean dagoen araudiaren arabera izapidetu eta ebatziko dira. Izapidetza eta ebazpena 2009ko abenduaren 28az gero gertatzen badira eta aplikatu beharreko araudian 10. artikuluaren arabera debekatuta dagoen betekizunen bat ezartzen bada, organo eskudunak ez du kontuan edukiko.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 65.2 artikulua aplikatuz, ordenantza hau, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, lege bereko 326. artikuluan ezarritako epealdia amaitutakoan jarriko da indarrean, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik.

Ordenantzak berariaz aldatu, berrikusi edo indargabetu arte izanen du indarra.

Donezteben, 2010eko martxoaren 30ean.-Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L1006176