59. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

27/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 13koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak emana, "NA-134 errepidean (Ebroko ardatza) Valtierrako eta Arguedasko saihesbidea" eraikitzeko obretarako maileguaren eta zabortegiaren proiektua jendaurrean egoteko fasea ebatzi eta behin betiko onesten duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 22ko 11/2010 Foru Aginduaren bidez, behin-behineko onespena eman zitzaion "NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza), Valtierrako eta Arguedasko saihesbidea" eraikitzeko obretarako maileguaren eta zabortegiaren proiektuari, eta jendaurrean jarri zen, Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, Ingurumen eraginaren adierazpenaren eta ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako.

Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du jendaurreko aldian honako alegazio hauek aurkeztu direla. Hona haien edukia eta erantzuna:

1. alegazioa.-Alberto Cortera Olza jaunak, Miguel Iturralde Goñi jauna ordezkatuz.

Senda Viva ordezkatuz adierazi du Valtierra-Arguedas saihesbideko obrak egiten direnean, agregakinak Senda Vivako errepidean barna garraiatzeagatik, azken hori asko hondatuko dela.

Udaberrian, udan eta udazkenaren parte batean parkea larunbat, igande eta jaiegunetan irekita izaten dela dio, baita zenbait astegunetan ere (Lanegunetako trafikoaren aurreikuspena aurkeztu du 2010erako). Ibilgailuen kopurua 1.500ekoa izaten ahal da egunean. Ibilgailu horien eta espero den kamioien joan-etorri handiaren artean zirkulazio arazo larriak sortuko dira errepide horretan; horregatik eskatzen du:

1. Neurri egokiak har daitezela, maileguak errepidean garraiatzeko sortutako trafikoaren eragina eta parkeko bisitariek sortzen dutena gutxitzeko.

2. Hartu gogo diren neurrien berri ematea, baita errepideak behar duen mantentze lanerako eginen den jarraipenaren berri ere.

Erantzuna:

1. Obrak egiten direnean, beharrezko neurriak hartuko dira Senda Vivako trafikoak izanen dituen oztopoak gutxitzeko. Bestetik, Valtierra-Arguedas saihesbidea eraikitzeko obrak bukatutakoan, haiek eragindako kalte guztiak konponduko dira.

2. Segurtasun eta osasun planean zehaztutako neurriak hartuko dira, eta parkearen funtzionamenduan eragin dezakeen edozein jarduketaren berri emanen zaio Senda Vivari.

2. alegazioa.-José Antonio Rapún León jauna, Arguedasko Udaleko alkate-udalburua.

Senda Vivako errepidea Arguedasko Udalarena dela dio, herriko errepidea dela, lur ezegonkorren gainean eraikia sakan baten ondoan, eta tona handiko ibilgailuek Senda Vivako errepidea asko hondatuko dutela. Bestetik, errepide hori erabiltzen dutela Senda Viva parkeko zerbitzu guztiek, eta ondorio larria izanen dutela. Azkenik, ibilgailu astuen joan-etorriak eragina izanen duela Senda Vivaren turismo kanpainan, eta hor Nafarroako Gobernuak berak interes ekonomikoak eta turistikoak dituela.

Horregatik, hobea iruditzen zaio "NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Valtierrako eta Arguedasko saihesbidea" eraikitzeko obretarako maileguaren eta zabortegiaren proiektuko 2. alternatiba, bide horrek Senda Vivako errepidea erabiltzen ez duelako, kilometroen kopurua gehiegizkoa ez delako, herriko bideetatik egiten delako herrigunean deusetarako sartu gabe, eta parkea eraikitzeko erabili zen bidea delako.

4. eta 5. alternatibak ere erabiltzen ahal dira, saihesbideko obrak Valtierran egiten direnean.

Eskatzen du:

1. Proposamenetako 2. alternatiba erabiltzeko.

2. Maileguak garraiatzeko aukeratzen den bidea edozein izanik ere, eta Arguedasko udal mugapeari dagokionez, itun edo hitzarmen bat sinatzeko behar denarekin, eta bertan, grafiko eta dokumentu teknikoen bidez, adierazteko errepideen egungo egoera, eta behar adinako abal ekonomikoa jartzeko sor daitezkeen kalteak konponduko direla bermatzeko. Hori guztia, maileguak ateratzen hasi aurretik.

Erantzuna:

1. Ezetsi egin da alegatutakoa. 2. alternatibaren aldaera bat posible izanik ere (auzo bideetan barna litzateke Arguedasko herrilurretan, Estrechoko errepidetik sartuta, eta herrigunea saihestuko luke), 6. alternatibak jarraitzen du hobekien baloratuena izaten aztertu diren alternatiben artean, garraiorako tarte motzena delako, obrako ibilgailu iraulkidunak erabiltzeko aukera ematen duelako eta zoru eta zabalera egokiko errepidea delako.

2. Alegazioa hein batean onartu da. Dokumentazio grafikoz eta teknikoz hornitutako txostena prestatuko da, non maileguak garraiatzeko erabilitako errepidearen hasierako egoera jasoko baita. Txosten hori ondasunaren deskripzio gisa erantsiko da errepidearen aldi baterako okupazioaren aldez aurreko aktan. Valtierra-Arguedas saihesbidea eraikitzeko obrak bukatuta daudela, errepidea Arguedasko Udalari entregatuko zaio, obrek eragindako kalte guztiak zuzendu ondoren.

Aurkeztutako alegazioak ebatzitakoan, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendak ez du aldaketarik izan.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 8an emandako 606/2010 Ebazpenaren bidez egin zen Ingurumen eraginaren adierazpena.

Horiek horrela, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak txostenean adierazi eta proposatu duenarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. "NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Valtierrako eta Arguedasko saihesbidea" eraikitzeko obretarako maileguaren eta zabortegiaren proiektua jendaurrean jartzeko fasea ebaztea, azalpen zatian azaltzen den moduan.

2. Behin betiko onestea "NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Valtierrako eta Arguedasko saihesbidea" eraikitzeko obretarako maileguaren eta zabortegiaren proiektua.

3. Foru agindu hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratu eta gehien zabaltzen diren egunkarietako batean. Halaber, ohartarazten da argitalpen hau Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 59.5 artikuluan xedatzen diren ondorioetarako ere egiten dela.

4. Foru agindu hau Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari, Desjabetze Atalari, Arguedasko Udalari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek administrazio bidea amaitzen du administrazio publikoentzat. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko apirilaren 13an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

Iragarkiaren kodea: F1006583