59. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1272/2010 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegua sustatzeko kontrataziorako diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzen dituena, 2010eko ekitaldirako, Nafarroako Gobernuak krisiaren kontra erabakitako neurrien barnean.

Lan merkatuaren ahultzea, enpleguaren suntsipena eta enpresek lanpostuak gehitzeko orduan atzera egitea azkenaldiko krisi ekonomikoaren ondorio kezkagarrienetakoak dira.Nafarroako Gobernuak krisiaren kontrako neurri sorta zabala jarri du abian, Foru Komunitateko ekonomia berpizteko asmoz. Nafarroako Gobernuaren ardura nagusienetako bat, gaurko egoera ikusirik, enpleguari eutsi eta lanpostu berrien sorrera sustatzea da.

Komenigarria da, lan merkatua nola ari den doitzen kontuan izanik, Nafarroako Gobernuak zenbait neurri antolatzea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez, lanik gabe dauden pertsonen kopurua gehiago hazi ez dadin. Neurri horiek berehalako erantzun gisa antolatu dira, eta behin behinekoak dira.

Deialdi honetan ezarri diren ekintza ildo nagusiek kontrataziorako eta enpleguaren egonkortasunerako pizgarriak ematea dute helburu, lanpostuen sorkuntza sustatze aldera. Horrez gain, lan merkatuan sartzea zailago duten langabe talde batzuen laneratzea erraztu nahi da.

2009an, maiatzaren 14ko 1811/2009 Ebazpenaren bidez, enplegua sustatzeko kontrataziorako diru-laguntzak emateko oinarriak ezarri ziren, krisiaren kontrako Nafarroako Gobernuaren neurrien barnean, eta emaitzak onak izan ziren.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren oinarriak ezarri behar dira. Bidezkoa da, beraz, diru-laguntza hauen deialdia onestea 2010erako.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 3ko bilkuran erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea banakako ebaluazioaren araubidea erabil dezan, enplegua sustatzeko kontratazioetarako diru-laguntzetan, Nafarroako Gobernuak krisiaren kontra erabakitako neurrien barnean.

Azaldutakoarekin bat, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak onetsi zituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean dauden oinarriak onestea, baita deialdia ere, enplegua sustatzeko kontrataziorako diru-laguntzak emateko, 2010eko ekitaldirako, Nafarroako Gobernuak krisiaren kontra erabakitako neurrien barnean.

2. Diru-laguntzak 2010eko gastuen aurrekontuko "Krisiaren kontrako neurriak: kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak" izeneko 881001 84100 4709 241113 kontu-sailaren kargura ordainduko dira (RCSA: 2673). Zenbatekoa 2.540.000 euro izanen da, aurrekontu-aplikazio horretan dagoen kreditu erabilgarriaren araberako mugara bitarte.

3. Baimena ematea 2.540.000 euroko kreditu erreserba egiteko 2010erako, aurreko puntuan aipatutako kontu-sailean.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen eta horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 6an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da kontratazioa eta enpleguaren egonkortasuna sustatzeko pizgarriak ezartzea, diru-laguntza emanez, lanik gabe eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan inskribaturik daudenei lan kontratuak egiteko.

2. Deialdi hau argitaratzen den egunetik 2010eko azaroaren 30era bitartean egiten diren ekintzak izan daitezke diru-laguntza hauen xede.

2. oinarria. Onuradunak.

Enpresak izan daitezke oinarri hauetan ezarritako laguntzen onuradun, era juridikoa edozein dutela ere. Horretarako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan inskribaturik dauden eta oinarri hauetan ezarritako beharkizun eta baldintzak betetzen dituzten langabeak kontratatu behar dituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izateko, enpresek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

b) Arau-hauste oso larrien ondorioz enplegu programen aplikazioaren onuretatik baztertuak ez izatea, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoari jarraikiz (abuztuaren 4ko 57/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetan ez egotea.

d) Aldi baterako edo iraupen jakineko kontratuaren bitartez kontratatuko dituzten langileak eskaintza generiko baten bitartez eskatzea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kasuan kasuko enplegu agentzian.

4. oinarria. Baztertzeko arrazoiak.

1. Deialdi honetako laguntzak ez zaizkie aplikatuko:

a) Gizarteratu eta laneratzeko zentroei.

b) Estatuko Administrazio Orokorrari, Estatuko Administrazioaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen III. tituluan eta hamargarren xedapen gehigarrian araututako erakundeei, administrazio autonomikoei, toki entitateei eta haien erakunde publikoei.

2. Honako hauek ez dira laguntzen xede izanen:

a) Langileen Estatutuari buruzko Legeak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina) 2. artikuluan aurreikusten dituen lan harreman bereziak eta beste lege-xedapen batzuetan aurreikusitakoak.

b) Sozietate era juridikoa duten entitate edo enpresetako enpresaburuen edo enpresa kontrolatu, zuzendaritzako karguak bete edo administrazio organoetako kide direnen ezkontideei, aurrekoei, ondorengoei eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko beste ahaideei eragiten dieten kontratazioak, eta haiekin egiten direnak.

Baztertze hori ez da aplikatu enplegatzailea langile autonomoa izan eta besteren konturako langile gisa kontratatzen baditu hogeita hamar urtetik beherako seme-alabak, berarekin bizi direnak zein ez, edo soldatapeko langilerik ez duen langile autonomoa izan eta berrogeita bost urtetik beherako ahaide bakar bat kontratatzen duenean, beraren etxean eta beraren kargura bizi ez dena.

c) Kontratazioaren aurreko hogeita lau hilabeteetan enpresa, enpresa-talde edo entitate berean kontratu mugagabearekin lan egindako langileekin egiten diren kontratazioak, eta langileak aurretik lan-harremanak izan baditu onuren eskatzailea ondorengoa duten enpresekin, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 44. artikuluan ezarritakoa dela bide.

d) Kontratua egin aurreko hiru hilabeteko epean beste enpresa batean lan-harreman mugagabea amaitu zaien langileen kontratazioak, salbu eta kontratua amaitu izanaren arrazoia bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratze bat denean, edo kaleratze kolektibo bat, edo Langileen Estatutuari buruzko Legearen 52. artikuluko c) letrako kasuan azaltzen diren arrazoi objektiboak.

Baztertze hori ez zaie aplikatuko ezgaitasuna izan eta enplegu zentro berezietatik datozen langileei.

3. Diru-laguntzaren xede izan daitekeen kontratua hasi aurreko hamabi hilabeteetan, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako enpresaren lantokietan, kontratu mugagaberen bat ondotik azaltzen diren arrazoiengatik amaitu duten enpresek ezin izanen dute deialdi honetako diru-laguntzarik jaso: bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzeagatik, edo kaleratze kolektiboagatik, edo Langileen Estatutuaren 52. artikuluaren c) letrako kasuan azaltzen diren arrazoi objektiboengatik. Zenbat kontratu amaitu diren, hainbat kontratu geratuko dira diru-laguntzarik gabe.

5. oinarria. Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna.

1. Diru-laguntzak, bakarrik zein beste diru-laguntza batzuk gehituta, ez du inoiz gaindituko lansarien kostuaren %100.

Hori dela eta, diru-laguntzarako eskabidearekin batera konpromiso hau aurkeztu behar da: diru-laguntzaren xede den kontratuaren indarraldian muga hori inoiz gainditzen bada horren berri emanen dela.

2. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Hazkundea eta Enplegua Hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legean aurreikusitakoekin, 2.2.4) artikuluko kasuan izan ezik; Enplegua mantendu eta sustatzeko eta langabeak babesteko presako neurriei buruzko abenduaren 30eko 27/2009 Legean aurreikusitakoekin, eta helburu bereko beste edozeinekin.

3. Aurreko paragrafoetan esandakoa gorabehera, hemen ezarritako laguntzak bateraezinak dira diru-laguntzen xede izan daitekeen ekintza bererako Nafarroako Foru Komunitateak edo beste administrazio publiko batzuek eman dezaketen beste edozeinekin.

6. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen kontratuak.

Honako hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

a) Kontratu mugagabeak, aldizkako kontratu finkoak barne.

b) Langileen Estatutuari buruzko Legeak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina) 15.1 artikuluko a) eta b) letretan ezarritako kontratuak, gutxienez 12 hilabeteko iraupena dutenak (salbuespenez, b) letrako kontratuetan, sektoreko hitzarmen kolektiboak iraupen hori ahalbidetzen ez duenean gutxieneko iraupena hitzarmen horretan ezarritakoa izanen da, eta, betiere, 6 hilabetekoa gutxienez), baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako enpresaren lantokietako plantilla osoa handitzen bada, deialdi hau argitaratu aurreko hilaren azken egunean izandakoaren aldean, eta kontratuak kotizaziopeko langabezia-prestaziorik jasotzen ez duten langabeei egiten bazaizkie.

Plantilla osoa kontatzean ez dira kontuan hartuko bitarte baterako kontratua duten langileak.

c) Desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak, Hazkundea eta Enplegua Hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen lehen xedapen gehigarrian arautzen diren horiek.

7. oinarria. Laguntzak.

1. Honako diru-laguntza hauek emanen dira, betiere lanaldia osoa bada:

-2.500 euro, 6. oinarriko a) letran aurreikusitako kontratu bakoitzeko. Enpresak, langile beragatik, diru-laguntza jaso izan balu maiatzaren 14ko 1811/2009 Ebazpenaren babesean, zenbatekoa 1.500 eurokoa izanen da.

-1.000 euro, 6. oinarriko b) letran aurreikusitako kontratu bakoitzeko.

-1.500 euro, oinarri arautzaile hauen indarraldian diruz lagundutako kontratuak mugagabe bihurtzen direnean, deialdi honen edo maiatzaren 14ko 1811/2009 Ebazpenaren indarrez.

-1.500 euro, 6. oinarriko c) letran aurreikusitako kontratu bakoitzeko.

2. Oinarri honetako goiko idatz-zatiko zenbatekoei (kontratua mugagabe bihurtzen denean izan ezik) 500 euro gehituko zaizkie kontratuko, baldin eta kontrataturiko langabea oinarrizko errentaren hartzailea bada, kotizaziopeko langabezia-prestazioa edo langabeziako sorospena agortu eta gero, edo, bestela, langabeziako sorospenaren eta oinarrizko errenta osagarriaren hartzailea bada. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren bitartez jaso behar da oinarrizko errenta.

3. Lanaldi partziala duten kontratuetan (lanaldi osoko langile konparagarri baten lanaldiaren %50 iraun behar du gutxienez) eta aldizkako kontratu finkoetan, pizgarriak proportzionalki kalkulatuko dira benetako lan denboraren arabera.

8. oinarria. Epea, instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

1. Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta entitate horren erregistroan aurkeztuko dira, bai eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan ere (horien zerrenda ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan ageri da), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein modutan.

Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Laguntzen Atalak eginen ditu.

2. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, lan-kontratua hasi edo kontratua mugagabe bihurtu eta biharamunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.

3. Deialdi honetako eskabideak eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren atarian eskuratzen ahal dira: www.navarra.es.

4. Eskabideak eredu normalizatuetan aurkeztu behar dira, honako agiri hauekin batera (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak):

-Entitate eskatzaileak deialdi honetako baldintzak betetzen dituela frogatzeko agiriak.

-Diru-laguntza kobratu aurretik zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatearen egiaztagiria.

-Udalak emandako ziurtagiria, enpresa Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan inskribatua eta horren ordainketan eguneratua dagoela frogatzeko.

-Ezgaitasunaren eta oinarrizko errentaren frogagiriak, hala behar denean.

-Aurreko bi zergaldietan eta kontratazioko urteko zergaldian "de minimis" araubidearen babesean eskatutako edo lortutako diru-laguntzak edo laguntzak jasotzen dituen aitorpena.

-Langileren bat kontratatzeko diru-laguntzen zenbatekoak lansari-kostu osoa gainditzen baldin badu, hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazteko konpromisoa.

-Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

5. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten den eskabidea behar bezala baloratu eta ebaluatzeko behar dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

6. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak erabakiko du diru-laguntzak eman edo ukatzea. Ebazpen hori gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoko erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertzen ahalko da aurkezturiko eskabidea administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsia izan dela.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntza eskatzeko oinarri izan den jarduketa egin dela egiaztatu ondoren, bidezkoa izanen da diru-laguntza eman eta ordaintzea.

Ebazpenak ez dio administrazio bideari amaiera emanen. Horregatik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

9. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenei eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoari lotuko zaie.

10. oinarria. Diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, nazioko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

11. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.

1. Enpresa onuradunak beharturik egonen dira diruz lagundutako lan kontratuen gutxieneko iraunaldia betetzera. Kontratu mugagabeen kasuan (kontratu mugagabe berriak nahiz mugagabe bilakatuak), gutxieneko iraunaldi hori bi urtekoa izanen da, kontratu mugagabea egin edo hasierako kontratua egiten den egunetik hasita.

2. Diruz lagundutako kontratua duen langileren batek enpresa uzten badu, enpresak haren lekuan beste langile bat jarri beharko du hilabeteko epean, deialdi honetako baldintzak betez, eta horren berri eman beharko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kontratu berria egiten duenetik hilabete iragan baino lehen. Enpresak ordezkorik jarri ez edo deialdi honetako baldintzak bete gabe jartzen badu, diru-laguntzaren zati bat itzuli beharko du, hain zuzen ere diruz lagundutako kontratuaren gutxieneko iraunaldia betetzeko geratzen den denborari dagokiona.

Langileak enpresa uztearen arrazoia bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzea bada, eta enpresak diruz lagundutako langile horren ordezkorik jarri ez edo deialdi honetako baldintzak bete gabe jartzen badu, enpresak diru-laguntza osoa itzuli beharko du.

12. oinarria. Diru-laguntzen itzulketa.

1. Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuak, kobraturiko dirua osorik edo hein batean itzuli behar izatea ekarriko dute eta berandutza interesak pagatu behar izatea, diru-laguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitarte.

2. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen orotariko xedapenen arabera eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat burutuko da.

13. oinarria. Zehapen prozedura.

Itzultzeko espedientea tramitatzeagatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan tipifikaturiko arau-hausteren bat atzemanez gero, foru lege horretan ezarririk dagoen prozedurari ekinen zaio.

14. oinarria. "De minimis" araubidea.

Diru-laguntza hauek "de minimis" araubidearen mende daude, hala ezarrita baitago Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1998/2006 EE Erregelamenduan, zeinak zehazten baitu nola aplikatu behar zaizkion Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei.

15. oinarria. Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat eta Europako Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 (EE) Erregelamenduaren 7. artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko 2007-2013 urteetarako EGEF eta EGIF Programa Eragileen Komunikazio Plana betez.

Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko jarduera guztietan Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerrarazi beharko dute.

16. oinarria. Ordezko arautegia.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusirik ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

17. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F1008091