59. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

114/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 14koa, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, gizarte boluntariotzaren arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, 2010erako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan ezartzen du botere publikoen jarduketek funtsezko helburu izanen dutela, besteak beste, gizarte premiak konpontzeko komunitatearen parte-hartzea sustatzea, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateena.

Foru lege horren 5 n) artikuluaren arabera, gizarte zerbitzuen sistemaren printzipio gidarietako bat boluntariotzaren sustapena da, hau da, herritarren elkartasunezko lankidetza sustatzea gizarte zerbitzuen esparruan, boluntarioen elkarteen parte-hartzearen bitartez, betiere, parte-hartze horrek behar diren zerbitzu profesionalak ordeztea ekartzen ez badu.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak II. eranskinean jasotzen ditu gizarte zerbitzuetako boluntariotzako entitateentzako diru-laguntzak, "Prestazio bermatugabeak" bezala. Diru-laguntza horiek aipatu arauko a-16 eta b-13 ataletan aurreikusita daude, eta gizarte zerbitzuetako entitateek boluntariotza soziala bultzatzeko jarduerak egitea da baliabidearen xedea.

Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 14. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateak boluntariotza arloko programa eta jarduerak diruz lagunduko ditu eta, horretarako, diru-laguntzak emanen dira deialdi publikoen bidez.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko.

Irailaren 10eko 184/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, agerian daude deialdi hau onetsi izanaren egokitasuna eta onura publikoa, baita haren nahiz oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Boluntariotzaren arloko programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei 2010ean diru-laguntzak emateko deialdia onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira oinarri horiek.

2. 225.000 euroko gastua baimentzea; horietatik 125.000 euro "PFEZko %0,7ko funtsa. Boluntariotzako ekintzak" izeneko 920005-91810-4819-231000 kontu-sailaren kargura, eta 100.000 euro "Boluntariotzako jarduera orokorrak" izeneko 900000-91000-4819-233100 kontu-sailaren kargura, biak 2010eko aurrekontutik.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari, baita Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari ere, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 14an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

2010eko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak, gizarte boluntariotzaren arloan programak garatzen dituzten gizarte
zerbitzuen entitateentzat

1.-Xedea, aplikazio eremua eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Gizarte boluntariotzaren arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei diru-laguntzak emateko 2010erako araubidea ezartzea du xede deialdi honek.

Diru-laguntza horiek emanez, gizarte boluntariotzaren arloan diharduten entitateek haien zaintzapeko taldeen premiak asetzeko ekintzak gara ditzaten bultzatu eta sustatu gogo da.

1.2. Aplikazio eremua.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak gizarte boluntariotzaren arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen elkarte eta entitateentzat dira, baldin irabazi asmorik gabekoak badira eta Nafarroan kokatuta badaude.

1.3. Modalitateak.

a modalitatea: "Mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako gizarte boluntariotzako programak".

Beren autonomia bultzatu eta bizi kalitatea segurtatzearren, mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako gizarte boluntariotzako programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateak dira modalitate honen onuradunak.

Modalitate honi 125.000 euro esleitu zaizko, guztira, "PFEZko %0,7ko funtsa. Boluntariotzako ekintzak" izeneko 920005-91810-4819-231000 kontu-sailaren kargura, 2010eko gastuen aurrekontutik.

b modalitatea: "Mendekotasunik ez duten pertsonei zuzendutako gizarte boluntariotzako propramak".

Gizarte boluntariotzaren arloan a) modalitatean deskribatutakoez bestelako helburuak betetzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateak dira modalitate honetako onuradunak. Behar sozialak, batez ere talde behartsuenenak, betetzeko helburua duten entitateak sartzen dira modalitate honetan.

Modalitate honi 100.000 euro esleitu zaizkio, guztira, "Boluntariotzako jarduera orokorrak" izeneko 900000-91000-4819-233100 kontu-sailaren kargura, 2010eko gastuen aurrekontutik.

Entitate eskatzaileak diru-laguntzaren modalitate bat edo bestea aukeratu beharko du, entitateak zein taldetarako garatzen dituen boluntariotzako programak, horren arabera. Organo instruktoreak akatsen bat ikusten badu modalitatearen hautaketan, ofizioz zuzenduko da eta entzunaldia emanen zaio entitateari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluaren arabera.

Bi modalitateak bateraezinak dira beren artean, beraz, aipatu modalitateetako baterako bakarrik eskuratzen ahal du entitateak diru-laguntza.

2.-Programen tipologia.

Aurkezten diren programak tipologia hauen barrenean sartuko dira:

-Boluntarioak erakartzera eta boluntariotza lanari buruzko sentsibilizazioa, zabalkundea eta sustapena bultzatzera bideratutako programak.

-Boluntariotzako jarduerak koordinatzeko programak.

-Kanpoko prestakuntza boluntariotzaren arloan.

-Barneko prestakuntza boluntariotzaren arloan.

-Autolaguntzako eta boluntariotzako taldeak bultzatzea arazo berberak dituzten pertsonen artean.

-Parte hartu nahia bideratzeko leku diren entitateetan bildutako boluntarioek egiten dituzten programak; boluntario horiek elkartasunezko ekintzak egiten dituzte gizarte bizitzan integratzeko laguntza behar duten pertsonei laguntzen.

-Entitate bateko bazkideei entitatearen zenbait programatan boluntario gisa parte hartzeko bidea ematen dieten programak.

3.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun izateko, entitateek honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren mendeko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatuta egotea.

b) Irabazi asmorik ez izatea.

c) Egoitza Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea. Hori erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

d) Estatutuetan, gizarte boluntariotzako jarduerak egitea erakundearen xedea dela agertzea.

e) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

f) Bere helburuak betetzen dituela bermatzeko adinako egitura, baliabide materialak eta eta giza baliabideak izatea.

g) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantziazioa izatea.

h) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

4.-Diru-laguntzen xedeko programek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza jasotzeko, programek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako tipologiarako egokiak izatea.

b) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantziazioa izatea.

5.-Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskabideak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren araberakoa. Eredua Nafarroako Mendekotasun Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalean, 7) eta erakunde beraren web gunean eskuratzen ahalko da.

Eskaera, elkarte interesdunaren legezko ordezkariak sinatua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da.

Eskaerak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7; 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Entitatearen estatutuak.

b) Kasuan kasuko inskripzioa bidezko erregistroetan egin dela frogatzen duten agiriak.

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena ez entitatea, ez administratzaileak eta ez ordezkariak ere ez daudela diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Diru-lagutzaren xedeak betetzeko, funtsez aldez aurretik hornitu beharra duela dioen erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana.

h) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekiko ezartzen dizkion eginbeharrak eguneraturik dituela, gehienez ere hiru hilabeteko aldeaz egindakoa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 atalean xedatutakoarekin bat, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago, baldin eta horien ziurtagiria Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badute edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

i) Entitatearen adierazpena, diru-laguntzaren xedeko gizarte boluntariotzako programek mendekotasuna duten pertsonak edo mendekotasunik ez dutenak lehenesten ote dituzten zehaztuta.

j) Entitatearen memoria teknikoa, 2009an eginiko jarduera eta/edo programak laburki azaltzen dituena.

k) Entitateak 2009an izandako diru-sarrera eta gastuen balantzea.

l) Entitatearen diru-sarrera eta gastuen 2010eko aurrekontu orokorra.

m) Zein programatarako eskatzen den 2010eko diru-laguntza, haren memoria teknikoa eta ekonomikoa, kontu hauek zehaztuta:

-Izena.

-Helburuak.

-Eginen diren jarduerak.

-Jardueretarako egutegia eta ordutegiak.

-Giza baliabideak (zehaztu lan-kontratudunak diren, boluntarioak etab.)

-Finantza baliabideak (diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, finantzabideak).

-Nafarroako Mendekotasun Agentziari eskatutako zenbatekoa.

-Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak etab.).

Ez da beharrezko j) eta k) ataletan aipatu dokumentazioa aurkeztea, aurreko ekitaldiko diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epean aurkeztu bada.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezik haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

6.-Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

"Mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako gizarte boluntariotzako programak" izeneko a) modalitateko diru-laguntzen kasuan, 1.3 oinarri arautzailean aurreikusita baitaude, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio kontzesioaren prozedura ebazteko eskumena.

"Mendekotasunik ez duten pertsonei zuzendutako gizarte boluntariotzako programak" izeneko b) modalitateko diru-laguntzen kasuan, 1.3 oinarri arautzailean aurreikusita baitaude, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio kontzesioaren prozedura ebazteko eskumena.

7.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

8.-Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

8.1. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

Entitateek aurkeztutako programa bakoitzeko, langileen eta jardueren berariazko gastuen aurrekontua prestatzen ahal dute.

8.2. Diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak.

a) Programa bakoitzari dagokion aurrekontu onartua ezartzeko, proiektuan sartutako kostu ekonomikoen ebaluazioa eginen da. Aurreikusitako gastuak goitituak daudela ikusiz gero, diru-laguntza eman aitzin, programaren kostu ekonomikoaren beste balorazio bat eginen da prezio errealak erabiliz. Betiere, aurrekontu onartuak ez du programan aurreko urtean eginiko gastuaren %5a gaindituko, non ez den espedientean, salbuespen gisa, gehitze handiago baten beharra erabat justifikaturik adierazten.

b) Entitate eta/edo programa sortu berriak, edo aurreko bi urteetako batean diru-laguntza jaso ez dutenak kontzeptu bererako.

Gehieneko diru-laguntza 1.000 eurokoa izanen da.

Aurreko lerroaldean ezarritakoaren ondorioetarako, entitateek aldaketarik baldin badute, antzinatasuna errespetatuko da baldin eta elkargo edo fundazioen forma juridikoan bakarrik aldatu badira, edo entitatearen izena bakarrik aldatu bada; betiere, gorabehera hori estatutuetan jasotzen baldin bada.

9.-Balorazioa.

Baloratzeko prozedura zein irizpideak, 10. atalean jasotakoak, berdinak dira oinarri arautzaile hauetako 1.3 atalean aurreikusitako diru-laguntzen bi modalitateentzat.

Balorazioa bi fasetan eginen da. Lehen fasean, entitatea diru-laguntzaren xedeko proiektuaren gauzatzailea izanen den aldetik baloratuko da, alegia, gauzatzeko duen balizko gaitasuna. Bigarrenean, aurkezturiko programa baloratuko da.

Bi faseak zein bere aldetik baloratuko dira, hurrengo oinarrian aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabilita. Fase bakoitzean gehienez ere 100 puntu lortzen ahal dira.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek 40 puntu lortu beharko dituzte.

Bigarren fasean, ontzat hartua izateko, programa bakoitzak 40 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

10.-Balorazio irizpideak.

10.1. Lehen fasea: entitatea proiektuaren gauzatzaile gisa baloratzea.

a) Azpiegitura (25 puntu):

-Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

-Egitura, curriculuma, gaitasun teknikoa eta ekonomikoa, lokaletan sartzeko erraztasunak etab. aztertuko dira.

b) Entitateen koordinazioa (10 puntu):

-Aretoen erabilera partekatzea eta entitateen elkarteak.

c) Barne koherentzia (25 puntu):

-Baloratuko da baliabide tekniko eta ekonomikoetara egokitzeko gaitasuna eta ukitutako pertsonen beharren, bazkide kopuruaren eta entitateak erantzuna emateko duen gaitasunaren arteko erlazioa, baita entitatearen egiazko gaitasuna kontuan hartuz proiektuak eraberritzeko prestasuna ere.

-Halaber, hasierako aurrekontua eta aurreko urteko azken balantzea elkarrekin bat etortzea ere baloratuko da.

d) Kofinantzabidea (25 puntu):

-Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkide eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen diru-sarrerak izatea.

e) Boluntarioak (15 puntu):

-Boluntarioen kopurua, eta haiek entitatean duten inplikazio maila.

10.2. Bigarren fasea: programen balorazioa.

-Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, koherenteak izatea eta elkarrekin bat etortzea oinarriak, helburuak, jarduerak, egutegia, espero diren emaitzak, ebaluzioaren adierazleak, egiaztapenetarako iturriak, baliabide tekniko eta ekonomikoak eta abar. Puntuazioa honela banatuko da:

a) Proiektuaren azalpen orokorra (10 puntu):

-Proiektuaren azalpen orokorra hartuko da kontuan, baita kalitatearen adierazleak eta egiaztatzeko aldagaiak ere.

b) Programaren bat etortzea (15 puntu):

-Programa gizarte boluntariotzako helburuekin eta haren xedeko taldearekin bat ote datorren baloratuko da.

c) Programaren zer-nolakoa (15 puntu):

-Foru Komunitatean, boluntariotzaren esparruan egiten diren beste programekin osagarria ote den eta zenbaterainoko integrazioa duen hartuko da kontuan, baita nolako jarduera den ere.

d) Programetako parte-hartzea (15 puntu):

-Programak hartzaileengan duen ondorioa baloratuko da.

e) Kofinantzabidea (15 puntu):

-Gauzatutako programetan entitateak duen kofinantzabidea baloratzen da, hau da, emandako diru-laguntzaz gain bestelako diru-sarrerarik ote den.

f) Eskatzailearen ibilbidea diru-laguntzaren xedeko programetan (25 puntu):

-Proiektu beraren edo aurreko urteko antzeko proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta egin gogo zenaren arteko aldea neurtuko.

-Halaber, aurten proposatutako helburuak eta aurreko urtean lortutako emaitzak eta aurreko urteko programaren benetako gastua eta kasuan kasuko urterako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

g) Eragina lurraldean (5 puntu):

-Entitateak programa Foru Komunitateko herrietan ezartzeko duen gaitasuna kontuan hartuko da.

11.-Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzeko, entitate bakoitzak dagokion modalitatean ateratako puntuazioa eta modalitate horretarako aurreikusitako kredituaren muga hartuko dira kontuan.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan modalitate bakoitzerako dagoen dirua baino handiagoa bada, baremoaren aplikazioaren ondoriozko banaketa proportzionala edo hainbanatzea eginen da.

11.1. Entitate eta/edo programa sortu berriak, edo aurreko bi urteetako batean diru-laguntza jaso ez dutenak kontzeptu bererako.

Gehieneko diru-laguntza 1.000 eurokoa izanen da.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera esleituko da, ezarritako gehieneko diru-laguntzatik abiatuta, portzentaje tarte hauek aplikatuz:

TARTEAK

PORTZENTAJEA

KOPURUA

80 puntu baino gutxiago

%0

0,00

80tik 90era bitarte

%50

500,00

90etik gora

%100

1.000,00

11.2. Gainerako programak:

Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzeko, entitate bakoitzak dagokion modalitatean ateratako puntuazioa eta diru-laguntzaren eskaera hartuko dira kontuan, eta ondoko portzentajeak ezarriko dira gehieneko diru-laguntza gisa entitateak aurkeztu eta organo instruktoreak onartutako programaren aurrekontuaren gainean, foru agindu honen 10. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

Gehieneko diru-laguntzaren portzentaje taula:

PUNTUAZIOA

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA AURREKONTUAREKIKO (%)

80 baino gutxiago

%0

80tik 180ra bitarte

(Lortutako puntuazioa - 80) = aplikatu beharreko portzentajea

180 baino gehiago

%80

12.-Prozeduren ebazpena, jakinarazpena eta publizitatea.

Eskaerak ebaluatu ondoren, puntuazioa eman eta behin betiko balorazioa eginen da, aurreko oinarrian adierazi bezala.

Organo instruktorearen ebazpen proposamena ikusita, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak a) modalitateko diru-laguntzen kasuan, eta Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak b) modalitateko diru-laguntzen kasuan, haiek emateko ebazpena eginen dute.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpena Nafarroako Mendekotasun Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas, 7; Iruña).

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsitzat jo beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

13.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin. Bateraezintzat jotzen dira deialdi honen 1.3 oinarrian adierazitako modalitate bakoitzerako aurreikusitako diru-laguntzak.

Kontzeptu hau dela eta, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.-Diru-laguntza ordaintzea.

14.1. Diru-laguntza aldez aurretik ordaintzeko, hurrengo baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitateak frogatu beharko du diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, diru-laguntza ordainduko da Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatikatua, oinarri hauen 15,2 atalean xedaturikoarekin bat jarduera egin dela frogatu ondoren.

14.2. Aurreko atalean eskatutako baldintzak betez gero, aurrerakinak honela ordainduko dira:

Diru-laguntzak zatika ordainduko dira. Entitate bakoitzari emandako zenbateko osoaren %25 aurreratuko da gehienez.

Diru-laguntza emateko onetsitako ebazpena sinatzearekin batera eginen da lehen ordainketa zatitua.

Bigarren eta hurrengo ordainketak egiteko, aldez aurretik lehenago ordaindutako zenbatekoaren gastuak justifikatu beharko dira; hain zuzen ere dagozkien kontzepturako erabili direla justifikatu beharko da.

Ordainketaren ondoren justifikatu gabeko zenbatekoak ezin izanen du inoiz emandako zenbatekoaren %25 gainditu.

Salbuespenez, 5.000 euroko edo hortik beherako diru-laguntzak ordainaldi bakarrean emanen dira.

Entitate onuradunak bankuaren abala edo ordenamendu juridikoan aipatzen den beste berme bat aurkeztuz gero, emandako diru-laguntzaren %25etik gorako aurrerakinak egiten ahalko dira, baldin eta diru-laguntza betetzeko funtsen beharra frogatzen bada. Kasu horretan, aurkezten den bermea aurreratu beharreko zenbateko osoaren adinakoa izanen da.

15.-Justifikazioa.

15.1. Diru-laguntza ordainketa zatituen bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partzial bat aurkeztuko dute ordainketa baten gastua justifikatzen duten bakoitzean.

15.2. Justifikazio partzialetarako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten labur bat.

b) Aurkezpen eguna arte diru-laguntzaren xedeko kontzeptuei egozten zaizkien diru-sarreren eta gastuen zerrenda.

c) Kontzeptu bakoitzerako hartutako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiriaren zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko diren. Zerrenda horri dagozkion egiaztagiriak gehituko zaizkio. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, emailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Nafarroako Mendekotasun Agentzian zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

15.3. Azkeneko justifikazioa:

Diru-laguntza eman eta hurrengo urteko urtarrilean, entitate onuradunak memoria bat aurkeztuko du jardueraren gauzatzeaz. Bertan honako hauek adierazi beharko dira:

a) Entitatearen jarduera osoaren memoria labur bat, diru-laguntza eman zen urteko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen orotariko balantzea barne.

b) Diruz lagundutako programen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatuko dituena:

-Programaren izena.

-Jardueren ordutegia.

-Programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburu espezifikoen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta egin gogo zenaren arteko aldea.

-Eragimena. Lortutako emaitzen ebaluazioa, erabilitako baliabide tekniko eta ekonomikoak eta giza baliabideak kontuan hartuz.

-Eragina. Programak zein ondorio izan dituen boluntariotzaren arloan.

-Proiektuaren estrategien balorazioa. Proiektuan aurkitutako oztopo eta arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu ote den baloratuko da.

-Programaren onuradunen parte-hartzea eta gogobetetzea, baita programan parte hartu duten boluntarioena ere.

c) Programaren justifikazio kontua, non entitatearen diru-sarrera guztiak zehaztuko baitira, funts propioak eta Nafarroako Gobernuak, udalek, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak, Europar Batasunak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek emaniko baliabideak zehaztuta. Gastuei dagokienez, honako hauek espres adieraziko dira:

-Langileak.

-Jarduerak.

-Funtzionamendua.

d) Programa bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikaturiko gastuen zerrenda, oinarri honen 15.2) puntuan adierazi bezalaxe.

Atal honetan aipatzen den eginbeharra aurreko urtean justifikazio partzialen bidez justifikatu ez den diru-laguntzaren zatiari dagokio.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren gauzatze edo bilakaera onaren berri emateko.

15.4. Diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira kasuan kasuko urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egindakoak.

15.5. Jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

15.6. Memoria teknikoa eta ekonomikoa aurkezteko, instrukzio organoak oinarrizko agiriak banatuko ditu, eta horiek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren web orrian argitaratuko dira.

16.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua entitateak eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala gauzatzea.

b) Eranskin honen 14. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta bukaerakoak, aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako programen edo jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitate jarduketa guztiek nahitaez bete behar dute Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak kontratatutako eta/edo diruz lagundutako jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitateari buruzko araudiak xedatutakoa.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen ordenamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

h) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

17.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partzialki gauzatzea. Diru-laguntzaren xedeko jarduera onuradunak berak egiten badu, gastu horien kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diruz lagundu den jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

17.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituztenean, 12.000,00 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsultatzeko izapidearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua burutu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

18.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Mendekotasun Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edo programen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi; betiere, diru-laguntzaren xedeko programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Nafarroako Mendekotasun Agentziak onartuta egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

19.-Dirua itzultzea.

Programa gauzatzen ez bada edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

20.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

21.-Deialdiaren eta oinarrien kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

22.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1007033