59. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

208/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2010. urtean Nafarroako nekazaritzako kalitateko elikagaiak sustatzeko ekintzetarako, irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroa barrenean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa Nafarroako Foru Komunitateari dagokio.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, nekazaritza eta abeltzaintza ekonomikoki garatu eta haien produktuak sustatzearren, interesa du, laguntza ekonomikoen bidez, nekazaritzako kalitateko produktuen merkaturatzea hobetuko duten sustapen ekimenak bultzatzeko; batez ere, sustapen hori indartu behar dela uste den sektoreetan, dela sektore hori ahul dagoelako, dela onarpen eta pertzepzio aldetik lortu den mailari eusteko interesa dagoelako.

Alde horretatik, mahastizaintzaren eta baratzezaintzaren (barazkiak eta berdurak) sektoreetan kokatu nahi da neurri hori.

Neurri hori Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoan (2006an onetsian) ageri diren helburuei lotuta dago, bereziki "Eraldaketa, merkaturatzea, kalitatea eta segurtasuna" izeneko 2. ardatz estrategikoan ageri direnei, non "Nafarroako produktuetarako negozio perspektibak eta baldintzak sortzea" izeneko 2. helburu nagusia zehazten baita; hortxe, hain zuzen, foru agindu honetan ezarritakoa kontuan hartzen duten jarduketa ildoak eta neurriak jasotzen dira.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2010ean Nafarroako nekazaritzako kalitateko elikagaiak sustatzeko ekintzetarako, irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. 40.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetatik sortutako gastuen konpromisoetarako, 2010eko Gastuen Aurrekontuko "Irabazi-asmorik gabeko entitateendako diru-laguntzak" izeneko 721001-72220-4819-413100 kontu-sailaren kontura.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko apirilaren 27an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

2010ean Nafarroako nekazaritzako kalitateko elikagaiak sustatzeko ekintzetarako, irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak
emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehenbizikoa.-Xedea.

Foru agindu honen bidez ezartzen diren oinarri arautzaileek laguntzak arautzea dute helburu, irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek Nafarroako nekazaritzako kalitateko elikagaiak sustatzeko ematen direnak, alegia.

Bigarrena.-Onuradunak.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izateko, irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek Nafarroan egon beharko dute errotuta eta legez eratuta, eta tradizioa eta esperientzia izan beharko dute hirugarren oinarrian zehaztutako produktuak, nekazaritzako elikagaien azpisektoreetakoak, sustatzen eta hedatzen.

2. Foru agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, merkataritzako jarduerak eginagatik ere, ateratako irabaziak oso-osorik entitatearen merkataritzakoak ez diren xedeetan inbertitzen baldin badira, entitate horiek irabazi-asmorik gabekotzat hartuko dira.

3. Laguntza hauen onuradun izatetik kanpo daude kalitateko deituren kontseilu arauemaileak, produkzio ekologikoarenak eta nekazaritzako elikagaien eskulangintzako elkarteak; orobat, kalitateko deituren entitate sustatzaileak; izan ere, bere denboran ezarri ziren horiei laguntzeko behar ziren arau berariazkoak.

Hirugarrena.-Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Diru-laguntza izaten ahal dute ekintza plan batean jasota dauden jarduerek, baldin eta laugarren oinarrian aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta haien helburua nekazaritzako kalitateko produktuak sustatzea bada, hots, mahastizaintzaren eta baratzezaintzaren (barazkiak eta berdurak) sektoreetan.

Laugarrena.-Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta gastuak.

1. Diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko dira erakusketak, feriak, lehiaketak, zabalkunde, informazio eta goratze jardunaldiak, eta sustapen ekitaldiak, Nafarroako Foru Komunitateko nezakaritzako kalitateko elikagaien ezagutza eta pertzepzioa hobetzeko antolatzen badira.

2. Hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

a) Lokalak, erakusketaren baliabideak, ikus-entzunezkoak eta itzulpen zerbitzuak alokatzea; orobat, ekitaldiez arduratzen diren langileak.

b) Jatetxe eta catering zerbitzuak.

c) Ekitaldien sustapen, aurkezpen eta zabalkundeko gastuak.

d) Sari, argitalpen eta komunikazioko gastuak.

e) Ekitaldiak antolatzen hirugarrenek aholkularitzan edo laguntzan egindako zerbitzuen gastuak.

f) Gastu horiei gehitzen ahal zaizkie entitate onuradunaren langileen dietei eta joan-etorriei dagozkienak, betiere ekintza planean aurreikusitako ekintzekin lotuta badaude.

3. Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira baldin eta 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 1a bitarte ordaindu badira.

4. Aholkularitzako edo laguntzako enpresek emandako zerbitzuen kasuan, diruz lagundu daitekeen gastua 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak, hiru eskaintzatan oinarrituta, hornitzailea eragimenaren eta ekonomiaren irizpidearen arabera hautatu duela frogatu beharko du; bestela, zergatik ezin diren irizpide horiek aplikatu.

Bosgarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradunak aurreikusitako ekintzak garatzeko diruz laguntzen ahal diren gastuetarako emanen da laguntza.

2. Laguntzaren zenbatekoa:

a) Ekintza planean diru-laguntzen xedetzat jotzen diren ekintzei dagozkien gastu guztien adinako laguntza izaten ahal da, honako muga hauekin:

-Laguntzek ezin izanen dute inola ere 20.000 euroko zenbatekoa gainditu, eskatzaile bakoitzeko.

-Foru agindu honen bidez hartzen diren laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Seigarrena.-Onuradunen konpromisoak.

1. Onuradunek konpromisoa hartuko dute ekintzak oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzei jarraituz egiteko, eta haiek laguntzak ematen dituen ebazpenean ezarritako epeetan amaitzeko.

2. Foru agindu honetan aurreikusten diren laguntzetarako eskaera aurkezteak hartan ezarritako konpromisoak betetzera behartzen du.

Zazpigarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

1. Aurreko oinarrian zehaztutako konpromisoak betetzea, baita laguntza ematen duen ebazpenean ezartzen direnak ere.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan frogatzea hartutako funtsak diru-laguntza emateko zergatia izan zen helbururako erabili direla, ezarritako moduan eta epeetan gauzatu dela ekintza plana, eta hartutako funtsak erabiltzeko izandako gastuak justifikatzea.

3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu badira, haien berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eta, jaso badira, baita ere.

5. Hartu den laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

Zortzigarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Foru agindu honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Balorazioko irizpideak:

Eskaerak ondoko baremoari jarraikiz lehenetsiko dira:

a) Nafarroan nekazaritzako elikagaien kalitatea babesteko irudien laguntza duten produktuei zuzenduriko ekintzak.

-Ekintzetan aurreikusitako produktu guztiak kalitateko deiturek (JD, AGB, ekoizpen ekologikoa) babesten dituzte: 30 puntu.

-Ekintzetan aurreikusitako produktu batzuk kalitateko deiturek (JD, AGB, ekoizpen ekologikoa) babesten dituzte: 20 puntu.

-Nafarroako barazkien tradizioko produkzioak, ospe handikoak eta kalitateko deiturarik gabeak (kardua, borraja, kukuluak, babarrunak etab), bakarrik daude ekintzetan aurreikusita: 10 puntu.

b) Aurreko ekitaldietan, Nafarroako nekazaritzako kalitateko elikagaiak sustatzeko ekintzetan, duen esperientziagatik:

-10 urtetik gorako esperientzia: 40 puntu.

-6 - 10 urteko esperientzia: 30 puntu.

-3 - 5 urteko esperientzia: 20 puntu.

c) Ekintza motaren arabera:

-Delako gastuaren %50etik gorakoa zabalkunderako eta kontsumitzailea prestatu eta sentsibilizatzeko izatea: 30 puntu.

-Delako gastuaren %50etik gorakoa merkataritzako zereginetarako izatea eta merkataritzan diharduten agenteen arteko harreman publikoak sustatzeko: 10 puntu.

d) Ekintza planaren hedaduragatik.

-Ekintza planean Nafarroatik kanpoko eta barreneko ekintzak sartzen dira: 40 puntu.

-Ekintza planean Nafarroa barreneko ekintzak sartzen dira, herritik haratagoko eremuan (sozietatearen helbideari dagokion udaletik kanpo): 20 puntu.

3. Eskaeren artean puntuazio bera lortuz gero, eskaera egunak izanen du lehentasuna, erregistro ofizialeko sarrera ordenaren arabera.

Bederatzigarrena.-Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorri eta bertako Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.

2. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi honek indarra hartzen duenetik.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Internet atariko zerbitzuen katalogoan (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

Hamargarrena.-Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1. Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa: IFKren kopia, eratze eskriturak, estatutuak eta gobernu organo eskudunak laguntza hauek eskatzeko harturiko erabakia eta eskabidea tramitatzeko ordezkariaren izendapena biltzen dituen dokumentua.

b) Elkartearen edo entitatearen gaineko informazioa: haren deskribapena, jarduera arloak eta kideen kopurua.

c) Nafarroako nekazaritzako kalitateko elikagaiak sustatzeko ekintzetan duen esperientzia frogatzeko dokumentazioa.

d) Garatu beharreko jarduketa plana, honako hauek kontuan hartzen dituela:

-Egin beharreko ekintzen deskripzioa, bakoitza zein produktutarako den zehaztuta, eta produktu horiek kalitateko deiturek (JD, AGB, ekoizpen ekologikoa) babesten ote dituzten, eta balorazio ekonomikoa. Horretarako, aurrekontuak edo, bestela, pro forma fakturak erantsiko dira; orobat, aurrekontuaren justifikazioa, ekonomia aldetik merkeena hautatu ez bada.

-Aurreikusitako egutegia, eta jarduerak zein udaletan eginen diren.

-Finantziazio plana, norberaren zein besteen baliabideen ekarpena adierazita, eta diru-laguntzaren xedeko jarduerarako funtsen jatorria eta aplikazioa frogatuta.

e) Laguntzaren xedeko ekintzak osorik edo partez finantzatzeko edozein administraziori zein erakunde publikori edo pribaturi eskatutako edo harengandik jasotako edozein laguntza adieraztea.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

g) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ..............., nire izenean (edo ....................... ordezkatuz) baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Nafarroako nekazaritzako kalitateko elikagaiak sustatzen dituzten ekintzetarako laguntza emateko 2010eko deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiazta ditzan.

h) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz eskatuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zein kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero.

i) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria.

Hamaikagarrena.-Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

Hamabigarrena.-Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, betebehar hauek egiaztatuko dira: eskatzaileak bigarren oinarrian xedaturikoarekin bat onuradun izan daitekeela eta hamargarren oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu dituela. Agiri guztiak ez badaude, interesdunari eskatuko zaio hamabost egun baliodunean zuzendu ditzala, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

2. Eskaera beterik, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluazioa egin eta ebazpena proposatuko du.

3. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du diru-laguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko du zein eskaera ezetsi diren.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako funtsak aplikatu direla frogatzeko epea eta modua.

1. Diru-laguntzaren xedeko jarduketak bukatu ondoren eta, betiere, zein ekitalditan eskatu den laguntza, haren abenduaren 1a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztuko ditu.

a) Gastuen laburpen orokorra. Bertan, diru-laguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeetan aipatutako gastuak adieraziko dira sailkaturik.

b) Egindako gastuak eta dagozkien ordainketak frogatzen dituzten egiaztagiriak. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gordeko dira, eta jatorrizkoak zigilatuta itzuliko.

c) Aurkeztutako planaren barrenean egindako jarduketak azaltzen dituen memoria, jarduera arloaren arabera ordenaturik, gutxieneko eduki hauekin:

-Egindako jardueren deskribapena, lorturiko emaitzen balorazioa eta jardueren zabalkundea.

-Kanpainan erabilitako material tekniko eta/edo didaktiko eta zabalkundekoen ale bat, maketa bat edo argazkiak, eta antolatutako ekitaldien erreportaje grafikoak, halakorik izan bada, ekintzaren funtsezko ideia islatzeko.

d) Erantzukizuneko aitorpena, bestelako diru-laguntza batzuetatik lortutako diru-sarrerei edo diruz laguntzen den jarduerak berak izandako diru-sarrerei buruzkoa.

2. Eskatutako agiri guztiak aztertuko ditu Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak; aurkezten zaizkion gastuak nola hautatu diren, frogagiriek balio ote duten eta gainontzeko dokumentazioa nahikoa ote den baloratuko du. Halaber, aipatutako zerbitzuak egiaztagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako agiriak zehaztu, argitu edo osatzeko asmoz.

3. Gainera, egiaztatu beharko du ekintzek finantzabide bikoitzik ez dutela Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearentzako Estatuko laguntzen bitartez.

Hamalaugarrena.-Ordaintzeko modua eta epeak.

Dena batean ordainduko da diru-laguntza, haren xedea lortu dela eta harturiko dirua erabili dela egiaztatu eta gero, aurreko arauan ezarritakoarekin bat.

Hamabosgarrena.-Bateraezintasunak.

Foru agindu honetan araututako laguntzak ez dira bateraezinak beste erakunde edo organismo batzuek ekintza beretarako ematen ahal dituzten laguntzekin; betiere, bosgarren oinarrian ezarritako mugak errespetatzen badira.

Hamaseigarrena.-Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Onuradunak aditzera emanen du diruz lagundutako ekintzek finantzabide publikoa dutela, publizitate egokiaren bidez. Horrenbestez, entitate onuradunetik kanpo bidaltzen ahal diren agiri teknikoetan finantzabide publikoa aipatu beharko da. Gainera, zabalkunde eta sustapen ekitaldietan erakusteko diseinatutako irudien euskarri finkoetan ere azaldu beharko da. Dena dela, eta aurkezpenen estetika gordetzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren edo Nafarroako Gobernuaren logotipoak eta laburtzapenak daramatzaten esaldiak erabiltzen ahalko dira.

Hamazazpigarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituzten onuradunen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Hemezortzigarrena.-Gutxiago gauzatzearen ondorioa.

Ekintza plana aurreikusitakoa baino gutxiago gauzatuz gero, emandako diru-laguntza ere gutxitu eginen da.

Hemeretzigarrena.-Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.

Hogeigarrena.-Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1007777