56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, Ezkontza zibilak eta hilberrien aldeko agur zibilak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2009ko abenduaren 2an egin osoko bilkuran, legeak eskatutako gehiengoa zuela erabaki zuen hasiera batean onestea Tuterako (Nafarroa) hirian Ezkontza zibilak eta hilberrien aldeko agur zibilak arautzen dituen udal ordenantza.

Delako estatutu horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2010eko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8an, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iraganik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarriari jarraikiz.

Nolanahi ere, ordenantza horrek ondorio juridiko egokiak bete ditzan, osorik argitaratuko da haren testua, 6/1990 Foru Legearen delako 325.1.c) artikuluan ezarria bete beharrez.

Tuteran, 2010eko apirilaren 15ean.-Alkatea, Luis Casado Oliver.

ORDENANTZA, EZKONTZA ZIBILAK ETA HILBERRIENDAKO
AGUR ZIBILAK ARAUTZEN DITUENA

Aitzinsolasa

Egitate egiaztatua da gure gizarteak ideologia, erlijio eta kultura aldetik ageri duen aniztasuna; gurea gizarte askotarikoa da, eta hartan aldatuz doaz ohiturak eta ekitaldi sozialak.

Erlijiorik gabe bizitzea hautatu duten herritarrei komenigarri iruditzen zaizkien mugarri sozialak ospatzeko aukera bat eman beharrak eragin du ezkontza eta hileta zibilak egitea.

Gure gizartean elkarrekin bizi diren erlijio guztiek lekuak edo tenpluak dituzte beren ekitaldi liturgikoak egiteko, ezkontzak edo zenduen agurrak egin beharrez. Hori ikusirik, Tuterako Udalaren betebeharra da gure herritarren aldetik gero eta eskaera handiagoa duen premia sozialari erantzutea, ezkontza zibilen kasuan duela zenbait urtetik hona egiten duen bezala.

Ordenantza honen xedea da, beraz, arautzea bai ezkontza zibilak, gaurdaino Udalaren barnean egiten ohi direnak, bai pertsona zenduen omenez egin nahi diren agur ekitaldiak, nola egin behar diren eta horretarako eman behar diren baimenak arautu ere.

I. TITULUA

Ezkontza Zibilak

I. kapitulua

Prozeduraren hasiera

1. artikulua. Herritar guztiek, Tuteran erroldaturik egon ala ez, eskatzen ahalko diote Alkatetzari ezkontza zibilak egitea.

Eskaerak zeremonia egiteko egunaren eta orduaren erreserba baizik ez du ekartzen; horregatik, Tuterako Udalaren barnean ezkontza zibila egin ahal izateko nahitaezko baldintza izanen da lehenago titularrek organo judizial eskudunaren (Erregistro Zibila, bake epaile etab.) aldeko auto irmoa lortzea, Kode Zibilean ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen espedientea aldez aurretik haren aitzinean tramitatuta.

Eskaera Tuterako Udalak horretarako ematen duen inprimakian egin beharko da; hura, baldintza guztiak bete ondoan, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, ezkontza egiteko finkaturiko eguna baino hilabete lehenago, gutienez. Eskaerarekin batera, ezkontzen diren bien NANaren fotokopiak eta ekitaldi horretan lekuko izanen direnenak ere aurkeztu beharko dira, baita arlo hau arautzen duen ordenantzan eskatzen den tasa ordaindu izanaren ordain-gutuna, eta, horren beharrik baldin bada, ezkontzen diren bien erroldatze agiriak ere.

Noiz eskatzen diren eguna, ordua eta lokala, ordena horri hertsiki loturik eginen dira erreserbak. Udalak lokal horien erabilerari dagokionez dituen premien arabera emanen da baimena, ordenantza honen 3. artikuluan xedatuarekin bat. Nolanahi ere, egunaren eta orduaren erreserbarako, nahitaezkoa izanen da eskatzen den tasa aitzinetik ordaintzea; haren ordain-gutuna eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez baimenduko dira eguna eta ordua, baita ezkontza zibila egitea zer zinegotziren eskutan utziko den, hala eginen bada.

Ondorio guztietarako, modu irmoan esleituriko data eta orduen zerrenda jendearen eskura egonen da beti.

2. artikulua. Hauek dira ezkontzak egiteko finkaturiko ordu eta egunak: ortziraletan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 12:00etatik 13:30era.

Ezkontza zibil bakoitza egiteko ezarritako denbora ordu erdikoa izanen da.

Ez da ezkontza zibilik egiteko baimenik emanen jaiegun baten ondorioz Herriko Etxea itxirik egon behar duen larunbatetan edo udal bulegoetako lan egutegian horrela ezarria dagoenetan.

3. artikulua. Ezkontza zibilak egiteko Udalak jarri duen tokia Herriko Etxeko bilkura aretoa da. Areto hori okupaturik badago, bertze toki bat utziko da ezkontzen direnen eskura, betiere Herriko Etxean (Plaza Vieja, 1), bertan ezkontza zibila egin ahal izateko; bertzenaz, bertze egun batean egiteko aukera izanen dute.

Herriko Etxeko bilkura aretoan apaingarriren bat erantsi nahi izanez gero (loreak etab.) ezkontzen direnek egin beharko dute, beren kontura; horretarako, mantentze lanez arduratzen diren udal zerbitzuek ematen dizkieten oharrei segitu beharko diete.

Udal jarduera dela-eta edo aurreikusi gabeko bertze arrazoiren bat dela-eta ezin bada ezkontza egin finkaturiko egun eta orduan, horren berri emanen zaie ezkontzen direnei, Alkatetzarekin aitzinetik ados jarrita, hura egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko.

Eskatzaileetariko batek erabakitzen badu ezkontza zibila ez egitea, arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalean xedatuari jarraituko zaio.

4. artikulua. Debeku da arras arroza eta gisakoak jaurtitzea Herriko Etxearen barnean edo haren inguruetan, arriskua ekartzen baitie jendearen ohiko joan-etorriei; betebehar hori betetzen ez bada, Udala ez da batere erantzulea izanen. Beraz, horren ondorioz istripurik edo gisakorik gertatzen bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute, eskaeran jasorik geldituko baita arau horien berri dutela eta horiek hertsiki betetzeko hitza ematen dutela.

Udalaren barnea erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei pasatzen ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, udal barnea beren lehengora itzultzeko lanen kostua ere, aitzinetik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.

II. kapitulua

Zeremonia nola gauzatuko den

5. artikulua. Zeremonia alkateak zuzenduko du, edo zinegotzi batek, haren eskutan utzi bada; horiek, ezkontzen direnekin mintzatuta, askatasun osoa izanen dute nola gauzatuko den finkatzeko. Hala ere, ezkontza zibilak izan ditzan legeak ematen dizkion ondorioak, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko artikulu aginduzkoen irakurketa.

6. artikulua. Ekitaldia jasota gera dadin, ezkontzen direnek, lekukoek, alkateak edo zinegotziak, ezkontza egin izanari dagokion akta sinatuko dute, horretarako jasotzen dena.

II. TITULUA

Agur zibilak (hiletak)

I. kapitulua

Prozeduraren hasiera

7. artikulua. Titulu honen helburua da hilberrien aldeko agur zibilak egiteko baimenak eta ospakizun horiek egiteko Tuterako Udalak aurreikusi dituen lokalen baimena eta erabilera arautzea, Tuterako udal mugapean.

8. artikulua. Alkateak edo zinegotzi batek, haren eskutan uzten badu, emanen du agur zibiletarako gordetzen diren guneak erabiltzeko baimena, betiere Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean eskabidea aurkezten duen ahaideak edo pertsonak bidali beharko dituen agiriak jaso ondoren.

Hiletak egiteko eskaerak berehala tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Horretarako, ebazpena emateko eskua duen pertsonari igorriko zaizkio.

9. artikulua. Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

a) Zeremonia egiteko baimena eskatzen duenaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa. Baita harremanetarako telefonoa eta, posible bada, posta elektroniko bat.

b) Zenduaren izen-abizenak.

c) Eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer ordutan egin nahi den hileta. Udalak, ahal dela, eskatzaileen lehentasunari eginen dio kasu, egunari eta orduari dagokienez, eskabideen aurkezpen ordenari begiraturik, nahiz eta ordena hori aldatzen ahalko den aparteko kasuetan eta betiere aldaketa hori arrazoitzen bada.

d) Orokorrean zeremonia horiek Tuterako Udalak horretarako jartzen dituen udal lokaletan eginen direnez, pentsatzen baldin bada ekitaldira 100 lagun baino gehiago etorriko direla, espresuki adieraziko da eta baimena eskatuko halako aurreikuspenen araberako edukiera duen lokalean egin ahal izateko.

e) Ekitaldiaren deskribapen laburra, eta udal lokalak eskura duen materialaren artetik zein erabili beharko den (megafonia etab.).

f) Eskabidearekin batera, alor hau arautzen duen ordenantza fiskalak ezartzen duen tasaren ordain-gutuna aurkeztu beharko da.

10. artikulua. Eskabidea zuzentzea eta hobetzea. Eskabidean aitzineko artikuluan zehazturiko baldintzak betetzen ez badira, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondoan.

II. KAPITULUA

Instrukzioa

11. artikulua. Hileta zer egunetan eta zer ordutan eginen den alkateak finkatuko du edo, zinegotzi baten eskutan utzi badu, harexek; lehenago, kudeaketaren ardura duen departamentuak behar den espedientea instruitu beharko du.

Hori guztia eginen da eskabideak aurkeztu diren ordenari begira, eta ahal dela kontuan hartuz eskatzaile bakoitzak nahiago dituen egun eta orduak. Aparteko inguruabar objektiboak eta premia larria dagoenean, aukera egonen da eskabideak aurkeztu diren ordenari ez begiratzeko. Nolanahi den ere, behar bezala arrazoitu beharko da aparteko premia larria, eta zegokien eskubidean aldaketa jasan dutenei entzun beharko zaie.

12. artikulua. Udalak horretarako jarri dituenen artetik hileta zer udal lokaletan eginen den alkateak erabakiko du edo, zinegotzi baten eskutan utzi badu, harexek. Aparteko kasuetan, bertzelako lokalak erabiltzeko baimena ematen ahalko da.

13. artikulua. Hiletak astelehenetik larunbatera egiten ahalko dira, eta horretarako beharrezkoak diren udal baliabideak erabiliko dira.

14. artikulua. Hiletak egiteko ordutegia: 9:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara. Zeremoniak gehienez ere hirurogei minutu iraunen du, horretarako dauden eraikin edo egoitzetatik edozeinetan egiten dela ere.

15. artikulua. Tuterako Udalak izendaturiko norbait joanen da hileta egiteko ekitaldira, ekitaldi osoan zehar bertan geldituko baita, ekitaldia behar bezala egiten dela bermatu beharrez.

III. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

16. artikulua. Ospakizunetarako aretoak behar bezala zaintzen direla bermatzearren, bertaratuek ezin izanen dute egin Udalaren egoitzak hondatu edo haietan kalterik eragin dezakeen deus ere.

17. artikulua. Haren ezaugarrien araberakoa izanen da ekitaldia egiteko tokia. Hala ere, familiartekoek edo adiskideek aretoa apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari behar bezain garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira apainketa eta egokitze gastu guztiak. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez. Dena dela, Tuterako Udalak zerbitzu horiek ikuskatuko ditu.

18. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenbizikoa.-Alkateari baimena ematen zaio honako ordenantza hau aplikatzeko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.

Bigarrena.-Eskatzaileek hautara izanen dute hiletak egitea errautsontziak bertan direla, ala ez.

AZKEN XEDAPENA

Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1006803