56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Saltokiei, ostalaritza- nahiz ostatu-establezimenduei eta merkataritza- nahiz ostalaritza-elkarteei diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia, wi-fi eremuak sor ditzaten

Iruñeko Udaleko Alkate andreak, 2010eko apirilaren 19an, diru-laguntzetarako ondoko deialdia onetsi zuen.

SALTOKIEI, OSTALARITZA- NAHIZ OSTATU-ESTABLEZIMENDUEI ETA MERKATARITZA- NAHIZ OSTALARITZA-ELKARTEEI DIRU-LAGUNTZAK BANAKAKO EBALUAZIO-ARAUBIDEAN EMATEKO DEIALDIA, WI-FI EREMUAK SOR DITZATEN

Deialdi honen helburua diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko prozedura garatzea da, saltokiek, ostalaritza- nahiz ostatu-establezimenduek eta merkataritza- nahiz ostalaritza-elkarteek wifi eremuak sortzeko beharrezko teknologiak ezar ditzaten, hori guztia, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3ko Osoko Bilkuran onetsi eta 2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 17koan, argitaratu baitzen.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1.-Aurrekontua eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honi 40.000 euro esleituko zaizkio, gehienez ere, 2010eko Udalaren Gastu-aurrekontuko 22/46340 770000 kontusailaren kargura.

Eskatzaile bakoitzari ematen ahalko zaion diru-laguntzaren zenbatekoa ezin izanen da kostu osoaren %80 baino gehiago izan. Saltokiek eta establezimenduek zeinek bere izenean aurkezten dituzten eskaeren kasuan, ezin izanen da 600 euroko muga gainditu, eta, elkarteek aurkezten dituzten eskaeren kasuan, diru-laguntzak ezin izane du 15.000 euro baino gehiago jo. Laguntza horretan honako kontzeptu hauek sartuko dira: kontratuaren altaren kostua, modem-routerraren kostua, konfigurazioa eta instalazioa eta zerbitzuaren hileroko gastua. 2009ko azaroaren 1etik 2010eko urriaren 31ra bitarte egindako zerbitzuen altak eta hileroko gastuak onartuko dira.

2.-Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xedea eta helburua saltokiei, ostalaritza- nahiz ostatu-establezimenduei eta merkataritza- nahiz ostalaritza-elkarteei diru-laguntzak ematea da, wi-fi eremuak sortzeko beharrezko teknologiak ezar ditzaten, betiere deialdi honek ezarritako baldintzekin bat. Establezimendu bakoitzak konexio bakar baterako jasotzen ahalko du diru-laguntza. Halaber, wifi eremuaren titularra den establezimendutik at sarera jo nahi duten erabiltzaileei pasahitza eskatzen dieten wifi eremuko sistemak paratzeko baino ez dira diru-laguntzarik emanen.

Saltokiak eta ostalaritza- zein ostatu-establezimenduak izan daitezke diru-laguntza honen onuradunak, baldin eta JEZen jarduera ekonomiko gisara alta emana badute, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren tarifak eta Jarraibidea onetsi zituen maiatzaren 28ko 7/1996ko Foru Legeak xedatutako sailkapenaren Lehen Ataleko 64. eta 68. talde-multzoen artean (biak barne) sartutako merkataritza-, ostalaritza- eta ostatu-jarduerekin loturiko epigrafeetan.

Halaber, onuradunak izanen dira, deialdi honi dagokionez, eremuko merkataritza- eta ostalaritza-elkarteak, baldin eta haien jarduna Iruñeko udal-mugapean gauzatzen badute.

Establezimendu batek diru-laguntza bere kabuz eskatuz gero, hori ez da kontuan hartuko, baldin eta establezimendu hori agertzen bada elkarte batek wifi-eremu komun bat instalatzeko egindako eskaera bati atxiki zaizkion establezimenduen zerrendan.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hauek izanen dira diru-laguntza jaso duten onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntzaren xede den helburua, proiektua edo jarduera gauzatzea edo diru-laguntzaren oinarria den jokabidea hartzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere udal-agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik.

d) Helburu berbera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute egunean dituztela hala tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak.

Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko tributu-betebeharrak egunean dituztela.

Aurrekoa gorabehera, Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

f) Kontabilitate-liburuak, izapide-erregistroak eta gainerako agiriak izan behar dituzte, behar bezala ikuskatuak izan ere, onuradunari kasuan-kasuan aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoekin bat, bai eta deialdiek edo ebazpenek egiaztapen- eta kontrol-eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko galdatzen ahal dituzten egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontroletan erabili ahal izan daitezen.

h) Behar bezala iragartzea diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela, betiere Deialdi honen 13. klausulan aurreikusitakoarekin bat.

i) Kontratatutako zerbitzua gutxienez 18 hilabetez eskaintzea, alta hartu eta hortik aitzina.

j) Jasotako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan.

3.-Diru-laguntzak eskatzeko bete beharreko baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Deialdi honen aurreko klausulan ezarritako baldintzak bete eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen saltokiek, ostalaritza- nahiz ostatu-establezimenduek eta eremuko merkataritza- nahiz ostalaritza-elkarteek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere ondoko baldintzak betez gero:

-Legearekin bat eraturik egotea, deialdi honi dagokion diru-laguntza eskatzen duen unean.

-Iruñeko Udalean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda izatea. Datu hori administrazio honek bere kabuz eskuratuko du.

-Helbide soziala eta negozioa Iruñeko udal-mugapean izatea.

-Eguneratuak izatea zergei nahiz Gizarte segurantzari buruzko betebeharrak.

-Elkarteen kasuan, haien jarduna Iruñeko udal-mugapean garatzea.

Diru-laguntza jasotzeko debeku-zio bakar batek ere ukitzen ez dituela eta galdatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztateko, erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu behar da, bai eta Deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat eskabideari erantsi beharreko agiriak eta argibideak ere, betiere Administrazioak aurkeztutako aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko duen ahalmena ezertan galarazi gabe.

Ez da beharrezkoa izanen udal-agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

4.-Diru-laguntzak bideratu eta ebazteko organo eskudunak.

Herritarren Partaidetzako eta Teknologia Berrietako Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazio araubidean emanen da. Horrenbestez, eskaerak aurkeztu ahala bideratu eta ebatziko dira espedienteak, betiere xede horretarako aurrekontu-krediturik izan bitartean. Herritarren Partaidetza eta Teknologia Berrietako Alorrak eta ANIMSAko teknikari batek, batera, eskabideak eta deialdi honen 6. klausulan ezarritako agiri guztiak egiaztatu ondoren, instrukzio-organoak ebazpen-proposamena emanen du, behar bezala motibaturik, behin espedientea eta bertan diren txostenak ikusita.

Alkatetzari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.

Eskatzaileei prozedura bideratzeko beharrezko diren agiri guztiak galdatzen ahalko zaizkie, eta, halaber, diru-laguntzen gozamen egokia egiten dela bermatzeko baldintzak eta betebeharrak ezartzen ahalko dira.

5.-Eskaerak noiz eta non aurkeztu.

Interesdunen eskaerak deialdi honek 1. ERANSKIN gisara ezarritako arauzko ereduarekin bat etorri eta eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari OfizialEAN noiz argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2010eko azaroaren 15ean amaituko, edo, bestela, ezarritako aurrekontua agortzen denean, baldin eta aipatutako data baino lehenago agortzen bada.

Eskabidearekin batera, deialdi honen seigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Diru-laguntzetarako eskaerak ondoko tokietan aurkezten ahal dira: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kondestablearen Jauregia-Kale Nagusia, 2), erregistro osagarrietan (Descalzos kalea, 72-2. solairua; San Saturnino kalea, 2-beheko solairua, Iratxeko monasterioaren kalea, 2-beheko solairua; Armada etorbidea, 2-5. solairua; Zapateria kalea, 40-beheko solairua; eta Eslava kalea, 1-beheko solairua) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluak aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6.-Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri eta argibideak.

Atxikitako ereduarekin bat aurkeztutako eskabideekin batera (1. eranskina), ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

1. Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duten agiriak:

1.1. Pertsona fisikoak diren eskatzaileak:

-Eskatzailearen edo ordezkariaren NANen fotokopia.

1.2. Pertsona juridikoak diren eskatzaileak:

-Enpresaren eraketari buruzko eskritura, Merkataritzako Erregistroan edo dagokion erregistro ofizialean kautotua, berariazko legeek horrela galdatzen badute.

-Eratutako jardueraren legezko ordezkariaren NANen fotokopia.

-Identifikazio fiskaleko kodea.

2. Eskatzaile mota bakoitzaren arabera eskatutako agiri horiez gain, honako agiriak aurkeztu beharko dituzte eskatzaile guztiek:

a) Erantzukizunpeko aitorpena, onuradun izateko Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen betekizun orokorrak eta Deialdi honetan ezarritako berariazko betekizunak betetzen dituela adierazita (I. eranskina).

b) Erantzukizunpeko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez duela eskatzailea ukitzen egiaztatzeko (I. eranskina).

c) Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak hala tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazita, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak xedatutakoarekin bat (I. eranskina).

Horretarako, edonoiz, eta edonola ere diru-laguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, aipatu betebehar horiei dagozkien egiaztagiriak, eskudun den Administrazioak emanak, eskatuko zaizkio onuradunari.

d) Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa. Horretaz gain, bestelako erakundeei aurkeztu eta deialdi honetan parte hartzen duten unean ebazteke dauden laguntza-eskaerak aipatuko dituzte (II. eranskina, Jasotako diru-laguntzei buruzko aitorpena).

e) Wifi eremuak sortzeko beharrezko teknologia ematen, instalatzen eta mantentzen duen enpresarekin sinatutako kontratua. Halakorik izanez gero, zerbitzuaren kontratuaren alta eta instalazioa ordaindu izanaren faktura aurkeztu beharko da.

f) Wifi eremu komun bat sortzeko, aurrekoez gain ondokoak aurkeztu behar dira: proiektu bat eta argibide-memoria bat, non kasuan kasuko eremuaren ezaugarriak eta garatu beharreko jarduketak -haien kostua eta finantzabidea barne- jasoko baitira.

g) Diru-laguntzen eskaria egin bitartean eskatzaileak ordaindu dituen fakturak eta horien ordainagiriak.

h) Eskaera merkataritza- edo ostalaritza-elkarte batek egiten badu, wifi eremu komun bat sortzeko eskaerari atxikitako establezimenduen zerrenda xehatua gehitu beharko da, eta horiei buruz ondoko datuak eman: Establezimenduaren izena, IFK eta jarduera nagusia.

i) Diru-laguntza zein kontu korrontetan jaso nahi eta horren titulartasunaren egiaztagiria, bankuak emandakoa.

j) Diru laguntza emateko ebazpenean eska litekeen beste edozein agiri.

Galdatutako agiriek jatorrizkoak izan behar dute, edo Udaleko Erregistroetan edo Notario baten aurrean konpultsatutako fotokopiak.

Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du eskatzaileak eguneratuak dituela harekiko tributu-betebeharrak, bai eta JEZen alta emana duela. Era berean, diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, bere kabuz egiaztatuko du ez duela Udaleko Diruzaintzara itzuli beharreko zenbatekorik.

Galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urtetik gora joan ez badira, kasuan-kasuko prozedura bukatu zenetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezin badute agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko diete hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

7.-Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori eskabidea bideratzeko organo eskudunaren erregistroan aurkeztu eta hortik aitzina kontatuko da.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

8.-Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.

Ebazpenaren edukia, oso-osorik, Iruñeko Udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko da; halaber, edukiaren laburpen bat Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.-Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak, baldin eta deialdi honetan ezarritako epean egiten badira. Diru-laguntzaren xede diren gastuetan, eskuratze-kostua ezin izanen da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

Deialdi honetan ezarritako justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat.

Wifi eremuak sortu, abiarazi eta mantentzeko beharrezko diren gastuak hartuko dira diru-laguntzen xedetzat, eta, deialdi honi dagokionez, ondokoak:

1) Kontratuaren altaren kostua, modem-routerraren eta konfigurazioaren kostua, hau da, wifi eremua sortzeko behar diren gailuen instalazioari dagozkionak.

2) Zerbitzuaren hileroko gastuak, 2009ko azaroaren 1etik edo, alta geroago eman den kasuetan, alta noiz eman eta egun horretatik 2010eko urriaren 31ra bitarteko epeari dagozkionak.

Ondoko gastuak ez dira inola ere izanen diru-laguntzaren xede:

a) Banku-kontuetako zorrek eragindako interesak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak zein penalak.

c) Auzi-prozedurek eragindako gastuak.

d) Tokiko tributuak, legeetan aurreikusi gabeko zerga-kentzerik, konpentsaziorik edo tokiko ogasunarekin hartutako zorrak gutxiagotzerik ekartzen badute.

Tokikoak ez diren tributuen gastuetarako diru-laguntza jaso daiteke, diru-laguntzaren onuradunak gastu horiek zuzenean ordaindu baditu. Ondoko gastuak ez dira inoiz ere diru-laguntzen xedea izanen:

a) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak. Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, benetako kostuak eraginda onuradunak ordaindu dituen kopuruak izanen dira bakarrik diru-laguntza jaso dezaketen gastuak, betiere, kengarria ez bada; izan ere, kengarria izan badaiteke, onuradunak berreskuratzen ahalko du zergaren zenbatekoa. Onuradunak modu frogagarrian egiaztatu beharko du inguruabar hori.

b) Errentaren gaineko zerga pertsonalak.

10.-Diru-laguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako diru-laguntzak eskuratzearekin, betiere horien zenbateko osoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez badu. Udala jabetzen bada onuradunak gehiegizko finantzaketa jaso duela hainbat entitatetatik, diruz lagundutako jardueraren kostuaz bezainbatean, gehiegizko kopuruak zenbat jo eta hori dena itzultzeko galdatuko dio onuradunari, Udalaren diru-laguntzak guztira zenbat egin eta horrenbesteraino.

Establezimendu batek diru-laguntza bere kabuz eskatuz gero, hori ez da kontuan hartuko, baldin eta establezimendu hori agertzen bada elkarte batek wifi-eremu komun bat instalatzeko egindako eskaera bati atxiki zaizkion establezimenduen zerrendan.

11.-Justifikazioa.

Diru-laguntza zein helburutarako eman eta hori bete ondoren, onuradunek egindako gastu eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, honako agiri hauek aurkeztuz:

1.-Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

2.-Diru-laguntza jaso dezaketen elementuen fakturak.

3.-Diru-laguntza jaso dezaketen elementuei dagozkien ordainagiriak. Ordaindu izana banku-zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu-agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

4.-Aurrekoaz gain, wifi eremu komun baten kasuan, diruz lagundutako jarduera justifikatzeko jarduketa-memoria bat aurkeztuko da, non xehetasunez aitortuko baitira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak, haien kostua eta lortutako emaitzak.

Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkielarik.

Fakturetan azaltzen diren kontzeptuek diru-laguntzaren eskabidean jasotakoarekin bat etorri behar dute.

Baldin eta egindako gastuaren justifikazioa diru-laguntza ematea eragin zuen aurrekontua baino txikiagoa bada, edo inbertsioaren zenbatekoa merkatuan diren prezioei ez zaiela egokitzen jotzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastuetara edo izandako jaitsieraren aurrean baloratutako gastuetara egokituko da.

Gastuak eta ordainketak deialdi honetan ezarritako epe eta moduan ez justifikatzeak berekin ekarriko du diru-laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, eta, horrekin batera, jasotakoa itzuli behar izatea, halakorik izanez gero.

Klausula honetan aipatzen diren frogagiriak aurkezteko mugaeguna 2010eko azaroaren 30a izanen da.

Dagokion justifikazioa aztertu eta gero, Udaleko teknikari eskudun batek balorazio-txosten bat egin eta sinatuko du. Bertan espresuki jasoko da guztiz bete izan dela diru-laguntzaren xedea, edo, bestela, justifikazioaren onespena eragozten duten akatsak edo inguruabarrak zein diren.

12. Diru-laguntzaren ordainketa.

Dagokion ebazpena eman eta gero, diru-laguntzaren ordainketa aurreratuko da, kontratuaren altaren, modem-routerraren eta horren konfigurazioaren gastuei dagokienez. Horrenbestez, ondoko gastuen ordainketa aurreratuko da: wifi eremua sortzeko behar diren gailuen instalazioari dagozkion zein zerbitzuari dagozkion hileroko gastuak, eskabidea aurkeztu bitarte interesdunek ordaindu eta justifikatutakoak.

Ondoren, eta onuradunak aurreko klausulan ezarritakoarekin bat justifikazioa aurkezteko betebeharra bete ondoren, onuradunei dagokien gainerako zenbatekoa ordainduko zaie, betiere 1. klausulan gehienez ezarritako zenbatekoan zenbat jo eta horra bitarte.

Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek ez badituzte tributu-betebeharrak zein gizarte segurantzarekikoak eguneraturik, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu. Aurrekoa gorabehera, Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo hein batean, justifikazio egokirik ez badute aurkezten, edo azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean edo Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrean aurreikusitako zioren batean gertatzen bada.

13.-Jarduera funts publikoz finantzatu dela iragartzeko publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

Onuradunak jarduera hedatzeko hartuko dituen neurriek bat etorri beharko dute diruz lagundutako xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokionez; horiek horrela, establezimenduan eranskailu bat jarri beharko da, wifi eremua dela adieraziz. Eranskailu hori Iruñeko Udalak banatuko du.

14.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2010eko apirilaren 26an.-Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena edo Izen Soziala:

IFK:

Helbidea:

PK:

Herria:

Tel.:

Faxa:

Posta elektronikoa:

Behar izatera, ondokoak adierazi:

Ordezkariaren

izen-deiturak

NAN:

Helbidea:

PK:

Herria:

Tel.:

Faxa:

Posta elektronikoa:

ESKAERA saltokiei, ostalaritza- nahiz ostatu-establezimenduei eta merkataritza- nahiz ostalaritza-elkarteei wifi eremuak sortzeko diru-laguntzak emateko deialdirako, zeina 2010eko ..................ren .........(e)ko ..........garren Nafarroako aldizkari Ofizialean argitaratu baita.

Eta, aipatu deialdian aurreikusitakoarekin bat, hona:

ADIERAZPENA:

1. Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan jaso eta onuraduna izatea galarazten duten debeku bakar batek ere ez du entitatea ukitzen.

2. Entitateak bete egiten ditu onuradun izateko Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen betekizun orokorrak eta Deialdi honetan ezarritako berariazko betekizunak.

3. Eskatzaileak, eskabide honekin batera, honako gastuak aurkezten ditu:

-.................................................. Zenbatekoa (eurotan) ....................

-.................................................. Zenbatekoa (eurotan) ....................

-.................................................. Zenbatekoa (eurotan) ....................

-.................................................. Zenbatekoa (eurotan) ....................

Aurreikusitako kostua, guztira (zenbatekoa, eurotan) ........................

Eskaera hau kontuan hartzea. Xede hori harturik, eskatutako agiriak atxikirik doaz, haien egiazkotasuna nik ziurtatuta.

Iruñean, 2010eko ....................................... ren .................. (e)an.
(Sinadura)

Iruñeko Andre Alkate Udalburua.

Datuen babesa: Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Administrazio honek berezko dituen eskumenak gauzatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Iruñeko Udalera zuzenduta, hain zuzen, gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera (Kondestablearen Jauregia-Kale Nagusia, 2 - 31001 Iruña) edo erregistro osagarrietara joaz.

II. ERANSKINA

Jasotako diru-laguntzen gaineko aitorpena (6. oinarria)

Eskatutako diru-laguntzaz bezainbatean, adierazten dut:

  • Ez dudala jaso inolako diru-laguntzarik beste administrazio publiko, entitate publiko zein pribatu edo partikularrengandik -ez naziokoengandik, ez nazioartekoengandik-, eskaera honen xedea betetze aldera.
  • Ondoko diru-laguntzak jaso ditudala beste administrazio publiko, entitate publiko zein pribatu edo partikularrengandik -naziokoengandik edo nazioartekoengandik-, eskaera honen xedea betetze aldera:

ENTITATEA

KONTZEPTUA

EMANDAKO EDO EMATEKOA DEN
ZENBATEKOA (eurotan)

LAGUNTZAREN EGOERA (1)

(1) Laguntzaren egoera adierazi: eskatua, emana edo kobratua.

Datuak gaurkotzeari dagokionez, konpromisoa hartzen dut aitorpen honetan zehaztutako diru-laguntzetan gerta daitekeen edozein aldaketaren berri Administrazioari idatziz helarazteko, gehienez ere 15 eguneko epean, behin jakinarazpena jaso eta hortik aitzina. Halaber, konpromisoa hartzen dut diru-laguntzaren bat zein entitate publikori eskatu eta horiei guztiei aurrekoaren berri emateko. Bai eta jarduera abiatu eta handik lehen 18 hilabete bitarte gerta daitekeen beste edozein aldaketarena ere. Jakitun nago halakoetan gerta daitekeela diru-laguntza aldatu edo itzuli behar izatea, betiere itxiera ezinbesteko arrazoiek eragin ez badute.

Iruñean, 2010eko ................................ren ..................(e)an.
(Eskatzailearen sinadura)

Datuen Babesa: Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Administrazio honek berezko dituen eskumenak gauzatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Iruñeko Udalera zuzenduta, hain zuzen, gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera (Kondestablearen Jauregia-Kale Nagusia, 2 - 31001 Iruña) edo erregistro osagarrietara joaz.

Iragarkiaren kodea: L1007352