56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

121/2010 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musikako ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak eman duen aldeko txostena, 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musikako ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onets daitezen.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musikako ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera eta ikastetxeetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2010eko apirilaren 20an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko musikako ikasketa arautuek
eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2010-2011 ikasturtean izanen duten
eskola egutegia prestatzeko jarraibideak

1.-Egutegia.

Nafarroako Foru Komunitateko musikako ikasketa arautuei eta dantzako ikasketa ez-arautuei dagokien 2010-2011 ikasturteko eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:

1. Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

2. a) Musikako lanbide ikasketetan, eskolak irailaren 16an hasi eta ekainaren 8an bukatuko dira. Iruñeko Berariazko Dantza Eskolan, eskolak irailaren 16an hasi eta ekainaren 15ean bukatuko dira.

b) Ikasturtea egun horietan hastea eragozten duten arrazoi objektiboak daudenean, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak beste proposamen bat eginen du, betiere eranskin honen 3.a) baldintzan ezarritako eskola egunen kopurua errespetatzen baldin bada.

c) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

d) Eskolak bukatu eta ekainaren 30a arte, aparteko azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

e) Musikako lanbide ikasketetako 6. kurtsoko ikasleen azken ebaluazio arrunta maiatzaren 25a baino lehen eginen da. Ebaluazio hori egin ondoren, eskolak ematen jarraituko da, bai ebaluazioa gainditu ez duten ikasleak prestatzeko bai probak egiteko asmoa duten ikasleak prestatzeko.

Batxilergoko irakasgai komunak egiten ari diren eta unibertsitatean sartzeko probetara aurkezteko asmoa duten ikasleen kasuan, dagozkien ziurtagiriak bigarren hezkuntzako ikastetxeetara igortzeko azken eguna maiatzaren 26a izanen da.

f) Musikako lanbide ikasketen ebaluazio berezirako deialdia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da ikasle guztientzat.

6. kurtsoko ikasleen kasuan, ekainaren 20a baino lehen egin beharko da deialdi berezi hori, unibertsitatean sartzeko deialdi berezian parte hartu ahal izateko. Horretarako, bigarren hezkuntzako kasuan kasuko ikastetxeei ziurtagiria igorriko zaie, ekainaren 21ean beranduenez.

3. a) Musikako lanbide ikasketetan 160 eskola egun izanen dira gutxienez, eta Iruñeko Berariazko Dantza Eskolan, berriz, 165 egun.

b) Ikasturtea ezin izanen da bukatu 160 edo 165 eskola egun egin gabe, kasuan-kasuan.

c) Egutegia aldatu behar denean, lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola egunak errespetatuta.

d) Eskola egunetan ezin izanen dira eskolak eten kontrolak, probak edo azterketak egiteko, ikasturteko azken hiru eskola egunetan izan ezik. Era berean, ezinezkoa izanen da eskolaldia etetea ebaluazio batzarrak edo klaustroak egiteko.

e) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

4. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean ere halakoak direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, abenduaren 6a, abenduaren 8a, herriko zaindariaren jaieguna eta kasuan kasuko ikasketen zaindariaren jaieguna.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskola eguna ez den batean izaten denean, ikastetxeek horren ordezko beste egun bat aukeratu ahal izanen dute. Ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren jaiegunaren ordezkoa proposatuko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

c) Musikako kontserbatorio profesionalen zaindariaren jaieguna azaroaren 22a izanen da. Dantza Eskolako ikasketei dagokien zaindariaren jaieguna dantzaren nazioarteko eguna ospatzen den egunean izanen da.

d) Ikastetxeak jarritako eskola egunez gainetikoak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez direnak, eskola gabeko lanegunak izanen dira.

5. 160 edo 165 eskola egun errespetatzen badira, ikasketen arabera, ikastetxeetako zuzendariek 4. baldintzan aipatzen den hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna aldatzen ahalko dute.

6. 4. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

7. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasi eta urtarrilaren 9an bukatuko dira, bi egun horiek barne.

8. Aste Santuko oporrak apirilaren 21etik maiatzaren 1era arte izanen dira, biak barne.

9. Iruñeko "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionala Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin koordinatuko da, eskola gabeko egunak eta hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, ahal den neurrian, berberak izan daitezen bi ikastetxeetako egutegi proposamenean.

10. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2.-Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2010-2011 ikasturterako eskola egutegia prestatuko du eta, Eskola Kontseiluak onetsi ondoren, egutegiaren proposamena Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio. Horretarako azken eguna 2010eko maiatzaren 28a izanen da.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak onetsiko ditu, aztertu ondoren. 2010eko ekainaren 18a baino lehen jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetako egutegiak onetsitzat joko dira.

3. Ikastetxeren batek bere egutegiaren proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio egutegia.

4. Egutegiak, onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrola, aldiz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia ikastetxeko iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

1.-2010-2011 ikasturteko eskola egutegia.

Musikako ikasketa arautuak eta dantzako ikasketa ez-arautuak.

F1007176_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1007176