56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko apirilaren 19an hartua. Honen bidez, sailkapen espedientean azaltzen diren zabalera, trazadura eta bestelako ezaugarri fisikoko abelbideen izatea adierazten da eta hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzea onesten, udal mugapen hauetan: Espartza Zaraitzu, Orontze, Ezkaroze eta 9. fazeria.

Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari dagokio, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak proposaturik, Nafarroako abelbideen erabilerak sailkatzeko eta berariaz arautzeko ahalmenak.

Espartza Zaraitzu, Orontze, Ezkaroze eta 9. fazeriako udal mugapeetako abelbideetan hondatu edo desagertutako mugarriak sailkatu eta berrezartzea bide horiek errekuperatzeko aldez aurretik egin beharreko lana da, eta Nafarroako abelbideei balioa emateko foru programaren barruan sartzen da. Horrek eragin onuragarria du lurralde antolamendurako eta landa ingurunea garatzeko.

19/1997 Legearen arabera, sailkapena "adierazpen izaerako egintza administratibo bat da eta, horren bidez, abelbide bakoitzaren izatea, zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisiko orokorrak zehazten dira", mugaketa "egintza administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak definitzen dira, sailkapenaren egintzan ezarritakoaren arabera", eta mugarriztatzea "prozedura administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak zehaztu eta modu iraunkorrean seinalatzen dira tokian berean".

Hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzearen helburua Nafarroako Gobernuak emandako mugaketa eta mugarriztatze akta duten abelbideak eguneratzea da, abelbidea mugatzen duten mugarriei kokaleku zehatza emanez gaur egungo baliabideak erabiliz.

Aipatu diren udal mugapeetako abelbideen sailkapenerako jarraitu den prozedura administratiboko tramiteak beterik, eta jendaurrean egon ondoren, bi alegazio aurkeztu ziren. Horiei buruzko behar bezalako txostena egin da, espedientean ageri den moduan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Jarraian aipatzen diren abelbideen eta horiei loturiko tokien izatea adieraztea. Horien zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisiko orokorrak dagokien sailkapen espedientean agertzen dira:

-Espartza Zaraitzu: Murillo el Frutotik Zaraitzura doan errege altxonbidea eta 12. zeharbidea.

-Orontze: Murillo el Frutotik Zaraitzura doan errege altxonbidea eta 12. zeharbidea.

-Ezkaroze: Murillo el Frutotik Zaraitzura doan errege altxonbidea, 12. zeharbidea, 36. iraganbidea, 37. iraganbidea eta 42. iraganbidea.

-9. fazeria: 12. zeharbidea.

2. Hondatu edo desagertutatako mugarrien (dagokien espedientean agertzen dira ezaugarriak) berrezarpena onestea, honako udal mugape hauetan:

-Espartza Zaraitzu: 38. iraganbidea.

-Orontze: 33. iraganbidea.

-Ezkaroze: 16. zeharbidea.

-9. fazeria: Murillo el Frutotik Zaraitzura doan errege altxonbidea.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari igortzea.

4. Erabaki hau Espartza Zaraitzu, Orontze, Ezkaroze, Otsagabia eta Itzaltzuko udalei jakinaraztea, eta adieraztea administrazio bidea bukatzen duen erabaki horren kontra errekurtso hauetako bat jartzen ahalko dela:

-Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari berari zuzendua, hilabeteko epean.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Espedientean interesa duten administrazio publikoek bigarren errekurtso mota hori jartzen ahal dute soilik.

Erabaki hau argitaratu edo, hala denean, jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Iruñean, 2010eko apirilaren 19an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1007041