53. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

592/2010 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, "Tafallako hiriko merkataritza guneari" lehentasunezko proiektu izaera ematen diona, txikizkako merkataritza enpresentzat ezarritako diru-laguntzen araubidean.

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak ekainaren 12an emandako 195/2008 Foru Aginduak txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzaren araubidea ezarri zuen 2008-2011 aldirako.

Foru agindu horren 13.A.2.a) artikuluak ezartzen du merkataritzako lehentasunezko proiektutzat jotzen direla ahalmen nahikoa duten udalerrietako edo hirialdeetako lehentasunezko esku-hartze eremuetan kokaturik dauden saltokietan egiten diren inbertsioak, "Nafarroako udalerrietan hiriko merkataritza guneak garatzeko ahalmenaren azterlanean" ezarritakoarekin bat.

Artikulu berak dio proiektu horiek lehentasunezkotzat jo daitezen beharrezkoa dela udalerriak Enpresa Zuzendaritza Nagusiari eskatzea hiriko merkataritza gunearen proiektua foru agindu honetan ezarritako araubidean sar dezala.

Halaber, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 12ko 196/2008 Foru Aginduak, merkataritzako enpresetan inbertsioak egiteko finantza kostua murrizteko diru-laguntzaren araubidea ezartzen duenak 2008-2011 aldirako, kasu bera aurreikusten du 2. artikuluaren 2.a) idatz-zatian.

Tafallako Udalak eskaera bat aurkeztu zuen 2009ko irailaren 16an, "Tafallako hiriko merkataritza guneari" lehentasunezko proiektu izaera emateko, txikizkako merkataritza enpresentzat ezarritako diru-laguntzen araubidean (saltokiak modernizatzea eta finantza kostua murriztea).

2009ko urriaren 26ko eta 2009ko abenduaren 22ko idazkien bidez, Tafallako Udalari informazio osagarria eskatu zitzaion, "hiriko merkataritza gunea" garatu nahi den eremuan sartutako kaleak zehazteko, lehentasunezko esku-hartzearen merkataritza gunea eta bigarren mailakoa bereiziz, eta kaleak sailkatzeko erabilitako irizpideak eta kale batzuk lehen eta/edo bigarren mailako merkataritza ardatz gisa kalifikatzearekin zerikusia duten beste alderdi batzuk ezagutzeko.

Ikusirik Tafallako Udalak araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela eta proiektuaren helburua halako jardueren helburuekin bat heldu dela, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak proposatu du "Tafallako hiriko merkataritza guneari" lehentasunezko proiektu izaera eman dakiola.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Tafallako hiriko merkataritza guneari" lehentasunezko proiektu izaera ematea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak ekainaren 12ko 195 eta 196/2008 Foru Aginduetan ezarritako diru-laguntzen araubidean, Tafallako Udalak eskaera aurkeztu zuen egunetik hasita.

2. Lehentasunezko esku-hartzearen eremua osatzen duten kaleen zerrenda onestea, lehen mailako merkataritza ardatza eta bigarren mailako merkataritza ardatza bereiziz. Ebazpen honen I. eranskinean ageri da zerrenda.

3. Tafallako Udalak Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari jakinarazi beharko dizkio, 2010eko eta 2011ko ekitaldiak bukatutakoan, hiriko merkataritza gunea osatzen duten kaleetan egindako hirigintza jarduketak edo bestelakoak, eskaeran jasotako proposamenekin bat, merkataritza gune hori garatzen lagun dadin.

4. Ebazpen hau Tafallako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 17an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

I. eranskina

Tafallako hiriko merkataritza gunearen lehentasunezko
eremua osatzen duten kaleen zerrenda

1. Lehen mailako merkataritza ardatza osatzen duten kaleak:

KALEAREN IZENA

KALEAREN MUGAKETA

Kale Nagusia

1 zenbakitik 44ra

Nafarroako Frantsizko plaza

Osoa

Merkatuko plaza

Osoa

Severino Fernández etorbidea

1 zenbakitik 28ra

Lau Kantoi kalea

Osoa

Zangozako etorbidea

Osoa

Martinez de Espronceda kalea

Osoa

2. Bigarren mailako merkataritza ardatza osatzen duten kaleak:

KALEAREN IZENA

KALEAREN MUGAKETA

Aita Calatayud pasealekua

1 zenbakitik 13ra

Eskola Jainkotiarren kalea

Osoa

García Goyena kalea

Osoa

Errekoleten kalea

Osoa

Cortes plaza

Osoa

Foru Diputazioaren kalea

Osoa

Foruen plaza

Osoa

Mutuberria kalea

Osoa

Pasadizo

Osoa

Ereta pasealekua

1 zenbakitik 7ra

Iragarkiaren kodea: F1005232