51. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatze txartelak arautzen dituen udal ordenantza (aldaketa). Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2009ko abenduaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatze txartelak arautzen dituen udal ordenantzako aldaketa. Onespenaren erabakia 2010eko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 12an.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantzako aldaketa behin betikoz onetsi da, osoko bilkurak 2010eko martxoaren 22an egindako bilkuran, eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENDAKO APARKATZE TXARTELAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
(2009-2010ean aldaketa egin eta gero)

1. artikulua. Xedea.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatze txartelak emateko arauak ematea da ordenantza honen xedea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioarekin bat, desgaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondotik joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Baldintzak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

I.-Baliaezintasun iraunkorreko gidariak:

1. Elbarri interesdunak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

A) %33tik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko desgaitasunen bat tarteko dela dioena. Garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasuna dutela zehazteko 1971/99 Errege Dekretuan ezarritako baremoan gutxienez 5 puntu izan behar dira.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

-Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

-Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

-Bere joan-etorrietan aulki gurpilduna behar izateraino.

-Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

II.-Baliaezintasun iraunkorra duten pertsonen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak:

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena; baita harekin bizi dela ere, hala denean.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

A) %33tik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko desgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

-Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

-Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

-Bere joan-etorrietan aulki gurpilduna behar izateraino.

-Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita bi argazki ere, kolorezkoak eta karnet tamainakoak.

Txartel bat baizik ez da emanen hartarako eskubidea duen lagun bakoitzeko, ukituaren izenean izan haren ahaide batenean izan, ukituak hirugarren baten beharra baldin badu joan-etorriak egiteko.

4. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Txartela eskuratzeko aurkezten diren datuak, egiaztagiriak, etab. faltsutzea arau-hauste administratiboa da, baita hura eskuratzea galaraziko luketen datuak ezkutatzea ere.

Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpenaren aurretik, interesdunei entzunaldia emanen zaie betiere. Espedientea Zehapen Ahalmena gauzatzeko Erregelamenduan xedatzen denari jarraikiz tramitatuko da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betez, argitara ematen da orok jakin dezan.

5. artikulua. Txartelen indarraldia.

Txartelek 5 urtez egonen dira indarrean.

6. artikulua. Tarifak.

Eskuratzen diren momentuan ordainduko dira, kontzesioa onartutakoan.

Txartel bakoitzaren zenbatekoa: 6,00 euro.

Etxarri Aranatzen, 2010eko martxoaren 30ean.-Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

Iragarkiaren kodea: L1005917