51. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

470/2010 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena egin eta udalaren ebazpenaren aurreko txostena ematen duena Azkoien udal mugapeko (Nafarroa) "Cogote de Funes" izeneko legar-hobia handitzeko jarduera sailkatuaren proiektuari buruz. Sustatzailea Hormigones Delfín, S.A. da.

Proiektatu den legar-hobiak bi urtetik gorako ustiapen aldia du eta 2,5 ha baino gehiago ukituko ditu; hortaz, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua betez, ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da, obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik, zehazki udalaren jarduera sailkatuko lizentzia eman edo ukatu baino lehen, arau horren 4B eranskinean sartuta baitago.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura abiarazteko asmoz, 2008ko urtarrilaren 21ean, Hormigones Delfín, S.A. enpresak Azkoien udal mugapeko (Nafarroa) "Cogote de Funes" izeneko legar-hobia handitzeko jarduera sailkatuaren proiektua barne hartzen duen ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu zuen departamentu honetan.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren 2008ko otsailaren 12ko idazkiaren bidez aurretiazko kontsulten tramitea egin zen. 19 entitateri egin zitzaien kontsulta, eta 7k erantzun zuten. Ondoren, Industria Segurtasunerako Zerbitzuari kontsulta egin zitzaion eta txostena egin zuen 2009ko irailaren 22an. Adierazpen honen I. eranskinean daude kontsultatuen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena.

2008ko apirilaren 15ean, jasotako erantzunak sustatzaileari bidali zitzaizkion, kontuan har zitzan ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan. Gainera, azterlan horren nahitaezko edukiarekin batera aurkeztu beharreko alderdi batzuk aipatu zitzaizkion. Ondoren, Industria Segurtasunerako Zerbitzuaren eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erantzunak bidali ziren.

2009ko abuztuaren 14an, sustatzaileak ingurumen eraginaren azterlana igorri zuen departamentura, departamentu honek nahikoa zeritzon adieraz zezan, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 61. artikuluan xedatutakoarekin bat. Alderdi hori egiaztaturik, espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunez, 93/2006 Foru Dekretuaren 63. artikuluan xedatu bezala.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2009ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 4koa) argitaratutako iragarki baten bidez proiektua jendaurrean jarri zen, jarduera sailkaturako udal lizentziaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina duten ekintzak ingurumen txosten honen II. eranskinean bildu dira. Ingurumen eraginaren azterlanak, zeinaren laburpena III. eranskinean ageri baita, egokiro aztertzen ditu proiektuak ingurumenean sortzen dituen eragin nagusiak; gainera, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezartzen ditu, ingurumenean eragin nabarmenik sor ez dadin.

Tramitatu den dokumentazioan jarduketak ongi zehaztuta daudenez, Azkoien udal mugapeko (Nafarroa) "Cogote de Funes" izeneko legar-hobia handitzeko jarduera sailkatuaren proiektuari buruz ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatu da (sustatzailea Hormigones Delfín, S.A. da), aurkeztutako proposamena ingurumenaren aldetik bideragarria baita, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betez.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedura osaturik dagoela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari dagozkion Eginkizunak Esleitzeari buruz urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduarekin bat, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea, Azkoien udal mugapeko (Nafarroa) "Cogote de Funes" izeneko legar-hobia handitzeko jarduera sailkatuaren proiektuari buruz. Sustatzailea Hormigones Delfín, S.A. da.

2. Jarduera izenburuan azaldutako espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila ezartzea, eta gainera baldintza hauek bete daitezela:

-Legarra atera, eta horrekin loturiko beste edozein jarduketa, proiektuan proposaturiko lurzatietan soilik egiten ahalko da: Azkoien udal mugapeko 12. poligonoan dauden 428. lurzatia (gaur egun ustiatuta dago) eta 442. lurzatia (handitzeko azalera). Hala, gehieneko okupazio eremuak honako muga hauek izanen ditu; iparraldean, 442. lurzatiaren muga, 320 msnm-ko kotaren linea isometrikoarekin bat datorrena; ekialdean eta mendebaldean, aldiz, muga bera; eta, hegoaldean, azkenik, lurzatiak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen dituen goi tentsioko lineatik oinplanoko 5 metroko distantzian dagoen irudizko lerroa.

-Ustiategia behar bezala balizatu eta itxiko da.

-Gehienez ere 198.464,255 m³ aterako dira, eta horretarako 15 urteko epea dago gehienez ere, lehengoratzeko denbora barne. Ez da inola ere 305 msnm-ko kotatik behera lan eginen, horixe izanen baita proiektuan ezarritako behereneko kota.

-Lurzoruaren gainazaleko geruza kenduko da 40 cm-ko lodieran. Lur pilak ustiapenaren eraginkortasun eremutik (erauzketa eremua, sarbideak) urrun jarriko dira, behar bezala mantentzeko. Material hori ez da kutsatuko sakonagoko edo kalitate edafiko txarragoko materialekin.

-Lurzatietan ura agertzen bada, babes arekek eta zorrotenek osatutako sistema eginen da, ura ustiapen eremutik egungo drainatze hodi naturaletara husten duena. Inguruko lurzatiek ez dute lurrazaleko drainatze sarearen aldaketaren eraginik sumatu behar. Hala denean, eta hurbileko drainatze sarean uhertasun arazoak antzematen badira, ustiapen eremutik isurtzen den ura biltzen duen dekantazio putzua eraikiko da.

-Lehengoratzea ustiapenarekin batera eginen da, proiektuan ezarritako planari jarraituz. Geomorfologiaren aldetik espazio ahalik eta homogeneoena eratuko da, ertz zuzenik eta bat-bateko malda aldaketarik gabekoa. Mendebaldeko alboko lurzatiarekiko (12. poligonoko 5.053.a) trantsizio aldea gozoa izanen da, eta malda 3H/1V izanen da, gehienez.

-Harrobiaren lehenbiziko ustiapen fasean (lehenbiziko bi urteak), 428. lurzatiari dagokion azalera, jada ustiatu dena, erabat lehengoratu beharko da, harrobiaren gainerako zatia behar bezala ustiatzeko zabalik utzi behar diren sarbideak izan ezik.

-Lehenik eta behin, harrobiko kota garaienetarako sarbidea egokituko da. Sarbideak beti barnekoak izanen dira, proiektatu den ukipen azaleraren barnean (442. eta 428. lurzatiak). Horrela, nekazaritza bideak eta bereziki El Corral de Ciordia Adarra deritzon abelbidea okupatzea eragotziko da.

-Amaierako gainazala leundu ondoren, landare lurra zabalduko da 40 cm-ko lodieran, gutxienez, lantzeko eta laborantzarako prestatzeko. Ezpondan proiektuan proposatu den espezie belarkaren eta zuhaixka-erakoen nahasketa ereinen da, Quercus rotundifolia eta Quercus coccifera espezieen haziekin batera.

-Atmosferarako isuriak.

Hautsaren kontrako babes neurri hauek jarriko dira:

Kamioiak kargatu ondoren olanaz estaliko dira.

  • Kamioiak upel-kamioi baten bidez ureztatuko dira hauts asko izateagatik beharrezkoa denean.
  • Pistak eta sarbideak urez garbituko dira, eta behar bezala trinkotuta edukiko dira.
  • Erauzketa jardueraren barnean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura beti 30 km/h-tik beherakoa izanen da.
  • Bildutako hauts-itxurako materialak airetik babestutako eta lurrez estalitako guneetan utziko dira. Horiek estaltzeko materialik eduki ezean, hezetu eginen dira. Harrobiko kota garaietan ez da onartuko hauts-itxurako materialik metatzea.

-Hondakinak: instalazioek material xurgatzaile egokiak izanen dituzte, baita edukiontzi bat ere, ustiapenerako makinetatik ateratzen ahal diren isurketak eta gainerako gai kutsatuak biltzeko.

-Zarata: lanak egunez eginen dira eta ibilgailuen eta ekipo mugikorren ihes-hodietan isilgailuak jarriko dira.

-Hondeatze-lanean sortutako zuloa betetzea: ustiapenean sortzen den hutsunea betetzen hasiz gero, ustiapeneko lur eta harriak baizik ez dira erabiliko betetze lanean, eta, horiekin batera, lehenago kendutako landare lurra. Eraikuntza edo eraispenetako hondakin inerteak ere erabiltzen ahalko dira, betiere aldez aurretik hondakinen tratamendu planta batean tratatu badira.

-Garraioa eta sarbideak.

  • Sarrerako pistaren ibilgailuetarako azalerari eutsiko zaio, herrira sartzeko errepidea lohiarekin eta lurrekin zikintzea eragozten duten material pikortsuak erabilita.
  • Materialen isuriek eta orbanek ukitzen dituzten eremuak kale-garbigailuez eta urez garbituko dira aldian-aldian.

-Isurien gehieneko balioak.

  • Zarata eta bibrazioak.
  • Instalazioak urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarririko hots immisioaren mugak errespetatu beharko ditu, hots zonifikazioari, kalitate helburuei eta hots emisioei dagokienez, dBA-tan adierazirik. Errege dekretu haren bidez Hotsari buruzko 37/2003 Legea garatzen da. Kasu honetan hots indize hauek bete beharko dira:

HOTS ZONAK

HOTS INDIZEAK

Lk, d

Lk, e

Lk, n

Instalazioak okupatzen duen lurzatiaren mugak (industria erabilerako lurzoruarekin parekatzen da)

65

65

55

  • Erabiltzen diren indizeak bat datoz epe luzerako batez bateko hots etengabe baliokide zuzenduko indizeekin, egunerako (7:00etatik 19:00ak arte), arratsalderako (19:00etatik 23:00ak arte) eta gauerako (23:00etatik 7:00ak arte), hurrenez hurren, 1367/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinean zehaztu bezala.

-Prest egonen da Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txostenean agintzen duen guztia betetzeko, agregakinaren erauzketak ukitutako eremuan izan litekeen ondare arkeologikoaren gaineko balizko ukipena dela-eta.

-Ingurumena zaintzeko plana dela bide, landare lurra egokiro kendu eta pilatu behar da eta amaierako gainazal lehengoratuak proiektuan finkatutako formak eta baldintza topografikoak hartu behar ditu. Proiektuan finkatzen diren lau ustiaketa eta lehengoratze faseetako bakoitzaren amaieran (lehenbiziko 2 urteren, 7 urteren eta 13 urteren buruan eta proiektuak ukituriko azalera osoa itxi eta behin betiko lehengoratu ondoren), irudizko informazioa biltzen duen dokumentua bidaliko da departamentu honetara, ustiapen planaren zein legar-hobia lehengoratzeko planaren betetze-maila agertzen duena.

3. Legar-hobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Sustatzaileak abal solidarioa aurkeztuko du, uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuari loturik, bidezkoa bada, edo eskudiruzko fidantza aurkeztuko du Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 65.232 euro guztira, eta hori egin izana Udalari frogatu beharko zaio, hark irekitzeko baimena eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera.

4. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

5. Aditzera ematea ingurumen eraginaren adierazpena toki entitateak jarduera sailkatuaren lizentzia eman aurreko txostena dela eta, beraz, adierazpenean ageri diren baldintzak lotesleak direla udal agintaritzarentzat.

6. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz lurzoru urbanizaezinean jarduera baimentzeari dagokionez, administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

8. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Azkoiengo Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 9an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Aurretiazko kontsultak

2008ko otsailaren 8an abiarazi zen aurretiazko kontsulten tramitea, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak eskatuta, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena) xedatutakoarekin bat.

Kontsulta egin zaienen zerrenda:

-Azkoiengo Udala.

-Industria Segurtasunerako Zerbitzuko zuzendaria.

-Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua.

-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

-Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua.

-Ebroko Ur Konfederazioa.

-Unión de Agricultores y Ganaderos.

-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

-Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Fakultatea (Zoologia eta Ekologia Departamentua).

-Unibertsitate Publikoko Landa Ingeniaritzaren eta Proiektuen Departamentua.

-Nafarroako Ehiza Federazioa.

-Adecana Nafarroako Ehiztarien Elkartea.

-UGT.

-EHNE.

-ELA.

-CCOO.

-Gurelur.

-Ekologistak martxan.

-Gorosti N.Z.E.

Galde eginiko 20 erakundeetatik 8k erantzun zuten. Ondoren, harturiko erantzunen laburpena ematen da:

-Azkoiengo Udala.

Azkoiengo Udalak jakinarazi du transakzio hitzarmen bat onesteko tramitean dagoela, uste baitu eskorta horretan lehendik dauden onibarrak udal jabetzakoak direla.

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

Zainketa Zerbitzuaren eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren bidez, departamentu horrek jakinarazi du ez dagoela eragozpenik legar-hobia handitzeko proposatu dena garatzeko. Hala ere, NA-660 errepidetik datorren sarbideari dagokionez, nahitaez bete beharreko jarraibide batzuk proposatu ditu, sarbidea errepidetik egokitzeko proiektu batean adieraziko direnak; proiektu hori departamentu horretan aurkeztu beharko da zuzenean, hasieran onets dadin.

-Habitaten Atala.

Atal horrek adierazi du proiektuak ukitzen duen eremuak ez duela ukitzen naturgune babesturik, ezta Natura 2000 Sareko lurrik ere. Era berean, ez da kartografiatu Batasunaren intereseko habitatik, ezta lehentasunezkorik ere, eta ez dago kontuan hartzeko moduko fauna edo flora baliorik. Hori dela eta, jarduketaren aldeko txostena eman du.

-Oihanak Kudeatzeko Atala.

Atal horrek ondorioztatu du proposaturiko lanek ez dutela kolokan jartzen lurzoruaren babesa, ezta egungo erabilera eta balioak ere, eta horregatik jarduketaren aldeko txostena eman du. Proiektuan ingurua basoberrituz lehengoratzeko aurreikusten diren jarduketak bete behar direla dio.

-Industria Segurtasunerako Zerbitzua.

Zerbitzu horrek jakinarazi du Enpresa zuzendari nagusiaren ekainaren 17ko 1590/2009 Ebazpenaren bidez ustiapen horren iraungipena deklaratu zela Azkoiengo 12. poligonoko 428. lurzatian. Horregatik, ustiapenari berriz ekiteko, baimena eskatu beharko da berriro ere Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan.

Horrez gain, jarduera berriz hasteko proiektu berriari jardueraren industria segurtasunaren inguruko hainbat neurri gehitu behar dizkiotela adierazi da.

-Ebroko Ur Konfederazioa.

Laburpen-memorian agertzen den informazioa ikusirik eta hidrologiaren ikuspuntutik, erakunde horrek jarduketaren aldeko txostena eman du, baldin eta sortzen ahal diren ukipenak gutxitzeko babes eta zuzenketa neurriak ezartzen badira. Jarduera garatzeko orduan jarraitu beharreko zenbait jarraibide eman ditu, hala nola, erauzketarik ez egitea maila freatikoaren azpitik, landare lurra eta B geruzaren zati bat kentzea (lur hori bi metrotik beherako garaiera duten ildo-bizkarretan pilatuko da), plataforma eta ezponden egonkortze geoteknikoa lortzea, guneak berdintzea, 30 gradutik beherako malda duten ezpondak fintzea, lurrak ereitea edo landatzea, ustiapen eremutik isurtzen den ura behar bezala hustea babes arekek, zorrotenek eta perimetroko arekek osatutako sistemaren bitartez (horiek isurketak eramanen dituzte behar bezala iragazgaiztuta dagoen dekantazio putzuraino) eta abar.

-ADECANA Nafarroako Ehiztarien Elkartea.

Nafarroako Ehiztarien Elkarteak iradoki du ukitutako eremua behar bezala lehengoratzea, ahal den neurrian ingurunearekin bat datozen lehengo baldintzak eta lurzoruaren erabileraren xede diren aprobetxamenduak lehengoratuta.

-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

Azkoiengo Udalak eman duen erantzun berdina bidali du.

-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak jakinarazi du proiektua eta ingurumen eraginaren azterlana honako alderdi hauetan osatu beharko direla: ustiapen egutegia eta legar-hobiaren hasierako, amaierako eta bitarteko faseak zehazten dituzten sektoreen, planoen eta profil topografikoen etapakako plana zehaztea, legar-hobiaren jarduerak ekartzen ahal dituen beste lan batzuen (pilaketa eremuak eta sarbideak, adibidez) irudizko definizio zehatza, ustiapenaren paisaiaren gaineko eraginaren azterlana eta alde horretako neurri zuzentzaileen proposamena, argazkien eranskina, eta lehengoratze plana, egutegia, jarduketen plano xehakatuak eta aurrekontua bildu beharko dituena. Amaitzeko, dokumentazioarekin batera Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena aurkeztu behar dela adierazi da.

II. ERANSKINA

Proiektuaren azalpena

Jarduketa eremua Azkoien udal mugapean dago eta sarbidea NA-660 errepidetik eginen da, Venta de Arlas-Cadreita deritzon parajean. Proiektuaren xedea 12. poligonoko 428. lurzatian gaur egun dagoen ustiategia handitzea da ipar-mendebalderantz alboan dagoenera. Lurzati hori poligono bereko 442.a da eta biak "Cascajoko bazkalekua" izeneko parajean daude.

Bi lurzatien azalera osoa 68.691,90 m²-koa da, baina alboko lurzatiei ezarritako babes zerrenden, basozaintza erabileren eta linea elektrikoaren azalerak kenduta, 58.217,44 m²-ko azalera hartzen dute. Material erreserbak 198.464,255 m³-koak direla kalkulatu da.

Obrak nekazaritza produkzio ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuko lurzoruan garatuko dira. Ustiapenak 15 urte iraunen du, lehengoratze lanak barne. Lehengoratze lanak ustiapenarekin batera hasiko dira.

Zeru zabaleko ustiategia izanen da: materiala atera, kargatu, eta destinoko obraraino garraiatuko da. Ustiapenaren diseinua faseka ezarri da. Horrela, landare lurra kenduko da 40 cm-ko lodieran, eta hondeaketa eremuaren inguruan pilatuko da; ondoren, materiala atera eta garraiatuko da. Kota garaienetatik egiten den hondeaketak eskariaren arabera eginen du aurrera, beheranzko hondeaketaren modura, 5 m-ko gehieneko garaiera eta 5 m-ko zabalerako bermak dituzten bankutan. Hondeaketaren gehieneko sakonera 305 msnm ingurukoa izanen da.

Lehengoratze lanetan gainazala leundu eginen da adierazitako amaierako topografiaren arabera (azal lau handia, 2H/1V-ko maldako ezponda baten azpian dagoena eta 315 eta 310 metroko kotetan 5 m-ko zabalerako bi berma dituena), gainazal erregular eta leunagoa lortzeko, inguruko lurrekin eta haien erabilerekin bat eginen duena. Ondoren, pilatutako landare lurra zabalduko da eta azaleko tratamendua emanen zaio, lurzatiaren xede den erabilera ezartzeko.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Proiektuari buruzko ingurumen eraginaren azterlanak ondokoak biltzen ditu: kokalekuaren eta haren ingurunearen deskribapena eta balorazioa; eraginen identifikazioa, ezaugarriak eta balorazioa; alternatiben azterketa; prebentzio eta zuzenketa neurriak, aurrekontua, eta ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumen inbentarioa osoa eta nahikoa da. Inbentario arkeologikoari dagokionez, proiektuarekin batera, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena aurkeztu da.

Jarduketatik ondorioztatzen diren eraginak bateragarritzat edo baliogabetzat jo dira, topografiaren eta paisaiaren gaineko eragina izan ezik; izan ere, hori neurrizkotzat jo da, jarduketa NA-660 errepidetik ikusten baita. Eraginen intentsitatea eta ondorioa txikiak dira, eskariaren arabera lan egiten baita eta, unera arte, eskari hori urria izan baita. Horrez gain, ez dago kontuan hartzeko moduko ingurumen baliorik ukituriko eremuan: alor landua da, malda txikiko mendi-mazela baten gainean. Nolanahi ere, eraginik handienak topografiaren eta paisaiaren, erabileren eta aprobetxamenduen, eta geologiaren eta lurzoruaren gainean sortutakoak dira.

Prebentzio neurri bereziak ezarri dira eta horietako batzuk proiektuaren diseinuari berari dagozkio. Honako hauek dira, oinarrian: makinen funtzionamendu zuzena eta mantentze-lanak, ukituriko azaleraren mugaketa zuzena, lur geruza azalekoena kentzea 40 cm-ko lodieran 2-3 m-tik beherako garaiera duten ildo-bizkarretan pilatzeko asmoz, ustiapenaren garapen antolatua, azalerak leuntzea proiektaturiko azken topografia lortu arte, paisaiaren integrazio egokia, lurzoruaren berregituraketa eta sarbideen barneko egokitzapena nekazaritza jardueratik ondorioztatzen den trafikoarekin interferentziak saihesteko.

Lehengoratze kapituluak ezpondak leuntzea, landare lurra hedatzea, lurra ereiteko prestatzea eta lurraren gaur egungo erabileren (nekazaritza erabilera) arabera egokitzea proposatu du. Sortu den ezponda berrian zuhaitzik gabeko oihan erabilera ezartzea proposatu da, eremuaren berezkoak diren espezie belarkaren eta zuhaixka-erakoen hazien nahasketa ereinez. Lehengoratze planarekin batera, obra unitateen multzoa biltzen duen aurrekontua aurkeztu da.

Iragarkiaren kodea: F1005032