Iragarkia
51. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
425/2010 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Lekunberriko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Lekunberriko Udalak sustatu du.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, 2007ko martxoaren 21ean, txostena eman zuen Lekunberriko Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz. Bertan, Udal Plan Orokorra egiterakoan kontuan hartu eta Ingurumen ondorioen azterlanean aztertu beharko ziren ingurumen alderdiak azaldu zituen.
Lekunberriko Udalak jendaurrean jarri zuen Hirigintzako Udal Planaren hasierako onespena, iragarkia argitaratuz 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 30ean. Ingurumenari buruz egin ziren alegazioen laburpena jaso da Ingurumen ondorioen adierazpen honen eranskinean.
Jendaurrean jarritako dokumentazioa ikusirik, zerbitzu honek adierazi zuen ez zirela bertan oso-osorik jaso Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruzko txostenean adierazitakoak, ezta Ur Baliabideen Atalaren oharrak ere (2007ko urtarrilaren 26an emanak). Izan ere, aurkeztu zen Ingurumen ondorioen azterlana LOEE fasean egina zen, baina ez zen Hirigintzako Udal Planerako berrikusi eta osatu.
2008ko abuztuaren 14an, Lekunberriko Udalak Ingurumen ondorioen azterlan berri bat aurkeztu zuen, "Uraren zikloa Lekunberriko udalerrian" izenburuko eranskinarekin batera. Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoa oinarri, Ingurumen ondorioen azterlana aski zela egiaztatu zen. Adierazi zen gehigarri batean zehaztu behar zirela Hirigintza Planari erantsitako aurreneurri eta zuzenketa neurriak, eta lurzoru urbanizaezinaren sailkapen aldatuaren kartografia ere erantsi behar zela. Plana tramitatzeko prozeduran jendaurreko beste aldi bat aurreikusten ez zenez, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 4an emandako 567/2008 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri zen Ingurumen ondorioen azterlana, Hirigintzako Udal Planeko dokumentazioarekin batera, berrogeita bost egunez (2009ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 6koa).
Eranskinean labur azaltzen dira ingurumenari buruzko alegazioak, bai 2008ko jendaurreko aldian aurkeztutakoak, baita 2009koak ere.
Udalak 2009ko apirilaren 8an Ingurumen ondorioen azterlanaren gehigarria aurkeztu zuen, eta 2009ko ekainaren 17an, berriz, udalerriko azterlan akustikoa eta Larraun ibaiaren eta Azin eta Ipiria erreken azterlan hidraulikoa.
Lekunberriko Udal Plan Orokorraren bitartez hiri sistemaren funtzionamendua hobetu nahi da ardatz eta azpiegitura berriak ezarriz, eta bizitegitarako lurzoru beharra ase nahi da. Lekunberriko Udal Planeko proposamenek udalerri osoa ukitzen dute (6,61 km²). Hona hemen planteatzen duen okupazio ereduaren oinarriak: hiri ardatz berri bat sortzea, egungo ardatza den zeharbidearen paraleloa; egungo hirigunearen ertzetan hiri bilbea betetzea; eta garapen horien euskarri, bide berriak egitea industria eremuetako eta etxebizitza guneetako trafikoak bereizteko. Egiturazko bost eragiketatan finkatuko da lurraldearen egitura: industrialderako sarbide bat egitea mendebaldetik, etxebizitza gune bat garatzearekin batera (Ostio alderdia) (OPE 1); hiria hedatzea ibarrerantz (OPE 2); naturaren babesgunerako sarbideak egin eta hiria hedatzea hego-ekialdeko ertzean (OPE 3); naturaren babesgune bat ezartzea (OPE 4); eta industrialdea mendebalderantz handitzea (OPE 5).
Proposaturiko planeamenduak 152,11 hektarea sailkatzen ditu hiri lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa; horietatik 120,84 hektarea dira hiri lurzoru eta 32,27 hektarea lurzoru urbanizagarri, bizitegitarako hiru sektoretan (1., 2. eta 4. sektoreak) eta industria sektore batean (3. sektorea) banaturik. Aurreikuspenen arabera, etxebizitza berriak gehienez ere 538 izan daitezke eta ziurrenik 177 izanen dira. Industria lurzoruari 8,67 hektarea gehitzea proposatzen da. Sektoreak plan partzialen bidez garatuko dira. Garapenerako bi etapa planteatzen dira: epe ertaina eta epe luzea. Sistema orokorren definizioan bereizi egiten dira natura babesteko sistema, lurzoru publiko gisa (4. sektorea eta 1. unitatea), eta naturaren babesguneak, ekipamendu komunitarioaren sistemarako eremu gisa (SG-4 eta Malkorra).
Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduan baloratutako aukerak aipatzen dira Hirigintza Planaren Ingurumen ondorioen azterlanean. Antolamendurako bi proposamen edo aukera dira, eta biek hiri egitura berari eusten diote; udalerriaren hazkunde orokorrean bakarrik dituzte desberdintasunak.
Ingurunearen azterketan eta diagnostikoan ingurune fisikoaren datuak erabili dira, klimari, geologiari, geomorfologiari, hidrologiari eta edafologiari buruz. Lekunberri Aralar mendilerroaren magalean dago, euskal-kantauriar unitatean, 500 eta 800 metro bitarteko altitudean. Udalerriko iparraldean daude malda handienak. Udal mugapea Basaburua-Ultzama unitate hidrologikoan dago. Karstetako kareharrizko gune azaleratu guztiek eta lurpeko ur drainatuen kolektore gisa diharduen gainazaleko sareak osatzen dituzte unitate horretako karga eremuak. Udalerria gehienbat Larraun ibaiaren arro hidrografikoan dago kokatua eta Azin errekak bitan zatitzen du, herrigunea mendebaldetik zeharkatuz, Lekunberri baino beherago Larraun ibaira isurtzeko egiten duen bidean. Lurrazaleko sare hidrografikoaren gainerako osagaiak errekak eta sakanak dira. Nabarmentzekoak dira Altzoko erreka, industrialdearen mendebaldean, eta Arrakietako erreka. Udalerriak badu hezegune azpimarragarri bat, Izaindokietako aintzira, Azingo errekarekin lotua. Hirigintzako Udal Planean toki hori naturaren babesgune gisa mugatu da.
Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, eremu atlantiko honetan berezkoa den landarediaren serieak eta geoserieak identifikatu dira. Pagadi azidofiloak eta neutrofiloak goian daude, itsasoaren eraginpeko aldeetan. Udalerriko iparraldeko malkarretan ametz ilaundunek hartzen dute lekua, eta haritz kandudunek (9160 habitata) behealderantz. Ur bazterreko formazioak, haltzadi eta sahastiak, erreka nagusien ertzetan daude. Alubioi ibarretako Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen basoak nabarmentzen dira (lehentasunezko intereseko 91E0* habitata). Lekunberriko udalerrian badira intereseko landare espezieak, besteak beste Narcissus pallidiflorus eta orkidea batzuk: Epipactis palustres, Dactylorriza elata eta Orchis laxiflora. Gaur egungo labore eta aprobetxamenduei dagokienez, abeltzaintzari lotutako belar laboreek udalerriaren azaleraren %13 hartzen dute.
Ingurumen ondorioen azterlanean intereseko zenbait ibilbide ageri dira: udalez gaindiko Plazaolako Bidegorria eta GR-20 ibilbidea, eta tokiko ibilbide batzuk, hala nola PR-NA-88, Goikozuloa, eta PR-NA-86, Albiasuko Begiratokia.
Udalerrian lehendik urbanizatuta dauden eremuen eta proposatutakoen zonakatze akustikoa egin da, etxebizitza guneak eta industrialdeak bereiziz.
Udalerriko ingurumen balioen kontserbazioa nola gauzatu behar den zehazten da Udal Planean, babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean definitzen diren kategorien bitartez:
-Ingurumen balioa duen lurzorua: ur inguruneak (ur ibilguak, ur bazterrak eta ertzak, gutxienez 5 metroko babes zerrendarekin) eta basoak, erabilera publikoko mendiak barne.
-Kultur balioa duen lurzorua: Plazaolako Bidegorriaren trazadura.
-Arriskuei aurrea hartzeko lurzorua: urak hartzen ahal dituen eremuak, 500 urteko birgertatze-aldirako.
Udal mugapeko gainerakoa gorde beharreko lurzoru urbanizaezina da, eta honela dago banatuta azpikategoriatan: natura ustiatzeko gorde beharreko lurzorua nekazaritzako ekoizpen ertaineko aldeetan; jarduera berezietarako lurzorua, eta garapen eredua zaintzeko lurzorua.
Ingurumen ondorioen azterlanean aintzat hartu da nolako ondorioak sortuko diren geomorfologian, hidrologian, hidrogeologian, lurzoruan, landaredian eta habitatetan, faunan eta paisaian. Aintzat hartu da nolako ondorioak sortuko diren udalerriaren egiturazko alderdietan, hala nola erabileretan, historia eta kultur ondarean, alderdi sozioekonomikoetan eta mugikortasunean. Ondorio gisa, Udal Plan Orokorrak lurraldearen nortasuna errespetatzen duela adierazten da, egungo erabilerak onartzen dituela eta lehendik dauden baldintzak arautzen eta hobetzen dituela. Ingurunean ondorioak sortuko dituzten zenbait ekintza aipatzen dira, ordea. Esate baterako, biztanleriaren hazkundeak berak gainezka jarriko du saneamenduko azpiegitura eta baliteke ur horniduran arazoak sortzea. Hirigintzako Udal Planari gehitu behar zaizkion gidalerroak eta zuzenketa neurriak azaltzen dira.
Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozesuan zehar, eman diren txostenetan ingurumenari buruz azaldutako oharrak erantsi ahala, ingurumen balio batzuk txertatu dira plangintzan. Azpimarratzekoa da, horien artean, 3. sektorea (industriarako sektorea) txikitu egin dela, zuhaitz multzoak sektoretik kanpo utziz, eta 4. sektorearen mugak aldatu egin direla, Izaindokietako aintzira natura babesteko sisteman sartu baita. Udalerriaren antolamenduan eta plangintzan kontuan hartu beharreko gauza garrantzitsuenetako bat, ordea, uraren zikloarekiko bateragarritasuna da. Hondakin urak arazteko azpiegiturek mugatzen dute uraren zikloa, eta Urari buruzko Esparru Zuzentarauaren ingurumen helburuak bete beharrak baldintzatzen du.
Espedienteko dokumentazio osoa aztertu ondoren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi zuen ez zirela lortzen ari Larraun ibaiko ingurumen helburuak, eta Udal Planak ez zuela konponbiderik ematen ur hornidura eta saneamendu beharrak ase ahal izateko aurreikusitako hiri garapenetan, oro har. 2009ko urriaren 19an Ingurumen ondorioen adierazpenaren proposamena bidali zitzaion Lekunberriko Udalari, planaren kontrakoa, eta hamabost eguneko entzunaldia hasi zen. Epe horretan Lekunberriko Udalak ebazpen-proposamenaren kontrako alegazioak aurkeztu zituen. Saneamenduaren, ur horniduraren eta euri uren sareen egoerari buruzko dokumentazio osagarria erantsi zuen, baita inbertsiorako aurreikuspenak, Uraren Forotik ateratako dokumentazioa eta Ebroko Ur Konfederazioak Hirigintzako Udal Planaz egindako txostena ere.
Udalak aurkeztu dituen agiriak azterturik, Hirigintzako Udal Plana onets daiteke, baina sektore berriak garatzeko baldintza izanen da konponbide egokia bilatzea, Larraun ibaiko ingurumen helburuen lorpenari begira antzeman diren gabeziei aurre egiteko.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta ingurumen baldintzak Lekunberriko Udal Plan Orokorrari nola gehitu zaizkion ikusita, aldeko txostena egin du, baldintzak ezarrita.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Lekunberriko Udal Plan Orokorra onestearen aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea, ondoko baldintzak ezarrita:
-Sektore urbanizagarriak garatzeko tresnak onetsi baino lehen, kopia bat igorri beharko zaio Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, txostena eman dezan, ingurumen alderdiak ongi jaso diren aztertu ondoren, bereziki:
- Ea tresna horietan neurri egokiak identifikatu eta programatu diren Larraun ibaiaren egoera ekologiko ona lortzeko, eta aurreikusitako garapena programazio horrekin bateragarria den.
- Hornidura sistema gai izanen den aurreikusitako eskariei aurre egiteko, inguruko udalerriak ere kontuan izanik, Larraun ibaiko ingurumen helburuei kalterik egin gabe.
Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, Udalak, Hirigintzako Udal Planaren sustatzailea den aldetik, jarraipena egin behar die hornidura, saneamendu eta euri uren sareetan egiten ari diren eta egitekoak diren hobekuntzen emaitzei. Hirigintzako Udal Planeko Ingurumena Zaintzeko Planean gauzatu behar da jarraipen hori.
-Lurzoru urbanizaezinerako hirigintzako araudian zehatz-mehatz azaldu behar dira kategoria bakoitzari lotutako esparruak eta balioak. Arriskuei aurrea hartzeko babestu beharreko lurzoru urbanizaezina grafikoki irudikatu behar da kategorien planoan (Lurraldearen egitura organikoa, 1), eta haren araubidean ondokoak sartu behar dira:
- Lehentasunezko jario eremua delakoaren barnean (ur ibilgu nagusiaren eta 100 urtean behingo uholde arriskutsuen eremuaren inguruan), ez da baimenduko ur lasterraren erregimenean eragin nabarmena duen edota urak pertsona eta ondasunei kalte egiteko arrisku handia dakarren jarduketarik, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamendua aldatzen duen 9/2008 Errege Dekretuak xedatzen duen bezala, eta berariaz debekatuko dira uholdeen ondorioz kalte larrienak izaten dituzten jarduerak (hala nola etxebizitzak edo industria).
- Neurri osagarri gisa, komeni da hirigintzako plan berrian zonakatze-irizpideak sartzea, Ingurumen Ministerioak Espainiako Uraren Liburu Zurian ezarri dituenen antzekoak. Horien bitartez, erabileren murrizketa gero eta zorrotzagoa proposatzen da zonaren uholde arriskua handitu ahala (arrisku handia, ertaina eta txikia bereizten dira). Hala, arrisku ertain/txikiko zonetan, lurzoru seguruagorik ezean, bizitegitarako eta industria arinerako erabilerak onar litezke, beharrezko babesa ezarriz gero; arriskuak arindu edo ezabatuko lirateke hirugarrenen gaineko ukipenik eragin gabe.
-Hirugarren sektorea (industrialdea) garatu ahal izateko, Altzoko errekaren uholde arriskuari buruzko azterlana egin behar da, Ingurumen ondorioen azterlanak dioen moduan. Horrela ibai inguruko erabilerak antolatu eta bateragarri bihurtuko dira, urak har ditzakeen tokiak berdegunetarako gordez. Altzoko errekaren ertzetako landaredia kontserbatu behar da, baita 5 metroko babes zerrenda, gutxienez ere, alde bakoitzean (ingurumen balioa duen lurzoru urbanizaezina, ur inguruak).
-Bigarren sektorea (Ostio) garatzean, zarataren azterlana eginen da, eta indarra duen araudian kalitate akustikoari dagokionez ezarritako helburuak beteko direla bermatzeko neurri egokiak jasoko dira bertan.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, alegatzaileei eta Lekunberriko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko otsailaren 26an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
ERANSKINA
Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak
Hirigintzako Udal Plana jendaurrean lehenbiziko aldiz jarri zenean (2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 30ekoa), ingurumenari buruzko alegazio idazki bat aurkeztu zen.
-Juan Mari Irastorza jaunak eta Félix Olaetxea jaunak LAIA Elkarlanean taldearen izenean aurkeztutako alegazioa.
Alegazioen edukia ur kontsumoaren eta isurketaren ingurukoa da. Uste dute Ingurumen ondorioen azterlanean ez direla eraginak behar bezala zehaztu eta deskribatu. Izan ere, ur kontsumo eta isurketen aurreikuspenetan ez dira kontuan hartu industriarako 3. sektorea, Agrozumos, S.A. enpresaren handitzea, inguruko kontzejuen eraginak eta haien planak. Ohartarazten dute Lekunberriko udalerriari esleitu zaiola natur baliabideak erabiltzeko eta isurketekin eraginak sortzeko ahalmen osoa, Larraun arroan ura hartzen edo isurtzen duten beste kontzeju batzuk aintzat hartu gabe.
Isurketak direla eta, "Aralar - Larraungo Harana sistemako ur baliabideak eta ingurumen ondorioak" izeneko azterlanetik ateratzen diren premisak ikusirik, uste dute bidezkoa litzatekeela, ur eskariari eta araztegiko tratamenduaren beharrari buruzko aurreikuspenak egiteko, kontuan hartzea Lekunberrin gaur egun finkaturik dagoen hiri garapena, industrialdea, Agrozumos enpresaren etorkizuneko handitzea eta Larraungo Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduan aurreikusita dagoen etxebizitza kopurua.
Zuku, nektar eta freskagarriak egin eta ontziratzeko instalaziorako Ingurumen baimen integratuari dagokionez, ohartarazten dute, instalazio horretatik Lekunberriko hondakin uren araztegira hondakin ur gehiago isurtzeko baldintza gisa, ondoko azterlan honetan jasotako neurriak garatu behar direla: "Agrozumos, S.A. lantegitik isurtzen diren hondakin uren zati bat udalerriko hondakin uren araztegian tratatu ahal izateko beharrezkoak diren neurriak".
Ingurumen ondorioen adierazpena Lekunberriko Udal Planaren aurkakoa izan dadila eskatzen dute, eta kontuan har dadila Ingurumen ondorioen azterlanean ez direla aztertu Planak benetan sortuko lituzkeen ondorio guztiak.
Hirigintzako Udal Plana jendaurrean bigarren aldiz jarri zenean (2009ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 6koa), ingurumenari buruzko alegazio bat aurkeztu zen.
-Juan Mari Irastorza jaunaren eta Felix Olaetxea jaunaren alegazioa.
Uste dute Ingurumen ondorioen azterlanean ez dela ongi baloratu Lekunberriko Plan Orokorrak ingurumenean duen eragina, eta Ingurumen ondorioen azterlan horrek oso-osorik bere egiten duen "Lekunberriko uraren zikloa" izeneko eranskinean, berriz, hainbat akats eta hutsune pilatu direla, neurri eta eskala guztiak gainditzen dituen hazkunde eredu bat Lekunberri bezalako herri batean ezartzeko asmoa justifikatu nahian.
1. Lekunberriko eta eskualdeko ur horniduraren egungo egoeraren azterketari dagokionez:
a) "Lekunberriko uraren zikloa" izenburuko eranskinean 2007ko eta 2008ko biztanleria-datuak oker daudela diote, eta Nafarroako kontzejuetako urte horietako biztanle kopuru ofizialak argitaratu zituzten foru aginduak aipatzen dituzte. Biztanle kopuruaren urteroko gehikuntzari buruz ere, eranskinean okerreko datuak ematen direla diote. Biztanleko ur kontsumoaren datuak, ondorioz, dokumentu horretan ageri direnak baino handiagoak dira.
b) Ur kontsumoen kalkuluak oker daudela diote, ez direlako kontuan hartu benetako biztanle kopuruak; industrialdeko kontsumoaren kalkuluak ez datoz bat ez errealitatearekin, ez industrialdeko, Iribas-Alliko eta Santa Krutzeko ur biltegietan dauden kontagailuen irakurketekin. Sasoiko biztanleen kontsumo gehigarriaren daturik ez dago. Horrenbestez, biztanleko batez besteko kontsumoaren kalkulu okerra egin da Planak sortuko dituen beharrak aztertzerakoan.
2. Planean proposaturiko garapen-hipotesiei dagokienez:
a) Hirigintzako araudian, garapen-hipotesi maximoan, etxebizitzek batez beste 105 m²-ko azalera eraikia dute. Beraz, hipotesi hori, ur kontsumoak kalkulatzerakoan, eraikigarritasun gutxien kontsumitzen duen tipologiako etxebizitza gehien eraikitzen deneko hipotesia litzateke. Ondorioz, hipotesi maximoa babes ofizialeko etxebizitzen tipologiakoa litzateke; hots, 1.096 etxebizitza berri eraikiko lirateke eta herriak 3.288 biztanle gehiago izanen lituzke.
b) Ez dago justifikaturik, garapen-hipotesi gertagarri gisa, planeamenduaren aurreikuspenen heren bateko estimazioa, eta hori horrela bada, benetako hazkunde beharrarekin bat ez datorren eredua da, eta ez da bidezkoa ingurumenaren ikuspuntutik.
3. Industria lurzoruko kontsumo eta isurketei dagokienez, adierazten dute ez direla kontuan hartu industrialdean sartu berri diren 3,5 hektareak eta Planak aurreikusten dituen 8,67 hektareak. Hutsune horrek garrantzi handia du, industriarako erabilerak direlako ur kontsumo eta isurketa gehien eragiten dutenak.
4. Larraun ibaira eginen diren isurketei dagokienez, adierazten dute ez dela aintzat hartu Lekunberri inguruko errealitatea: 300 etxebizitza onetsi izana Burundegin (Larraun), eta Mugirotik, Iribastik eta Allitik egiten diren isurketak, besteak beste.
Hori horrela, Ingurumen ondorioen adierazpena ezezkoa izan dadila eta onetsitako eredua berraztertzeko agindu dadila eskatzen dute. Aurrekoa nahikoa ez balitz Ingurumen ondorioen adierazpena ezezkoa izateko, gehitzen dute Ingurumen ondorioen azterlana osatu gabe dagoela, azterlan akustikoa, Paisaiari buruzko 42/2007 Legearen aipamen zehatzak eta arrisku naturalen mapa falta zaizkiolako. Subsidiarioki, aurkitu diren akats eta hutsak zuzentzeko eta espedientea berriz ere jendaurrean jartzeko eskatzen dute.
Erantzuna.
Aipatutako alegazioak direla eta, esan beharra dago Larraun ibaia Urari buruzko Esparru Zuzentarauko ingurumen helburuak ez betetzeko arriskuan dagoela eta, ondorioz, hondakin urak arazteko azpiegiturek eta Larraun ibaiko kalitate helburuak bete beharrak mugatzen dutela udalerrian aurreikusitako bizitegi eta industria eremuen garapena. Hirigintza Planean proposaturiko sektoreak garatu ahal izan daitezen, beraz, garapenerako hirigintza tresnek bermatu egin behar dute hornidura sistema gai izanen dela aurreikusitako eskariei aurre egiteko eta, horrez gain, ez duela eragotziko Larraun ibaiko ingurumen helburuak lortzea eta Ebroko Ur Konfederazioak Lekunberriko hondakin uren araztegiari emandako isurketa-baimenaren baldintzak betetzea, harik eta "Ur baliabideen eta ingurumen ondorioen azterlana" izenburukoan proposaturiko konponbideak Larraun ibaiko ingurumen helburuak lortzeko eraginkorrak direla egiaztatu arte.
Esan beharra dago, bestalde, Lekunberriko Udalak 2009ko ekainaren 17an aurkeztutako dokumentazio osagarriaren barnean badirela azterlan akustikoa eta Larraun ibaiaren eta Azin eta Ipiria erreken azterlan hidraulikoa.
Iragarkiaren kodea: F1004364
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
