51. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

195/2010 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Argiñaritz, Etxarren eta Girgillaoko presio handiko ur hornidura, AM 273172, I. fasea eta II. fasea" izeneko proiekturako. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.k sustatu du.

2010eko urtarrilaren 22an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedienteak badu Beraskoaingo, Girgillaoko eta Bidaurretako udalen aldeko txostena, 35.2 artikuluak eskatzen duen bezala. Hala ere, Beraskoaingo Udalak jasorik utzi nahi du jarduketaren eremuan Beraskoaingo bainuetxea dagoela eta Industria eta Merkataritzako zuzendari nagusiak irailaren 13ko 2195/2006 Ebazpenaren bidez baimena eman zuela bainuetxeko ur mineral eta beroen inguruan babesgunea ezartzeko.

Jarduketaren xedea da Girgillao, Etxarrentxulo eta Argiñaritz urez hornitzea Beraskoaingo hornidura hoditik abiatuta.

Lehen faserako hautatu den soluzioak 4.700 metroko luzera du guztira. Bi ponpaketa estazio eraikiko dira seriean eta bigarrena 345,66 metro gorago egonen da. Eroanbidea Beraskoaingo lotunean hasiko da eta 1.236 metroko luzera izanen du 1. ponpaketa estazioraino. Ponpen etxolak 6,10 x 9,00 m-ko neurriak izanen ditu kanpoaldean. Ponpaketa estaziorainoko argindar linea goi tentsiokoa izanen da, 13,2 kV-ekoa. Ura 2. ponpaketa estaziora jasotzeko hodiak 2.764 metroko luzera izanen du eta 194 metro eginen du gora. Bigarren ponpaketa estazioa Argiñarizko hondakindegiaren ondoan egonen da. Ponpen etxolak 6,10 x 6 metro izanen ditu, eta hondakindegiko lixibiatuen baltsaraino dagoen bidea erabiliko da bertara iristeko. Aireko linea batek eramanen du argindarra 2. ponpaketa estaziora, Argiñarizko herriko behe tentsioko saretik hasita. Goranzko bigarren hodiak 697 metroko luzera izanen du eta 155,20 metro eginen du gora. Argiñarizko biltegiak 120 m³-ko edukiera eta 6,10 x 9,90 m-ko neurriak izanen ditu. Ur biltegirako sarbidea hormigoiz zolatu eta zintarriz mugatuko da.

Bigarren tarte edo fasea Argiñarizko ur biltegi berrian hasiko da, 3.789 metroko luzera izanen du eta egungo eroanbideko lotunean amaituko da, Etxarrentxuloko herria igarota. Han dagoen ponpaketa estazioa kendu eginen da. Azken tartean aldatu eginen da Girgillaoko egungo ur biltegia eta sarbide berria eginen zaio.

Ingurumen ukipen handienak ur eroanbidearen trazaduran bertan izanen dira. Ur biltegiak eginen diren tokiak oso degradaturik daude, eta inguruaren urbanizazioak eta sarbide berriek oraingo higadura arazo larriak arindu ere egin ditzakete.

Ur eroanbideak zeharkatuko dituen mazelek malda ertaina eta, tarteka, malda handia dute. Zuhaixkaz estalita daude eta zuhaitz gune interesgarriak dituzte. Ukitutako landaredia ez dago katalogaturik edo intereseko inongo habitatetan sarturik, baina gure lurraldean urriak diren formazioak daude hemen, batez ere erkamezti iberiarren seriekoak, laborantzarako topografia zaila duten tokietan bakarrik iraun dutenak. Inguruko paisaian horiexek dira inguru osoa jantzi behar lukeen landaredi potentzialaren aztarna bakarrak.

Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Argiñaritz, Etxarren eta Girgillaoko presio handiko ur hornidura, AM 273172, I. fasea eta II. fasea" izeneko proiekturako. Iruñerriko Mankomunitateak sustatu du.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:

-Landaredi naturala duten tarte hauetan ingurumen ukipenak ahalik eta txikienak izanen dira:

  • 1. tartea: 1+400 - 1+600, 2+000, 2+150 - 2+200, 2+500 - 3+000, 4+000 - 4+700.
  • 2. tartea: 2+000 - 2+350.

-Tarte horietan lanerako lur zerrenda ahalik eta estuena hartuko da, balizatu eginen da eta ertzetako landareak inausiko dira, gutxienez 48 ordu lehenago basozainei deituta, aurrean egon daitezen. Inausketa egitearekin batera, moztu beharreko zuhaitzak markatuko dira. Sustatzaileak zuhaitzak mozteko administrazio baimena eskuratu beharko du. Belar-sastraken hondakinak baimendutako hondakindegi batera eramanen dira.

-Belar-sastrakak garbitzeko lanak landareen geldialdi begetatiboaren garaian eginen dira (urriaren amaieratik martxoaren erdialdera bitartean).

-Zangak irekitzean ateratzen den landare-lurra zangak ixteko lanetan berrerabiliko da. Gainazal bukatuak leundu eginen dira, eta ereitea edo ereite hidraulikoa eginen da, landareztatu beharreko gunearen maldaren arabera. Ereite hidraulikoan hazi nahasketa hau erabiliko da:

-Belar eta zuhaixka hazien nahasketa (dosia: 30 g/m²):

  • Lolium perenne %15.
  • Lolium rigidum %10.
  • Festuca rubra %25.
  • Medicago sativa %20.
  • Trifolium fragiferum %5.
  • Onobrychis viciefolia %7,5.
  • Sanguisorba minor %7,5.
  • Dorycnium pentaphyllum %2.
  • Genista hispanica %2.
  • Helicrisum stoechas %1.
  • Lavandula latifolia %2.
  • Rosmarinus officinalis %2.
  • Thymus vulgaris %1.

-Debeku da obraren inguruko ur-lasterren bazterretan lurra eta materialak metatzea edo makinak edukitzea.

-Ingurumena babestu eta zuzentzeko neurriei buruz ingurumen ukipenen azterlanak duen kapitulua obraren aurrekontu orokorrari erantsiko zaio. Landaketen aurrekontuaren barnean, hutsuneak betetzea eta sartutako landareak bi urtez zaintzea aurreikusi behar da.

-Hondakinen kudeatzaile baimendu batek hondakin inerteen hondakindegi baimendu batera eramanen ditu eraitsi beharreko biltegiaren hondakinak eta hormigoi eta asfalto hondarrak.

-Ponpak argindarrez hornitzeko linea elektriko berriak bereiz tramitatu behar dira departamentu honetan, ingurumen ukipenetarako baimena behar dutelako.

-Obrak hasi aurretik Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena eskuratu beharko da.

-Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio osagarriak kendu beharko dira.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian organo eskudunei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Beraskoaingo, Bidaurretako eta Girgillaoko udalei eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 18an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1005688