1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
183/2010 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Etxalarko (Nafarroa) horniketa sarearen proiekturako. Sustatzailea Xiñaurtegi Erabiltzaileen Erkidegoa da.
2009ko urriaren 28an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinaren N idatz-zatian sartuta dago. Beraz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Jarduketaren bidez, ura hornitzeko andela eraiki nahi da, Xiñaurtegi Erabiltzaileen Erkidegoaren kontsumoaren oinarrizko beharrizanak betetzeko. Ur hori Etxalar udal mugapeko 5. poligonoko 86, 87 eta 30A lurzatietan eraiki beharreko eraikinak hornitzeko erabiliko da.
Bilketa Añegi ubidean, eskuineko adarrean, hain zuzen, eginen da 215 metroko kotan, 44 lurzatiaren barnean. Bilketa puntuan presa txiki bat eta bi kutxatila instalatuko dira eta ura handik 20 m³-ko edukiera duten bi ur andeletaraino eramanen da 1.500 metroan, PE 32 mm-ko tutu baten bidez. Andel horiek eraikin txiki batean instalatuko dira, 32 lurzatian. Ura eroateko tutua instalatzeko obrak eskuz eginen dira eta baso pista bat ukituko dute neurri handian.
Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1.-Ingurumeneko ukipenetarako baimena ematea Etxalarko (Nafarroa) horniketa sarearen proiekturako. Sustatzailea Xiñaurtegi Erabiltzaileen Erkidegoa da.
2.-Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:
-Proiektuarekin batera aurkezturiko eraginaren azterlanak adierazi bezala, bai ura biltzeko obrak, bai tutua instalatzeari buruzkoak, eskuz eginen dira.
-Zuhaitzen bat moztu beharra badago, sustatzaileak mozketarako administrazio baimena eskuratu beharko du.
-Jarduketa hartzen duen kalearen barnean landareak kaltetzen badira, obrak amaitutakoan saneatzeko inausketa eginen da.
-Landaredia soildu ondoko hondarrak zabortegi baimendu batera eraman beharko dira.
-Zangak irekitzean ateratzen den landare-lurra zangak ixteko lanetan berrerabiliko da. Gainazal bukatuak leundu, eta eskuz ereinen dira, eremuko berezko hazien nahasketa erabilita. Azken neurri hori lanak hartzen dituen kalea eremu oihantsutik edo bidetik kanpo dagoenean baino ez da gauzatuko.
-Galarazita dago erreka bazterrean lurrak eta materialak pilatzea.
-Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.
Hirigintza arlokoak:
-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
3.-Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.
4.-Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5.-Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita zenbatuko dira.
6.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7.-Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Etxalarko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko martxoaren 16an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1005282