51. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

75/2010 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen Industrien Jarduerak Ingurumenaren aldetik Ikuskatzeko Programa eta 2010. urteko Ikuskapenen Programa onesteko agindua ematen duena.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, 2001eko apirilaren 4an, gomendio bat eman zuten (2001/331/EE) estatu kideetan ingurumen ikuskapenak egiteko gutxieneko irizpideei buruz; gomendio horretan ezartzen da, ikuskapenen plangintzari dagokionez, ingurumen ikuskapenak aldez aurretik planifikatu behar direla, eta horretarako ingurumen ikuskapenen programa bat edo batzuk ezarri behar direla, estatu kide osoa eta bertan dauden instalazio kontrolatu guztiak barne hartzen dituztenak.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak ezartzen duenez, urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumeneko ingurumen ikuskapenak planifikatu beharko dira. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru agindu honen xedeak dira Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2001eko apirilaren 4an emandako gomendioa, estatu kideetan ingurumen ikuskapenak egiteko gutxieneko irizpideei buruzkoa, (2001/331/EE), praktikan jartzea eta 93/2006 Foru Dekretuan industrien jarduerei buruz ezartzen dena betetzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hauxe,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Industrien Jarduerak Ingurumenaren aldetik Ikuskatzeko 2010eko Programa onestea. Haren testua foru agindu honen eranskinean jaso da.

2. Foru agindu honen berri Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko otsailaren 19an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. Eranskina

Nafarroako Foru Komunitatearen Industrien Jarduerak Ingurumenaren aldetik Ikuskatzeko Programa eta 2010. urteko Ikuskapenen Programa

1.-Hitzaurrea.

Industrien Jarduerak Ingurumenaren aldetik Ikuskatzeko Programa hau alde batetik legeak eskatuta sortu da, eta beste alde batetik, gizarteak etengabe eskatu duelako. Ez soilik GKEen eta herritarren kolektiboen aldetik, baizik eta ingurumenaren babesaren aldeko konpromisoa hartuta beren produkzio-sisteman ingurumen-kostuak txertatzen dituzten produkzio-sektoreen aldetik ere bai.

Bestalde, Europako Parlamentuak eta Europar Batasunaren Kontseiluak 2001eko apirilaren 4an estatu kideetan ingurumen ikuskapenak egiteko gutxieneko irizpideei buruzko Gomendioa onetsi zuten. Gomendio horren asmoa da ikuskapenak gutxieneko irizpide batzuen arabera egin daitezela, eta irizpideok zeregin horiek antolatzean, egitean, haien jarraipena egitean eta argitaratzean aplika daitezela.

Zehazki, legedia betetzen dela egiaztatzeko eta bete dadin bultzatzeko, urteko ikuskapen programak prestatu beharra adierazten da gomendioan, baita ingurumenaren gaineko eragina zaindu beharra ere, legedia betetzen dela bermatuko duten neurriak hartu beharra erabakitzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak urteko ikuskapen programak egiten ditu 2004az geroztik. Programa horiek Departamentuko bertako langileek bete dituzte, batzuetan kanpoko laguntzaileekin.

Aurreko urteetan bezala, barneko antolakuntza arrazoiengatik, Programak industrien jarduerak soilik hartzen ditu kontuan, kanpoan geratzen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena edo aldez aurretiko txostena behar duten gainerako jarduerak, eta bereziki abeltzaintza jarduerak eta Ingurumen ukipenetarako baimena behar duten jarduerak.

Dokumentu honen helburua Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren irizpideak definitzea da, ikuskatu beharreko jardueren arteko lehentasunak ezartzeari dagokionez; orobat, programa antolatu eta garatzeko oinarriak ezartzea.

1.1. Programaren baliabideak.

Programa gaur egun Ikuskapen, Airearen Kalitate eta Klima Aldaketaren Atalean eskura dauden giza baliabideekin eginen da, kontuan hartuta langileak ez direla ikuskapen jardueretan bakarrik aritzen. Aitzitik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari dagozkion beste jarduera batzuk ere egiten dituzte, adibidez diru-laguntzak tramitatzea, IPPC jarduerak eta IPPC ez direnak baimentzea, airearen kalitatea kudeatzea, zarata kudeatzea...

Mota askotariko jarduerak egiteak ikuskapen jardueretatik baliabideak kentzen ditu, baina beste alde batetik hori ikuskatzaileen prestakuntzarako lagungarria da, industria-jardueraren eta Programa garatzean baloratu behar diren ingurumen-alderdien ikuspegi zabalagoa bereganatzen dutelako.

Nolanahi ere, baliabideak mugatuak direnez, hautatzeko eta lehentasunak ezartzeko ahalegina egin behar izan da aldez aurretik. Alderdi hauek hartuko dira kontuan:

-Instalazioaren konplexutasuna.

-Airerako eta uretarako emisioak eta hondakinen isurketa.

-Instalazioaren kokalekua: etxebizitzetarainoko distantzia, ingurumen aldetik interes berezia duten guneetarainoko distantzia.

-Instalazioko operadorearen gaitasuna. Aplikatzen zaizkion ingurumen-baldintzak betetzeko gai den balioesten da.

-Instalazioak zenbateraino betetzen dituen ingurumen arloko araudia eta bere baimenen baldintzak.

Programa honen azken helburua ingurumenaren kalitatea hobetzea da, eta hori lortu nahi da Nafarroako ingurumen arloko legedia bete dadila bultzatuz. Horretarako, bi tresna erabiltzea planteatzen da; ikuskapena eta kontrola, ingurumen arloan. Bi tresna horien helburua instalazioek ingurumen arloko legedian eta baimenetan ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituzten egiaztatzea eta jardueren ingurumen eragina zaintzea da, baina bien artean diferentzia batzuk daude honako hauei dagokienez: tresna horietako bat eta bestea antolatzea, tresna batean eta bestean aritzen ahal diren langileak, tresna horiek ezartzeko legezko oinarria eta tresnak erabiltzearen ondoriozko jarduera-motak. Programa honi dagokionez, ikuskapenaren barnean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bere eskumenen esparruan egiten dituen egiaztapen eta jarraipen jarduerak sartzen dira, alderdi teknikoan kanpoko entitateen laguntza izaten ahal duela. Hala ere, kontrolaren barnean enpresak berak edo behar bezala egiaztatutako entitate pribatuek egiten dituzten egiaztapen jarduerak sartzen dira. Dena dela, jarduera horien emaitza edo txostenak ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak berak aztertzen ahal ditu.

2.-Aurrekariak eta lege esparrua.

2004az geroztik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak industria-jardueretan egiten dituen ingurumen-ikuskapenak planifikatzen ditu, Europar Batasunak Impel sarearen ekimenez ingurumen ikuskapenak egiteko gutxieneko irizpideei buruzko Gomendioaren irizpideei jarraiki. Gomendio horren helburua da estatu kideek ikuskapenarekin zerikusia duten alderdi batzuetan -egiten diren ikuskapenak planifikatzea eta ebaluatzea, adibidez- antzeko irizpideak aplika ditzatela.

Nafarroan aukeratu den eredua mistoa da. Eredu horretan, ikuskapenetako batzuk Departamentuko langileek beraiek egiten dituzte, eta beste batzuk, aldiz, atmosferara egiten diren isurketekin eta hondakin uren isurketekin zerikusia dutenak, ISO 17020ren arabera egiaztatutako enpresa publiko batek egiten ditu.

Bi egileek 2004an ikuskapen hauek egin dituzte:

URTEA

DEPARTAMENTUA

BESTELAKOAK

GUZTIRA

2004

196

104

300

2005

195

68

263

2006

136

131

267

2007

174

142

316

2008

164

80

244

2009

194

64

258

2010

180

54+10

244

Beste alde batetik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua onetsi zenetik, Nafarroak ingurumen-ikuskapena araututa dauka. Aipatu arauak ezartzen du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskumena duela Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumen eraginaren ebaluazioaren mendean dauden jarduerak ikuskatzeko, eta eskumen hori udalerriekin partekatzen duela jarduera sailkatuaren udal lizentziaren mendean dauden jardueren kasuan. Era berean ezartzen du bere eskumenen barneko ikuskapenak urtero planifikatu behar dituela eta informazio garrantzitsu guztia biltzeko urteko memoria egin behar duela, nahitaez.

Era berean, sektoreko legediak ezartzen duenez, baimenak eman aurretik ikuskapenak egin behar dira nahitaez, adibidez hondakinen kudeatzaileen kasuan edo Ingurumen baimen integratuaren mendean dauden jardueren kasuan, irekitzeko baimena eman aurretik. Beste alde batetik, gaur egun eztabaidatzen ari den industri isurketei buruzko Zuzentarauak adierazten duenez, estatu kideek instalazioen ikuskapen-sistema ezarriko dute, eta sistema horren barnean in situ ikuskapenak sartuko dira.

3.-Testuingurua.

Industrien Jarduerak Ingurumenaren aldetik Ikuskatzeko 2010eko Programaren abiapuntua aurreko urteetan egindako ikuskapenen eta kontrol-jardueretatik (instalazioek egindako autokontrolak eta KEBen jarduerari buruzko txostenak) lortutako informazioaren emaitzak dira.

3.1. Esparrua.

Programak 2010ean Nafarroako lurralde osoan egin beharreko jarduerak ezartzen ditu. Esparru geografiko txikiagoko programa edo helbururik ez da ezartzen.

3.2. Eskumenak.

Ikuskapen, Airearen Kalitate eta Klima Aldaketaren Atalari dagokio industria jardueren ikuskapenaren eskumena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen 124/2007 Foru Dekretuak xedatzen duen bezala. Dekretu horrek zeregin hauek esleitzen dizkio:

-Industria jarduerei dagozkien Ingurumen Ikuskapenerako Planak prestatu eta burutzea.

-Industrietako jarduerengatik eguratsera botatzen diren emisioen kontrola eta ikuskapena, berotegi efektuko gasen emisioak ere, isurkin likidoak, hondakin pilaketak eta haien kudeaketa, eta zaratak eta bibrazioak sortzea.

3.3. Aplikatu beharreko legedia.

Aplikatu beharreko legedia, Programa garatzean kontuan hartu beharrekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumenaren barnean zuzenean dagoena da, honako hau, alegia:

3.3.1. Legedi orokorra.

-Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea.

-93/2006 Foru Dekretua, 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena.

-16/2002 Legea, Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzkoa.

-509/2007 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, Kutsaduraren Aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onesten duena.

3.3.2. Atmosfera.

-6/2002 Foru Dekretua, eguratsean gai kutsagarriak isurtzen ahal dituzten jarduerak ezarri eta funtzionatzeko baldintzak ematen dituena.

-34/2007 Legea, azaroaren 15ekoa, Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzkoa.

-833/1975 Dekretua, Atmosfera Babesteari buruzko 38/1972 Legea garatzen duena.

-1976ko urriaren 18ko Ministerio Agindua, industriak atmosfera ez kutsatzeko aurreneurriei eta kutsadura horren kontrolari buruzkoa.

-117/2003 Errege Dekretua, jarduera batzuen disolbatzaileak erabiltzeagatik konposatu organiko hegazkor gutxiago aireratzeko.

3.3.3. Hondakinak.

-10/1998 Legea, Hondakinei buruzkoa.

-833/1988 Errege Dekretua, Hondakin Arriskutsuei buruzko 20/1986 Oinarrizko Legea betetzeko Erregelamendua onesten duena.

-Hondakin zehatzei buruzko berariazko araudia (olioak, ontziak, Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinak, PCB, Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinak...).

3.3.4. Hondakin urak.

-12/2006 Foru Dekretua, urak saneamenduko kolektore publikoetara isurtzen ahal duten jarduerak ezarri eta funtzionatzeko baldintza teknikoak finkatzen dituena.

3.3.5. Zarata eta bibrazioak.

-135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, zaratak edo bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

-37/2003 Legea, Zaratari buruzkoa.

-1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duena zona akustikoei, kalitate helburuei eta zarata emisioei dagokienez.

3.3.6. Lur kutsatuak.

-9/2005 Errege Dekretua, lurzorua kutsatzen ahal duten jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuak adierazteko irizpide eta estandarrak ezartzen dituena.

3.3.7. Ingurumen arloko informazioa jakinaraztea.

-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 166/2006 (EE) Erregelamendua, gai kutsagarrien isurketa eta transferentzien Europako erregistroa ezartzeari buruzkoa.

Adierazi behar da berotegi-efektuko gasen igorpen eskubideen salerosketa-araubidearen mendean dauden instalazioek berariazko kontrol-sistema dutela, eta horregatik ez direla sartzen Ikuskapen-planean.

4.-Lehentasunak.

Baliabideak mugatuak direnez eta ingurumen arloko arazo oso diferenteak dituzten mota askotariko instalazioak daudenez, argi eta garbi ezarri behar dira programaren lehentasunak. Horiek ezartzeko, programan sartzen diren instalazioetako arriskuei buruzko azterlana egin da. Horrenbestez, instalazio batek zenbat eta arrisku handiagoa izan, ikuskatzaileek hainbat eta arreta handiagoa emanen diote.

Atmosferarako emisioak, hondakin uren isurketak edo hondakinen ekoizpen edo kudeaketako jarduerak baimenen mendean dituzten instalazioen artean, arriskuen azterketa egiteko lehentasunezkotzat jo direnak honako hauek dira:

-IPPC instalazioak, abeltzaintza jardueretakoak izan ezik: 108.

- Hondakin arriskugarrien kudeatzaileak: 16 instalazio.

-Arriskugarriak ez diren hondakinen kudeatzaileak: 18 instalazio. Produkzio-prozesua duten instalazioak eta hondakindegiak soilik hartu dira kontuan. Transferentzia-zentroak ez dira kontuan hartu.

-117/2003 Errege Dekretuaren eraginpean dauden instalazioak: 27.

-Hondakin arriskugarriak sortzen dituzten instalazioak (urtean 100 t baino gehiago): 24.

-Egunean 300 m³ baino gehiago isurtzen dituzten nekazaritzako elikagaien sektoreko instalazioak: 25.

-Hirietako hondakin uren araztegiak: 7.

Kategoriak baztertzaileak dira. Instalazio bakoitza multzo bakar batean agertzen da.

Instalazio guztiekin arriskuei buruzko azterlan zehatza egin da. Azterlan horretan honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

-Konplexutasuna.

-Isurketak.

-Kokalekua.

-Operadorearen gaitasuna.

-Betetze maila.

Erabiltzen den metodologia Erresuma Batuko Ingurumen Agentziaren OPRA metodoan oinarritu da. Metodologia hori zenbait alderditan Nafarroaren benetako egoerara egokitu da.

4.1. Konplexutasuna.

Honako hau hartzen da kontuan: jarduera zenbat eta konplexuagoa izan, hainbat eta handiagoa izanen da jarduera horren ingurumen-arriskua, eta halaber, hainbat eta handiagoa jarduera osatzen duten prozesuak, horien arteko elkarreragina eta kutsadura-ahalmena ikuskatzeko beharrezkoa den ahalegina. Konplexutasuna baloratzean honako faktore hauek hartzen dira kontuan:

-Egiten diren prozesuak.

-Isurketak ingurune-mota batean baino gehiagotan egiteko aukera.

-Ustekabeko isurketak egiteko aukera.

-Prozesu bakarra edo elkarri lotutako hainbat prozesu egotea.

-Arrisku-ezaugarriak dituzten materialen inbentarioa.

-Sektorean duen tamaina erlatiboa.

Irizpide horietan oinarrituta konplexutasun-zerrendak esleitu zaizkie garrantzitsutzat jo diren instalazioei, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesteko 93/2006 Foru Dekretuaren 2A, 2B, 4A, 4B eta 4C eranskinetan sartzen dira. Halaber, berariazko konplexutasun-sailkapena egin da hondakinak kudeatzeko jardueretarako, mota askotariko jarduerak daudelako. Sailkapen horrek barnean hartzen ditu konplexutasun maila oso diferenteak dituzten jarduerak, eta hori kontuan hartu behar dela uste da.

4.2. Isurketak.

Baimendutako instalazio batek isurtzen ahal dituen sustantziek eragin handiagoa edo txikiagoa izanen dute ingurunean. Ezaugarri hori baloratzeko, baimendutako isurketen balioak erabiltzen dira, eta ez neurtu diren eta benetan egin diren isurketak, baimendutako isurketen balioak ingurumenak izaten ahal duen eragin handiena adierazten dutelako. Kontuan hartzen dira honako faktore hauek: sustantziaren mota eta kopurua, sustantzia hori zein ingurunetan isurtzen den eta instalazioan hondakinik sortzen den.

Hainbat sustantziaren ingurumen eragina kalkulatzeko (sustantzia diferenteek ingurumen eragin diferenteak baitituzte), isurketa-indizearen kontzeptua erabiltzen da. Indize hori kalkulatzeko, instalazioaren ingurumen baimenean onartzen den gehieneko isurketa, sustantzia horretarako definitutako atalase-balioarekin zatitzen da.

4.3. Kokalekua.

Instalazioaren eragina izaten ahal duten hargailuak egotea edo ez egotea instalazio horrek ekartzen duen arriskuaren adierazle da, eta beraz, hura kontrolatzeko egin beharreko ahaleginaren adierazletzat ere hartzen da. Faktore hauek hartzen dira kontuan:

-Biztanleak hurbil egotea.

-Basa bizitza egoteagatik garrantzitsuak diren lekuak hurbil egotea, habitatei buruzko legedia.

-Kutsatzeko arrisku handia duten lur azpiko urak egotea.

-Ur hartzaileen sentikortasuna.

-Zuzenean isurtzeko arriskua eta neurri zuzentzaileak izatea.

4.4. Operadorearen gaitasuna.

Instalazioko operadorea bere baimenean ezarrita dauden ingurumen-baldintzak betetzeko gai den balioestean datza. Gaitasuna hori baloratzen da ingurumen-kudeaketako sistema egiaztatuak (EMAS edo ISO 14001) oinarri hartuta.

4.5. Betetze maila.

Operadoreak baimenetan ezarrita dauden baldintzak noraino betetzen dituen azaltzen du. Kontuan hartzen da baimenen bat urratu den ala ez, eta baimenen bat urratzearen ondorioz ingurumenak eraginik jasaten ahal duen ala ez. Gainera, eragin hori konpontzeko behar den ahalegin gehigarriaren kalkulua era kontuan hartzen da.

Metodologia hori aplikatzearen ondorioz, instalazioak lau multzotan bildu dira, modu honetan:

-I. multzoa: oso arrisku handia. 200dik gorako puntuazioa.

-II. multzoa: arrisku handia. 150 eta 200 arteko puntuazioa.

-III. multzoa: arrisku ertaina. 100 eta 150 arteko puntuazioa.

-IV. multzoa: arrisku txikia. 100dik beherako puntuazioa.

Lehentasunak ezartzeko metodologia aplikatu ondoren, jardueren sailkapen hau lortu da arrisku-multzoen barnean:

ARRISKUA

IPPC

HONDAKIN ARRISKUGARRIEN SORTZAILEAK

ARRISKUGARRIAK EZ DIREN
HONDAKINEN KUDEATZAILEAK

HONDAKIN ARRISKUGARRIEN KUDEATZAILEAK

KOH ISURTZEN
DUTENAK

HONDAKIN
UREN ARAZTEGIA

NEKAZARITZAKO
ELIKAGAI INDUSTRIAK

GUZTIRA

I

21

0

1

1

0

1

0

24

II

24

0

1

0

2

1

2

30

III

39

10

4

4

19

5

12

93

IV

24

14

12

11

6

0

11

78

GUZTIRA

108

24

18

16

27

7

25

225

5.-Helburuak.

5.1. Ikuskapen jarduerak:

Lehentasunak ezartzearen emaitzak, aurreko urteetan egindako ikuskapen jarduerak eta programa egiteko erabilgarri dauden giza baliabideak oinarri hartuta, honako helburu kualitatibo hauek ezartzen dira:

1.-200 ikuskapen jarduera egitea, modu honetan:

-Ikuskapen programatuak: 180, modu honetan antolatuta:

  • Oso arrisku handiko jardueretarako, 200dik gorako puntuazioarekin, bi jarduera-ikuskapen: bat urteko lehen erdian eta bestea bigarren erdian. Ez dira zertan izan behar bi bisita oso; bisitetako batean, operadoreek Departamentura haien baimenen baldintzak betetzeko aldizka igorri behar duten informazioa dokumentu bidez aztertzen ahal da. Aztertu beharreko informazioa, gutxienez, honako hau izanen da:
  • Hondakin uren isurketen autokontrola.
  • Atmosferarako emisioen autokontrola.
  • Hondakinen kudeaketako memoriak.
  • Kontrol-erakunde egiaztatu batek atmosferarako emisioei eta hondakin uren isurketari buruz egindako txostenak.

Irizpide gisa honako hau ezartzen da: seihileko bakoitzaren amaieran ikuskapen guztiak eginda izatea.

  • Arrisku handiko multzoan 150 eta 200 arteko puntuazioarekin dauden jardueren ikuskapena. Irizpide gisa hau ezartzen da: urtearen amaieran ikuskapen guztiak eginda izatea.
  • Arrisku ertaineko multzoan 100 eta 150arteko puntuazioarekin dauden jardueren ikuskapena.
  • Arrisku txikiko multzoko 78 jardueren artean puntuaziorik handiena duten 33 instalazioak, 100dik beherako puntuazioarekin.

-Ikuskapen programatu gabeak: 20 ikuskapen edozein motatako instalazioetan, salaketa edo kexen erantzun gisa, edo ikuskapen programatuak egin ondoren eskatu ziren neurriak bete direla egiaztatzeko.

6.-2009. urteko ikuskapen-programaren betetze maila.

2009. urtean egindako ikuskapenen berrikuspenetik eta planaren aurreikuspenekiko konparaziotik honako datu hauek lortzen dira, programaren betetze maila adierazteko.

KATEGORIA

AURREIKUSITAKO
IKUSKAPEN PROGRAMATUAK

EGINDAKO
IKUSKAPEN
PROGRAMATUAK

%

EGINDAKO
AURREIKUSPEN
PROGRAMATU GABEAK

GUZTIRA

I

26

24

%92

II

36

32

%89

III

97

79

%81

IV

65

50

%77

AG

23

23

%100

HARROBIA

10

3

%30

KOH

24

16

%67

GNP

25

19

%76

GP

20

16

%80

IPPC

93

83

%89

PP

29

25

%86

2009ko planeko ikuskapenak

224

185

%83

9

194

Betetze maila handiagoa da puntuaziorik handiena duten jardueretarako. I eta II multzoetan ikuskapenak ez egitearen arrazoi nagusia da lehenago baimendutako eta ebaluatutako instalazio batzuk funtzionatzen hasi ez direla, eta beste batzuek oso funtzionamendu urria izan dutela -horregatik ezin izan baita bisitarik egin- edo instalazioak bere jarduera bertan behera utzi duela.

Sektorez sektore, nekazaritzako elikagaienak 2009. urtean jarduera maila handia izan du. Horri esker, aurreikusitako bisita guztiak egin ahal izan dira; halaber, IPPC araudiaren eraginpean dauden instalazioek betetze maila handia izan dute.

Aitzitik, 117/2003 Errege Dekretuaren eraginpean dauden instalazioek betetze maila txikia izan dute, batez ere haietako batzuek jarduera maila txikia izan dutelako; egindako bisiten portzentaje txikiena harrobiena da. Hain zuzen ere, harrobien egoera konplexua da, jarduera berezia egiten dutenez beste agintari batzuekin (Goardia Zibila, Foruzaingoa) koordinatu behar dutelako. Horregatik, bisitak eten behar izan ziren, ongi definitutako jarduera-protokoloa ezarri arte.

Gainerako sektoreek betetze maila onargarriak dituzte, barnean hartzen dituzten instalazioen arrisku mailaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F1003960