Iragarkia
51. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
63/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, erdi eta goi mailako unibertsitate tituludunei prestakuntzarako laguntzak emateko deialdia egiten duena, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko masterrak egiteko atzerriko unibertsitateetan.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren arloan zehazten dituen helburuen artean kirol entrenamenduaren eta jarduera fisikoaren oinarri zientifikoei buruzko prestakuntza sustatzea dago, osasunarekin duen loturari dagokionez.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua, Nafarroako Kirol Institutuaren bidez, ohartu da beharrezkoa dela atzerriko ikastetxe onenetan kirol entrenamenduaren eta jarduera fisikoaren oinarri zientifikoen aplikazioaren arloan, osasunarekin duen loturari dagokionez, prestakuntza jaso duten profesionalak edukitzea. Horregatik, atzerriko unibertsitateetan jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien arloko masterrak egiteko laguntzetarako programa honen deialdia egin da.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Erdi eta goi mailako unibertsitate tituludunei atzerriko unibertsitateetan master programak egiteko laguntzetarako deialdia onestea.
2. Beka emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.
3. 15.000 (hamabost mila euro) euroko gastua onestea erdi eta goi mailako unibertsitate tituludunei prestakuntza laguntza bat adjudikatzeko, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko master programak egiteko atzerriko unibertsitateetan; kopuru horretatik, 7.500 euro (zazpi mila eta bostehun euro) 2010eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako Kirol Ikerketarako Bekak izeneko 940002-95130-4809-336100 kontu-sailari egotziko zaizkio, edo 2011ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako sortzen den pareko kontu-sailari. Nolanahi ere, laguntza eman eta luzatuko da baldin eta horretarako egokia eta aski den dirutza badago ekitaldi bakoitzean.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirolaren Institutuari, Kirol Zuzendariordetzari, Nafarroako Kirolaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Kirol arloko Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuari, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Nafarroako Kirolaren Institutuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko martxoaren 1ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak, erdi eta goi mailako unibertsitate tituludunei prestakuntzarako laguntzak emateko, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko master programak egiteko atzerriko unibertsitateetan
1. oinarria. Helburua.
Foru agindu honen xedea da atzerriko unibertsitateetan master programa bat egiteko laguntza emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzaren helburua da goi edo erdi mailako tituludunek Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien arloan prestakuntza jasotzea atzerrian, 2010-2011 ikasturtean hasita.
2. oinarria. Araubide juridikoa.
Foru agindu honen babesean ematen diren bekak, aginduan ezarritakoaz gainera, arau hauek izanen ditu: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta gainerako arau osagarriak.
3. oinarria. Izangaiak bete beharreko baldintzak.
1. Deialdia argitaratzen den unean, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nazionalitate espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa.
b) Bi egoera hauetako batean behintzat egotea:
-Nafarroan jaioa izatea.
-Administrazio auzotasuna Nafarroan izatea eskabidea aurkezten den unean.
-Nafar izaera politikoa izatea, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta izaera hori dagokion Espainiako Kontsuletxean egiaztatzea.
c) Bi egoera hauetako batean behintzat egotea: unibertsitateko ikasketa ofizialen erdi mailako titulua edo lizentziatura gradukoa edo baliokidea, izatea edo eskatu izana, beharrezkoak diren eskubideak ordainduta, edo, hala ez bada, erdi edo goi mailako titulazio baten azken kurtsoan matrikulatuta egotea eta, beka onartzean, unibertsitateko diplomadun edo lizentziadun ikasketak bukatu dituela frogatzea.
d) Goi mailako ikasketak (erdi edo goi gradua) deialdia argitaratzen den egunaren aurreko bost urtean, gehienez, bukatuak izatea.
Ondorio horietarako bakarrik, ziurtagiri akademikoan agertzen den data izanen da ikasketen bukaerako data.
e) Atzerriko unibertsitate bateko master programa batean onartua izatea. Ebaluazio eta Hautapen Batzordeak zehaztuko du prestakuntza zein unibertsitate edo ikastegitan eskatzen den, horien kalitatea eta gradu ondoko programena. Programa hasi aurretik onarpena justifikatzeko baldintza ezartzen ahalko da onuradun izaera lortzeko.
2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren egoeretan dauden eskatzaileak ezin dira onuradun izan.
3. Baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean bete behar dira eta, hala denean, bekaren aldian mantendu, master programarako onarpena izan ezik, deialdia ebatzi aurretik bete beharrekoa baita.
4. oinarria. Bekan sartutako kontzeptuak.
Bekaren barnean sail hauek sartzen dira:
a) Atzerriko unibertsitateko gradu ondoko programaren matrikula osoa.
b) Egonaldirako diru-poltsa bat kontzeptu hauetarako: ostatua, mantenua eta beste gastu batzuk, aseguru konbinatuko poliza bat barne, bekadunaren istripuak, ebakuntzak, ospitalizazioa eta osasun laguntza estaltzeko. Poliza hori -edo matrikulan sartutako estaldura- egonaldia hasi eta hilabeteko epean gehienez justifikatu beharko du onuradunak.
-Jatorrizko hiritik atzerrikora joan eta etortzea, turista klasean. Seihileko bakoitzeko joan-etorria sartuta dago.
5. oinarria. Diru-laguntza jasotzeko baldintzak eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntza honetarako eman ahal izanen da:
Guztira ikasturte bateko iraupena duen master programa (2 seihileko 2010-2011 ikasturtean).
Guztira bi ikasturteko iraupena duen master programa (4 seihileko 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan).
Kasu horretan, laguntza 2010-2011 ikasturteko bi seihilekoetarako emanen da, eta Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bitartez luzatu ahal izanen da 2011-2012 ikasturteko seihileetarako, betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariaren txostena, ikerketaren aprobetxamenduari buruzkoa, aldekoa bada.
2. Laguntza 7.500 eurokoa izanen da seihilabetean. Laguntza emateko, kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontu orokorretan horretarako behar adinako kreditu egokia egon beharko da.
3. Beka jasotzeak ez du lan harremanik sortuko ez Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuarekin ez atzerriko unibertsitateekin, eta ez du inolako konpromisorik ekarriko onuraduna funtzionarioen edo lan-kontratudunen plantilletan sartzeko.
6. oinarria. Ebaluazio irizpideak.
Oro har, bekak ebaluatzeko irizpideak hauek izanen dira:
a) Eskatzailearen ikasketa espedientea eta curriculum vitae, ebaluazioaren 5 puntu gehienez ere.
b) Gradu ondoko programaren kalitatea, ebaluazioaren 3 puntu gehienez ere.
c) Programak Nafarroarentzat duen interes estrategikoa, ebaluazioaren 2 puntu gehienez ere.
Eskaerak hobeki ebaluatze aldera, Ebaluazio Batzordeak postaz edo aurrez aurreko elkarrizketa baten bidez zilegi izanen du bekaren eskatzaileei eskatzea aurkeztutako agirietan dagoen informazioa handitu edo hobetu dezaten edo egoki iruditzen zaion dokumentazio edo informazio osagarria ekar dezaten.
Ebaluazioan 4,9 puntu baino gutxiago lortzen duten izangaiei ez zaie laguntza emanen.
7. oinarria. Eskabideak eta ziurtagiriak aurkezteko epea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaera eta dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25, 31002-Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein tokitan, deialdi honen I. eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabidea erabiliz.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira. Beka eskaera egiteko inprimaki normalizatua erabiliko da. Eredua Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan jaso daiteke (Larrabide estadioa, Zangoza kalea, 34).
Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoera debekatuetako bakar batean ere ez dagoela dioena.
b) Beste edozein administrazio edo entek, publiko nahiz pribatuk, nazional nahiz nazioartekok, deialdiaren xede bererako emandako beste laguntzarik jaso ez izanaren adierazpena.
c) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien zehaztapenak. Agiri bidez frogatzen ez den merezimendurik ez da baloratuko.
d) 3. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen agiri ofiziala. Horretarako, agiri hauetako bat behintzat aurkeztu beharko da:
-NANa edo pasaportea.
-Nafarroako udalerri batean erroldatuta egotearen ziurtagiria.
e) Unibertsitateko ikasketa espedientearen ziurtagiria.
f) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopiak.
g) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriaren edo fotokopiaren bidez frogatuta.
h) Eskatzailea master programa batean behin betikoz edo baldintzekin onartu dutela frogatzen duen agiria, programaren izena eta deskribapen zehatza adierazita, baita eduki teorikoak eta praktikoak ematen dituzten irakasleak ere zehaztuta.
8. oinarria. Ebaluazio Batzordea.
Kide anitzeko organoa, hots, Ebaluazio Batzordea, arduratuko da betebeharrak betetzen direla egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegaturiko merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.
Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:
-Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol zuzendariordea.
-Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaria.
-Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Ikerkuntzako Unitate Teknikoko burua.
-Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Laguntzako Unitate Teknikoko burua.
9. oinarria. Laguntza emateko ebazpena.
6. oinarrian ezarritako merezimenduen baremoarekin bat eskaerak ebaluatu ondoren, Ebaluazio Batzordeak organo eskudunarentzat loteslea izanen den ebazpen proposamena eginen du, hautatua izan den beka eskatzaileari buruzkoa.
Diru-laguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari kudeatzailea da. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen da ebazpena.
Epe hori bukatu eta berariazko ebazpena jakinarazi edo argitaratu ez bada, eskaerak administrazioaren isiltasunaz ukatutzat joko dira.
Prozeduraren gaineko ebazpena onuradunari jakinaraziko zaio eta Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren iragarki-oholean jarriko da, orok jakin dezan.
10. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.
Foru agindu honen bidez ematen diren bekak bateraezinak izanen dira funts publiko zein pribatuekin finantzatutako beste beka edo laguntza batzuekin, bai eta interesdunaren kontratu bidezko loturak dakartzan soldata edo lansariekin ere.
11. oinarria. Bekaren onuradunaren betebeharrak.
1. Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko ditu.
Bekaduna Nafarroako Zerga Ogasunaren zergaduna baldin bada, eskabide-orrian baimena emanen dio deialdia emandako departamentuari jarduerak hasten direnean zerga-betebeharrak eguneratuak ote dituen egiaztatzeko datuak kontsulta ditzan.
2. Beka bukatu baino lehenagoko hilean, interesdunak Nafarroako Kirolaren Institutuan ( Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa), memoria bat aurkeztuko du eta bertan jasoko ditu egindako jarduerak, ikasketen aprobetxamendu akademikoa (zentro hartzaileak luzatutako ziurtagiri akademiko ofizialarekin) eta egindako ikerketa lanak. Lan guztietan Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren laguntzaren berri emanen da. Gasturik izan baldin bada, fakturen zerrenda nominala emanen da, zenbatekoa zertan erabili den adierazita.
3. Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beken edo diru-laguntzen berri ematea Nafarroako Kirolaren Institutuari.
4. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren funtzionamendurako araubideari men egitea.
5. Eman den bekaren gainean organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.
6. Beka emateko ebazpenean azaltzen den datan hastea destinoko zentroan. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.
7. Beka emateko eskumena duen organoaren aurrean frogatzea prestakuntza-programa aprobetxamenduz egin dela, beka emateko foru aginduan ezarritako moduan eta epean, bai eta agindu horretan eskatutako gainerako betebeharrak ere.
8. Nafarroako Foru Komunitatera itzultzea graduondoko ikasketak bukatu eta bost urteko epea iragan baino lehen, beren lanbidean gutxienez lau urtez aritzeko. Horri begira, honako hau izanen da Nafarroara itzultzea:
a) Egoitza Nafarroan edo Nafarroatik kanpo duen enpresa, instituzio, unibertsitate edo erakunde nafar batean hastea, lan kontratuaren bidez edo ikerketa proiektu bati lotutako kontratu baten bidez.
b) Egoitza Nafarroan duen baina nafarra ez den enpresa, instituzio, unibertsitate edo erakunde batean hastea, lan kontratuaren bidez edo ikerketa proiektu bati lotutako kontratu baten bidez.
c) Bekadunak enpresa bat eratzea, haren egoitza sozial eta fiskala Nafarroan badago, eta haren zuzendaritza organoak erkidego honetan badaude nahiz eta beste komunitate edo herrialde batzuetan jarduera garatu eta/edo horietan egoitzak izan; enpresa horretako jarduerak onuradunaren jarduera nagusia izan behar du.
d) Lanbide liberal batean aritzea (Gizarte Segurantzako autonomoetan alta emanda), egoitza Nafarroan izanik.
e) Ebaluazio eta Hautapen Batzordearen ustez Nafarroarentzat estrategikoa den nazioarteko enpresa edo erakunde batean lanean aritzea. Horretarako, bekadunak lan eskaintzaren berri eman beharko dio Ebaluazio eta Hautapen Batzordeari, horrek beharrezkoa den ebaluazioa egin dezan.
Aukera izanen da kontratuak enpresa edo erakunde batekin bakarrik ez egiteko, baina onuradunaren lan denbora gehiena hartzen duen enpresak aipatu diren baldintzetakoren bat bete beharko du.
9. Onartu egin beharko dira emandako diru-laguntzei eta laguntzei buruz Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak egiten dituen egiaztapen jarduketak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Orokorrak egiten dituen kontrol finantzarioak.
10. Helbide aldaketen berri ematea, jakinarazpenak helarazi behar direnerako, diruz lagundutako jarduera kontrolpean dagoen denbora aldi guztian.
12. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.
Master programako seihileko bakoitzaren bukaeran ordainduko zaio onuradunari bekaren zenbatekoa.
Ordaintzeko ebazpena eman aurretik Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariak aprobetxamenduari buruzko aldeko txostena eman behar du.
Bekadunari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, diru-laguntza publikotzat baizik.
13. oinarria. Luzapena.
1. Laguntza master programa baterako baldin bada, eta bi ikasturteko iraupena baldin badu guztira (4 seihileko, 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan), laguntza 2011-2012ko seihilekoetara luzatzen ahal da.
2. Laguntza luzatu ahal izateko, onuradunak 2011ko ekainaren 1a baino lehen aurkeztu behar du eskabidea. Memoria bat erantsiko dio eskabideari eta bertan jasoko ditu egindako jarduerak, ikasketen aprobetxamendu akademikoa (zentro hartzaileak luzatutako ziurtagiri akademiko ofizialarekin) eta egindako ikerketa lanak.
3. Luzapena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak 2011-2012 ikasturte akademikoko seihilekoetarako emandako ebazpenez onartuko da, betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariak ikerketa eta ikasketa arloko aprobetxamendua egokia dela ziurtatzen badu bere txostenean.
14. oinarria. Justifikazioa.
1. Bekaren justifikazioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen da, deialdian jarraipenari buruz ezartzen diren xedapenen arabera. Sustatutako ekintzak beka aldian egindako jardueren laburpen-memoriaren bitartez justifikatuko dira.
2. Beka ematen duen organo eskudunak zilegi izanen du prozedura egokiak ezartzea foru agindu honen arabera itzultzen direnen lanaren jarraipen zientifiko-teknologiko-enpresariala egiteko, eta beharrezkoak iruditzen zaizkion organo, batzorde edo adituak izendatzen ahalko ditu laguntzaren aplikazioaren jarraipena eta egiaztapena egiteko; halaber, egokia iruditzen zaion informazio osagarria eska dezake.
3. Laguntzaren xede diren jarduerak egin direla frogatzeko agiri eta txosten tekniko eta ekonomikoak aurkeztu beharko ditu onuradunak.
4. Atzerriko beka aldia bukatu ondoren lanbidea Nafarroan garatzen ari direla edo 11. oinarrian azaltzen diren antzeko egoeretan daudela urtero frogatu beharko da, abenduan, zuzenbidean balioa duen edozein frogabide erabiliz.
15. oinarria. Diruaren itzulketa eta zehapen araubidea.
1. Zehapen araubidea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarrita dagoena izanen da.
2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aurreikusitako deuseztasun eta deuseztagarritasun kasuez gainera, bidezkoa izanen da jasotako dirua itzuli behar izatea eta berandutza interesak (laguntza ordaintzen denetik itzuli beharra erabakitzen den data artekoak) eskatzea, kasu hauetan:
a) Laguntza lortzearren horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esatea edo laguntza hori baztertu edo mugatuko luketen datuak ezkutatzea.
b) Atzerriko ikastegira ez agertzea, prestakuntza programa bertan behera uztea edo programa behar bezala ez aprobetxatzea.
c) Justifikazio betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea.
d) Foru agindu honen 11. oinarriko 8. puntuan aurreikusitako betebeharra ez betetzea.
e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan dirua itzultzeko ezarritako gainerako arrazoiak daudenean.
3. Onuradunak foru agindu honen 11.oinarriko 8. puntuan aurreikusitako betebeharra betetzen ez duenean, betebehar hori bete ez den urteen kopuruaren proportzioan egin beharko da itzulketa, betebeharra betetzen ez den ekitaldi bakoitzeko %25a hain zuzen.
4. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak tramitatu eta ebatziko ditu itzulketarako prozedurak.
16. oinarria. Errekurtsoak.
Oinarri arautzaileen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz. Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
17. oinarria. Emandako laguntzaren publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren webgunean honako datu hauek argitaratuko dira: emandako beka, deialdiaren eta programaren aipamena, aurrekontuko zein kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-zenbatekoa eta helburua.
II. ERANSKINA
Eskabide eredu normalizatua
Izenpetzen duenak (bi abizen eta izena) ...................................., .............. NAN zenbakiarekin, .................eko .................aren ................ean, ....................n, ............................ probintzian jaioak, helbidea ........................................... kalean, ................ zenbakian, ............ solairuan, ................ P.K.ean, eta telefono zenbakia ........................ duenak, ........................................................ ikasketa tituluekin, Familia, Gazteria , Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak eman eta ............................ean, ................ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ............../201.... Foru Aginduaren babesean,
Eskatzen du:
Goi eta erdi mailako unibertsitate tituludunentzako prestakuntza laguntza bat eman dakion, master programak egiteko atzerriko unibertsitateetan, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloan, erantsita dagoen eskabidean adierazitako datuekin.
.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an. 2010
(Sinatua)
Familia, Gazteria , Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria.
III. ERANSKINA
Eskabide eredu normalizatua (luzapena)
Izenpetzen duenak (bi abizen eta izena) ....................................., ............................ NAN zenbakiarekin, .................eko .................aren ................ean, ....................n, ............................ probintzian jaioak, helbidea .............................................. kalean, ................ zenbakian, ............ solairuan, ................ P.K.ean, eta telefono zenbakia ........................ duenak, ........................................................ ikasketa tituluekin, Familia, Gazteria , Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak eman eta ............................ean, ................ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ............../201.... Foru Aginduaren babesean,
Eskatzen du:
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko master programak atzerriko unibertsitateetan egiteko goi eta erdi mailako unibertsitate tituludunentzako prestakuntza laguntza luza dakion 201...-20... ikasturterako, erantsita dagoen eskabidean adierazitako datuekin.
.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an. 2010
(Sinatua)
Familia, Gazteria , Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria.
Iragarkiaren kodea: F1004668
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
