50. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

530/2010 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, Opnatelek aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak zehazten duenez, operadoreek Azpiegiturei buruzko Lurralde Plan bat aurkeztu behar dute, onesteko. Plan horrek lehendik dauden estazio finkoak, ezartzekoak direnak eta sare osoaren garapena bilduko ditu.

Nafarroako Gobernuaren 2008ko apirilaren 21eko erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana, "Obras Públicas y Telecomunicaciones del Gobierno de Navarra, S.A." (Opnatel) enpresak aurkeztua, jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, eraginpean dauden udalei entzunaldia eman zitzaien. Administrazioaren akats bat dela eta, bere garaian ez zitzaion bidali Cabanillasko Udalari jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko erabakia. Hori konpontzeko, entzunaldia emateko aldia zabaldu zaio toki entitate horri ondoren. Jendaurrean jarritako planak 88 estazio edo komunikazio zentro ditu.

Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa den Opnatelek Nafarroako Foru Komunitateko landaguneetan eskaintzen dituen produktuen zorroa honako hau da: telebista digital (LTD) eta analogikorako zerbitzua, operadoreendako garraio zerbitzua (irrati-loturak) eta housing zerbitzua.

Nafarroako Gobernuaren Hedapen Sarea 1966an sortu zen eta pixkanaka-pixkanaka hedatzen joan zen 1990era arte, gutxi gorabehera. Ondotik sare osagarria garatu zen, 1991tik 2000. urtera arte, kable bidezko telebista zabaltzeko sarbide zaileko zein harreraren kalitate txarreko herrietara.

LTD edo Lurreko Telebista Digitalaren seinalearen hedapenak eskatzen du errepikagailuaren eta erabiltzailearen arteko distantzia txikiagoa izatea, ekipoen potentzia ere txikiagoa delako, eta horrek dakar estazio gehiagoren beharra telebista analogikoak duen hedadura bererako. Horretarako zentro berriak eraiki behar dira, gehienetan bat etorriko direnak herrietan banda zabala ezartzeko gaur egun ezartzen ari den sarearekin.

Opnatelek aurkezturiko Azpiegiturei buruzko Lurralde Planak oinarrizko estazioak, 1966tik lanean diharduten estazioak eta aurreikusi diren oinarrizko estazioak (batzuk bestelako telefonia operadoreek lehendik dituzten instalazioekin partekatuko dira eta beste batzuk, aldiz, erabat berriak izanen dira). Telezabalkuntzako estazioei ez zaie aplikatuko 10/2002 Foru Legea.

Nafarroako Gobernuaren 2010eko otsailaren 1eko Erabakiaren bidez tramite horiek ebatzi dira. Erabaki horretan toki entitateek (Tutera, Etxalar, Baztan eta Artzibar) aurkeztutako lau alegazioei erantzuna eman zaie; operadoreak 2009ko otsailaren 19an aurkeztutako Testu Bateginari buruz departamentuek (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua, Osasun Departamentua) egindako txostenen edukia eta erantzuna aztertu dira. Halaber, hainbat kokalekuren koordenatuei buruz egin beharreko aldaketak ezarri dira. Hona hemen kokalekuok: Leozko TZ, Aranoko TZ, Muesko TZ, Eslabako TZ, Faltzesko TZ, Nabaskozeko TZ eta Izabako TZ.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Opnatelek aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana onestea, eranskinean agertzen diren kokalekuak barnean hartuta, honako determinazio hauekin:

A) Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen, instalazio bakoitzaren Ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko da.

B) Azpiegiturei buruzko Lurralde Plan honetan agertzen diren oinarrizko estazioen berariazko baimenei buruzko prozesuan, 10/2002 Foru Legearen I. eta II. eranskinean ezarritakoa eta sentikortzat jotako gune edo lekuetarako ezarritako berariazko xedapenak betetzen direla justifikatu beharko da.

C) Egin beharreko lur mugimenduek oihanetarako lurzoruari eragiten badiote, Oihanak Kudeatzeko Atalari jakinarazi beharko zaio behar beste denboraz, obrak hasi baino lehen.

D) Ondare Historikoaren alorrean indarrean dagoen legediarekin bat (Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Foru Legearen 42.3 eta 44. artikuluak), aurreikusita dagoen lan bat egiten den bitartean, zorupean horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, obrak bertan behera utzi eta aurkikuntza Ondare Arkeologikoaren Bulegoari berehala jakinarazteko legezko betebeharra dago. Foru lege horren 101.h artikulua aplikatuta, hori kontuan ez hartzeagatik Ondare Historikoari eragin diezaiokeen edozer arau-hauste larritzat joko da.

E) Opnateli eskatzea 3 hilabeteko epean formatu digitalean Planaren Testu Bategina aurkez dezala. Testu Bategin horrek barnean hartu beharko ditu 1. eranskinean agertzen diren kokalekuak eta zuzenduta egon beharko du, alegazioen ebazpenaren ondoriozko determinazioen eta Gobernuaren 2010eko otsailaren 1eko erabakiaren III. atalean xedatuta dagoenaren arabera.

2. Azpiegituren Lurralde Planaren aldaketa hau onestearekin ondorioztatzen da hartan baztertu ez diren kokalekuak bat heldu direla maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritako baldintzekin.

Dena dela, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz, onespenak ez die lizentzia emateko eskumena ukatzen udalei.

3. Aldatutako plana eguneratzeko edo aldatzeko eskaeren berri eman beharko dio operadoreak telekomunikazio arloan eskudun den departamentuari.

Aldaketek kokaleku berriak ekarriz gero, egungo azpiegiturak lekuz aldatu behar badira edo ukipen berri garrantzitsuak eraginez gero, Lurralde Planaren aldaketa gisa tramitatu beharko dira.

Gainontzeko aldaketak, aurreko paragrafoan aurreikusitako aldaketez bestelako zerbitzu berriak barne, telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari aurkeztu beharko zaizkio, hilabete lehenagotik gutxienez ere, Planaren datu teknikoak eguneratzeko eta kontrolatzeko.

4. Operadoreari ohartaraztea, egin asmo diren instalazioak (ur-ibilbide publikoen polizia eremua, errepideen eragin eremua, mugarri geodesikoak, zortasun aeronautikoak, lurzoru urbanizaezina etab.) ukitu edo baldintzatzen ahal dituzten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko dituela.

5. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasun Publikoaren Institutuari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honen berri ematea Opnateli, eta adieraztea ebazpenak ez diola administrazio bideari bukaera ematen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Ebazpen honen berri ondoko Udalei ematea: Aberin, Ageza, Allin, Ameskoabarren, Anue, Araitz, Arano, Arantza, Artzibar, Aribe, Azuelo, Baztan, Bera, Berriobeiti, Bidaurreta, Burgi, Cabanillas, Zarrakaztelu, Desoio, Doneztebe, Erroibar, Eslaba, Espartza, Esteribar, Etxalar, Ezkaroze, Ezporogi, Faltzes, Funes, Galar, Garralda, Goizueta, Goñerri, Gorza, Gesalatz, Jaurrieta, Labaien, Lana, Lapoblacion, Larraun, Elizagorria, Leitza, Leotz, Lerin, Lesaka, Irunberri, Luzaide, Mañeru, Mendaza, Elo, Mues, Murillo el Cuende, Nabaskoze, Otsagabia, Odieta, Orotz-Betelu, Orreaga, Petilla Aragoi, Erronkari, Sesma, Tutera, Uharte Arakil, Uxue, Ultzama, Urdazubi, Urrotz-Hiria, Urzainki, Bidankoze, Deierri eta Zubieta; sustatzaileari eta alegatzaileei ere bai, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 10ean.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1004665