47. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 22koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, turismoko elkarteek, toki entitateek eta turismoko partzuergoek egiten dituzten turismoko marketineko jardueretarako 2010eko laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako toki entitateak, turismoko partzuergoak eta turismoa garatzeko eta sustatzeko helburua duten turismoko elkarteak lan aipagarria egiten ari dira turismoaren sektorea indartzen, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismo Zuzendaritza Nagusiaren lana osatzen eta aberasten duten aldetik.

Laguntzen deialdi honen bidez turismoko marketina egiteko ekimenak sustatu nahi dira sektore publikoan eta pribatuan, Turismoko Marketineko Plan Integrala gauzatzeko funtsezko tresna baita.

Diruz lagunduko diren ekintzek dinamizatu egiten dituzte turismoko marketineko 2010erako eragiketa-plana osatzen duten programak (web-a eta teknologia berriak, erreserba-zentralak, zuzeneko aurkezpenak, turismoko informazioa, turismoko argitalpen eta euskarriak, etab.), eta loturak dituzte haiekin.

Helburu horretarako, 2009ko irailaren 30etik 2010eko urriaren 1era bitartean egiten diren jarduketak onartuko dira.

Deialdi hau norgehiagoka gabe ebatziko da, izan ere, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Gero, diru-laguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren onuradunen artean proportzionalki banatuko da. Hori horrela da, deialdian aurreikusten diren jarduera guztiak egitea garrantzitsutzat jotzen delako; zenbat eta gehiago egin, orduan eta hobe izanen da Nafarroaren eta bertako turismo produktuen berri emateko.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Elkarteek, toki entitateek eta partzuergoek egiten dituzten turismoko marketineko jardueretarako 2010. urteko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Deialdi honetarako, ondotik adierazten diren gehieneko zenbatekoak baimentzea 2010eko gastuen aurrekontuko kontu-sail hauen kargura:

-2010eko gastuen aurrekontuko "Ekimen pribaturako laguntzak turismoa garatu eta sustatzeko" izeneko kontu-saila, A1200/A10002/4709/432300. Zenbatekoa: 125.000 euro.

-2010eko gastuen aurrekontuko "Partzuergo eta toki entitateentzako laguntzak Turismoko Marketin Plana aplikatzeko" izeneko kontu-saila, A1200/A10002/4609/432302. Zenbatekoa: 25.000 euro.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau honakooi jakinaraziko zaie behar diren ondorioak izan ditzan: Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Turismoko Marketinaren Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Departamentuan Ekonomia eta Ogasunekoak duen kontu-hartzailetza delegatuari.

Iruñean, 2010eko martxoaren 22an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

I. ERANSKINA

Turismoko elkarteek, toki entitateek eta turismoko partzuergoek 2010. urtean egiten dituzten turismoko marketineko jardueretarako laguntzen deialdia arautzen duten oinarriak

Deialdi honetako laguntzak turismoko marketineko jarduera hauetarako dira, baldin eta 2009ko urriaren 1etik 2010eko irailaren 30era bitartean egiten badira:

1.-Turismo elkarteentzako laguntzak.

Deialdi honetako gehieneko zenbatekoa 125.000 euro izanen da, eta 2010eko gastuen aurrekontutik ordainduko da, ''Ekimen pribaturako laguntzak turismoa garatu eta sustatzeko'' izeneko A1200/A10002/4709/432300 kontu-sailaren kargura.

Aurrekoari beste diru kopuru batzuk gehitzen ahalko zaizkio, deialdi honetako beste atala eta programa bereko beste deialdi batzuk ebatzi ondoren soberakinik bada, aurkezten diren eskabideen arabera, edo aurrekontuko baliabideak handitzen badira.

1.1. Xedea.

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak ezarritako Turismoko Marketineko Plan Integralaren ildoei jarraitu eta haren eragiketa-planaren ezarpen zabalagoa dakarten jarduketak.

Aurkezten diren ekintza guztiek aldeko txostena behar dute, Nafarroako Gobernuko Turismoko Marketinaren Zerbitzuak emana, laguntzak jaso ahal izateko.

Elkarte berak ezin izanen du 50.000 euro baino gehiago jaso, Marketinaren Zerbitzuaren deialdi honetako jarduketetarako laguntzak eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuaren deialdietan beste kontzeptu batzuengatik jaso ditzakeen laguntzak baturik (kalitate ataleko laguntzak izan ezik).

1.2. Elkarteentzako laguntzen onuradunak.

Egoitza Nafarroan duten elkarteak, baldin eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala izena emanda egon eta gutxienez deialdi honek indarra duen bitartean inskribatuta jarraitzen badute.

Jarduketa hauek izanen dira:

A.-On line erreserba-zentralen sorrera, hobekuntza eta proiekzioa.

Turismo produktuen erreserba-zentralei dagozkien ekintzak diru-laguntzaren xede izanen dira, ondokoak garatzeko egiten badira:

-On line erreserbetarako beste zentral batzuekiko koordinazioa edo bat-egitea.

-Eskura dagoenaren gaineko informazioa besterik eskaintzen ez duten telefono zentralak edo zentral birtualak on line erreserbetarako zentral bilakatzea.

-Erreserba-zentralaren mantentze-lana, zuzenketarako eta eboluziorako.

-Web ataritik irispidea duen espazio bat, turismo produktuen eskaintzak sustatzeko euskarri gisa erabiltzen ahalko dena. Eskaintza horiek gutxienez 2 zerbitzu bilduko dituzte (adibidez, ostatua + bisita), eta oinarrizko informazio hau edukiko dute: eskaintzaren izenburua, indarraldia, sustapenerako sarrera, biltzen dituen zerbitzuen zerrenda, prezioa pertsona bakoitzeko (BEZa barne), on line erosketarako aukera.

Ez dira diru-laguntzaren xede izanen erreserba-zentralak ezartzeko azterlan eta diagnostikoak, ezta zentral horien kudeaketa komertziala ere.

Ezinbesteko beharkizuna izanen da turismoko marka edo/eta banner-esteka bat jartzea web orriko edo erreserba-zentralak aurkezteko beste euskarri batzuetako toki nabarmen batean. Proiektuek aldeko txostena, Turismoko Marketinaren Zerbitzuko Sustapenerako Baliabideen Atalak emana, eduki behar dute, eta nahitaez jarraitu behar diete Sustapenerako Baliabideen Atalak ezarritako jarraibide eta gomendio teknikoen eskuliburuan agertzen diren ildoei. Eskuliburu hori II. eranskinean agertzen da.

Laguntzaren zenbatekoa, proiektu bakoitzeko:

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, %70era artekoa. Gehienez 8.500 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 5.950 euro).

B.-Turismoko azoka eta aurkezpen ekitaldietara joatea.

B.1. Azoka eta aurkezpen ekitaldi nazionalak, Turismo Zuzendaritza Nagusiak haietan parte hartzen badu, turismoko azoka eta sustapen ekitaldien 2010eko planaren barrenean.

Turismoko markaren aplikazioa nahitaezkoa izanen da, eta Sustapenerako Baliabideen Atalak horri buruz ezartzen dituen ildoei jarraituko zaie.

Atal honen barrenean, azoka bakoitzean ondokoetarako emanen da diru-laguntza:

-Ostatuaren, joan-etorrien eta mantenuaren gastuak egun bakoitzeko, pertsona bat azokara joateagatik, gehienez 125 euro pertsonako eta eguneko.

B.2. Turismoko azoka edo aurkezpen ekitaldietan parte hartzea hurbileko merkatuetan (Espainiakoak edo nazioartekoak), EAEn, Errioxan, Aragoin, Frantziako hego-mendebaldean eta Nafarroan, Turismo Zuzendaritza Nagusiak horietan parte hartu gabe. Aldeko txostena, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak emana, lortu behar da, eta Sustapenerako Ekintzen Atalari eskatuko zaio.

Turismoko markaren aplikazioa nahitaezkoa izanen da, eta Sustapenerako Baliabideen Atalak horri buruz ezartzen dituen ildoei jarraituko zaie.

Atal honen barrenean, azoka bakoitzean ondokoetarako emanen da diru-laguntza:

a) Ostatuaren, joan-etorrien eta mantenuaren gastuak egun bakoitzeko, gehienez 2 pertsona azokara joateagatik, gehienez 125 euro pertsonako eta eguneko.

b) Lurzorua alokatzeko, erakustokia jartzeko eta materialak garraiatzeko gastuen %70, laguntza gehienez 5.000 eurokoa dela.

B.3. Nazioarteko turismoko azoka edo aurkezpen ekitaldietan parte hartzea, Turismo Zuzendaritza Nagusiak horietan parte hartzen badu, turismoko azoka eta sustapen ekitaldien 2010eko planaren barrenean. Aldeko txostena, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak emana, lortu behar da, eta Sustapenerako Ekintzen Atalari eskatuko zaio.

Atal honen barrenean, azoka bakoitzean ondokoetarako emanen da diru-laguntza:

-Ostatuaren, joan-etorrien eta mantenuaren gastuak egun bakoitzeko, pertsona bat azokara joateagatik, gehienez 200 euro pertsonako eta eguneko.

B.4. Nazioarteko turismoko azoka edo aurkezpen ekitaldietan parte hartzea (Frantziako hego-mendebaldean izan ezik), Turismo Zuzendaritza Nagusiak horietan parte hartu gabe. Aldeko txostena, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak emana, lortu behar da, eta Sustapenerako Ekintzen Atalari eskatuko zaio.

Turismoko markaren aplikazioa nahitaezkoa izanen da, eta Sustapenerako Baliabideen Atalak horri buruz ezartzen dituen ildoei jarraituko zaie.

Atal honen barrenean, azoka bakoitzean ondokoetarako emanen da diru-laguntza:

a) Ostatuaren, joan-etorrien eta mantenuaren gastuak egun bakoitzeko, gehienez 2 pertsona azokara joateagatik, gehienez 200 euro pertsonako eta eguneko.

b) Lurzorua eta erakustokia alokatzeko eta materialak garraiatzeko gastuen %70, laguntza gehienez 8.000 eurokoa dela.

B epigrafe osoko laguntzaren zenbatekoen laburpen-taula:

EPI.

AZOKA MOTA

PERTS.

EGUNA

a

b

OST.,

GARRAIOA

ETA

MANT.*

LURZORUAREN ETA ERAKUSTOKIAREN ALOKAIRUA

ETA MATERIALAREN

GARRAIOA

B1

Nazionala Nafarroako Gobernuarekin

1

125

0

B2

Hurbilekoak Nafarroako Gobernurik gabe

2

125

%70

B3

Nazioartekoa Nafarroako Gobernuarekin

1

200

0

B4

Nazioartekoa Nafarroako Gobernurik gabe

2

200

%70

* Ostaturako, garraiorako eta mantenurako diru-laguntzaren kasuan, pertsona eta egun bakoitzeko gehieneko zenbatekoa emanen da, sortzen diren gastuak edozein izanda ere.

C.-Turismoko zabalkunderako materiala.

Liburuxkak, argitalpenak, bideoak, objektuak, produktu turistikoen sustapen elementuak eta webetakoak sartuko dira atal honetan, betiere Nafarroako Gobernuak gai bera jorratzen duen materialik ez badu.

Euskarri hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

C.1. Turismoko produktu eta ostatu-lekuei buruzko gida eta euskarriak atzerriko hizkuntzetan.

C.2. Produktu tematikoei buruzko argitalpen eta euskarriak.

Materialek aldeko txostena, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak emana, eduki behar dute, eta nahitaez jarraitu behar diete Sustapenerako Baliabideen Atalak markaren diseinuari eta aplikazioari buruz ezarritako ildoei.

Materialek aldeko txostena, Turismoko Marketinaren Zerbitzuko Sustapenerako Baliabideen Atalak emana, eduki behar dute, eta nahitaez jarraitu behar diete Sustapenerako Baliabideen Atalak ezarritako jarraibide eta gomendio teknikoen eskuliburuan agertzen diren ildoei. Eskuliburu hori II. eranskinean agertzen da.

Txostenean zehaztu eginen da zein sustapen-ekintzatan erabiliko diren euskarriak, eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuari hainbat ale emanen zaizkio, egokitzat jotzen dituen ekintzetan banatzeko.

Laguntzaren zenbatekoa, proiektu bakoitzeko:

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, %50era artekoa. Gehienez 12.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 6.000 euro).

D.-Publizitate kanpainak.

Ohiko eta ezohiko publizitate kanpainak Nafarroan, EAEn, Aragoin, Errioxan eta Frantziako hego-mendebaldean.

Kanpaina horiek aldeko txostena, Turismoko Marketinaren Zerbitzuko Sustapenerako Baliabideen Atalak emana, eduki behar dute, eta nahitaez jarraitu behar diete Sustapenerako Baliabideen Atalak ezarritako jarraibide eta gomendio teknikoen eskuliburuan agertzen diren ildoei. Eskuliburu hori II. eranskinean agertzen da.

Proiektu horiekin batera txosten bat agertu beharko da. Txosten horretan zehatz azaldu behar dira ekintzak sortzeko bideak, ekintzetarako baliabideen plana, ekintzen hartzaileak eta helburuak.

Laguntzaren zenbatekoa, proiektu bakoitzeko:

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, %50era artekoa. Gehienez 10.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 5.000 euro).

E.-Web orriak eta marketineko on line ekintzak.

E.1. Web orriaren garapen eta hobekuntzak; besteak beste, hauek:

-Web orria hizkuntza batera edo batzuetara osorik itzultzea.

-Mikroguneak sortzea: berariazko produktuak (kultur, natur, landa turismoa, hegaztien behaketa, Done Jakue Bidea, turismo aktiboa etab.), eskaintzak (prezio bereziak eta deskontuak edo asteburu, zubi, eta abarretarako proposamenak dakartzan atala), profil zehatz bat xede duen atala (familiak, bikoteak, taldeak, hirugarren adina etab.)

-Web orriaren bilakaera garrantzitsua ekar dezaketen beste garapen batzuk.

E.2. Marketineko on line ekintzak; besteak beste, hauek:

-SEO bidezko bilatzaileen kokalekua hobetzeko jarduerak.

-Marketin biraleko sustapenak egiteko softwarea erosi edo garatzea, buletinak bidaltzea, deskontu, bonu eta zozketak kudeatzea etab.

-Bezeroak kudeatzeko programak erosi edo garatzea, one to one marketineko ekintzak egiteko.

Diruz lagundu behar diren marketineko on line ekintzetan helburuak definitzeko eta helburuen jarraipena egiteko plana aurreikusi beharko da. Plan hori alderdi teknikoan ebaluatuko du Sustapenerako Baliabideen Atalak.

Web orriak garatzeko eta hobetzeko proiektuek eta marketineko on line ekintzek aldeko txostena, Turismoko Marketinaren Zerbitzuko Sustapenerako Baliabideen Atalak emana, eduki behar dute, eta nahitaez jarraitu behar diete Sustapenerako Baliabideen Atalak ezarritako jarraibide eta gomendio teknikoen eskuliburuan agertzen diren ildoei. Eskuliburu hori II. eranskinean agertzen da.

Laguntzaren zenbatekoa, proiektu bakoitzeko:

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, %60ra artekoa. Gehienez 10.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 6.000 euro).

2.-Laguntzak toki entitateentzat eta turismo partzuergoentzat.

Deialdi honetako laguntzen gehieneko zenbatekoa 25.000 euro izanen da. 2010eko gastuen aurrekontuko "Partzuergo eta toki entitateentzako laguntzak Turismoko Marketin Plana aplikatzeko" izeneko A1200/A10002/4609/432302 kontu-sailaren kargura ordainduko dira.

Aurrekoari beste diru kopuru batzuk gehitzen ahalko zaizkio, deialdi honetako beste atala ebatzi ondoren soberakina badago edo aurrekontuan horretarako dirua badago.

2.1. Hartzaileak.

Honako hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun: egoitza Nafarroan duten turismoko partzuergoak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala izena emanda badaude, eta Nafarroako toki entitateak.

2.2. Xedea.

Turismoko informazioa.

Tokian tokiko, eragin-eremuko eta Nafarroako turismoko informazio guneak abian jartzea.

Turismoko informazio gune elkartutzat joko dira eta turismo intereseko herri edo tokietan kokatuko dira, lehendik Nafarroako Gobernuaren turismo bulegorik ez badago.

Zerbitzuak zenbait baldintza bete beharko ditu kokalekuaren eta funtzionamenduaren aldetik, eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuak ezarritako gidaliburuari eta protokoloari jarraituko zaie. Interesdunek Sustapenerako Baliabideen Atalera jo behar dute.

Proiektu horiek aldeko txostena, Turismoko Marketinaren Zerbitzuko Sustapenerako Baliabideen Atalak emana, eduki behar dute, eta nahitaez jarraitu behar diete Sustapenerako Baliabideen Atalak ezarritako jarraibide eta gomendio teknikoen eskuliburuan agertzen diren ildoei. Eskuliburu hori II. eranskinean agertzen da.

Laguntzaren zenbatekoa, proiektu bakoitzeko:

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, %50era artekoa. Gehienez 7.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 3.500 euro).

3.-Eskaeren aurkezpena.

3.1. Eskaeren aurkezpena.

Eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira (Navarrería kalea, 39, beheko solairua, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 32/192 Legearen 38.a) artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan.

Eskabideak aurkezteko bitartekotzat onartuko dira mezulari zerbitzu pribatuak eta atzerriko posta zerbitzuak, baldin eta dokumentazioa deialdietan ezarritako epean eta moduan erregistratzen bada eta, halaber, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan edo Nafarroako Gobernuko beste edozein erregistrotan erregistratzen bada.

3.2. Entitate eskatzailea.

Proiektu bakoitza entitate batek aurkeztuko du.

Entitate batek zenbait proiektu baditu, denak eskabide berean aurkeztu beharko ditu.

Hainbat entitatek proiektua batera egiten dutenean, haietako batek ordezkari lanak eginen ditu. Frogagiriak aurkeztuko ditu, diru-laguntza kudeatuko du eta gainerako parte-hartzaileei dagokien zatia ordainduko die.

3.3. Epea.

Diru-laguntzarako eskaerak deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean aurkezten ahalko dira.

3.4. Dokumentazioa.

Eskaera beteko da horretarako propio eratutako formularioa betez. Delako formularioa eskura dago Nafarroako Gobernuaren web orrian, helbide honetan: www.navarra.es/home es/ servicios/buscador/Turismo Ayudas Marketing.

Eskabideari ondoko dokumentazioa erantsiko zaio:

-Entitateari edo entitateei buruzko dokumentazioa.

-Identifikazio fiskaleko kodea.

-Jakinarazpenetarako, akatsak zuzentzeko errekerimenduetarako eta harremanetarako, hauek azaltzea: pertsona, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa.

-Turismoko erregistroan ageri diren datuak aldatu badira, ordezkaria nor den frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da. Mendekotasun organikoa frogatu behar da, eta eskatzailea diru-laguntzaren jasotzaile izendatu.

-Erantzukizuneko aitorpena, norberak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko.

-Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden enpresa edo establezimendu elkartuen zerrenda.

-Proiektuari buruzko dokumentazioa.

-Proiektua azaltzeko memoria, ondokoak bilduko dituena: proiektua zein ekintzak osatzen duten eta non gauzatuko den, gastuen aurrekontu zehatza, eta entitate eskatzaile bakoitzaren gastuen aurrekontua; adieraziko dira entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen ekintzak, bai eta gastuetatik dagokion partea ere, kostua eta mota zehaztuta.

Turismoko informazio zerbitzua ezartzeko laguntzak eskatzen direnean, ondokoak aurkeztu beharko dira: eragiketa plana, non zehatz azalduko baitira diru-laguntzaren bidez kontratatuko den pertsonaren edo kontratatuko diren pertsonen eginkizunak; sinatutako kontratuaren kopia, ordainsariak, lokalaren deskripzioa eta kokalekua, informazio gunearen funtzionamendu plana eta ekipamendua etab. Oinarri hauetan adierazten den moduan, turismoko informazio gune hori Turismoko Marketinaren Zerbitzuak berariaz ezarritako jarraibideei lotuko zaie.

4.-Tramitazioa.

Turismoko Marketinaren Zerbitzuak eskabideak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala hamar egun balioduneko epean, errekerimendu hori jakinarazten zaionetik hasita; adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskabideak aztertu ondoren, diru-laguntzen zenbatekoak zehaztuko dira, eta informazio hori Nafarroako Gobernuaren web orrian jarriko da 10 egunez. Hartara interesdunek laguntzen proposamenak aztertu eta eskaera bertan behera utzi nahi badute, edo aurrera jarraitu nahi badute, hala adierazten ahalko dute epe horretan.

Epe hori bukatutakoan, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismoko zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpen hori interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarri bezala.

Eman beharreko laguntza guztien diru-zenbatekoa aurrekontuko kredituak baino handiagoa bada, laguntzen hainbanaketa lineala eginen da.

Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori betetzen bada jakinarazpenik egin gabe, eskaera ez dela onartu ulertuko da.

5.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntzaren xede izan daitezke aurkeztutako proiektuaren garapenarekin zuzeneko lotura duten barreneko zein kanpoko gastu guztiak, salbu eta proiektua aurkezten duen entitatearen ohiko funtzionamenduko gastuak eta ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak.

Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazi baldin bada.

6.-Diru-laguntza ematea eta ordaintzea.

Diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten agiriak 2010eko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte onuradunek. Gainera, gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta eginiko jardueren ordainagiriak ere eman beharko dituzte.

Zatikako ordainketak egiten ahalko dira, proiektu osoetako fakturen eta frogagirien zerrenda aurkeztuz gero.

7.-Onuradunen betebeharrak.

a) Deialdi honetan ezarritako epearen barrenean, egin diren gastuak justifikatu behar dira. Horretarako, fakturak, nominak eta langileen gastuak eta fakturak aurkeztu behar dira (originala eta kopia edo kopia konpultsatua), fakturatutako kontzeptuak beraien sozietatearen xedeen artean dituzten pertsona fisiko edo juridikoek luzatuak. Ordainketa egin dela frogatzen duten banku-agiriak ere aurkeztu behar dira, Fakturazioko betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatuta dagoenaren arabera.

Frogagiri horietan elkarren segidako zenbakiak jarri beharko dira eta, horiekin batera, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak emandako formularioa aurkeztu. Bertan diru-laguntzen xedeko proiektuak zehatz-mehatz identifikatuko dira.

Material horiei guztiei agiri grafiko bat erantsi behar zaie, ekintza burutu dela eta turismoko marka aplikatu dela frogatzeko.

Ekintzari buruzko berriemate guztietan, entitateak agerrarazi behar du Nafarroako Gobernuak ekintzarako laguntza eman duela. Gainera, turismoko marka jarri behar du.

Diruz lagundutako jarduera ez bada deialdian ezarritako epean egiten, onuradunak horren berri eman beharko dio Turismoko Marketinaren Zerbitzuari 2010eko uztailaren 30a baino lehen. Hala egiten ez badu, onuradunak ezin izanen du kontzeptu horretarako laguntzarik eskatu hurrengo deialdietan.

b) Diru-laguntzaren xedeko jardueraren bidez izandako diru-sarrerak, beste entitate batzuei eskatutako diru-laguntzak eta azkenean emandakoak aitortzea, baita beste kontzeptu batzuengatiko diru-sarrerak ere, edo, hala denean, diru-sarrerarik eza.

c) Diru-laguntzaren xede izandako gasturen bat 12.000 eurotik gorakoa denean, ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, administrazio publiko ez diren onuradunek frogatu beharko dute hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela, gutxienez hiru aurrekontu eskatu ondoren.

d) Laguntzen xedeko jardueren memoria aurkeztea eta atal bakoitzean ekintza bakoitzari buruz emandako ildoei jarraitzea.

e) Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen duela azaldu beharko da. Jarduera horretarako egiten diren euskarri guztietan Nafarroako marka turistikoa eta Nafarroako Gobernuarena jarri behar dira, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak ezarritako irizpideei jarraituz.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aipatzen diren gainerako betebeharrak.

g) Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoko Marketinaren Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskaera-orriaren bidez egin beharko dira, eta erregistro publikoan aurkeztu.

h) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

8.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi hau aplikatuz ematen diren laguntzak eta onuradunen izenak Nafarroako Gobernuaren eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren web orrian eta departamentu horrek argitaratzen dituen turismoko aldizkarietan argitaratuko dira.

9.-Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan aurreikusitako kasuetan itzuli beharko dira jasotako diru-laguntzak.

10.-Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Onuradunak hartutako laguntzen zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa bada, deialdi honetako laguntzak murriztu eginen dira jardueraren kostutik gorako zenbatekoan.

Dena den, deialdi honetan ezarritako laguntzak, programa europarrekin batera finantzatutakoak, ez dira bateragarriak beste administrazio publikoek (horiek ere programa europarrekin batera finantzatutakoak direnean) xede eta helburu bererako ematen ahal dituztenekin.

11.-Deialdiaren eta oinarri hauen kontrako errekurtsoak.

Espedientean interesa dutenek, administrazio publiko ez badira, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpenaren ondoko egunetik aurrera. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren ondoko egunetik aurrera. Halaber, Nafarroako Gobernuari zuzendutako errekerimendua egin daiteke aldez aurretik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

II. ERANSKINA

Jarraibide eta gomendio teknikoen eskuliburua

Sarrera:

Eranskin honetan laguntzen eskatzaileek deialdirako aurkezten dituzten proiektuak diseinatzean kontuan hartu beharko dituzten zehaztapen teknikoak azaltzen dira.

Turismoko Marketinaren Zerbitzuak zehaztapen horiek betetzen diren ebaluatuko du, eta laguntza emateko edo ukatzeko proposamena egitea bidezkoa den zehaztuko du. Beraz, deialdi honen xedeko laguntzak eskuratzeko interesa duten proiektuen sustatzaileentzat funtsezkoa da zehaztapen eta jarraibide horiek ezagutu eta aplikatzea.

Hauek dira eskuliburu honetan agertzen diren jardueren kategoriak:

1) Argitalpenak eta bestelako off line euskarriak.

2) Web orriak eta euskarri elektronikoa duten informazio eta kudeaketa sistemak.

3) Turismoko informazio gune elkartuak.

Proiektuko memoriaren edukian eta formatuan behar beste xehetasunez agertu beharko da deialdiaren oinarriak eta eskuliburu honetako jarraibideak betetzeari buruzko informazioa, hori ebaluatu ahal izateko moduan.

1) Argitalpenak edo bestelako off line euskarriak egitea (cd/dvd, publizitate kanpainen ikus-entzunezko produktuak, roll up-ak, panelak, sustapenerako objektuak etab.).

Diseinua:

Gomendio orokorrak:

-Edukien kalitate-alderdiak:

  • Testuak: edizio-estilo zaindua, informazio eguneratua.
  • Egitura egokia, testuari argitasuna eta koherentzia eransteko.
  • Argazkiak: bereizmen onekoak, eguneratuak, askotarikoak, tamaina orekatukoak.
  • ikus-entzunezko materiala: Eguneratua, maila artistiko onekoa.
  • Grafikoak eta mapak: argitasuna, datuen zehaztasuna.

-Funtsezkoa izanen da euskarriak egokiak izan daitezen zaintzea, zertarako erabiliko diren eta zein publiko objektibori zuzenduko zaizkion kontuan hartuta. Sustapeneko seinalizaziorako euskarriek ingurunearekin bat etorri beharko dute, eta publikoak ikusteko eta modu argian identifikatzeko moduan jarriko dira.

-Publiko objektiboari dagokion hizkuntzan edo dagozkion hizkuntzetan eginen dira.

"Nafarroako Erresuma, Lur Anitza" izeneko turismo-marka txertatzea:

-Azalaren (argitalpenetan), karatularen eta aurkezpen- nahiz itxiera-kapituluaren (ikus-entzunezkoetan ) diseinuan txertatzea, eta gainerako euskarrietan orokorrean lehentasunezko lekuan jartzea.

-Aplikatu beharreko eskuliburua errespetatzea, eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuak emandako formatua aplikatzea.

-Hartzaileentzat egokia den hizkuntza tratamendua.

Nafarroako Turismo Atariaren Web helbidea txertatzea:

Nafarroako Turismo Atariaren Web helbidea nahitaez txertatu beharko da:

-www.turismo.navarra.es (Espainiako publikoarentzako euskarriak).

-www.visitnavarra.es (nazioarteko publikoarentzako euskarriak).

Nafarroako Gobernuaren logotipoa txertatzea:

-Nahitaezkoa da laguntza publikoen onuradun den jarduera orotan.

-Euskarri motaren arabera entitateen kredituetarako egokia den lekuan jarri behar da, gainerako logotipoak baino txikiagoa ez den tamainan, beste logotiporik badago.

Inprimaketa eta banaketa (argitalpenak):

-Banaketa-plana egitea eta plan horren araberako ale-kopurua aurreikustea.

-Helmugan banatu beharreko euskarriak direnean, eragin-eremuari dagokion Nafarroako Gobernuaren sareko turismo bulegoa hornitzeko konpromisoa (gutxienez ale kopuruen %5).

Hauek betetzen diren egiaztatzea:

-Prestatzen diren euskarri guztietan ale bat Turismoko Marketinaren Zerbitzuari bidali beharko zaio, egin dela eta deialdiaren oinarriak betetzen dituela egiaztatzeko. Tamaina edo kokalekua direla-eta hori ezinezkoa denean, euskarria non dagoen eta nolako itxura duen behar bezala egiaztatzeko argazkia bidaliko da.

2) Web orriak eta euskarri elektronikoa duten informazio eta kudeaketa sistemak.

Diseinua:

Gomendio orokorrak.

-Erabilgarritasun eta irisgarritasun irizpideak kontuan izatea.

-Edukien kalitatea:

  • Testuak: edizio-estilo zaindua, informazio eguneratua.
  • Argazkiak: bereizmen egokikoak, eguneratuak, askotarikoak, tamaina orekatukoak.
  • Egitura argi eta koherentea.
  • Mantentze-lana: datuak eguneratzea.
  • Grafikoak eta mapak: argitasuna, datuen zehaztasuna.

-Sustatzaileak bermatu beharko du zerbitzua etenik gabe ematen duela informazioari nahiz funtzio interaktiboei dagokienez.

-Publiko objektiboari dagokion hizkuntzan edo dagozkion hizkuntzetan eginen da.

"Nafarroako Erresuma, Lur Anitza" izeneko turismo-marka txertatzea.

-Nahitaez txertatu beharko da hasiera-orrian, banner gisa, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak emandako formatuan.

  • Banner-aren oinarrizko fitxa teknikoa:
  • Erabil daitezkeen neurriak:
  • 500 x 70 pixel.
  • 300 x 160 pixel.
  • 222 x 125 pixel.
  • 160 x 80 pixel.
  • Formatua: Adobe Flash.
  • Banner-a laguntzaren xedeko Web orrian txertatzearekin zerikusia duten lanak onuradunaren konturakoak izanen dira.
  • Hartzaileentzat egokia den hizkuntza tratamendua.

Nafarroako Gobernuaren logotipoa txertatzea.

-Nahitaezkoa da laguntza publikoen onuradun den jarduera orotan.

-Entitateen kredituetarako egokia den lekuan jartzea.

Hauek betetzen diren egiaztatzea:

-Garapen guztietan, horri lotuta dagoen web helbidea Turismoko Marketinaren Zerbitzuari bidali beharko zaio, egin dela eta deialdiaren oinarriak betetzen dituela egiaztatzeko.

3) Turismoko informazio gune elkartuak.

Kokalekuaren eta funtzionamenduaren baldintzak.

-Lehentasunez kokatzeko eremuak: Turismo intereseko herriak edo tokiak, lehendik Nafarroako Gobernuaren turismo bulegorik ez badago.

-Bete beharreko baldintzak:

  • Lokala: erraz iristeko modukoa eta behar bezala seinaleztatua. Jendeari arreta egiteko gunea izan beharko du, baita argitalpenak erakutsi eta edukitzeko elementuren bat ere.
  • Gutxieneko telekomunikazioak: telefono-linea eta Interneterako konexioa (posta elektronikoko kontu batekin).
  • Orduak: egunean zazpi orduz ireki beharko da, 10:00etatik 20:00etara. Asteko egun batean itxiko da, betiere jaiegunetan edo asteburuan ez bada.
  • Irekitzeko denboraldia: gutxienez hiru hilabete (horietako bi uztaila eta abuztua izan beharko dira).
  • Langileak (profila).

-Nafarroako turismoko baliabideei eta eragin-eremuko berariazko turismoko baliabideei buruzko jakintza orokorra.

-Bisitariei arreta egiteko gizarte trebetasunak.

-Hizkuntzak: ingelesa eta/edo frantsesa eta euskara eremu euskaldunean (arreta egokia ematea bermatzeko beharrezkoa den mailarekin).

  • Estatistika: jatorrian zein helmugan eskatzen diren datuak sisteman sartzeko konpromisoa.
  • Turismoko Marketinaren Zerbitzuaren argitalpenen banaketa: izakinak birjarriko dira esleitzen zaion Nafarroako Gobernuaren sareko bulegoaren bitartez.
  • Dinamizazioa bultzatzeko zereginak: bere eremuko Nafarroako Gobernuaren sareko bulegoak eskatzen ahalko dizkio.
  • Nafarroako turismoko informazioko sarearen gainerako atalekin koordinatzea.

"Nafarroako Erresuma, Lur Anitza" izeneko turismo-marka txertatzea.

-Kultura eta Turismoko kontseilariaren abenduaren 24ko 483/2007 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurri komunen protokoloan aurreikusita dagoena betetzea (kanpoko seinaleak eta barreneko diseinuan agertzea, Turismoko Marketinaren Zerbitzuaren ardurapean).

Hauek betetzen diren egiaztatzea:

-Turismoko Marketinaren Zerbitzuak egiaztatuko du deialdiko oinarrietan zehazten diren baldintzak betetzen diren, ikuskapen bisiten bitartez eta eskura dituen logistikako eta estatistikako sistemek ematen duten kontrola erabiliz.

Iragarkiaren kodea: F1005583