46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

116/2010 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, errepideko bidaiari guztientzako hiriarteko zerbitzu publiko erregular finkoen tarifa orokorra igotzen duena.

Otsailaren 13ko 34/2009 Ebazpenaren bidez, errepideko bidaiari guztientzako hiriarteko zerbitzu publiko erregular finkoetan kobratu beharreko gutxienekoa eguneratzea onetsi zen, 1,10 euro hain zuzen, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne, eta %2,70 igo zen zerbitzu horien tarifa orokorra.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 19. artikuluan tarifen berehalako berriskupena ezartzen da, kontsumorako prezioen indizearen eta linea erregularren produktibitatearen arabera.

2010eko otsailaren 12an, Asociación Navarra de Empresarios de Transporte (ANET) elkarteak idazki bat aurkeztu zuen, Nafarroako erabiltzaile guztientzako hiriarteko zerbitzu publiko erregular finkoen tarifak berrikus daitezen eskatzeko, %5 igotzeko, hain zuzen. Espedientean jasota dauden hainbat argudiotan oinarritzen du eskaera.

Bestetik, Sustapen Ministerioak, uztailaren 3ko FOM/2039/2008 Aginduaren bidez, %3,27 igo zituen zerbitzu publiko erregular finkoen tarifak errepideko hiriarteko bidaiari guztientzat, 2008ko lehen seihilekoan kostuek izandako igoera kontuan hartuta. Aldaketa hori ez zen Nafarroan gertatu eta, hurrengo urtean, %2,70eko igoera onetsi zen Garraioetako zuzendari nagusiaren otsailaren 13ko 34/2009 Ebazpenaren bidez.

Entzunaldia eman zaie kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei, Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta %0,50etik gora ez igotzea proposatzen dute.

Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean, bidezkotzat jotzen du %1 igotzea zerbitzu publiko erregular finkoen tarifak, errepideko hiriarteko bidaiari guztientzat.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariak martxoaren 1eko 230/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz, Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak proposatu duenarekin bat.

EBATZI DUT:

1. %1 igotzea Nafarroako Gobernuaren eskumeneko zerbitzu publiko erregular finkoen tarifa, errepideko hiriarteko bidaiari guztientzat, eta gutxienez 1,10 euro kobratzea, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

Orain onetsitako igoeran kontuan hartu da BEZaren %7tik %8rako igoera, 2010eko uztailaren 1etik aitzinera aurreikusia; horrela, erabiltzaileak ordaindu beharreko azken prezioa ez da aldatuko tarifa hurrengo aldian berrikusten den arte.

2. Adieraztea kontzesioa hartzen duten enpresek, tarifa berriak kobratzeko, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eskatu behar diotela taula berriei ikus-onetsia eman diezaiela.

3. Tarifa taula horiek, behar bezala ikus-onetsi ondoren, txarteldegietan ikusgai agertu beharko dute.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela ebazpen honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek, espedientean interesdunak direnean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 24an.-Garraioetako zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

Iragarkiaren kodea: F1005580