46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

390/2010 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Sesmako udal mugapean oilaskoak gizentzeko hegaztitegi baterako. Titularra Jesús Pérez Morras da.

Espedientea:

Espediente mota: ingurumen baimen integratua.

Espedientearen kodea: 332/09.

Aplikazio arauak: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea.

Eranskina eta epigrafea: 2B, 9.3 a).

Instalazioa: Oilaskoak gizentzeko hegaztitegia.

Sustatzailea: Jesús Pérez Morras.

Zentroaren zenbakia: 3122404062.

Tokia: 3. poligonoa, 227. eta 228. lurzatiak.

Udalerria: Sesma.

Proiektua: gizentzeko oilaskoen instalazioa handitzea.

Eskaeraren data: 2009/06/15.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3.a) epigrafean jasota dago, "Hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, oilo erruleendako 40.000 postu baino gehiago edo hegaztien beste produkzio-orientazio batzuetarako pareko kopurua daukatenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Halaber, instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2B eranskineko 9.1 b) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo behi edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, oilaskoendako 55.000 postu baino gehiago dauzkatenak" izenekoan; horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren nahitaezko ebaluazioaren araubidearen menpe dago.

Bestalde, instalazioa Proiektuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 1. taldeko e.2) atalaren barnean dago. Hortaz, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar du nahitaez.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusi diren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen V. eranskinean dago. Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den artean.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.-Ingurumen baimen integratua ematea Sesmako udal mugapean oilaskoak gizentzeko hegaztitegi baterako. Titularra Jesús Pérez Morras da.

Bigarrena.-Instalazio hori egiteko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.-Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.-Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 332/09 (AAI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

Bosgarrena.-Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluko administrazio prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Seigarrena.-Jardueran edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Adierazi beharko du funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea ote den aldaketa, eta arrazoiak eman, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zazpigarrena.-Instalazioa Nafarroako Hondakin Arriskugarrien Sortzaile Txikien Erregistroan inskribatzea 15P02224040622010 zenbakiarekin, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien sorreran egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

Zortzigarrena.-Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, bai eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoaren arabera ere. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bederatzigarrena.-Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onestea (IV. eranskina).

Hamargarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.-Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hamabigarrena.-Ebazpen hau jakinaraztea Jesús Pérez Morras jaunari, Sesmako Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko otsailaren 22an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, 7. solairua, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1003910