46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

148/2010 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ebroko erriberako gas sarearen bariantea egiteko administrazio baimenaren proiekturako (1-2-3 adarra V-005-59-5 eta V-005-59-6 erpinen artean eta jarduketa V-005-5-1 eta V-005-5-2 erpinen artean, Lodosako udal mugapean). Gas Navarra, S.A. da sustatzailea.

2010eko otsailaren 12an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I letran sartuta dago; beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Sarearen trazadura Lodosako udalerrian barna doa, eta bariante bat eginen da Ebroko erribera gasez hornitzeko dagoen sareko bi puntutan (1-2-3 adarra, DN 6"-ko altzairuz egina). Egitekoa den NA-123 errepide berriaren ukipen eremuan eginen da bariantea. Jarduketa horietako bat da gaur egungo gasbidea errepideko saihesbidearekin lotzen den tokian adar bat egitea, eta bigarren jarduketak, berriz, gasbideak bitan banatzekoa den NA-134 errepidearekin duen gurutzagunea ukitzen du.

Jarduketa eremua errepide berria egiteko obrek ukitzen dute orain eta, beraz, ez da espero ingurumenaren gaineko ukipenak handitzea, ez behintzat proiektu honetarako baloratu eta zuzendu direnak baino gehiago izatea.

93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ebroko erriberako gas sarearen bariantea egiteko administrazio baimenaren proiekturako (1-2-3 adarra V-005-59-5 eta V-005-59-6 erpinen artean eta jarduketa V-005-5-1 eta V-005-5-2 erpinen artean, Lodosako udal mugapean). Gas Navarra, S.A. da sustatzailea.

2. Baimena ematearekin baldintza hauek bete beharko dira:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian organo eskudunei eskatu eta gero.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Lodosako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 4an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1004380