46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

138/2010 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Barasoaingo udal mugapean Barasoaingo eremu eoliko esperimentaletik energia ateratzeko 66 kV-eko goi tentsioko aireko linea elektrikoa eta 66/12 kV-eko azpiestazio elektrikoa jartzeko. Sustatzailea Acciona Energía, S.A. da.

2009ko ekainaren 12an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota eta, horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatu den azpiestazioa Barasoaingo udal mugapeko 3. poligonoko 88. lurzatian kokatuta dago. Instalazioak 1.600 metro karratu inguru hartzen ditu guztira, eta horietatik 230 kontrolerako eraikinari dagozkio, 570 aire libreko parkeari eta gainerakoa sarbideari. Linea elektrikoak eremu eoliko esperimentaleko azpiestazioan du hasiera, eta "San Esteban" izeneko goi tentsioko linearen 29. euskarrian bukaera. 1.876 metroko luzera du.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 22ko 544/2009 Ebazpenaren bidez, Barasoaingo udal mugapean Barasoaingo eremu eoliko esperimentaletik energia ateratzeko 66 kV-eko goi tentsioko aireko linea elektrikoa eta 66/12 kV-eko azpiestazio elektrikoa jartzeko espedientea jendaurrean jarri zen. Sustatzailea Acciona Energía, S.A. da. Epe horretan ez da alegaziorik jaso.

Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena ageri da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Barasoaingo udal mugapean Barasoaingo eremu eoliko esperimentaletik energia ateratzeko 66 kV-eko goi tentsioko aireko linea elektrikoa eta 66/12 kV-eko azpiestazio elektrikoa jartzeko. Sustatzailea Acciona Energía, S.A. da.

2. Baimena emanen da, ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betez gero:

-Azpiestaziora iristeko bidea aldatu eginen da, eta Barasoaingo 3. poligonoko 88. lurzatian landuta dagoen eremutik eginen da, B azpilurzatia osatzen duen belar eta zuhaixkazko ezponda inola ere ukitu gabe.

-Espezie mehatxatuen talka arriskua murrizteko, hiru eroaleak seinalatu beharko dira 5. eta 10. euskarrien arteko 5 baoetan. Seinalizaziorako, hegaztiak babesteko baliza preformatuak erabiliko dira, gutxienez ere 30 cm-koak. Hiru faseetan jarriko dira, txandaka, eta seinaleen artean kadentzia egonen da eroale berean, 21 metrokoa. Horrela, ondoz ondoko bi balizen artean gehienez ere 7 m inguruko distantzia ikusten ahalko da. Era berean, lurrerako kablea luzera osoan seinalatu beharko da, 5 metroko tarteetan seinale bat jarriz. Ilunabarrean eta gauez ibiltzen diren hegaztiek talka arrisku gutxiago izan dezaten, zinta lumineszentea jarri beharko da balizetan. Linea muntatzearekin batera jarriko dira seinaleak.

-Obrek aldatutako eremu guztietan landareak sartu beharko dira berriro.

-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), baldintza hauekin:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu; zein den arloko organo eskuduna, handik.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 25.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Barasoaingo Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 1ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1003937