46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

130/2010 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Goizuetako 2. poligonoko 332. lurzatian dagoen Petxikobordako abeltegia argindarrez hornitzeko proiekturako. Sustatzailea Xebe Apezetxea da.

2009ko abenduaren 1ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuan ageri den jarduketaren xedea da 4,6 kW-eko potentziako eta 3x400/230 V-eko tentsioko linea elektrikoko tarte bat ezartzea lurpean, Goizuetako 2. poligonoko 332. lurzatian dagoen Petxikobordako abeltegiraino. Linea tutu baten barruan eta zanga batean kanalizatuta proiektatu da, guztira 200 m luze, hegoaldean dagoen Tobereneko bordatik hasita (linea bukaerako zutoina dago han); handik eginen da deribazioa.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman du lurzoru urbanizaezinari dagokionez, eta zehaztapen bat sartu du: sustatzaileak, obrak hasi aurretik, beharrezkoak diren baimenak eskuratu beharko ditu organo eskudunetan, jarduerak ukitzen ahal dituzten azpiegituretan eta zortasunetan esku hartu ahal izateko.

Goizuetako Udalaren aldeko txostena ere ageri da espedientean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Goizuetako 2. poligonoko 332. lurzatian dagoen Petxikobordako abeltegia argindarrez hornitzeko proiekturako. Sustatzailea Xebe Apezetxea da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean ematen da:

-Proiektatu denarekin bat, lurpetik eginen da hornidura, zanga baten barruko kanalizazioaren bidez.

-Euskarriarekin lotzeko puntuaren eta Petxinbordan dagoen konexio kutxaren artean proposatu den ibilbidearen ordez beste bat ezartzen ahal da, bertan dagoen bidea erabiliz hain zuzen. Bide horrek sarbidea ematen dio bordari, Tupeneko bordaren eraikinaren mendebaldetik.

-Lanen hasieran landare lurra kenduko da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra) eta hondeaketatik datozen gainerako materialetatik bereizirik pilatuko da. Lur hori zangaren gainaldea betetzeko eta ondoren erabilera lehengoratzeko erabiliko da.

-Material soberakinak, baldintza batzuk betetzen badituzte, hedatu eta profilatu eginen dira zangaren inguruan, lur eremuan etenik sortu gabe eta isurketa naturala ukitu gabe. Materialak, egokiak ez badira, hondakindegi baimendu batera eramanen dira.

-Landare lurra hedatu eta lur eremua profilatu ondoren, eremu horretan ohikoak diren espezie paszikolak ereinen dira kanalizazioak ukitutako aldean.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Goizuetako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko otsailaren 25ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1003974