46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

129/2010 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 27ko 847/2009 Ebazpena hein batean aldatzen duena. Ebazpen horren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen proiektu hauetarako: "Tafalla-Cordovilla I eta II" zirkuitu bikoitzeko eta 66 kV-eko aireko linearen bariantea, Nafarroako Ubideko 7A tartearen eraikuntza dela-eta, Tafallako udal mugapean, eta "Tafalla-Artaxoa" zirkuitu bakuneko eta 13,2 kV-eko aireko linearen bariantea, zerbitzurik gabea, eta "Tafalla-Lizarra 1" zirkuitu bakuneko eta 66 kV-ko aireko linearen bariantea, Nafarroako Ubideko 6. eta 19A tarteen eraikuntza dela-eta, Artaxoako eta Tafallako udal mugapeetan. Canal de Navarra S.A.k sustatu ditu.

Azaroaren 27an, Canal de Navarra, S.A.k idazki bat igorri zuen eta alegatu aipatu ebazpeneko baldintza batzuek proiektuek ukitutako linea elektrikoen ondokoen tarte batzuk ukitzen dituztela, baina ez direla berez proiektuen xede. Horretaz gainera, Canal de Navarra, S.A. ez da linea elektriko horien jabe eta, horregatik, baldintzak betetzea ezinezkoa dela adierazten du eta alda daitezela eskatzen.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 28ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) 105. artikuluan ezartzen da Administrazioak bere egintzak alda ditzakeela, aldaketa legeriaren kontrakoa ez bada.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatu 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluaren bidez esleitutako eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 27ko 847/2009 Ebazpena hein batean aldatzea. Ebazpen horren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen proiektu hauetarako: "Tafalla-Cordovilla I eta II" zirkuitu bikoitzeko eta 66 kV-eko aireko linearen bariantea, Nafarroako Ubideko 7A tartearen eraikuntza dela-eta, Tafallako udal mugapean, eta "Tafalla-Artaxoa" zirkuitu bakuneko eta 13,2 kV-eko aireko linearen bariantea, zerbitzurik gabea, eta "Tafalla-Lizarra 1" zirkuitu bakuneko eta 66 kV-ko aireko linearen bariantea, Nafarroako Ubideko 6. eta 19A tarteen eraikuntza dela-eta, Artaxoako eta Tafallako udal mugapeetan. Canal de Navarra S.A.k sustatu ditu. Ebazpenaren 2. atala aldatu da eta honela geratuko da:

"2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-"Tafalla-Lizarra 1" 66 kV-eko aireko linearekin talka egiteko arriskua murrizteko, beharrezkoa da 00/32 eta 00/37 euskarrien artean eta 00/45 eta 00/48 euskarrien artean dauden baoak seinalatzea. Seinalizaziorako, hegaztiak babesteko baliza preformatuak erabiliko dira, gutxienez ere 30 cm-koak. Hiru faseetan jarriko dira, txandaka, eta seinaleen artean kadentzia egonen da eroale berean, 15 metrokoa. Horrela, ondoz ondoko bi balizen artean gehienez ere 5 m inguruko distantzia ikusten ahalko da. Ilunabarrean ibiltzen diren hegaztiek talka arrisku gutxiago izan dezaten, material lumineszentea jarri beharko da balizetan.

-"Tafalla-Cordovilla I eta II" 66 kV-eko aireko linearekin talka egiteko arriskua murrizteko, zirkuituetako bat seinalatu behar da 00/31 eta 00/33 euskarrien arteko baoetan, linearen oraingo bariantean. Seinalizaziorako, hegaztiak babesteko gutxienez ere 30 cm-ko baliza preformatuak erabiliko dira. Hiru faseetan jarriko dira, txandaka, bi zirkuituetako batean, eta seinaleen artean kadentzia izanen da eroale berean, 15 m-koa. Ondoz ondoko bi balizen artean gehienez ere 5 m-ko distantzia ikusten ahalko da. Ilunabarrean ibiltzen diren hegaztiek talka arrisku gutxiago izan dezaten, material lumineszentea jarri beharko da balizetan.

-Lineen seinalizazioa hari eroaleak ezarri eta tenkatu eta berehala eginen da; hariak jarri ondoren balizamendua gehienez ere 5 eguneko epean eginen da.

-Egin nahi den proiektuak uki ditzakeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira."

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tafalla eta Artaxoako udalei eta sustatzaileari igortzea.

Iruñean, 2010eko otsailaren 25ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1003956