46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2010 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Antzerin eta Olaberrin (Erroibar) ikerketarako lau zundaketa egiteko proiekturako. Proiektua Magnesitas de Navarra, S.A.k sustatu du.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko P) atalean dago jasota, Natura 2000 Sareko "Aldude Mendia" Babes Berezirako Eremuaren barruan garatzen delako, eta horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

2009ko azaroaren 6an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Lau zundaketa mekaniko proiektatu dira, eginak dauden oihan pistetako bi puntutan bakarrik. Puntu bakoitzean bi zundaketa eginen dira, bien artean tarte txikia utzita. Zundaketen helburua da meatze galeria baten estalkia eta traza osatzen duten lurrei buruzko ikerketa egitea; galeria hori Antzeri eta Olaberri artean minerala garraiatzeko proiektatu da, Legua Acotadan magnesita ustiatzeko proiektuan (tramitazioan) diseinatu denaren arabera.

Zundaketa puntu bakoitzean, zabalgune txiki bat prestatuko da lehenik oihan pistan bertan. Errotazio zundaketak izanen dira, etengabeko lagina errekuperatuz, 129 eta 243 metro bitarteko zulaketak eginez. Zundaketa buruaren mozketa-koroa hozteko ura erabiliko da. Ura upeletan eramanen da eta birziklatu eginen da, dekantazio putzu txiki batetik pasatuz. Hantxe botako dira zulaketaren lohiak eta garbituko da ura. Putzuaren edukiera 1-2 m³ bitartekoa izanen da.

Zundaketa lanak bukatuta, dekantazio putzuak eta gainerako materialak kenduko dira, eta plataformak lehengoratuko. Pistak proiektua burutu aurretik zeuden egoera berean utziko dira. Zundaketak eta plataformen lehengoratze lanak egiteko epea bi hilabetekoa izanen da.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Erroibarko Udalarena, besteak beste, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27an emandako 537/2005 Foru Aginduaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Antzerin eta Olaberrin (Erroibar) ikerketarako lau zundaketa egiteko proiekturako. Proiektua Magnesitas de Navarra, S.A.k sustatu du.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-Zundaketak adierazitako puntuetan eginen dira, UTM koordenatu hauek dituzten tokietan hain zuzen:

ZUNDAKETA

UTM X

UTM Y

IPARRA S1

624.608

4.763.272

IPARRA S2

624.608

4.763.267

HEGOA S1

624.948

4.762.771

HEGOA S2

624.940

4.762.763

-Zundaketa bakoitzean 35 m²-ko eremua ukituko da eta oihan pistak besterik ez da okupatuko. Ez da zuhaitzik botako. Eremu horretan kokatuko dira bai zundaketa lanak, bai balizko lur-pilaketak, baita zulaketaren ondoriozko lohiak dekantatzeko putzua ere.

-Iparraldean (Olaberri) finkatutako bi zundaketa puntuak okil gibelnabarra hazteko eremuetatik hurbil daude eta, hortaz, espezie horrentzat kritikoa den garaitik (otsailaren 15etik ekainaren 15era) kanpo egin behar dira zundaketak. Muga hori aldatzen ahalko da, baldin eta prospekzio finagoak eginez ikusten bada denboraldi honetan hegazti horren umatze gunerik ez dagoela zundaketak hartzen duen eremuan.

-Zundaketak hasi ondoren, zundaketak bukatu eta lehengoratze lanak egiteko bi hilabete izanen dira. Pistak obrak hasi aurretik zeuden egoera berean utziko dira eta soberako material guztiak jasoko dira inguru horretatik.

-Proiektuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren baimenak behar ditu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 12.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Erroibarko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko otsailaren 2an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1003905