46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

382/2010 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enpresen erantzukizun sozialaren arloan sentsibilizazio eta zabalkunde jarduerak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena 2010. urterako.

Nafarroako IV. Enplegu Planak (2009-2012), helburu estrategikoen eta berariazko neurrien sailean, enpresen erantzukizun sozialerako eta ingurumenerako sortu du 7. atala. Azpimarratzen du funtsezkoa dela enpresek beren ingurune sozialarekiko konpromisoa izatea, eta horrek lehiakortasuna hobetzeko plus bat izan behar duela.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuaren 2007ko azaroaren 22ko osoko bilkurako mozio bati jarraikiz, "Foru Komunitatean enpresen erantzukizun sozial korporatiboa (hemendik aurrera ESK) sustatu, bultzatu eta indartzeko programa orokorra" onetsi zuen 2008ko abenduan.

Bai aipatu programan bai IV. Enplegu Planean ageri diren helburuak lortu ahal izateko, ESKri dagokionez, beharrezkoa da zeharkako ekintza eta neurri batzuk abian jartzea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak arlo horretan dituen jarduketa ildoen zabalkundea bultzatzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezarri behar dira.

Horrenbestez, azaldutakoarekin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Batzorde Iraunkorraren aldeko txostenarekin bat, eta txosten juridikoa eta kontu-hartzailetzaren adostasuna duen proposamen-txostena ikusirik, horiek espediente hau osatzen baitute, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enpresen erantzukizun sozialaren arloan sentsibilizazio eta zabalkunde jarduerak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onestea 2010. urterako.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honetarako 35.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Sentsibilizazio eta sustapen ekintzak" izeneko 880002-84500-4819-241305 kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko martxoaren 1ean.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa.-Xedea.

Deialdi honen xedea da enpresen erantzukizun sozialaren arloan sentsibilizazio eta zabalkunde jarduerak antolatzeko laguntzak arautzea 2010. urterako, Nafarroako IV. Enplegu Planean (2009-2012) ezarritako helburu eta xedeekin bat.

Diru-laguntza eskatzeak deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea dakar berarekin.

Bigarrena.-Jarduerak egiteko eremua.

Diruz laguntzen ahal diren ekintzak enpresen erantzukizun sozialaren arloan eginen diren sentsibilizazio eta zabalkunde jarduerak izanen dira, Nafarroako IV. Enplegu Planaren (2009-2012) esparruan betiere.

Hirugarrena.-Onuradunak.

Diru-laguntzak nortasun juridikoa duten entitate eta erakundeek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta legez eraturik badaude, enpresa munduarekin zerikusia badute eta egoitza, ordezkaritza edo batzorde antolatzailea Nafarroan badute.

Jarduera 2010. urteko urtarriletik azarora bitartean egin beharko da. Geroratzea dela-eta abendurako aurreikusiak dauden ekintzak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaizkio urriaren 31 baino lehen. Bestela, entitateak diru-laguntzari uko egin diola ulertuko da.

Entitateek jardueraren arduradun bat izendatuko dute administrazioarekin harremanak izateko.

Laugarrena.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetako diru-laguntzak norgehiagoka araubideari jarraikiz tramitatuko dira, 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera.

Bosgarrena.-Aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentazioa.

Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistroan, hots, Iruñeko Arcadio María Larraona kaleko 1ean, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulegoetan aurkezten ahal dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean (foru dekretu horren bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautu zen). Horiez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan ere aurkezten ahalko dira. Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide orria, entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatua.

b) IFZ eta entitatearen eskriturak.

c) Egin beharreko edo egindako jardueraren gaineko memoria zehatza eta ongi egituratua. Nahitaez alderdi hauek aipatu beharko ditu, ordena honetan berean azalduak:

-Aurreikusitako jarduera egiteko datak eta tokia.

-Proiektuaren berariazko helburuak.

-Ekintzaren helburu den jendea.

-Aurreikusitako programa zehatza (ekitaldiak, ordutegiak, parte-hartzaileak, hizlariak eta iraupena, komunikazio ekintzak....).

-Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua guztira, sailez sail xehakatua, eskatzen den diru-laguntzaren azalpenarekin.

-Garatu beharreko proiektuaren gainean interesgarritzat jotzen den beste edozein agiri.

-Entitateak jardunaldiak antolatzeko jarriko dituen pertsonen zerrenda, pertsona horietako bakoitzak lanean emanen dituen orduen kopurua adierazita eta baita honek ekarriko duen gastua ere.

Ebazpen hau argitaratu aurretik egindako ekintzetarako aurkezten diren laguntza eskaerak deialdi honen barrenean sar daitezke, baina deialdiko baldintza guztiak bete beharko dituzte.

Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, epe batean zuzentzeko eskatuko dio organo eskudunak interesdunari. Horretarako 30 egun emanen dizkio, gehienez. Akatsak ezartzen den epean zuzendu ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da eta espedientea artxibatuko da.

Seigarrena.-Baloraziorako batzorde teknikoa.

Batzorde tekniko batek eskaera guztiak aztertu eta eman beharreko diru-laguntzak proposatuko ditu. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegu Behatokiaren eta Prestakuntzaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendaria.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza eta Bitartekaritza Zerbitzuko zuzendaria.

-Enplegu Behatokiaren eta Prestakuntzaren Zerbitzuko Analisi eta Berriztapen Ataleko burua.

Zazpigarrena.-Balorazio irizpideak.

Deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi nahitaez laguntza emanen denik.

Jardueren memoria desegituratua, zehaztasunik gabea edo kontraesankorra aurkezten bada, bosgarren oinarriko c) idatz-zatian ezarritako baldintza guztiak bete gabe, ezetza emanen zaio aurkeztutako eskaerari.

Laguntzak emateko proposamenek, gehienez ere, 100 puntu bilduko dituzte, ondoko ebaluazio irizpide hauei jarraikiz:

-Egin behar den jardueraren kalitate/prezio erlazioa: 25 puntu gehienez.

-Jarduketen norainokoa eta zabalkundea: 20 puntu gehienez.

-Aurkezten den proposamenaren funtsa eta koherentzia, jarduera azaltzen duen memoriaren edukiarekin bat: 15 puntu.

-Jardueraren zehaztasun eta xehetasun maila: gehienez ere 15 puntu.

-Programatu den jardueraren interesa eta berezitasuna: gehienez ere 10 puntu.

-Jarduera egin behar duten pertsonen edo entitateen berme profesionala, ibilbidea eta esperientzia: gehienez ere 10 puntu.

-Entitate batzuek baterako proposamena aurkeztea edo entitate batzuen artean jarduketa koordinatuak egitea: gehienez ere 5 puntu.

70 puntura iristen ez diren eskaerak baztertu eginen dira.

Deialdi honi jarraikiz emandako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein diru-laguntza publiko edo pribaturekin. Dena den, jasotako diru-laguntzek, guztira, ez dute inola ere gaindituko diruz lagundutako jardueraren aurrekontua.

Zortzigarrena.-Ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak onartuko ditu laguntzak, ebazpen baten bidez, 6. oinarrian aipatzen den batzorde teknikoak proposatu ondoren.

Eskaerka aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren Atarian (www.empleo.navarra.es), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Bederatzigarrena.-Laguntzen zenbatekoa eta ordainketa.

1. Aurkeztutako aurrekontua aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak diruz laguntzen ahal den aurrekontua finkatuko du, egin nahi den jarduerak merkatuan duen benetako prezioaren arabera.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa finkatuko da diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren arabera eta deialdiko zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera. Guztira eman beharreko dirua aurrekontuetan dagoena baino gehiago bada, bidezko banaketa proportzionala eginen da.

Laguntzak emateko ebazpenean diruz laguntzeko onartu diren kontzeptuak zehaztuko dira, hala nola bakoitzari esleitutako zenbatekoa. Gastuak justifikatzerakoan, diruz laguntzeko modukotzat hartu ez ziren kontzeptuak ez dira inolaz ere onartuko.

Diru-laguntzaren portzentajea lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da. Hona hemen:

PUNTUAZIOA

PORTZENTAJEA

70-74

%50

75-79

%60

80-84

%70

85-89

%80

90-94

%90

95 eta gehiago

%100

Ordainketa jarduera bukatutakoan eginen da, emaitzen memoria eta diru-sarreren eta gastuen frogagiriak aurkeztu ondotik (denak 2010. urtekoak izanen dira). Diru-laguntzaren zenbatekoa, laguntzaren xede den jarduerari lotutako gainerako diru-sarrerekin batera, ezin da inola ere izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Hamargarrena.-Onuradunen betebehar orokorrak.

a) Onuradunek onesten den proiektuan egin nahi duten edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko dute. Aldaketa horrek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izan beharko du.

b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaizkio, halaber, jardueren behin betiko programazioa, jarduerak egiteko datak eta hizlarien izen-abizenak, horrelakorik badago, hori guztia behar den denborarekin eta bertaratzeko behar diren ondorioetarako.

c) Diruz lagundutako ekintzaren zabalkunde jardueretan, berariaz eta nabarmenki azalduko da Nafarroako Gobernuaren babesa izan dela, eta horretarako indarra duen araudian finkatutako logotipoak paratuko dira.

d) Laguntza hauek bateragarriak dira administrazio honetatik, beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatuetatik edo partikularrengandik, nazio zein nazioartekoetatik, jarduera berbererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin.

e) Diru-laguntza emateko arrazoitzat jo den jarduera egitea.

f) Laguntza emateko oinarri izan den jarduera egin dela justifikatzea, eta, orobat, laguntza hartzeko edo baliatzeko eskatu diren baldintza eta beharkizunak betetzen direla.

Jardueraren gaineko frogagiriak ezarritako epeetan aurkeztu ezean, laguntza emateko ebazpena bertan behera utziko da.

g) Eman edo jaso diren diru-laguntzen gainean organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

h) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egitean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea dagozkien agirien bidez.

i) Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei aplikatzen ahal zaizkien merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

j) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

Hamaikagarrena.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Laguntza jaso dezaketen gastuak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko edo xedea lortzeko beharrezkoak diren guztiak izanen dira, hala nola, prestaketa gastuak, egintza antolatzekoak, hizlarien gastuak eta dietak, argitalpenak, ikus-entzunezkoak, eta abar.

Egin beharreko jardueraren edo ekintzaren antolaketarekin edo garapenarekin zuzeneko eta proportziozko loturarik ez duten gastuetarako ez da laguntzarik emanen inola ere.

Diruz lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean, eta betiere 2010eko abenduaren 31 baino lehen, laguntza jaso duen entitate onuradunak jardueraren azken memoria aurkeztuko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Memorian diru-funtsak nola aplikatu diren azalduko da eta, horrekin batera, diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak frogatzeko fakturak edo balio bereko agiriak aurkeztuko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatzen den moduan beteak. Halaber, aurkeztu diren fakturen ordainagiriak aurkeztuko dira.

Hala ez bada, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezinbestean jakinarazi beharko diote eskatutako agiriak aurkeztu ez izanaren arrazoiak. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erabakiko du entitate onuradunaren argudioak onartzen dituen ala ez. Entitatearen argudioak onartzen badira, beste epe bat emanen da, luzaezina, 30 egun bitartekoa, agiriak aurkezteko.

Zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituztenean, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak 12.000 eurotik gorakoak badira, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Nolanahi ere, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

Diruz lagundutako proiekturako beste diru-sarreraren edo laguntzaren bat erdietsiz gero, nahitaez jakinarazi beharko zaio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, eta horrek emandako diru-laguntza aldatu edo deuseztatzen ahalko du diru-sarrera guztien batura lagundu den jardueraren kostua baino altuagoa baldin bada.

Hamabigarrena.-Laguntzaren jarraipena.

Laguntzen tramitazioa, jarraipena eta kontrola egitea, alderdi guztietan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren esku geldituko da (Analisi eta Berriztapen Atala). Azken honek behar diren txosten teknikoak eta aholkularitza eska ditzake.

Jarraipen horren ondotik desadostasun txostena ematen bada, emandako diru-laguntzen kopuru osoa edo zati bat eskatzen ahalko da, sor litezkeen gainerako erantzukizunengatik bidezko erantzukizuna batere ukatu gabe. Horrelakoetan, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoa aplikatuko da.

Hamahirugarrena.-Araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamalaugarrena.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1003798