46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54/2010 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, 2010. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Sektoreko enpresek beharrezkoa duten modernizazioaren ondorioz, gomendagarria da errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen esparru bat ezartzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2010. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onestea. Oinarriak ebazpen honen I. eta II. eranskinetan daude.

2. 150.000 euroko gastua onestea, 2010. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 62310/630001/4819/441100 kontu-sailaren kargura. Espediente zenbakia: RCSA 2295.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko otsailaren 24an.-Garraioetako zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak. Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz banatuko dira.

Lehenbizikoa.-Xedea.

1.-Europar Batasunaren esparruan salgaien eta jendeen garraio librea zabaltzearen ondorioz, beharrezkoa da enpresak merkatu berriei erantzun egokia emateko prestatuta egotea, lehiakorrak izatea eta haien eginkizunak kalitatez betetzea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektoreari lotutako pertsonentzako prestakuntza edo hobekuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroak antolatzeko eta testu didaktikoak argitaratzeko diru-laguntzetarako oinarri arautzaileak ezartzea. Laguntza horiek bide emanen dute enpresa horien kalitatea hobetzeko, hala nola Nafarroan kokatutako garraio enpresen lehiakortasuna handitu eta merkatu berriak irekitzeko, bereziki Europar Batasunean.

2.-Ekintzen, jardunaldien edo ikastaroen edukiak zuzeneko lotura izanen du errepideko garraioarekin eta bukatuak beharko dute egon 2010eko abenduaren 10a baino lehen.

Laguntzetatik kanpo daude gaitasun profesionaleko ziurtagiriak, segurtasun aholkularitzakoak eta salgai arriskutsuak eramateko baimenak erdiesteko ikastaroak.

Bigarrena.-Diru-laguntzen zenbatekoa eta laguntza jaso dezaketen gastuak.

1.-Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2010. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 62310/630001/4819/441100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira. Nolanahi dela ere, laguntzak mugaturik egonen dira, aurrekontuko diruaren arabera.

Lehenengo seihilekoan egiten diren prestakuntza ekintzei dagokien diru-laguntza 90.000 eurokoa da, eta 60.000 eurokoa bigarren seihilekoan egiten direnentzat.

Lehenengo seihilekoan egindako prestakuntza ekintzetarako diru-laguntza 90.000 euro baino gutxiagokoa bada, geratzen den dirua bigarren seihilean egindako ekintzak ordaintzeko behar den zenbatekoa osatzeko erabiliko da.

Deialdi honen babesean antolatutako prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroetan, kostuaren %80rainoko diru-laguntza ematen ahalko da. Eskolako garraioari lotutako jardueretarako %100eko diru-laguntza emanen da.

2.-Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

-Irakasle edo hizlariak.

-Material didaktikoa.

-Instalazioak alokatzea.

-Laneko ekipo eta baliabideak.

-Prestakuntza ekintzaren zabalkundea eta publizitatea.

-Liburu eta gida didaktikoak argitaratu eta banatzeko gastuak. Diru-laguntzak emanen dira argitaratutako liburu edo giden kopurua Nafarroako Foru Komunitateko garraiolari kopuruaren araberakoa denean.

Ekintzaren kostua kalkulatzeko agiri bidez justifikatutako gastuak hartuko dira kontuan, gehi ehuneko hamarra, justifikatzen zailak diren gastuetarako (administrazioa, gutuneria eta beste).

Erabili beharreko instalazioak prestakuntza ekintzak ematen dituen entitatearenak direnean, justifikatzen diren gastuei ehuneko hamar gehiago erantsiko zaie, instalazioen amortizazio, argi, ur, kontribuzio eta abarren kostuengatik.

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren ekintza, ikastaro, mintegi edo jardunaldien kasuan, entitate antolatzaileak izandako diru-sarreren berri eman beharko du, ematen den diru-laguntza ekintzaren kostua baino handiagoa izan ez dadin.

Hirugarrena.-Onuradunak.

Diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte legearen arabera eratuak eta Nafarroako Foru Komunitatean helbideratuak dauden garraiolari elkarteek edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek.

Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden elkarte edo entitateei.

Laugarrena.-Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea.

1.-2010eko lehenbiziko seihilekoan egitea aurreikusita dauden prestakuntza ekintzetarako, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2010eko bigarren seihilekoan egitea aurreikusita dauden prestakuntza ekintzetarako, eskabideak aurkezteko epea 2010eko ekainaren 1etik 30era bitartekoa izanen da.

Eskabideak, II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen bulegoan aurkeztu beharko dira (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña), 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 18koan, argitaratu zen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian aipatutako Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

2.-Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauen jatorrizkoak nahiz notario batek edo administrazioak kautotutako fotokopiak aurkeztuko dira:

2.1. Hirugarren oinarrian eskatzen diren beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa:

a) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.

b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura eta estatutuak.

c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko Administrazioak lehendik dituen datuak badira, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpen bat egiten ahalko da, agiri horiek aurkeztu zirenetik aldaketarik ez dutela izan azaltzeko.

Eskabide hau aurkezteak berarekin dakar Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari baimena ematea, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko behebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

2.2. Egin beharreko jarduerei buruzko dokumentazioa:

a) Egin beharreko jardueren memoria eta haiek egiteko aurreikusten den egutegia.

b) Irakasleak. Ikastaroak eman behar dituzten pertsonen izena eta lanbide kualifikazioa azaldu beharko da.

c) Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, sailez sail xehetua. Jarduerak finantzatzeko baliabideak edukiz gero, aipatu egin beharko dira.

Diru-laguntza zenbat ekintzatarako eskatzen den, haietako bakoitzean azalduko dira datu horiek, II. eranskineko eredua erabiliz; interesdunek Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuko bulegoetan (Yanguas y Miranda, 5, 31002 Iruña) jasotzen ahal dute eredua. Interneten ere eskuratzen ahalko da (Nafarroako Gobernuaren ataria: www.navarra.es, zerbitzuen atalean, gaiak: garraioa).

3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari hamar eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

Bosgarrena.-Baloraziorako irizpide objektiboak.

1.-Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dira aurrekontuetan dagoen dirua, aurkeztutako eskabideen kopurua, ekintzen kalitatea, bai eta ekintzaren inguruko beste inguruabar sozioekonomiko batzuk ere, eta ondoko hauek izanen dira gehieneko puntuazioak eta irizpide objektiboak:

a) Eginen diren ekintzak:

-Ikastaro eta mintegiak: 10 puntu.

-Jardunaldiak: 8 puntu.

-Prestakuntzarako liburu, gidaliburu edo bestelako materialen argitalpena: 10 puntu.

b) Proposatzen diren helburuek bat egiten ote duten Foru Komunitateko garraioetan prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalpenaren alorretan dauden beharrekin:

-Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektorean duen ordezkaritza. 15 puntu.

-Errepideko garraioari buruzko gai berariazkoak: 10 puntu.

-Garraio enpresa bat kudeatu edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 6 puntu.

c) Irakasgaien, irakasleen eta programen ezaugarriak edo egin beharreko jardueren kalitatea: 20 puntu.

d) Eskatzaileak zuzenean eskatutako ikastaro, mintegi eta jardunaldiak, bertako instalazioetan eginak: 5 puntu.

e) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena eta edukia: 10 puntu.

2.-Diru-laguntzaren zenbatekoa bigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz kalkulatu eta irizpide hauek aplikatuz lortutako puntuazioen arabera ponderatuko da.

Seigarrena.-Ebazpena emateko eskumena eta epea.

1.-Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskudantzia, hala nola aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskabideak ebaluatzekoa.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraioetako zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, diru-laguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen ponderazioa eta bakoitzari eman beharreko diru-kopurua.

2.-Garraioetako zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateko ebazpena emanen du. Ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, interesdunek eskabidea ezetsi dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zazpigarrena.-Onuradunen betebeharrak.

1.-Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

2.-Diruz lagundutako prestakuntza ekintzetakoren bat egin ezean, onuradunek horren berri eman beharko diote Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, ez egiteko arrazoiak azalduta.

Diruz lagundutako ekintza bat edo gehiago egin behar ez badira, entitate onuradunak eskatzen ahal dio Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari deialdiko baldintzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezkatzeko, hasi baino 10 egun lehenago gutxienez, eta hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada ordezkatzea onartu dela ulertuko da, baina emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da handituko.

3.-Diru-laguntza jasotzen dutenek ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia jakinaraziko diote Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, ekintza hasi baino gutxienez hamar egun lehenago, zerbitzu horretako funtzionarioek haren garapenaren segimendua egin dezaten. Liburuak, gidaliburuak eta abar argitaratuz gero, haien maketa aurkeztu beharko da aurretik, deialdian ezarritako helburuarekin bat datozen baloratzeko. Puntu honetan adierazitakoa bete ezean ezin izanen da ekintzari dagokion diru-laguntzaren ordainketa eskatu.

4.-Onuradunak jarduera berbererako beste administrazio edo entitate baten bestelako diru-laguntzarik eskatu edo jasotzen badu, haren berri eman behar dio Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari.

5.-Laguntzen onuradunek ikastaroen iragarkietan eta zabalkundean paratu beharko dute Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren diru-laguntza jaso dutela.

Hedapen lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan.

Zortzigarrena.-Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1.-Diru-laguntzen onuradunek 2010eko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte 2010eko lehenengo seihilekoan egiten diren prestakuntza ekintzak ordaintzeko eskaera eta, orobat, epe horretan egiten diren ekintzen gastuen eta diru-sarrerren frogagiriak, eta 2010eko abenduaren 15a baino lehen gainerako prestakuntza ekintzei dagozkienak.

Egiaztagiriak epe horietatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroen diru-laguntzak dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira.

2.-Onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa. Ikastaroa izanez gero, eman duten irakasleek sinatua beharko du.

b) Irakasleen nortasun datuak eta kualifikazioa, ikastaroen kasuan.

c) Egindako jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda, beren izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak.

d) Egindako ordainketen frogagiriak. Egindako ekintza, jardunaldi edo ikastaroei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko. Prestakuntza ekintza entitatearen beraren langileekin antolatua baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du, bai erabilitako langileen soldataren kostu gordina, bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota.

e) Matrikulengatik izandako diru-sarrerak.

f) Elkarte onuradunaren ordezkariaren aitorpena, zeinean berretsiko baitu egindako ekintzarako ez duela inolako laguntzarik jaso beste organismo edo erakunde publikoren baten eskutik.

g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du jarduera egiteko hornitzaileen kontratazioa eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela azaltzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Agiri guztiak ekarri ondoren, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak aztertuko ditu, eta bidezkoa bada, behar den diru-laguntza ordainduko da.

Bederatzigarrena.-Ez-betetzeak.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamargarrena.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntzekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamaikagarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Emandako diru-laguntzak eta haien onuradunen zerrenda argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren atarian: www.navarra.es, zerbitzuen atalean (gaiak: garraioa).

Hamabigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, eta bere oinarrien eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo aurkatu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................................., NANa/IFZ: ................., bizitokia: .............................. , karrika: .........................., posta kodea: ..........; telefonoa: ......................, nire izenean edo ondoko honen izenean (bidezko ez dena ezabatu): ....................., NANa/IFZ: ........... , bizitokia: .............................. , karrika: ............................, telefonoa: ......................, eskabidea aurkezten dut Nafarroako Foru Komunitatean, 2010. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdirako, Garraioetako zuzendari nagusiak ..............aren ....(e)an emandako ....../2010 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz (2010eko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, .......aren .......(e)koa).

Eta, oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1.-Aitortzen dut ez nagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

2.-Deialdiaren 4. oinarrian, 2.1 atalean, eskatutako dokumentazioa aurkezten dut, edo adierazten dut dokumentazio hori Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko ........................ Departamentuan aurkeztu zela, eta adierazten dut dokumentazio horretan aldaketarik ez dela izan (ezabatu behar ez dena).

3.-Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari baimena ematen diot laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

4.-Egin beharreko jarduerari buruz laugarren oinarriaren 2.2 atalean eskatutako dokumentazioa aurkezten dut, ekintza bakoitzerako ondoko datu hauek zehaztuta:

Ikastaroaren edo jardueraren izena:

Egitea komeni dela azaltzen duen memoria:

Helburua

Bete nahi diren beharrak

Eskura dauden baliabideak

Eskatutako diru-laguntza

Azaltzeko memoria:

Ikastaro/mintegi/ekintzaren egitaraua

Egiteko eguna eta tokia

Irakasleak

Aurreikusten diren parte-hartzaileak

Aurrekontu zehaztua

Diru-sarrera aurreikusiak:

-Matrikulengatik

-Bestelako diru-laguntzengatik

...................(e)n, 2010eko .......aren ....(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: F1003723